Martha
GONZÁLEZ ZALDUA
Leticia MALDONADO ARRUTI
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Aurreko artikulu batean, hitzen erabileraz jardun ginen. Gaurkoan, balioen erabilera dugu hizpide, gorde beharreko altxorra, egin beharreko ariketa eta defendatu beharreko jarrera bailiran belaunaldiz belaunaldi gureganaino heldu zaizkigun balio haiena, hain zuzen ere.
Etorri zirenak ez zituzten mundu berriaren kontraesanek makaldu; aitzitik, lege eta ohitura zaharretan euskarriturik, familiak, etxeak eta, kasu batzuetan, herriak eraiki zituzten. Herrimina itsasontzian utzi eta aurrera begiratu zuten.
Amerikak, oro har, eta gure herriak (Argentinak), bereziki, itxaropenak bultzatutako jende mordoa jaso zuen. Hizkuntza ia ulertezina zekartzaten, pentsaketa logikoa eta helburuak lortzeko tema.
Zintzoak ziren berbetan, duinak ekintzetan, xumeak bizimoduan –«euskaldunak ez ditu itxurak egiten» esaten zen– eta zorrotza emandako hitza betetzerakoan.
Setakeria esan zitzaion ekindakoa amaieraraino eramateko gogoari, xalotasuna tratuak hitz hutsaren bidezko konpromisoaren bidez ixteari, xumetasuna norbere mugak ezagutu eta ahal zena baino harago ez joateari. Hau da, gizakien gizarteak ezagutzen ez duena edo ulergaitza iruditzen zaiona izendatzeko erabiltzen dituen terminoak erabili ziren.
Gizarte moderno haietan, atzean geratu ziren ezagutu ez genituen arbasoen printzipioak, ezabatu, aldatu edo beste behar batzuetara –norberarenak, eskuarki– moldatu beharrekoak balira moduan.
Mundua mugitu egiten da, eta gu ere bai harekin batera, asmoak disimulatzen ere saiatzen ez diren talde eta gizabanako-interesek elikatutako kontzeptu-nahasketaren erdian.
Horrela, denboraren poderioz eta naturaren legeen arabera gertatzen diren aldaketen babespean, keinu oportunistez justifikatzen ditugu elkartasunik eza, diskriminazioa, konfiantza falta, interesik eza eta gezurra.
Hitzak asmatu eta horiekin balio haiek utzitako hutsunea estali gura dugu. Hitzok esanda, gure pentsamenduak hedadura intelektualagoa eta gure ekintzek pisu moral handiagoa hartuko dutela uste dugu. Egiatasuna galdu dugu.
Orduan, gardentasuna entzuten dugu zintzotasunaren lekuan; atxikidura leialtasunaren ordez; jarrera politikoki zuzenak egiatasunaren partez; moralitatea, doikuntza eta moldaketa printzipioak beharrean eta konbergentzia eta bertikaltasuna elkarrekiko errespetuaren ordez.
Erakunderik txikienetan ere botere-handinahikeriak nola ezartzen diren ikusten dugu ezintasunez. Eta kezka handiz ohartzen gara, uste baino gehiago atxikitzen zaizkiela halako helburuei. Bazterrean ez geratzea da garrantzitsuena. Eztabaidatu gabe partaide izatea, ados egon ez arren onartzea.
Ez gara iragana hobea izan zela uste izateko bezain xaloak. Beti egon dira eta egongo dira akatsak erakunde, sozietate eta banakoen portaeran. Baina bada alde nabarmen bat: iraganean garbi zegoen zuzenaren eta okerraren arteko muga. Gaur egun, ordea, desagertu egin da muga hori.
Dena den, itxaropentsuak eta esperantzagarriak garenez, garbi daukagu isilarazten bagaituzte ere balioek bere horretan dirautela.
Behinola baten batek hauxe esan zuen1: «seta handiz, naturak orri beraren, arrosa beraren, txori beraren miraria gauzatzen du udaberri guztietan». Han daude eta han egongo dira beti, eta bakarrak eta ordezkaezinak izango dira.
Balioak bezalaxe.
1 Erref.: Paul Claudel
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |