Carmen VALOIS
Traducción al español
XXI. mendean, medikuntza eta zientziaren aurrerapenak batetik eta bilakaera ekonomikoak, zein sozialak bestetik, gauza asko eraldatzen ari dira gure mendebaldeko gizartean. Besteen artean, hiritarron bizi-itxaropena luzatzea lortu dute. Adibide modura, esan dezagun, orain dela berrogei bat urte bizi iraupena 72,5 urtekoa zela gizonentzat, ia 79koa emakumeentzat. 2005.urteko datuetan, ia 77 urte gizonentzat, eta 83 pasata emakumeentzat; eta kopuru horrek goraka jarraitzen du. Urte gehiago bizi gara baina, datuek diotenez 10 bat urte, gutxi gora behera, mendekotasun egoeretan pasatzen ditugu. Horrekin lotuta, askok funtsezko galdera bat planteatzen dute, urte gehiago bizi bai, baina zer nolako baldintzetan?
Horretaz gain, gizarte honetan sorturiko bilakaeran, bizi-baldintzak eta bizimoduak aldatzen doaz etengabe, eta era azkar batez gainera. Zerbait aipatze arren, emakumeok lan mundura egindako ibilbideak, eta familia ereduetan emandako aldaketek, hankaz gora jarri dute orain arteko “zaintza-eredua”, non emakumearen ohiko lana antolakuntza-sistema baten oinarrizko zutabea izan den. Eta hemen zeharkako galdera bat dago: gauzak horrela, zeinek zaindu behar ditu adineko pertsonak edo mendekotasun egoeran daudenak?
Testuinguru hau abiapuntutzat harturik, 2007ko Urtarrilean, Espainiako Legebiltzarrak Abenduaren 14ko 39/2006 Legea onartu du. Legea, “Autonomia Pertsonala eta Ezinduentzako Laguntza Sustatzekoa” da eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta arautzea du helburu. Legeak eskubide unibertsala, osoa eta subjektiboa sortzen du. Halaber, oinarrizko legea da eta dagoeneko indarrean dago Estatu Espainiar osoan.
Era berean, Legeak norbanakoaren autonomia lortzea edo berreskuratzea helburu duela, pertsona orori, mendekotasuna izan ala ez, hiritartasun osoa aitortzen zaio: hiritar bezala dituen eskubideak bete betean baliatu ahal izateko.
Bestalde, Legea Ongizate Estatuaren oinarrizko elementutzat aurkeztua izan da. Izan ere, Legeak eskubide berria aitortzearekin batera, Mendekotasun Sistema sortzen du, eta Sistema hori, orain arte Estatuaren oinarriak izan diren Osasun, Pentsio eta Hezkuntza sistemekin parekatu egiten du. Irizpide honen arabera, Lege berria Ongizate Estatuaren laugarren zutabea izateko jaio da.
Gainontzekoan, Estatuaren parte-hartzeak esparru iraunkor bat bermatu nahi du, Estatu osoan nolabaiteko homogeneizazioa lortzeko asmoz, bai zerbitzuei dagokionez baita prestazioei dagokionez ere; era honetan Estatuaren babes soziala maila guztietara hedatu egingo delarik. Orobat, Lege berri honekin Estatuaren esku-hartzeak planteamendu berri batetara garamatza, oinarrizko irizpideak markatzen baitu esparru honetarako, Estatu osoan kontutan hartu beharrekoak.
Honek, orain arteko ereduarekiko berrikuntza bat suposatzen du. Nolabait, orain arte Erkidego Autonomoen ardurapean zeuden laguntza eta zerbitzuak berrantolatzera behartzen baitu, batez ere, sortu berri duten Mendekotasun sarean kokatzeko, era berean, egokituz Legeak markatzen dituen oraingo erabilera eta planteamenduetara.
Legearen prozedura
Esan bezala, Lege honek orain arteko “Autonomia Erkidegoko eredua” birmoldatzera behartu du. Dagoeneko hemengo Administrazioak ahaleginak egiten ari dira egoera berrira egokitzeko. Kontutan izan behar dugu onartutako Legeak printzipio eta arau orokorrak markatzen dituela, baina gero horiek gauzatu ahal izateko, Lurralde bakoitzean beste dekretu-arauen bitartez garatu behar direla, eta era berean, egokitu Lurralde horien baliabideetara eta ezaugarrietara.
Horregatik, arauak eta prozedurak finkatzen diren bitartean, orain arteko eredua eta berria esparru bera konpartitzen egongo dira, Lege berriaren hedapen osoa bilakatu arte; jakin badakigu, Legeak epeak markatzen dituela, mendekotasun maila eta gradua kontutan hartuta, eta horren arabera, mailakako aplikazioa izango duela.
Dakigunez, Gipuzkoan ekainetik urrira bitartean, mendekotasun balorazioa egiteko 5000 eskaera berriak aurkeztu dira eta beste 4800 berrikusteko daude, hauek lehendik baliabideren bat dutenak direlarik.
Eta nola lortzen da mendekotasun gradua eta maila?
Funtsean, hiritarrak, mendekotasuna duen pertsona berak edo bere ordezkariak, prozedura hasiko du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan; horretarako beharrezkoa den eskaera egin beharko du:
Eta zeintzuk dira Legeak finkatutako ditu mendekotasun gradua eta maila?
Legeak hiru mendekotasun gradu mota aurreikusten ditu eta bakoitzean bi maila, hauexek:
Gizartea eta mendekotasuna
Legeak, mendekotasuna duen gizatalde horren duintasunaren alde egiten duen aldarrikapena oso garrantzitsua da, joera diskriminatzaileak gutxitzeko aukera emanez, eta aukera berdintasuna bultzatuz.
Egia da, Legeak gizatalde ezberdinak hartzen dituela kontutan eta gizatalde horien egoera ez dela berdina: ez beharren ikuspuntutik, ez bizi-itxaropen arlotik, ezta inguruan dituzten baldintzak ere, baina Lege hau lehenengo pausotzat har dezakegu, bide luze baten hasiera bezala.
Gauza bera esan dezakegu prestazio eta zerbitzuen inguruan, Legeak markatzen baitu zeintzuk dira horiek eta Mendekotasun Sistema sortuz, sare berean kokatu nahi ditu; hortaz homogeneizatzeko izaerak berdintasunezko joera ekarriko du.
Era berean, Legeak emakumeak egindako lan isilaren garrantzia agerian uzten du, izan ere, aldaketa demografikoak, eta batez ere, emakumeok lan mundura egindako mailakako hurbilketa, gauzak beste era batera planteatzera eraman du, non zaintzaileak behar diren nonahi emakumeak utzitako tokia betetzeko.
Bestalde, Lege honek beste pauso bat eman du: Lege hau onartu baino lehen zerbitzuak eskatzea bazegoen, Lege berriarekin ordea zerbitzuak izateko eskubidea finkatu eta arautu egiten da; hori bai, arestian aipatu dugun bezala, ebazpenean zehaztuko dute eskubidea izateko data eta hortik aurrera eskagarria izango da.
Esan dezakegu, legeak beharrezkoak direla esparru iraunkor bat finkatzeko, baita ere, Estatuari nolabaiteko zilegitasuna emateko, baina ez dira ezer aplikazioan huts egiten badute, edo aldez aurretik sortutako aukerak betetzen ez badituzte.
Nolabait ere, Legearen eraginkortasuna bere aplikazioan gauzatuko da. Legeek, zerbitzuek eta prestazioek malguak izan behar dute benetako erabilgarritasuna izateko; izan ere pertsonen beharrak anitzak dira eta egokitasuna beharrezkoa jarritako helburuak lortzeko.
Zentzu honetan, ezinbestekoa da Erakunde publikoen elkarlana. Erakundeen arteko espazio komunak bilatu egin behar dira, gizartean dauden beharretara egokitzeko, ahaztu gabe, legeak, dekretuak eta prozedurak pertsonen zerbitzura daudela eta ez alderantziz.
Azkenik, Erakundeetan ematen diren aurrerapausoek isla argia izan behar dute gizartean, izan ere, mendekotasunaren babesa ez da bakarrik Legearekin lortuko, Legearen indarra benetakoa izateko hiritarren kontzientzietan egon behar baitu, funtsean, gizartearen borondate kolektiboan, ongizate komunera abiatzeko egitasmoan.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |