Maider SILLERO ALFARO
Traducción al español
Euskal Autonomia Erkidegoko antzerkiaren berri izan nahi genuen, eta ez da urte-bukaera modukorik horretarako. Azken boladan, asko hitz egin da sektore horretako krisiari buruz, eta benetako egoera zein den jakin nahi izan dugu. Horretarako, Victoria Eugenia antzokiraino joan gara, bertan baitu bulegoa Norka Chiapusok, Donostiako antzokien arduradun eta hiri horretako Antzerki Feriako zuzendariak.
Chiapusoren bulegoan, egungo egoeraz jabetu gara: Euskal Autonomi Erkidegoko
antzokiak Euskal Antzokien Sarea erakundeak koordinatzen ditu, guztira 40
gune dira, eta gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian daude. Askotariko antzokien
sarea dela esan dezakegu, eta antzokien tamaina ere ezberdina da: tartekoak,
txikiak eta antzoki nagusiak daude. Nagusien artean, besteak beste, Arriaga,
Victoria Eugenia, Gasteizko
Principal eta Barakaldoko antzokia.
Sare hori Eusko Jaurlaritzaren Kultura patronatuak eratu eta koordinatzen
du, eta, patronatua ez ezik, lurralde historikoetako Foru Aldundiak eta udalak
ere –guneen kudeaketaz arduratzen dira– sareko partaide dira.
Antzerkia krisian?
Norka Chiapusori galdetu diogunean ea antzerkia krisian dagoen, erantzuna argia izan da: “Jarrai dezala krisian, eta jarrai dezala beste 2.000 urte!” Aitortzen du hedabideek antzerkiaren egoeraz irudi kaxkarra zabaltzearen errua antzerkiari lotutako jendearena dela hein batean; izan ere, bere ustez, alde negatiboa gehiago kanporatzen dute positiboa baino. Baina bere hitzetan, “antzerkia gauza purua dela kontuan hartuta, paregabea antzezten den aldi bakoitzean, ez du inoiz behin betiko krisirik jasango, beti izango baita zerbait berezia. Teknologiek aurrerakada handia eman arren, antzerkia ezingo du inoiz ezerk ordezkatu”.
Victoria Eugenia antzokia. Argazkia: Maider Sillero. |
2007 bukaera – 2008 hasiera
Euskadiko egoera aztertu ahal izateko, zenbakiak ikusi beharko ditugu. Oraindik ez dira 2007koak argitaratu, baina, Chiapusoren iritziz, urte irregularra izan da. Berak dioenez, krisiak –ez antzerkikoak, baizik eta ekonomikoak– bata bestearekin elkartu dira; eta horren ondorioz, urteko sasoi batzuk oso onak izan dira, eta beste batzuk ez hain onak.
Eta Norkari zehazki dagokion kasuan, Donostiako antzokien kasuan, gauza bera gertatu da: “2007a ez da urte txarra izan, irregularra baizik”. Baina ezin dugu ahaztu hiri honetan gertatutakoa berezia izan dela; izan ere, Victoria Eugenia antzokiaren birgaitze-lanak, 2001eko azaroan hasi zirenak, joan den otsailean amaitu ziren. “Antzokia zabaltzeak boom berezi bat sortu du ikusleengan, programazioan, promozioan...”.
2008ari dagokionez, eta oraindik ezer esateko oso goiz bada ere, iazko joerari eutsiko zaiola iruditzen zaio Chiapusori: “Ohiz kanpoko urtea izango dela uste dut” esan du. “2007koaren antzekoa izango den itxura du, baina hori nire iritzia da, oraindik nahiko goiz da zer pasako den jakiteko”.
Euskal ekoizpena
Norkak aipatu dizkigun 40 gune horiek Euskal Herri osotik etorritako emanaldiekin bete daitezke, bai eta estatutik edo atzerritik etorritakoekin ere. Aintzat hartu behar da garapen eszenikoa mugatua dela (40 gune soilik), baina “antzerkia hor dago, bere lekua du euskal guneetan”. Gogoan izan behar dugu programazio trinkoagoko gune handiak eta herri txikiagoetako guneak daudela; eta beraz, guztiek ez dute erritmo berean funtzionatzen.
Chiapusoren aburuz, euskal ekoizpena indartsua da egun zorionez, baina hau da gure galdera: kontsumitzen al da euskaraz ekoizten dena? Argitu digu umeentzako euskarazko antzerkiaren programazioak arrakasta handia duela, baina helduentzako ekoizten denarekin zailtasun gehiago izaten dela. Gipuzkoako hiriburuan alor horretan egiten ari diren lana azpimarratu du. Ahalegina egiten da 8 eta 10 euskarazko emanaldi izateko programazioan, eta horiekin 20 bat ikuskizun egiten dira urtean. Euskaraz helduentzat ekoizten den ia guztia izaten da ikusgai Donostian.
Beste jarduera aipagarri bat Donostia Antzerki Saria da. Sari hori martxoaren 27an ematen da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, eta Donostiako eskenatokietan antzeztutako euskarazko obra onenari ematen zaio. Lan garrantzitsua da hori, jendeak euskaraz ekoizten dena ikusi ahal izatea normalizatzeko. “Euskarazko antzerkia zabaldu eta horrekiko sentsibilitatea handitu dadin bultzatu behar da”.
Chiapusok adibide baten bidez azaldu digu zergatik ari diren erakundeak horretan saiatzen: “Gazteleraz egiten den ekoizpen batek saltzeko gaitasun-esparru oso handia du, edozein bazterretara hel daiteke (Espainia, Latinoamerika); euskaraz ekoizten denean, ordea, lanaren gaitasuna, merkataritza-lurraldea, askoz ere murritzagoa da”. Horrexegatik behar da antzoki publikoen laguntza eta konpromiso handiagoa, bestela, ezinezkoa izango delako eta desagertzeko joera hartuko duelako. Eta hori kultura-galera larria litzateke”.
Merkatu publikoa eta merkatu pribatua
Horrenbestez, antzoki publikoen lana garrantzitsua da euskaraz egindako sormen-lanei lagundu eta irteera emateko; baina, horrez gain, antzokiek badute funtsezko beste zeregin bat, antzoki pribatuek ez dutena: batetik, ekimen pribatuak hartzen ez duena estaltzen saiatzea; eta, bestetik, antzerki- eta kultura-alorretan interesgarriak diren proposamenak aditzera ematea, bai eta testu handiak eta zuzendari ezezagunak erakustea ere, izan ere, jendearentzat hain erakargarriak ez badira ere, horiek erakustea ezinbestekoa da.
Hau da arazo nagusiaren funtsa: merkatu publikoaren eta pribatuaren programazioek desberdinak izan beharko lukete, baina ia ez dago ekimen pribaturik –Madrilen eta Bartzelonan izan ezik, eta izatekotan ere, zertxobait Valentzian eta Bilbon udan–. Gainerako hirietan, bai Euskadin, bai Espainian, ekimen pribatua desagertuz joan da, eta antzoki publikoek egoera zail bati aurre egin behar izan diote: bi merkatuak estaltzea.
Chiapusoren iritziz, “ekimen pribatua orekatuago balego, hobeto funtzionatuko lukete bi merkatuek: hirietan alor komertziala, alor dotorea eta abar izango lukete, eta dena arinago joango litzateke. Orain, antzoki publikoek ekimen pribatua ordezkatu behar dute, erritmoa indartuz halabeharrez, baina nahiago nuke ekimen pribatua etorriko balitz”.
Kalitatezko obra
Urtean mota guztietako 700-800 obra inguru ekoizten dira estatuan, eta horiez gain, badaude aurreko urtetik jarraitzen duten beste obra batzuk ere. Donostiako antzokien zuzendariaren ustez, “gehiegi egiten da” eta “oro har Espainian dagoen antzerki-merkatuak ezin du hartu ekoizten den guztia.”
Hainbeste obraren artean, pentsatzekoa da kalitatezko obra bat aurkituko dugula, baina, zer izan behar du antzezlan batek ona izateko? Norka Chiapusok hiru elementu garrantzitsu azpimarratzen ditu: Lehenik, barne-koherentzia izatea, gero beteko ez diren itxaropenak sortu gabe, “elementu bakoitzak, xehetasun bakoitzak, objektu bakoitzak, adierazpen bakoitzak, mugimendu bakoitzak... esanahia izatea”. Eta adibide bat eman digu: “Ardo bat aztertu dezakezu, esan dezakezu zergatik den ardo ona, baina, azkenean, tragoz trago botila amaitu egiten da. Antzerkian gauza bera gertatzen da: guztia bere kabuz doanean, lana, argia, eszenaratzea, antzezleak, trantsizioak eta abar beren kabuz doazenean, bat eginda, orduan obra ona dela esan dezakegu”. Kokapena da aintzat hartu beharreko bigarren elementua. “Produktu oso delikatuak dira, eta tokiak garrantzi handia du, ondo aukeratu ezean kalterako izan daiteke. Gunea produktuaren aurka joan daiteke, eta produktu guztiak ezin daitezke gune guztietan erakutsi”. Eta, azkenik, hartzaile-mota. “Horiek guztiek bat egiten badute, segurtatuta dago arrakasta; oinarrietako bat ahultzen hasten bada...”
2008 Antzerki Feria. Uztailaren 8tik 12ra
Uztailaren 8tik 12ra ospatuko da aurtengo Donostiako gertakari handia: hamalaugarren Antzerki Feria. Iaz 30.000 ikus-entzulek ikusi zituzten programa barruko Euskadiko, estatuko eta nazioarteko obrak; eta emanaldiak kalean eta aretoetan egin ziren. Chiapusok, feriako arduradunak, ezin du asko kontatu, baina aurreratu digu “nazioarteko kutsu handia izango duela, estreinaldi asko izango direla, nahiko garaikidea izango dela eta Donostiako Antzerki Feriaren historian gogoangarria izango dela”. Antolatzaileek gauza askotan jauzi kualitatiboa emateko erabakia hartu dute. Chiapusok dioenez, “Ilusio eta itxaropen handia daukagu, eta oso feria garrantzitsua izatea espero dugu”.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |