Charles VIDEGAIN, Professeur de langue et littérature basque à la Faculté Pluridisciplinaire de Bayonne
Français
2
007ko Ohorezko Euskal Kultur Saria
Charles Videgain.
Baiona Hiria eta Eusko Ikaskuntza
Charles Videgain-i 2007ko abenduaren 7a
Charles Videgain-en esker onak
Auzapez-diputatu jauna,
Jaun-andereak,
Adiskideak,
Atsegin batek hartua nauka zuen artean egonik ezen norbaitek erran balaut egun Baionako Herriko etxe honetan izanen nintzela Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Herriko Etxeak eskaintzen dauzkidaten sari baten haiduru, ez nuen berehala sinetsiko.
Gogoan igan zait duela hiru ehun urte Oihenart idazleak aipatzen zuen atsotitz bat horrela mintzo baita jendearen bizitzaren epeak hiru partetan moztuz:
Hogei urtetan eztena,
Hogei ta hamarretan eztakiena
Eta berrogeietan eztuena,
Jagoiti eztateeena, ez dakikeena, eztukeena.
Nihauk berrogei urte aspaldian iganik ere, nago ea hiru hitz horiek, eztateena, izan, ez dakikeena jakin, eztukeena, ukan ene buruaz zerbait erran nahi luketen.
Ukan? ziztu bizian heldu da erantzuna. Ukaitea eta begiratzea ez da ene bertute nausea. Gauzen ukaiteko eta begiratzeko ez naiz trebeenetarik eta ezagutzen nautenek diote hori ez dela ene bertute nausia.
Izan? Euskaldun hiritarra izan? Fortuna izan dut aitama onak ukaiteaz. Euskalduna banaiz haiei esker da eta bestalde zor handia badut euskaradun izaitera lagundu nautenen aldera, hala nola Tolosan ikasle nintzeneko urteetan gidari izan dudan Allières erakaslearen aldera. Gauza bera erran dezaket geroztik ezagutu ditudan militante hanitzez.
Jakin? ez dakit, bainan hanitz eta gustuan ikasi dudala erran niro. Gertatu zait laket nuena ene ofizio bihurtzea, jakitateari buruz lan egitea eta emeki emeki euskarari buruz zerbait ikastea eta jakitea.
Zerbait jakitea baino, zerbaixka, ez oro: aperentziarik ere ez, eta euskararen alor batean baizik ez naiz ari iraulden. Bi hitzetan erraiteko gehienik ikertzen dudana ahozko euskara da, erran nahi baita euskaldunek beren artean mintzatzen duten hizkuntza eta ez idazten dutena, eta berezikiago mintzaira horretan euskaldunek nolako hitzak baliatzen dituzten. Onddoka edo amurrainka bezala luzaz ibili naiz hitzak bildu nahiz.
Hurbilagotik ikusi ahal izan dut zuek ere noiznahi hautematen duzuena, erran nahi baita euskarak mintzaira oro har bera izanik ere- zonbat kanbiamendu eta desberdintasun erakusten duen leku batetik bestera : parada izan dut leku hanitzetako mintzatzeko manerak entzuteko, manetofoian hartzeko, transkribatzeko, karta batzutan idurikatzeko eta oro har ongi entelegatzeko, izan dadin Bizkaian (ez da arrazoin zientifikoa bainan han ezkondu nintzen eta euskaldun izaiteaz herabe ez izatea zer den han baino hobeto ez dut ikusi) edo eta izan dadin hemengo hiru probintzietan, partikulazki Zuberoan (ez da arrazoin zientifikoa bainan hain guti diren zuberotarrek nolako ñabardurak atxikitzen dituzten ikusteak besteak beti xoratzen nau).
Zer erran egin dudan keta eta ihizi luze hartaz? Lehenik ahozko mintzairak bere legeak badituela, ezagutu, onartu eta indartu behar direnak. Idazten ari garelarik, paperaren gainean zerbait adierazi nahi dugularik segitu behar diren arauak eta legeak preseski ahozko mintzairak ez dituela segitu behar ageri zait.
Bigarren gauza goibelagoa dena ez nagoke aipatu gabe. Ahozko euskara biltzen ibili naizen leku hanitzetan arrangura gaiztoa izan dut bihotzean. Adineko euskaldunek euskara jori, fresko, aberatsa eskaintzen zauzkidaten ber mementoan, etxe bereko arrasemeek edo arralabek tuttik ez dakite euskaraz. Ikasiko dutela ? Nahi dut. Bestalde ilun ikusten dut ere nola entzuten dudan euskara aberats hori gehienetan ez den hiriraino hedatzen eta eskas dugu hiriko euskara azkar bat. Azkenik iduritzen zait adineko euskararen eta gazteek erabiltzen duten euskararen artean badela leize bat sobera barna dena. Oraiko gazteek erraiten duten bezala hausnarketa on baten beharrean gaude ateka gaizto horretatik ongi jelgitzeko nahi badugu gure ondokoek euskara izan ukan eta jakin dezaten. Agian gemenik aski izan dugu horren obratzeko.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |