![]() |
Ana Fernández Sáinz
UNIQUALeko zuzendaria |
Estitxu BREÑAS
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Goizeko
07:30ean, Bilbotik ateratzen da Ana Fernández, eta 08:30ean iristen
da Gasteizera. Bere bulegoa hiriaren erdi-erdian dago, San Prudentzio kalean.
Elkarrizketaren egunean, “korrika” etorri da, eta arnasa hartu
du hasi baino lehen. Talde-plangintzak, bilerak, Bilbon askotan, eta hamaika
telefono-dei, behin eta berriz, ebaluatzaileekin eta areako arduradunekin
hitz egiteko, karpetak atzera eta aurrera...
Handia eta atsegina da bulegoa, baina hori bai, karpetaz beteta dago, pilatutako
lan guztiaren ondorioz. UNIQUAL lehen urratsak ari da ematen, eta mugimendua
etengabea da. Biziki baloratzen du bere taldea: “langile trebeak dira
benetan, prestakuntza bikaina dute, eta lan egiteko gogoa. Gainera, bat eginik
daude”. Plangintzak egin arren, sortu ahala bideratzen dituzte gaiak,
unean uneko beharren arabera. Denetarik egiten dute. Ahalik eta ongien antolatzen
dira, dena aurrera eramateko, baina nekea gero eta handiagoa da. Anak zehatz-mehatz
hitz egin digu bere lanaz eta UNIQUALez. Taldekideak atseginez aurkeztu dizkigu.
Horra zer esan digun...
UNIQUAL ez da erakunde ezaguna, oraingoz behintzat. Zer da eta zer funtzio dagokio?
Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak aurreikusi zuen, hain zuzen, unibertsitate-sistema kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Euskadin hiru unibertsitate daude: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta UPV-EHU. Bi pribatuak dira, eta hirugarrena publikoa. EHU beste biak baino askoz handiagoa da tamainaz, baina bakoitzari helburu eta gizarte-funtzio jakin bat dagokio. Edozein modutan, gizartearen zerbitzura daude hirurak, gazteak prestatzen baitituzte. Beraz, kalitatea neurtzeko, edo hobeto esan, funtzionamendua ebaluatzeko moduren bat aurkitu behar zen nahitaez, nolako masterrak eta nolako irakasleak dituzten ebaluatzeko modu bat. Ildo horretan, autonomia-erkidego askotan hasita zeuden horrelako agentziak sortzen (Kataluniakoak, adibidez, 10 urte daramatza ekinean), unibertsitateetatik eta gobernuetatik kanpokoak, unibertsitateen zerbitzuak neurtzeko eta irakasleen balorazioa egiteko.
UNIQUAL 2004an urtean sortu zen berez, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen bidez, baina 2006ko maiatzean hasi zen funtzionatzen. Hasi gara jardunean, eta dagoeneko master ofizialak (2006-07 deialdia) ebaluatu ditugu, aurten ematen hasi diren master berriak, alegia. Deustuko unibertsitatearentzat eta EHUrentzat egin ditugu ebaluazio-lanak, Mondragon Unibertsiteak ez baitu master berririk abiarazi. Izan ere, UPV-EHUren titulu propioak ebaluatu ditugu, alegia, unibertsitateek ematen dituzten kalifikazio ofizialik gabeko tituluak. Horiek ebaluatzeko eskatu ziguten, eta hala egin dugu. Eta orain 2008-09 ikasturteko master ofizialak berriz ebaluatzen ari gara. Lehen fasean gaude, izan ere. Kasuan kasuko alorreko izen handiko adituek egiten dituzte ebaluazio guztiak.
Bestalde, une hauetan esku artean dugun gairik garrantzitsuenetakoa (kopuruagatik) hauxe da: unibertsitate publikoko irakasleen soldaten osagarri bereziak ebaluatzea.
Zein da UNIQUALen helburu nagusia?
Euskal unibertsitate-sistema bere osotasunean ebaluatzea, kanpoko ikuspegitik. Gure zereginak unibertsitateak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila hartzen ditu barne. Kanpoko ekile independenteak gara.
Nolakoak dira erakundearen egitura eta funtzionamendua?
Kudeaketari dagokionez, agentzian bost lagun ari gara lanean gaur egun: ebaluazio-arduraduna, ebaluazio-teknikaria, administrari laguntzailea eta idazkaria. Oso egitura txikia da, baina haztea espero dugu, eta hemendik gutxira beste bi ebaluazio-teknikari izatea gurekin. Bai ebaluazio-arduraduna bai teknikariak doktoreak dira, eta ingelesa ezin hobeto menperatzen dute, garrantzitsua baita nazioarteko gainerako agentziekin, batez ere europarrekin, ditugun harremanetan egoki moldatzeko.
Ebaluazio-lana, bestalde, geuk kudeatzen dugu, baina adituek egiten dute, estatuko, nazioarteko eta euskal unibertsitate-sistemako alor anitzetako adituek. Orokorrean, ebaluazio-batzordeek zazpi kide dituzte: gutxienez hiru euskal unibertsitate-sistemakoak dira, eta lau kanpokoak. Batzuk nazioartekoak dira, baina gehienak estatukoak. Akademikoak dira guztiak, unibertsitateko irakasleak.
Nolako aldaketak ari dira gertatzen unibertsitate-egituran?
Irakaskuntza aldatzeko Errege Dekretua onartu dute duela gutxi. Dekretuaren ondorioz, ikasketa sistema guztiak berrantolatu dira. Graduko ikasketak lau urtekoak izango dira jeneralean, eta masterrak egin daitezke, profesionalak edo ikerkuntzakoak. Master profesionalak lanbidean aritzeko prestatzen dituzte ikasleak, eta ebaluazio-lana ere alor jakin horretako adituek gauzatzen dute, masterra eta ikasketak lanbiderako benetan baliagarriak diren neurtzeko. Ikerkuntza-masterrek, izenak berak adierazten duenez, ikertzen aritzeko prestatzen dituzte ikasleak, eta oro har akademikoek ebaluatzen dituzte.
Azkenaldian, unibertsitatea errotik ari da eraldatzen, eta batzuetan ez da erraza aldaketen nondik norakoak azaltzea. Izan ere, gizarteak master hitza entzuten duenean, orain dela hogei urtekoak etortzen zaizkio burura, hau da, lizentziatura bukatu eta gero egiten zirenak. Gehienak ez zeuden “homologatuta” estatuan edo nazioartean, baizik eta kalitatea merkatuak ematen zion. Gaur egun, ordea, graduko ikasketak bukatutakoan masterra egiten da, ezagutza-adarrei (ikasketa teknikoak, ingeniaritzak edo arkitekturak)lotutako lanbideetan jarduteko, edo bestela, ikerkuntzan aritzeko. Azken horiek doktorego-tesia egiteko asmoa dutenek hautatzen dituzte. Beraz, master mota bakoitzak orientabide jakin bat dauka. Graduko ikasketak oraindik ez dira martxan jarri.
Nolako ebaluazio-sistema edo mota erabiltzen duzue?
Oraindik ez dugu ebaluatu euskal unibertsitate-sistema bere osotasunean, programak ari baikara neurtzen. Gure agentzia estatuan sortu den azkena dela uste dut, edo hobeto esan azken aurrena, Gaztela-Mantxakoa geroago eratu dute eta. Estatuan hamaika agentzia daude guztira, eta besteek askoz ere bide luzeagoa jorratu dute dagoeneko. Guk, oraingoz, bi alderdi ebaluatu ditugu nagusiki: batetik, lehen esan dizudan bezala, masterrak eta honi lotuta titulu propioak, Ebaluazio Instituzionala dena; bestetik, unibertsitate publikoko irakasleak, soldatetan osagarri bereziak finkatzeko.
Programa gehiago ere abiarazi ditugu, eta hurrengo urratsa irakasleen kreditazioa izango da. Ebaluazio-protokoloak eginda dauzkagu, eta administrazio-kontseiluak onespena eman die. Deialdia urtarrilean edo otsailean egingo dugu ziurrenik, euskal unibertsitate-sisteman lanean hasi nahi duten irakasleek UNIQUALen egiaztagiria lortzeko aukera izan dezaten. Nahi izanez gero, agentzia nazionalean, ANECAn, egin ahal izango dute hori.
Irakaskuntza ondasun publikoa denaren ikuspuntutik, gizarteari eskaintzen zaion ebaluazio zerbitzua garrantzitsua da. Ebaluazio bakoitza bukatutakoan txosten publikoa egitea da gure asmoa, gizarteari unibertsitatea aukeratzeko erabakia hartzen laguntzeko.
Nolako balorazioa egin dezake UNIQUALek une honetan euskal unibertsitateari buruz?
Nire iritziz, euskal unibertsitate-sisteman desberdintasun handi bat dago. EHU, unibertsitate publikoa, oso handia da, irakasle eta titulazio asko ditu bere hiru campusetan. Deustu eta Mondragon Unibertsitatea, berriz, batik bat bigarrena, txikiak dira, eta oso titulazio gutxi eskaintzen dituzte, eta gainera, alderdi jakin batzuen ingurukoak. Hiru unibertsitateak onak direla uste dut, profesional onak ari dira prestatzen. Ez dut lan-munduratzeari buruzko datu zehatzik, baina badakit maila onargarriak dituztela. UPV-EHUk ikerkuntza-lan handiagoa egiten du, eta nazioarteko eragin duten ikerkuntza artikulu gehiago argitaratzen ditu.
Euskal unibertsitate-sistema orokorrean ona dela iruditzen zait. Titulazio kopurua izugarri handia denez, ikasleen nahi guztiei erantzun dakieke. Eta ikasleen prestakuntza ere ona da.
Nolakoa izan da ebaluazio-prozesua orain arte?
Esan dizudanez, bi programa burutu ditugu: joan den deialdiko masterrak eta titulu propioak. Emaitzak onak izan dira oro har. 30 master baloratu ditugu (UPV-EHUkoak eta Deustuko Unibertsitatekoak, eta bik bakarrik izan dute emaitza txarra. Aldi berean, gure prozesuaren kudeaketari dagokionez, alderdi batzuk ez genituela kontuan hartzen ikusi genuen: besteak beste, ebaluazioa egindakoek prozesuaz zuten iritzia. Aurten, alderdi hori sarbidea ematea erabaki dugu, gure prozesua eta kudeaketa hobetzeko.
Ebaluazioaren urratsak honako hauek dira: Batzorde ebaluatzaileak aurretiazko txostena egin eta unibertsitateei bidaltzen zaie, alegazioak edo zalantzak helarazi ditzaten. Erantzuna jasotakoan, batzordea berriz elkartzen da, alegazio edo zalantzak aztertu eta azken txostena egiteko. Txosten hau Unibertsitatetara eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera bidaltzen da. Hainbat aukera daude: ontzat hartzea, ontzat hartzea baina aldaketa txikiekin, ontzat hartzea baina aldaketa handiekin, eta txartzat hartzea. Mailakako ebaluazio kualitatiboa da, puntuaziorik gabekoa. Gero, jarraipena egiten zaie. Tituluak ere ebaluatzen zaizkie, eta ondoren egiaztatu, egin nahi zutena benetan egin duten ikusteko. Izan ere, lehen ebaluazioan asmoak aztertzen dira funtsean.
Euskara zenbateraino dago hedatuta gaur egun unibertsitatean?
Master ofizial gehienak gaztelaniaz ematen dira, eta asko, gero eta gehiago, ingelesez. Euskaraz bakarren bat besterik ez da ematen. Izan ere, euskara graduko irakaskuntzara bideratu dute batik bat, kontuan hartu behar baita gero eta ikasle atzerritar gehiago daudela, eta ondorioz, gero eta master gehiago eskaintzen direla ingelesa hizkuntza bakartzat edo irakasgai askotan erabiliz. Master bat edo beste ematen da euskaraz, baina gutxiengoa dira. Titulu propioetan antzeko zerbait gertatzen da: gaztelania da nagusi, baina ingelesa erabiltzeko joera hedatzen ari da. Euskarazko masterrak, berriz, oso gutxi dira. Graduko ikasketetan, ordea, kontrako joera nagusitu da, gero eta lizentziatura eta irakasgai gehiago ematen baitira euskaraz. Dena den, ingeleseko irakasgai kopurua ere ugaritzen ari da.
Nolako balorazioa egiten du UNIQUALek euskarazko unibertsitate-irakaskuntzaz eta -ikerketez?
Ibilbide laburra egin dugunez, orain dela urtebeteko edo bi urteko datuak baino ez ditugu. Oraingoz ezin dugu bilakaera aztertu, ezinezkoa baita. Orain unibertsitate publikoko irakasleak ari gara ebaluatzen, soldaten osagarriak finkatzeko. Irakasle asko elebidunak diren arren, denek ez dituzte eskolen % 100 euskaraz ematen. Batzuek eskola erdiak euskaraz ematen dituzte, eta beste erdiak gaztelaniaz, eta beraz, ezinbestekoa da doikuntzak egitea departamentuetan. Euskarazko irakaskuntza erruz hedatu dela uste dut. Ikerkuntzan ere euskararen erabilera hazten ari dela iruditzen zait, baina are gehiago hazi behar duela. Dena den, bereizketa egingo nuke oinarrizko ikerketen eta ezagutzaren transferentziaren artean. Bigarren alor horretan euskara izugarri ari da hedatzen.
Nire iritziz, euskarazko unibertsitate-ikasketen eskaria gero eta handiagoa da. Zentzu honetan, Unibertsitate publikoko osagarriei buruzko balorazioan, euskarazko eskolak berariaz kontuan hartzen dituen epigrafe bat dago. Irakasleen kreditazioari ekiten diogunean, euskarazko eskolak eman izana kontuan hartuko dugu.
Boloniako prozesua
Boloniako Prozesuaren bidez, unibertsitate-sistemak sustraiko aldaketa izan
zuen. 2010. urtean, gaur egungo diplomaturaz eta lizentziaturaz osatutako
sistema desagertu eta graduak izaten hasiko gara.
Ebaluazioak
“Gai hori mugitzen ari da, bai unibertsitateen aldetik, berme-sistemen
ebaluazioaren eta horrelakoen aldekoak baitira oso, baita hori bultzatzen
ari garen agentzien aldetik ere”.
. Gaur egun:
-Erakunde-ebaluazioa, berezko master eta tituluekin.
-Irakasleen ebaluazioa, orain publikokoentzat, eta ondoren irakasleak kreditatzeko.
. Epe ertainera:
-Zerbitzuen ebaluazioa: liburutegiena eta laborategiena, baina epe ertainera
izango da.
. Ekipoa handituta:
-Departamentu eta ikerkuntza-institutuen ebaluazioa...
Ordainsari osagarrien ebaluazioa
Unibertsitate publikoko irakasleen arduraldia ebaluatzen da. Haien ekoizkortasuna
sustatzea da helburua. Irakasleak bere soldata irabazten du egindako lanagatik,
baina nabarmentzen direnek eta ekoizkortasun eta errendimendu handiagoak dituztenek
osagarria jasotzen dute. Tarte bakoitzari diru-kopuru bat dagokio. Ia 4.000
irakasle ebaluatzen ari dira.
Ezagutza adarrak
Ebaluazio, titulazio, master, gradu eta graduondo guztiak eta irakasleen kreditazioa
ezagutza-adarren arabera egiten dira (ohiko bostak: medikuntza- eta osasun-zientziak,
zientzia esperimentalak, irakaskuntza teknikoak, gizarte- eta lege-zientziak
eta humanitateak). Ebaluatzaileak ezagutza-alorrei lotuta daude eta beharrezkoa
izango balitz adituengatik aholkatuak egon daitezke.
Programa orokorrak
Agentzia autonomiko guztiak REACUn daude (Red Española de Agencias
de Calidad Universitaria - Unibertsitate Kalitaterako Agentzien Espainiar
Sarea). Sarritan elkartzen dira eta lankidetzan jarduteko eta irizpideak bateratzeko
ahaleginak egiten dituzte. Gerora begira, elkarrekiko aitortzara iritsi nahi
dute, egoera berdinak ebaluatzeko protokolo berdinak erabiltzeko.
Docentia programa
Agentzia guztiek ebaluatzen dituzte irakaskuntza eta irakasleak, baina agentzia
nazionalak unibertsitate guztietako irakaskuntza ebaluatzeko asmo handiko
programa bultzatu du: Docentia programa. Programa horretan agentzia autonomiko
guztiek parte hartzen dute eta, euskal unibertsitate-sistemaren barruan, hiru
unibertsitateek parte hartzen dute. Gaur egun, unibertsitate bakoitzak bere
esku-liburua lantzen dihardu, eta gero UNIQUALek egiaztatuko ditu. Ondoren,
esku-liburuak ezarri egingo dituzte.
Audit programa
ANECA, Galiziako agentzia eta Kataluniakoa kalitatea bermatzeko barne-sistemak
lantzeko programa batean ari dira lanean. Helburua unibertsitate bakoitzak
berezko sistema eduki eta kalitatea ziurtatzeko barne-prozedura erabiltzea
da. Estatuan dauden 60 unibertsitateetatik gehientsuenak parte hartzen ari
dira sistema horretan. “Horrek esan nahi du Espainiako unibertsitatea,
oro har, kalitatea barne-ikuspegi batetik bermatzeko sistemen aldekoa dela.
Gure kasuan ere, hiru unibertsitateak dagoeneko parte hartzen ari dira”.
Hemengo hiru unibertsitateetarako prestakuntza UNIQUALek ematen du, programa
orokorrari jarraituz (helburu horrekin Madrilen elkartu ohi dira).
Ebaluatzaile bankua
Gainerako agentziekin batera, ebaluatzaile-banku bat sortzekotan ari dira
elkarlanean. Izan ere, erabilitako ebaluatzaileek oso baldintza akademiko
garrantzitsuak bete behar dituzte eta, zenbat espezializazio-alorretan, ez
da erraza ebaluatzailerik aurkitzea. Agentzia guztientzako ebaluatzaile-bankua
sortuko da, erkidego bakoitzean egin beharreko deialdien bidez. Ebaluatzaileei
trebakuntza basikoa emango zaio. Ebaluatzaile trebatuak eta Espainiako Unibertsitatean
ospe handia duten alorretan adituak izango dira, eta agentzia desberdinetako
ebaluazio programetan kolaboratu ahal izango dute.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
![]() | Aurreko Aleetan |