Joseba Felix TOBAR-ARBULU
Raúl MIGUELIZ
Joakin ANSO
Ibon TELLETXEA
Zarbo IBARROLA
Traducción al español
:: Mugarik gabeko Scolopax rusticola (I/II)
6. | Oilagorren jarraipenak | |
7. | Ondorio batzuk | |
8. | Azken hitzak | |
9. | Bibliografia eta beste |
Bi kasuetan oilagorren jarraipenak bi etapa ezagutu ditu: Errusiara iristeko gertatu dena eta Errusian bertan gertatutakoa.
a) Errusiarako bidean
Hona hemen Astur-ek eta Navarre-k emandako zenbait datu Errusiarako bidean:
I) Askatu eta gero, Astur-ek lokalizaturik gabeko emisio bat eman zuen gau hartan (otsailaren 24an). Gero ia bi hilabete egon da inolako emisiorik gabe. Hurrengo emisio ona Errusian eman zuen (apirilaren 22an).
Astur: Errusiarako bidea |
II) Navarre-k emisio on bat eman zuen Bakikun bertan (martxoaren 5ean), hurrengoa Pirinioez haratago (martxoaren 31n). Hurrengo emisioa Errusian eman zuen (apirilaren 22an).
Navarre: Errusiarako bidea |
(Egia da Mediterraneo inguruan interferentziak daudela, eta interferentziekin ez dago modurik hegaztiak lokalizatzeko. Argos-ek eta MTIkoek ezagutzen dute arazo hori1. Baina aurreko esperimentuan, 12 gramoko PPTarekin egin genuenekoan, Pirinioez haratago, Errusiara iritsi baino lehen, emisio gehiago lortu genuen2.)
b) Astur-en ibilbidea eta etapak Errusian
Astur Ural mendietatik oso hurbil egon da; hain zuzen ere, mendi horien hegaletan. Errusian irregulartasun pixka batekin eman ditu emisioak. Hona hemen emisio onak: apirilak 22; maiatzak 2, 4, 6, 9, 11, 16, 18; ekainak 4, 8, 11, 18, 20; uztailak 7, 31, abuztuak 2, 5. Azken emisioa: irailaren 19an lokalizaturik gabeko emisio eman zuen; egun hartan hegaztia bizirik zegoen.
Maiatzaren 18an Ural mendien hegaletan eman zuen emisioa.
Astur Ural mendien hegaletan |
Astur: elkarrengandik aldendutako zenbait emisio Errusian |
Astur: elkarrengandik nahiko hurbil diren zenbait emisio Errusian |
Astur: azken emisioa Errusian (abuztuak 5) |
c) Navarre-ren ibilbidea eta etapak Errusian
Navarre Errusian erregulartasun batekin eman ditu emisioak. Hona hemen emisio onak: apirilak 22, 24, 29; maiatzak 1, 4, 6, 8, 11, 13, 22, 30; ekainak 11, 16, 11, 18, 20, 23, 25, 30; uztailak 9, 12, 14, 24, 26; abuztuak 7, 12, 19, 21, 24, 31; Irailak 5, 12, 24.
Irailaren 24ean eman zuen bere azken emisioa, Errusian zegoela.
Navarre: zenbait emisio Errusian |
Segur aski maiatzaren 11n bere habian egon zen.
Navarre: litekeen habia |
Navarre: habiatik aldendutako zenbait emisio |
Navarre: habiatik nahiko hurbil diren zenbait emisio |
Navarre: azken posizioa Errusian (irailak 24) |
Ondorio mota desberdinak atera ditugu: (a) batzuk lokalizazioari dagozkionak; (b) beste batzuk duty zikloari eta transmisio-tarteari dagozkienak; eta (c) azkenik, orokorrean, proiektuari eta jarraipenari dagozkienak.
a) Lokalizazioak. Argos-ek aditzera ematen duenez, badira zenbait desadostasun praktiko; 0 lokalizazioekin badaude zenbait arazo; eta A eta B lokalizazioek ez dute zehaztasunik3.
Gure oilagorrek emandako datu guztiak kontuan edukirik, kasu okerrenetan, baina denbora-tarte oso laburretan non suposatzen baita hegaztiak ez direla mugitzen4, ondoko ondorioetara iritsi gara:
(I) A eta B lokalizazioen zehaztasuna PTT/hegazti bikoteari dagokio;
(II) Navarre-ren kasuan, A lokalizazioen erroreak 1,77 eta 5,65 km. artekoak izan dira5;
(III) B lokalizazioen erroreak 0,95 eta 10,67 km. artekoak izan dira;
(IV) Eta 0 lokalizazioen erroreak 3,48 eta 6,4 km. artekoak izan dira.
(Astur-en kasuan ez dugu izan nahiko datu onik, kalkuluak egiteko.)
Navarre-k emandako 0 lokalizazioak nahiko onak dira, nahiz eta lokalizazio B bat eta zenbait lokalizazio A zehatzagoak izan 0 lokalizazioak baino.
Zehaztasun horiek grosso modo beste esperimentu batzuetan (eta beste metodologiarekin) egindako ikerketetan6 ados daude.
Hemen azpimarratu nahi duguna hauxe da, alegia, gure oilagorrentzat lokalizazio A eta B horiek oso garrantzitsuak dira: errealak eta objektiboak dira, eta lan pixka bat eginez, berorien zehaztasuna lor daiteke.
b) Duty zikloak eta transmisio-tarteak (TT).
Lehen esperimentuaren eta oraingoaren datuak kontuan edukirik, hona hemen zenbait ondorio argi:
(1) 12 gramoko PTTak, 48/10 duty zikloa eta 60 segundoko TTa zituenak daturik hoberenak eman ditu, hala kantitatean nola kalitatean. Gainera, behin interferentziazko gunea igaro ondoren, maiztasun erregularreko emisioak eman ditu. Halaber, egun berean lokalizazio gehien eman duena izan da.
(2) 9,5 gramoko PTTak, behin Errusian sartu eta gero, baina aski sarturik egonda, nahiko ongi funtzionatu du: hobe aritu da 45 segundoko TTa daukana 60 segundoko TTa daukana baino.
(3) Errusian bertan egonda, 12 gramoko PTTak emisio erregularragoak eman zituen (bi egunetan behin) 9,5 gramoko bi PTT hauek baino.
(4) Errusian nahiko sarturik egon arte, 9,5 gramoko PTTek ez zuten ongi funtzionatu, nahiz eta Navarre-k emisio soil bat eman Pirinioez geroztik (martxoaren 31ean).
(5) Astur egon zen inolako emisiorik eman gabe otsailaren 26tik apirilaren 22 arte (ia 50 egun) eta inolako posizio onik gabe hegaztia askatu zenetik (otsailaren 24an) apirilaren 22 arte (ia bi hilabete).
(6) Navarre emisiorik eman gabe egon da zenbait egunetan (martxoaren 7tik martxoaren 19 arte; martxoaren 25etik martxoaren 31 arte; apirilaren 1etik apirilaren 7 arte; eta apirilaren 9tik apirilaren 17 arte) eta inolako posizio onik gabe martxoaren 6tik martxoaren 31 arte (25 egun) eta apirilaren 1etik apirilaren 22 arte (21 egun).
(7) Errusian, Astur egon da emisiorik eman gabe abuztuaren 5etik irailaren 19 arte (45 egun); egun horretan lokalizaturik gabeko emisio eman zuen: hegaztia bizirik zegoen.
(8) Zer dela-eta ez Navarre-k ez Astur-ek ez dute emititu 2006an 12 gramoko PTTak emititu zueneko lekuetan: Alemanian, Polonian, Bielorrusian eta Errusian (oso mendebaldeko guneetan)?
(9) Soilik interferentziazko arazo bat da7 ala karga elektrikoaren arazoa ere bada?
(10) Bigarren hipotesian, 9,5 gramoko PTTekin duty ziklo berri bat beharrezkoa izango litzateke: 72/10 duty zikloa, hain zuzen ere, zeina, printzipioz, 12 gramoko PTT-rekin 2006an egindako esperimentuan ikusi zen bezala, 60 segundoko TTarekin erabil baitaiteke. Are gehiago, 60 segundoko TT horrek PTTari aukera emango lioke astiroago deskargatzeko: interferentziak dauden espazio konkretuan oso garrantzitsua dena.
(11) Argi dagoenez, 2006ko esperimentuak 12 gramoko PTTak gehiago kargatu zuen 2007ko 9,5 gramoko bi PTT horiek baino. Bistakoa da, kontuan hartzen bada 12 gramoko PTTaren area %16,5 handiagoa dela 9.5 gramoko PTTarena baino. (Baldintza klimatiko berean, area handiago zeukan lehen PTTak, eguzki izpiak jasotzeko eta kargatzeko, azken bi PTTek baino.)
(12) Eguzki izpiak jasotzeko, 9,5 gramoko PTTaren area 12 gramoko PTTaren area baino txikiagoa denez, antzeko emisioak lortzeko, antzeko funtzionamenduan aritzeko (gogoratu 2006an lorturiko emisioak onenak izan zirela), kargatzeko tartea handitu behar da, alegia, 72/10 duty zikloa erabili beharko litzateke.
Hortaz, laburbilduz, oilagorrekin Europa osoan esperimentuak egitekotan -Europako edozein herrialdetan- 12 gramoko PTTa erabil daiteke (48/10 duty ziklokoarekin eta 60 segundoko TTarekin) edo 9,5 gramoko PTTa (72/10 duty ziklokoarekin eta 60 segundoko TTarekin).
c) Interferentziak. Argi dagoenez, oraingoz, interferentziak dauden lekuetatik alde egin behar da. Kasu, eskura dagoen teknologiarekin, alegia MTIkoen PTTekin, badago oraindik alboratu behar den leku berezi bat, Mediterraneo ondoko Kataluniatik, Frantziako hego-ekialderantz eta Italiako iparralderantz doana. MTI eta Argos jakitun daude. Izan ere, arazoak daude Europako zenbait lekutan emisioak ongi jasotzeko8. Aurreko esperimentuan esan genuen moduan, hobekuntza etorriko da baldin eta komunitate zientifikoak berak Europako autoritateen gainean presionatzen badute: arazoaren benetako iturriak diren frekuentzien bandei buruzko nazioarteko akordioak eta itunak errespeta daitezen.
d) Ondorio orokorrak.
(1) Charles Fadat-ek bere liburuan (1995) metodo estatistiko bat aurkezten du oilagorren sexua jakiteko, moko-, hego- eta buztanaren neurriak kontuan edukiz. Metodo horren arabera, Navarre arra zen, inolako dudarik gabe. Jonhatan Rubines-ek egindako analisi genetikoaren arabera, aldiz, emea da. Gure esperimentuan, Errusian izandako mugimenduek eta posizioek datu genetiko hori baieztatzera jotzen dute, argi gainera.
(2) Autore batzuen arabera, oilagorrak habia-lekura iristen direnean, ez dira gehiegi aldentzen habia-gunetik. Gure esperimentuak kontrako joera erakusten du. Navarre, litekeen habia utzi ondoren, alde batetik bestera ibili da mugitzen, denbora-tarte luze batez.
(3) Gure oilagorra, Scolopax rusticola, hegazti euroasiatikoa da, ingelesezko izenak (Eurasian woodcock) erakusten duen moduan. Erabili dugun literaturaren arabera, oilagorraren mugak Ural mendiak dira, Astur argi frogatu duen bezala. Oilagorren bizigunea Mendebaldeko Paleartikoa da, Afrikako iparraldetik Ural mendietaraino. Galdera: zeharkatzen ote dituzte Ural mendiak? Zer gertatzen da Uralak haratago dauden oilagorrekin? Norantz eta noraino joaten dira? Ikerketarako puntu garrantzitsua.
(4) Errusian oilagorrekin lanean aritu den ikertzaile-talde batekin kontaktuan izan gara. San Petersburgo inguruan oilagor bati 12 gramoko PTTa (60 segundoko TTarekin eta 48/10 duty zikloarekin) jarri zioten haren mugimenduak jarraitzeko eta ea Ural mendiak zeharkatuko zituen ikusteko. Emisio gutxi eman ditu hegaztiak harrapatu zuten lekuaren inguruan eta 2007ko abuztutik ez du inolako seinalerik eman. Arazoa: agian ehizaldia irekita egotea, hegaztia hilik egotea edo eta duty zikloaren kontua. (AURKIBIDEA)
Oilagorraren migrazioaz gehiago jakiteko, datuak maiztasun gehiagoarekin eta zehaztasun handiagoz lortzeko, ikerketan jarraituko dugu, beti MTIkoen aholkuei kasu eginez. (AURKIBIDEA)
Hona hemen proiektu horren inguruan zenbait berri osagarri:
Bécasse Passion: Les Voyages d’Astur et de Navarre, 2007, 62 zenb.: 16-22.
Bibliografia:
Duriez, O. (tesia, 2003), Stratégies individuelles d’hivernage chez la bécasse des bois (Scolopax rusticola): compromis énergétiques pour la sélection de l’habitat.
Fadat, C. 1995. La bécasse des bois en hiver. Ed. C. Fadat, Clermont-1’Hérault.
Hays, G.C. et. al. (2001) The implications of location accuracy for the interpretation of satellite-tracking data, Animal Behaviour, 61 (5):1035-1040.
Lucio, A.J. eta M. Sáez de Buruaga (2000) La becada en España. Federación Española de Caza y Fedenca.
Vincent, C. et al. (2002) Assessment of Argos location accuracy from satellite tags deployed on captive Gray Seals. Marine Mammal Science, 18 (1), 156–166.
Eskerrak:
Eskerrik beroenak Nafarroako taldeari (Isabel, Alfredo eta Jose Ignacio), ahantzi gabe Nikita Chernetsov doktorea (Biological Station Rybachy, Zoological Institute, St. Petersburg, Russia) eta Charles Fadat doktorea eta oilagorrari buruz benetan jakintsua.
Lan hau CCB-k, Club de Cazadores de Becadas delakoak, egindako talde-lanaren emaitzaren ondorioa izan da. Proiektua CCBk berak eta Nafarroako gobernuak finantzatu dute. Fotografiak Zarbo Ibarrolak egin ditu.
GEHIGARRIA:
Navarre-ren azken emisioa 2007ko irailaren 24an izan zen.
Harrigarria bada ere, 2008ko otsailaren 5ean emisio berri bat eman du. Navarre Aralarren dago, askatua zen lekutik 11 Kmtara.
Navarre, askatua zen lekutik 11 Kmtara. |
Navarre Aralarren, 2008ko otsailaren 5ean |
1 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/newsletters/winter_05page8.pdf eta http://www.microwavetelemetry.com/newsletters/winter_05page8.pdf. Halaber, ikus geroago ondorioetan aipatzen dena.
2 Ikus Euskonews 380 eta Euskonews 383 eta ondorioetan azaltzen dena.
3 Ikus Location Accuracy: What’s the meaning of location classes? How accurate is the error estimation? How accurate are class 0 locations? How accurate are class A and B location (empirical data on class A and B)?
4 Lokalizazioen arteko aldeak neurtzeko, lokalizazioak denbora tarte oso-oso laburretan hartu behar dira, non hegaztia ez baita mugitzen.
5 Metodologia ondokoa izan da. Demagun, martxoan 5ean gertatu zen moduan, lokalizazio 2 eta gero lokalizazio B dagoela (denbora-tarte oso laburrean). Orduan, Argos-ek lokalizazio 2-rako ematen duen zehaztasunari (okerrenean 0.350 km) Google Earth-en bidez neurtutako lokalizazio 2-ren eta lokalizazio B-ren artean dagoen distantzia (kasu konkretu honetan 0.600 km) gehitzen zaio: 0.350 + 0.600 = 0.950. Hortaz, lokalizazio B-ren errorea, kasu honetan, 0.950 km-koa da.
6 Ikus Hays et al. (2001) eta Vincent et al. (2002). Hays eta kideek diotenez: “... Much more important for many animal-tracking studies are the accuracies of LC A and LC B, since these accuracies are not reported by Argos. In our trials the accuracy of LC A was comparable to that of LC 1. LC B had poorer accuracy than LC A, but the worst level of accuracy was found in LC 0.” Eta Vicent eta kideek diotenez: “Both filtered and unfiltered LC A locations were of a similar accuracy to LC 1 locations, and considerably better than LC O locations.”
7 Ezaguna dugun arazoa, Argos-en eta MTIkoen bidez.
8 Ikus http://www.microwavetelemetry.com/newsletters/winter_05page8.pdf.
:: Mugarik gabeko Scolopax rusticola (I/II)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |