Euskaldun berriakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Uri RUIZ BIKANDI
Traducción al español

Etorkinak populazioaren %5 dira Euskadiko Autonomia Elkartean. Nahiz eta egunez egun datuak aldakor diren, euskal eskoletan dauden etorkinen seme-alaben umeak pareko proportzioan daudela esan daiteke. Orain arte, gaztelera ama hizkuntza zuten ikasleak euskalduntzea zen hezkuntza sistemaren erronkarik handiena. Gaur, horri lotu zaio eskolako hizkuntza bat ere ez dakitenei hizkuntza ofizial biak irakastea, beti ere, hezkuntza edukin guztiekin batera. Beraz, dudarik ez dago fenomeno berri honek euskal hezkuntza sistema elebidunaren konplexutasuna areagotzen duela eta haren eskakizunak zaildu egiten dituela.

Duela hamaika urte, katalanez publikatu zen artikulu batean1, historian lehenbiziz euskarazko murgiltze ereduan ikasten sartuak ziren hiru ahizpa marrokiarren berri ematen genuen. Bertan, ume horien egoera analizatzen saiatzen ginen, bereziki, leku berri ezezagun batera etorritako haur horiek nolako oztopoei egin behar zieten aurre, eurentzat berria zen mundua ulertu eta eskolan gizarteratzeko.

Hiru ziren; hamar, zortzi eta zazpi urterekin Abadinoko eskolara etorritako neskatoak. Haien arteko nagusi biak aldez aurretik eskolatuak izan zirenez, adinari zegokion neurrian behintzat, bazekiten arabieraz irakurtzen. Etxean hizkuntza hori erabiltzen zuten, nahiz eta gurasoek euren artean amazighez hitz egin. Umeek, etxeko arabieraz gain, frantsesa eta amazigh ere bazekiten maila diferentez. Bere bizileku berrian, kalean eta eskolan, ordura arte entzun gabeko gaztelera eta euskara -Bizkaikoa eta batua- ikasi beharko zituzten, nahiz eta eurentzat zeregin zaila eta nekeza zirudien.

Artikuluan umeek emandako aurrera pausoak kontatu, eta baita ere haien oztopo, duda eta harridura aipatzen genituen, eurek jasandako talka kultural eta emozionalaren zenbait adierazleri begiratu eta ulertzen saiatzen ginela. Murgiltze ereduaren mugaz egiten genuen hausnarketa, bistakoa baitzen kasu honetan baldintzak aldatuak zirela: irakaslearekin hizkuntza komunik ez zeukaten ume hauenak askoz zailagoak ziren artean ikasle ume etxeko gazteleradunekin konparatuta, eta euren lana, bikoitza.

Honenbeste problemen aurrean gure beldurrak eta esperantzak adierazten genituen.

Hamaika urte luzeren ostean poztasunez bete gaituen ume haien berri izan dugu: euretako bi unibertsitatean ari dira ikasten eta nagusia ikasketak bukaturik, lan bila dabil ekonomia titulu berria eskuetan. Euskaraz, gazteleraz eta arabieraz jariotasunez egiteaz gain, ingelesez eta frantsesez ere badaki. Espero dugu entrepresa askok horrenbeste ezagutza estimatzen jakingo dutela eta gazte honek laster lan on bat topatu ahal izango duela. Bitartean, gure buruari galdetzen diogu arrakastaren itxura guztia duen eredu hau posible izango den gaur eskolatzen ari diren ume gehienentzat.

Oinarrizko eskubideak bermatzeko

Izan ere, 1981etik geroztik euskal eskolen egoera zeharo aldatu da. Sekulan ez bezala, euskaraz ikastea bide normala bihurtu da, ama hizkuntza duten ikasleentzat eta baita gazteleradunentzat ere. Gure sistemak ikasle elebidunak sortzen ditu, hizkuntza ofizial biak irakasten dituelarik.

Tendentzia hau, baina, ez da bera izan urterik urte hasiz joan den etorkinen seme-alaben taldean. Duela gutxira arte, kasu gehienetan A eredura bideratuak izaten ziren hezkuntza sistemaren beste posibilitaterik ezagutu gabe. Horrela, zenbait lekutan, eredu horretan eskolatzen ziren ikasle gehienak berriki kanpotik etorritakoen umeak ziren, aparteko poltsak egiteko arriskua sortuz. Baina horrez gainera, honek problema handi bat jartzen zuen agerian: arrazoiak batzuk edo besteak izanik, praktikan, bertan erroak ez zeuzkatenei uko egiten zitzaien hiritar legez, hizkuntza ofizial biak ondo ikasteko zeukaten eskubidea. “Gaztelera edonorentzat, baina euskara bertakoentzat bakarrik” pentsa liteke zela kontsigna.

Tendentzia honekin apurtu egin da azken urteotan, hezkuntza sistemaren ardura maila guztietan etorkinen seme-alabei ere euskaraz irakastearen aldeko apustu sendoa egin baita. Gaur, Haur Hezkuntzan eskolatzen direnak eta Lehen Hezkuntzan egiten dutenen gehiengoak B eta D ereduetan ikasten du. Nerabe aldera etorritakoak era guztietako eskola eta ereduetara doaz, zonaldeak eskaintzen dituen eskola aukeraren arabera.

Izan ere, eskola eskubide demokratikoa da, ikasteko posibilitate beretsuak denei eskaini eta sorrerako diferentziak parekatzeko bokazioa eta misioa duen instituzioa. Umeak gizarteratzean paper handia dauka eskolak eta berari dagokio sozializaziorako giltza den bertako hizkuntzen menderakuntza bermatzea. Horregatik, gure derrigorrezko hezkuntza sistemaren helburu nagusia da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzea eta bukaerarako hirugarren bat -kasu gehienetan ingelesa- jakitea.

Hain helburu handinahi betetzea baina, ez da gauza erraza. Gure eskoletan, etorkinen seme-alaben %50 ingurua gaztelerazko hiztuna da (batik bat Hego eta Ertamerikakoa) baina beste horrenbestek ez du ez euskara ez gaztelera ezagutzen. Aloglota diren umeoi hizkuntza bi irakasteak lan bikoitza eskatzen du, irakasteko orduan alde handia baitago ikasle eta irakaslearen artean ele komun bat izan ala ez izan. Honi lotu behar zaio ikasgela berean hizkuntza eta jatorri diferente askotako umeak egon daitezkeela eta irakasleak aniztasun hori ezagutzen eta kudeatzen ikasi behar duela. Ausardi gehiegizkoa ote da gurea?

Erraza ez, baina beharrezko eta posible

Izan ere, euskal eskola sistemak hogeita bost urte luzeko esperientzia dauka bigarren hizkuntzaz hezten. Gaurdaino pilatu duen esperientziak eta ezagutzak posible egiten dute helburu hauek lortzea, beti kontutan izanik hizkuntza horietako bat, gaztelera, sozialki oso bermatua dela. Baina hori ez da nahikoa. Ipar Amerikako hezkuntza elebidunen espezialistek argi adierazten dute programa elebidunetan ikasleek laguntza handiak behar dituztela urte luzeetan, hizkuntzaren eskakizun akademiko guztietara heltzeko egin behar dute ahaleginean lagunduta izan behar dutela lehen hizkuntza dutenen parera ailegatzeko. Gure kasuan hala da: sistemaren emaitzak nahikoa onak izanik, euskara ama hizkuntza daukatenek dira euskaraz emaitzarik altuenak ateratzen dituztenak eta gazteleradunak, gazteleraz. Bietako bat ere ama hizkuntza ez daukanari sistemak laguntza bereziak eskaini beharko lizkioke, ito ez dadin. Eskola materialak eta giza baliabide bereziak ezinbestekoak dirudite.

Azken finean, eskubideen antinomia planteatzen zaio kanpotik etorri eta hemengo hiritarra izango den umeari: besteek bezala bertako hizkuntza biak ikasteko eskubidea bermatzeko eurek baino bide zailagoa ibili eta lan bikoitza egin beharko duela. Ez dago, bada, honetan berdintasunik. Horregatik, bizimodua eta eskola zailagoa izango duten ume hauei hazkundea ziurtatzeko bidea erraztu beharko zaie. Laguntza luzea jaso beharko dute besteen parera heldu ahal izateko. Horretan espero dugu euskal hezkuntza sistemak behar besteko begirunea eta ardura erakutsiko dituela egoera zailagotik abiatzen direnei bitartekoak eta laguntzak eskainiz. Zenbait neurri hartuak dira honez gero, baina beharrak eskatu hala, joera hori areagotu beharko da, laguntzak eta bitartekoak sendotu ume hauek kalitatezko hezkuntza har dezaten.

Edozein kasutan gogoratu behar da hizkuntzen ikaskuntza beste zerbaiten bitartekoa dela. Hezkuntza bera bezala, hizkuntzen menderakuntza ez da helburua, baizik eta bidea. Hizkuntzek giza taldeen partaidetza egiten dute posible, baina baita ere -eta hori interesatzen zaio bereziki hezkuntzari- jakituria eta aurrerakuntza intelektuala, berauen lanabesak baitira hizkuntzak.

Presente izan behar dugu azken finean, gure Abadinoko titulatu berriaren kasuan bezala, ikasleen hainbeste ahaleginek, ikasketak amaitu ondoren lan duina lortu eta gizarte honetan leku izatean jasoko dutela benetako ordaina. Eta hezkuntza sistema elebiduna bermatu duen gizarteak ere, kohesio soziala eta hiritar guztientzako bizimodu egokia lortzean izango du bere saria.

1 Larrañaga, Maje & Ruiz Bikandi, Uri (1996) “Plurilingüisme i biculturalisme en un programa de inmersió” Articles nº 8 (35-46).

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 12 / 14-21