Aquariumaren sorreraEscuchar artículo - Artikulua entzun

Vicente ZARAGÜETA
Argazkiak: AQUARIUM DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea ez zen bat-batean sortu, urte askotako lanaren emaitza izan zen. Sortzaileek, mota horretako erakundearen beharra zegoela sinisten zutenek, zailtasun ugari gainditu behar izan zituzten.

Sortzaileen artean batzuek arrazoi zientifikoak medio bultzatu zuten egitasmoa, beste batzuek arrazoi profesionalak izan zituzten horretarako (gure kostaldean arrantzaren desagerpena ulertzen saiatzea eta joera hori aldaraztea), euskal itsaso-historiaren zaleak ere izan ziren tartean, eta baita mugaz gaindi zetorren ozeanografiaren moda berria jarraitu zutenak ere. Baina Kantauri itsasoan behin eta berriro gertatutako hondamendiek hildako ugari eragiten zituzten, eta ildo horretan Donostiako gizarteko hainbat lagunek zerbait egiteko gogo bizia zuten. Juan Miguel Orcolaga eragile sutsua izan zen.

Mende hasieran Donostiak jende asko erakartzen zuen eta horrek dirua mugiarazten zuen, influentziak manipulatzeko aukera ematen zuen, eta ondorioz, ekintzaileek askotariko abentura eta ekimenei ekiten zieten.

Hainbat urtetako gertakariak izan ziren Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen hazia:

1903: Monakoko Printzeak hiria bisitatu zuen bere yatean.

1904: Mary itsasontzia badian izan zen, barruan Gaskoniako Ozeanografia Elkartearen misio zientifikoa zeramala. Elkarteak Bordelen zuen egoitza. J.M. Orcolagak eta Pedro Manuel Soralucek sutsuki defenditzen zuten mota horretako elkartea sortzea.

1906: Frantziako zientzialari talde batek ozeanografia-lanak egin zituen Kantauri itsasoan, Andre yatean. Gaskoniako Ozeanografia Elkarteak antolatu zuen ekimena, eta azpibatzordea sortu zuten A Coruñan, Esteban Bertrand lehendakari zuena. Azken horrek, Andre ontziaren misio zientifikoko lehendakariarekin eta J.M. Orcolaga eta P.M. Soraluce donostiarrekin batera, Donostian beste azpibatzorde bat sortzeko gestioak hasi zituen.

1907: Alfontso XIII.a erregeak, Bordeleko Nazioarteko Itsas Erakusketa bisitatu ostean, Frantzian eta Monakon egiten zenaren gaineko interesa erakutsi zuen. Hala ere, ez zuen inolako laguntzarik eskaini hemen halakorik aurrera eramateko.

1908: “El Pueblo Vasco” egunkariak honako artikulu hau argitaratu zuen (gaztelaniaz): “[...] A Coruñako Ozeanografia elkartea lan asko egiten ari da Kantauriko Ozeanografia Elkarte Espainiarra eratzeko, azterketa zientifikoen eta arrantzaleen interesen alde. Ildo horretan aurrerapausoak ematen ari dira Donostian eta Santanderren. A Coruñako elkarteko burua Esteban Bertrand jauna da, lehendakari zuhur eta aktiboa, Bordeleko Nazioarteko Itsas Erakusketara egindako bisitaldian Erregea laguntzeko ohorea izan zuena. Hainbat gorabehera zailen ondoren, uste da oraingoan lortuko dela Donostian egunen batean ozeanografia-batzordea eratzea, Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoari eta bere lehendakari zuhurra den Manuel M. Añibarro jaunari esker”.

P.M. Soralucek E. Bertrandi igorritako gutunean irakurtzen denez, proiektua geldirik dagoen arren pertsona batzuek, Jose Domerq jaunak esaterako, aurrera egiteko bultzada ematen diete, Ozeanografia Elkartea sortzea ideia bikaina baita ikuspegi zientifikotik eta arrantzaleen onurari begiratuta. Era berean, Bertrandi jakinarazten dio M. Martinez Añibarro ideiaren aldekoa dela eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoaren aretoak utziko dizkiela behar dutenerako.

Asteak eta hilabeteak igaro dira, eta inon ez da azaltzen ozeanografia-elkarte donostiarraren egitasmoa aurrera doanik. Dena den, badirudi batzuk buru-belarri lanean dabiltzala. Orain arte irakurri dugunaren arabera, pentsatu dezakegu M. Orcolagak, P.M. Soralucek eta E. Bertrandek ez dutela lorik hartu, isilik eta zuhurtziaz lan egin badute ere. Ez dakigu zein influentzia erabili zituzten, baina litekeena da ministerioren bat edo Alfontso XIII.a erregea bera ere tartean sartu izana. Gauza da behin betiko bultzada espero ez zen tokitik etorri zela, gaia mamitzen ari zen inguru sozio-politikoa ikusita logikoa zen arren. Irailaren 15ean, Gipuzkoako itsas armadako komandanteak, Joaquín Escoriaza fragatako kapitainak, bere bulego ofizialean biltzeko deia egin zien 46 laguni hilaren 19rako.

Argazkia  
La Voz de Guipúzcoa” egunkariko beste artikulu batek honela zioen (gaztelaniaz): “[...] La Voz de Guipúzcoak, behin baino gehiagotan, interes handiz azaldu du hiriko pertsona ezagun batzuk Donostian Ozeanografia Elkartea eratzearen alde aspalditik eta isilpean egiten ari diren lan kementsua eta txalogarria. Atzerrian, mota horretako erakundeek onura ugari ekarri izan dizkiete aspalditik arrantzale eta nabigatzaileei, zientziaren, industriaren eta gizakiaren ikuspegietatik begiratuta. Apur bat ikasia den pertsona orok badaki ozeanografia zientzia berria Monakoko Printzeak sortu duela zuhurtzia eta kemen nekaezinekin, [...]. Frantzia eta Portugalgo kostaldeetan, Bordeleko eta Lisboako ozeanografia-elkarteek zerbitzu ordainezinak eskaini dituzte, eta horregatik Monakoko Printzeak estimatu eta babestu egin ditu. Ingalaterran, Alemanian, Danimarkan eta Norvegian gobernuek babestutako mota horretako elkarteak loratzen ari dira, eta duela gutxi Monakoko Printzeak, Frantziako gobernuaren adostasunarekin, Ozeanografia Institutua sortu du Parisen, Sorbonari lotuta dagoena [...]. Kantauri itsasoan, A Coruñan bada Gaskoniako Ozeanografia Elkartearen Errege-azpibatzordea, urte gutxitan arrakasta garrantzitsua lortu duena [...]. Monakoko Printzea Donostian izan zenean Alice bere yate ederrean [...] hirian ozeanografia-taldea osatzeko interesa agertu zuen. Beste horrenbeste gertatu zen Bordeleko Ozeanografia Elkartearen batzorde zientifikoa Mary yatean porturatu zenean. Asmo berbera azaldu izan du sarritan Alfontso jaunak, Kantauriko arrantzale eta nabigatzaile askoren interesen alde. Baina zientzia eta egitasmo berriak zirenez, gure artean erabat ezezagunak, kementsu lanean ari ziren donostiar esanguratsuek oztopoak aurkitzen zituzten uneoro, euren nahiak antzutzen zituztenak, etengabeko egite eta desegitea zen hura. [...] Baina kemenez guztia gainditzen denez, uste dugu oraingoan lortuko dela Donostian Ozeanografia Batzordea eratzea, A Coruñako eta Bordeleko Elkartearekin batera arituko dena. Gure arrantzale eta nabigatzaileentzat hain onuragarria izango den emaitza, neurri handi batean, A Coruñako Azpibatzordeko lehendakari E. Bertranden ahaleginari eta zuhurtziari esker lortuko da. Berak ekimenak bultzatu ditu eta agintariekin hitz egin du, erakunde baliotsuak zirela defenditu du, eta atsedenik hartu gabe aritu da ideal zientifiko eta humanitario ederra gauzatzearen alde. Itsas armadako komandante Joaquin de Escoriaza jauna ere proiektuaren defendatzaile sutsu bilakatu zen egitasmoaren berri eman ziotenetik. Bidea behar bezala landu ondoren, laster egia bilakatuko da orain arte askok Bertrand, Salazar, Orcolaga eta Soraluce jaunen amets eskuzabaltzat zutena”.

1908ko irailaren 19an, ostiralez, lehen eratze-saioa egin zen. Deituak izan ziren 46 lagunetatik 16 elkartu ziren itsas komandantzian izandako bileran. Joaquin Escoriaza fragata-kapitainak eta komandantziako buruak egin zuen bilera-deialdia eta bera izan zen bilera-burua. Donostiako ozeanografia erakundearen sorrera-bileran izan ziren, aipatutako Escoriazaz gain, J. Baudin, E. Bertrand, P. Caballero, L. Cantón, A. Churruca, J. Gorostidi, A. Machimbarrena, M. Mercader, F. Molina, W. Orbea, J. Peña y Goñi, L. Rodríguez Pacual, J. A. Sagasti, J. Salazar, P.M. Soraluce eta Seoaneko Markesa.

Itsas armadako komandanteak ekin zion saioari, eta komenigarritzat jo zuen ozeanografia-batzordea osatzea, A Coruñakoaren eta Bordelekoen antzera Bizkaiko Golkoaren itsaspeko topografia aztertuko zuena. Gainera, batzordeak metereologia, ur-korronteak, itsaso-klimatologia, biologia, arrantza-motak eta abar ere aztertuko lituzke. Halaber, osatu nahi zen erakundeak arrantzaleentzat eta nabigatzaileentzat onura handiak elkarri zitzakeela aipatu zuen hitzaldian.

Jarraian, E. Bertrandek bere egin zituen komandantearen adierazpenak, eta Gaskoniako Golkoko Ozeanografia Elkartearen Azpibatzordeak A Coruñara ekarritako onurak azpimarratu zituen. Ondoren P. Caballerok hartu zuen hitza eta jarraian P.M. Soralucek gogora ekarri zituen Ozeanografia Zentroa sortzeko proiektuak urteetan bizi izan zituen gorabeherak. Eskerroneko hitzak zuzendu zizkien Erregeari eta Monakoko Printzeari. Bordeleko Nazioarteko Itsas Erakusketa bisitatu ondoren Estatuko buruzagiak erakutsitako interes pertsonalari esker sustraitu zela egitasmoa gaineratu zuen.

Ozeanografia Zentroa ofizialki eta behin betiko eratzea erabaki zuten, eta behin behineko Zuzendaritza Batzordea izendatu zuten. P. Caballero hautatu zuten lehendakari eta J. Gorostidi idazkari.

Wenceslao Orbeak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoaren izenean, Ozeanografikoaren esku utzi zuen bere Elkartearen egoitza, Arte Ederretako Jauregian zegoena, Zentro eratu berriak berea izan arte. Ildo berean, P. Caballerok ere IGTGren aretoak eskaini zituen. Erakundearen araudia zehazteko, atalak finkatzeko, bazkideen zerrenda zabaltzeko eta bestelako lanetarako beste bilera bat egitea erabaki zuten.

Lehenengo unetik eta urte batzuetan, elkarte jaioberriak egoera ekonomiko jasanezina pairatu zuen. Besteek utzitako lokalak erabili behar izan zituen, eta ez hori bakarrik, bazkideek eta zuzendariek beraiek jarri behar izan zuten funtzionamendurako oinarrizko materiala.

Hiriko komunikabideek eraginkortasunez lagundu zuten Ozeanografikoaren sorreraren une beretik. Zuzendaritza-batzordearen saioen laburpenak argitaratu zituzten, batzuetan ilustrazioekin lagundutako komunikatuak, eta Elkarteari buruzko edo ozeanografiaren inguruko artikuluak ere plazaratu zituzten. Bazkideetako batzuk ere egunkariekin kolaboratu zuten euren artikulu zientifiko eta soziologikoak igorrita. Prentsaren laguntzari zor zaio, neurri handi batean, Elkarteak izan zuen eragina eta biztanleriaren artean lortu zuen hedapena, batez ere arrantzaren eta itsaso-bizitzaren inguruko jendearen artean.

Urriaren 8an egindako bigarren eratze-saioan, P. Caballero lehendakari izan zuena, 11 lagun elkartu ziren. Horrela osatu zuten zuzendaritza-batzordea:

Lehendakaria: Paulino Caballero
1. Lehendakariordea: Julián Salazar
2. Lehendakariordea: Carlos Vic
Gorteko ordezkaria: Seoaneko Markesa
Diruzaina: León Cantón
Liburuzaina - Artxibozaina: Pedro Manuel Soraluce
Idazkaria: José Gorostidi
Batzarkidea: Juan Miguel Orcolaga
Batzarkidea: Manuel Mercader
Batzarkidea: Manuel M. Añibarro
Batzarkidea: Baldomero L. Cañizares
Batzarkidea: Javier Peña y Goñi
Batzarkidea: Alberto Machimbarrena
Batzarkidea: Fernando Molina

Aurrerago Jose Maria Aristeguieta Idazkari-kantziler izendatu zuten eta Esteban Bertrand batzarkide, eta gainera beste sei batzarkide hautatu zituzten, honako kargu hauek zituzten pertsonak, hain zuen ere: Gipuzkoako Itsas armadako Komandante militarra, probintziako Herri Lanen Ingeniari-burua, Mendi-ingeniari burua, Meatzeetako Ingeniari-burua, Fisika eta Kimikako Katedraduna eta IGTGko Historia Naturaleko Katedraduna. Hurrengo urteetan jatorrizko batzarkideen eta ohorezko lehendakaritzaren sistemak aldaketak izan zituen, horien kopurua handitu edo murriztu egin zen eta titularitate ofiziala ere aldatu egin zen. Era berean, pertsona nabarmena izan zen Sebastián Gómez Izaguirre. Marrazketa-irakasle gaztea musu-truk hasi zen elkartearentzat lanean, eta lan horren bidez Idazkari Nagusi izatera iritsi zen; benetako instituzio bilakatu zen Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen barruan.

Honako hauek izan ziren Estatutuen lehenengo bost artikuluak:

1. artikulua: Elkarteak GIPUZKOAKO OZEANOGRAFIA ELKARTEA izena hartuko du.

2. artikulua: Ozeanografiaren zientzia eta bere aplikazioak garatzen eta aurrera eramaten laguntzea du helburu, batez ere arrantzaren edota nabigazioaren alorretan, besteak beste.

3. artikulua: Sortu diren eta sortuko diren estatuko eta atzerriko elkarteekin harremanak finkatuko ditu eta Madrilgo Ozeanografia Institutuarekin eta A Coruñako Errege-azpibatzordearekin harmonian lan egingo du zientzia-gai guztietan.

4. artikulua: Oraingoz, bere izenak dioen moduan, bere kostaldea bustitzen duen itsasoa izango du lan-eremu, gutxienez.

5. artikulua: Iraupen mugagabea izango du.

Eta lau batzordetan banatu zuten: Meteorologia, Itsaspeko Biologia eta Geologia, Arrantza eta Itsas Historia.

Zuzendaritza Batzordea berehala hasi zen laborategi ozeanografikoa jartzeko egitasmoa mamitzen. Era berean ozeanografia-museoa prestatzea erabaki zuten. Museoa agian Bigarren Hezkuntzako Institutuaren gelaren batean kokatu zitekeela pentsatu zuten, eta E. Bertrandek Gipuzkoako kostaldean jasotako krustazeo-ontzi batekin ekin zioten proiektuari.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 02-29 / 03-07