Carlos ROLDÁN LARRETA, Historian Doktorea
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
1
Ama Lur filmaren kartela |
1981eko produkzio horiek egun bateko loretzat hartzetik urrun, proposamen horien arrakastak, batez ere, La fuga de Segovia filmarenak, euskal zinemari laguntzeko politiken alde apustu trinkoa egitera eraman zituen euskal alderdi politikoetako buruzagiak. Produkzio berriek, besteak beste, La conquista de Albania, Akelarre, Erreporteroak edo La muerte de Mikel filmek jasotako laguntzak –filmaren kostu osoaren % 25eko diru-laguntza, aurrez emana eta itzuli beharrik gabekoa– Eusko Jaurlaritzaren zinemaren aldeko kultura-politikaren jarraipenaren adibide dira. Geroago, 1984an, Kultura Sailaren eta Euskal Produktoreen Elkartearen artean hitzarmena sinatu zen, diru-laguntzak jaso ahal izateko bete beharreko oinarrizko arauak finkatzen zituena. Horri Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzak eta 1985eko urtarrileko Euskal Produktoreen Elkartearen eta Euskal Telebistaren arteko hitzarmena –antena eskubideak erostekoa eta ETBk telebistaz ematekoa– gehituz gero, euskal luzemetraien egoera, laurogeigarren hamarkadaren bigarren zatian, ezin hobea zen. Finantzazio osoa lortu zitekeen: Eusko Jaurlaritzak produkzioaren behin betiko kostuaren % 25, ETBk % 25 eta Kultura Ministerioak % 50.
Los Reporteros metraje luzeko filmaren fotograma |
Laurogeigarren hamarkadaren lehen zatia urrezko garaia izan zen Euskadiko zinearentzat. Izan ere, erakundeek harturiko erabaki bikainez gain, zuzendariek kritikarengan eta ikusleengan miresmena sortzea lortu zuten beren produkzioekin. Hona hemen garai hartako hiru film garrantzitsu: Imanol Uriben La fuga de Segovia (1981) –zinema politikoaren eta abenturazkoaren arteko konbinazio eraginkorra–, Imanol Uriberen La muerte de Mikel (1983) –gizarteko arauen aurrean gizabanakoaren askatasunaren aldeko aldarrikapena– eta Montxo Armendárizen Tasio (1984) –pertsonen askatasunaren aldeko beste aldarrikapen bat, baina oraingoan euskal landa-eremuan girotua–. Ezin daiteke esan euskal zinemak gai komun bat zuenik edo estetika bereizia zuenik, baina, agerikoa da garai hartan Euskadin egiten zen zinema bertan gertatzen zenari so zegoela eta hein handian Euskal Herrian ematen ari ziren gertakizunak islatzen zituela. Horrela, bai Tasio bai La muerte de Mikel filmetako pertsonaia nagusiak askatasun egarriz izatea ez da kasualitatea, kontuan izanik Euskal Herriak bizi zuen egoera sozio-politikoa.
Imanol Arias La muerte de Mikel filmean |
Nahiz eta laguntza horiek izan, Euskadiko zinema krisi sakonean sartu zen laurogeigarren hamarkadako bigarren zatian aurrera egin ahala. Asko dira egoera horretara eraman zuten arrazoiak. Batetik, euskal zuzendariek ez zuten arrakastarik izan kritikaren eta ikusleen aurrean, laurogeigarren hamarkadako hasieran ez bezala. Gainera, zinegileen eta erakundeen arteko harremanek, ordura arte ezin hobeak, txarrera egin zuten, Eusko Jaurlaritzak bere aldetik produzitzeko asmoa baitzuen. Portaera hori Euskadiko zinemaren sektore handi batek bidegabeko lehia gisa hartu zuen, eta gutxi balitz, nepotismoa gero eta agerikoagoa zuen politika garatzeko Gasteizen joera nabariak ere ez zuen askorik lagundu animoak baretzen.
Horrela, gutxien espero zenean, bat-batean, liluratu gintuen mugimendu zinematografiko hura ezerezean geratu zen. Halere, Euskadiko zinemarentzat garrantzi historiko handiko aldi horretan hainbat film produzitu ziren. Javier Rebolloren Golfo de Vizcaya-Bizkaiko golkoa (1985), GALen trama salatu zuen lehen euskal filma. Juanba Berasategiren Kalabaza tripontzia (1985), irudimen handikoa, eta Euskal Herriko zinemaren historiako marrazki bizidunen lehen luzemetraia. Irati produkzio-etxearen hiru erdimetraiak –Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez eta Zergatik panpox (1985)–, zinemaren munduan euskara sartzeko apustu trinko eta arrakastatsuaren erakusgarri. Montxo Armendárizen 27 horas (1986) filma, garai hartako euskal gazteriari buruzko dokumentu poetiko lazgarria zena. Tu novia está loca (1987), Euskadiko zinemak eginiko lehen komedia; Enrique Urbizuk zuzendua, ez zuen Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik jaso eta iritzi publikoaren zati handi batek gaitzetsi egin zuen proiektua. Edonola ere, euskal zinemaren gai zorrotzekin apurtzeko eta aukera berriei eskuak irekitzeko funtsezko urratsa izan zen. Azkenik, azpimarratzekoa da ezaugarri politiko argiak zituen zinemaren indarra, esaterako, Ernesto del Ríoren El amor de ahora (1987), Ana Díezen Ander eta Yul (1988) eta Antton Ezeizaren Ke arteko egunak (1989).
Francisco Javier Rebollo Fernández eta Juan Marino Ortuosteren El Golfo de Vizcaya. |
Laurogeigarren hamarkadan egin zen euskal zinema aztertzerakoan ezin daiteke esan arrakasta ekonomikorik izan zuenik. Baina maila artistikoan, apustuak pena merezi izan du. Kalitate ertaineko hogeita hamar luzemetrai inguru sortu ziren eta zuzendaritzaren, antzezpenaren eta teknika zinematografikoen alorrean nabarmendu ziren zinemagileen aparteko harrobia izan zen. Eta garrantzitsuena dena, euskal zinematografiaren etorkizuna garatzen jarraitu ahal izateko oinarri bat finkatzea lortu zen.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |