Hizkuntz ereduak eta Marko Berriaren argi-itzalakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Felix ETXEBERRIA, Pedagogia Katedraduna. Euskal Herriko Unibertsitatea
Traducción al español

Asmoen argiak

Martxoaren 8an Hezkuntza Sailak eskola sisteman hizkuntza ereduei buruz egindako proposamenaz, oro har aurrerapauso nabarmenak dituela esan behar dugu. Marko Berri honen ekarpen garrantzitsuenak hauek dira:

Diagnostikoa zuzena egiten du eta azken 30 urteko historian zehar egindako akatsaz ohartzen da: aurrerapauso handiak izan direla baina neurriak ez direla espero bezain eraginkorrak izan eta euskara, momentuz behintzat, egoera txarragoan dagoela.

Helburuak ondo ezarrita daude: Hizkuntza ofizial bien arteko lehentasunak markatuz, pertsonen arteko bizikidetza, errespetua, baloreetan heztea, beste hizkuntza batean, gutxienez, komunikatzeko oinarrizko ezagupenak lortzea. Gaztelania eta euskarari buruz, hauek dira markatzen diren helburuak edo mailak: B1 Lehen Hezkuntzan eta B2 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lortzea. Ingelesean berriz B1 maila proposatzen da DBHan.

Baliabideak ere aipatzen dira testu berri honetan: Oinarrizko estandarrak, Hizkuntzetan ikastea, irakasleak prestatzea, materiala garatzea eta esperientziak elkarren artean trukatzea, eta azkenik, hezkuntza-ekimenen zeharkako integrazioa sustatzea.

Marko berritzailearen ezaugarriak ere erakargarriak azaltzen dira: berritzailea, eleanitza, euskara hizkuntza nagusia izango duena, gaztelania eta atzerriko hizkuntzaren papera, biltzailea, sendoa, malgua, gizarte-kohesioaren bultzatzailea, eta abar.

Eremu ez formalaren garrantzia azpimarratzen du eta horretarako zenbait proposamen interesagarri egiten ditu: gizarte-gune ezberdinak (familia, kalea, auzoa, aisia, lana, teknologia berriak, kirola...) kontuan hartu, hezkuntza-ekimenen zeharkako integrazioa sustatu beste erakundeekin, eta Irakaskuntza formal, ez formal edo informala garatu.

Ebaluaketari buruz ere ideia onuragarriak azaltzen dira, nola hala, beharrezkoa dela irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko eta zuzentzailea izan behar duela.

Hezkuntza Sailaren aldetik berriz, honako konpromisoa hartzen dute: Irakasleen konpetentzia hobetzea, Irakatsi eta ikasteko praktika onak orokortzea, baliabide osagarriak jarri, hizkuntza normalizatzeko plan trinkoak bultzatu (NOLEGA), ikasleen elkarbizitza afektiboa hizkuntza ofizial biekiko, prestakuntza teorikoa indartu eta Eskola eremuak ez diren arloak bultzatu.

Marko Berria indarrean jartzeko, araudia aldatzea ere proposatzen dute eta Marko berriaren legea bultzatuko dutela esanez, Dekretu eta agindu egokiak ere garatuko dituztela aitortzen dute.

Baliabideen itzalak

Ikusi dugunez, Marko Berriaren ezaugarri asko txalogarriak dira. Badirudi pedagogia aldetik zuzenak direla, baina hutsunerik handienak non ikusten ditugu?

Marko Berria, baliabide zaharra

Marko Berrian aipatzen diren baliabideak ezagunak dira: irakasleen formazioa, materiala egokitzea, metodologia hobetzea, estandarrak ezartzea, esperientzien elkar trukatzea, etab. Hauek ondo esanak daude, baina badirudi oraingo baliabideak direla eta ez direla baliabide edo errefortzu gehiago aurreikusten. Non daude irakasle gehiago eta irakasle laguntzaileak, espezialistak, talde eraginkorrak, eta abar? Orain arte euskara maila on bat lortzea hain zaila izan bada, eredu zaharren sistemarekin, nola lortuko dute B2 mailara iristea ikasle “guzti-guztiak”? B2 mailak euskaraz ondo hitz egin eta idazten jakitea esan nahi du. Ikasle “guzti-guztiak” euskaldundu behar badira B2 maila lortu arte, baliabide berezirik gabe eta irakasle laguntzaile gehiagorik gabe, dagoeneko ezinezkoa dela aitortu beharko dugu. Marko Berri hau intentzio edo asmo oneko planteamendua besterik ez ote?

Ebaluatzen zorrotz, baliabideetan eskas

Ebaluaketaren filosofia nahiko egokia iruditu arren, baditugu gai hori buruz zenbait kezka. Diagnostikoa ondo egitearren, hasierako ebaluaketa bat planteatzen da, gero tartekoak eta bukaerakoa ere bai. Ondo dago ebaluatzea, batez ere, Marko Berrian esaten den bezala, laguntzeko eta zuzentzeko denean, eta ez konparaketak egiteko, baina, ez al daukagu ebaluaketa bat bero-bero duela gutxi egina (ISEI-IVEI, 2005)? Zein ikastetxe eta zein ereduetan ematen diren emaitza okerrenak badakizkigu. Zertarako itxoin beste ebaluaketa bat egin arte eta 2008 ikastaroa hasi arte?

Guzti hau gutxi balitz (DBHko 4. mailako ikasleak % 27a A ereduan, % 22a B ereduan eta % 51a D ereduan eskolatzen direla kontuan harturik), berriki argitaratu duten PISA Txostenean (abenduak 2007) ikasleriaren % 86,4ak proba gaztelaniaz egin zuen eta gainontzeko % 13,6ak euskaraz. Antza denez, gaztelania euskara baino aiseago menperatzen dutelako omen da. Euskarak irakaskintzan sufritzen duen egoera larria ziurtatzeko beharrezkoak ote ditugu ebaluaketa gehiago?

Nahiko harrigarria da aipatzen den xehetasun maila ebaluaketa nola egingo den esaterakoan, eta baliabideen beharrei erantzuteko orokortasunean gelditzea. Marko Berrian, ebaluaketari buruz horrela esaten da: “EAEko ikasle guztiei, LH eta DBHko azken etapan, egun berean eta ordu berean, proba berdina egingo zaie”. Egun berean eta ordu berean egingo dela esatea, beharrezkoa al da? Zehaztasun zorrotz horren ildotik, hobe eskola-laguntzari buruz ere zehatzago hitz egingo balitz, adibidez, “Datorren ikastaroaren hasieran, 2007ko irailaren 3an, astelehena, goizeko 8.30etan, egoera okerrago dauden 100 ikastetxe eta auzoek laguntza bereziak izango dituzte”. Zergatik ez eman, beste ebaluaketaren zain egon gabe, okerrago dauden ikastetxeei behar adina laguntza: errefortzu irakasleak, irakasle taldeen egonkortasuna, talde laguntzaileak, hizkuntza suspertze baliabideak, eremu ez formalaren koordinatzaileak, aisialdia, kirola, etab. euskaraz bultzatzeko?

Kohesioa ala segregazioa?

Marko Berriaren testuan behin baino gehiagotan kohesio sozialaren beharra aldarrikatzen da, baina gauzak proposamen horretan dauden bezala gelditzen badira, ikastetxeen arteko lehian, batzuk besteak baino kaltetuak gertatuko dira. Zein ikastetxe irtengo dira galeran?: eskolaurrea txiki-txikitatik ez dutenak, baliabide gutxiago dutenak, irakasle talde egonkorrik ez dutenak, eremu erdalduneko ikastetxeak, irakasle erdaldunak dituztenak, etorkin gehiago dutenak, eta oro har egoera sozioekonomikoa okerragoan bizi direnak. Horrela bada, eremu euskaldun eta baliabide nahikoa duten ikastetxeek ongi baino hobeto aurreratuko dira, baina zailtasunak dituzten eskolek, laguntza berezirik gabe, B2 maila lortzeko oztopo handiak izango dituzte eta behar bada, paradoxaz, lehen baino eskola porrot gehiago izango dute. Orduan, kohesio sozialaren ordez, bi eskola mota, banaketa eta segregazioa bultzatuko dugu. Dirurik gabe ez da Marko Berri hau berritzailea izango. Zergatik ez laguntza beharraren arabera eskolak sailkatu eta bakoitzari dagokiona eskaini?. Batzuek ez dute ezer gehiago beharko eta besteak berriz mota askotako laguntza beharko dute.

Kezkagarria da egun hauetan ikastetxe publikoetako sindikatuek egindako deia. Beste gauzen artean, irakasleen egonkortasuna eta langile berrien premia aldarrikatzen dute. Oraingo egoeraren aurrean baliabide eza plazaratzen ari badira, zer izango da Marko Berria indarrean ezartzen denean?

Eskolaurrearen garrantzia

Urte luze hauetan, Euskal hezkuntzan zerbait garbi ikasi badugu hauxe izan da: eskolaurreak duen garrantzia eta ondorengo irakaskuntza osoa nola baldintzatzen duen. Hori da adituek diotena. Gezurra badirudi ere, Marko Berrian Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan hasiko “litekeela” esaten da, 2008-2009 ikastaroan. Honek esan nahi du 0-6 urtetako etapa ez dela kontuan hartzen edo ikastetxe bakoitzaren eskutan uzten dela. Horretaz, ikastetxe batzuk eredu ezberdinekin arituko dira, besteak beranduago hasiko dira, eta l. mailako Lehen Heziketa iristean Marko Berriaren plangintzan sartuko dira. Nola ulertu hain garrantzitsua den eskolaurreko etapa ez aurreikustea proposamen berri honetan? Nola bermatu euskararen irakaskintza ez bada txiki-txikitatik hasten?

Ikasle guzti-guztientzat?

Marko Berrian esaten da, “ulertu behar da etapa bakoitzeko azken helburuek ikasle guzti-guztiei eragingo dietela, ikasleen hizkuntza-jatorria edo hezkuntza-sisteman sartu ziren unea gorabehera”. Baina “ikasle guzti-guztiei” eragingo diola Marko Berri honek esaten denean, jatorrizko hizkuntza edota hezkuntza-sisteman sartu ziren unea kontuan hartu gabe, ondo dakigu laguntza berezirik gabe hori lortzea ez dela posible izango. Etorkinen euskalduntzearen arazorik handiena berandu eskolatzen diren etorkinen gainean kokatzen da. Berriki eskolatzen diren ikasle etorkinen kasua, 10 urterekin edo beranduago etortzen direnak, bi hizkuntzetako bakar bat ere ezagutzen ez dutenak, eskolatu gabekoak, etab. lasai aztertzeko arazoa da. Kasu horiek sakonki aztertu behar dira, baliabide askoz gehiago beharko dira eta, behar bada, banakako trataera pertsonalizatua eskaini beharko zaie, eta akaso hizkuntza salbuespena edo beste maila apalagoa.

Bukatzeko, Marko Berriaren asmo nagusiena oso egokia deritzot: euskaraz eta gaztelaniaz, B2 derrigorrezko bigarren hezkuntzaren amaieran lortu behar da, baina horretarako baliabideak askoz zehatzago azaldu behar dira. Gainontzekoan, “Euskararen erabilpena arautzeko” 1982ko Oinarrizko Legea eta “Euskal Eskola Publikoaren” 1993ko Legearekin nahikoa dugu. Han ere, gutxi gora behera, ederki esaten baizen lortu behar zena: Derrigorrezko hezkuntzaren amaieran ikasleak bi hizkuntzetan aritzeko gai izatea.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 12 / 14-21