Goi mailako ikuskizuna Orioko Nazioarteko Estropaden 40. urteurreneanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Manu ETXEBERRIA
Traducción al español

Portugaleko txapelduna, Caminhense taldearen zortzikoa gailendu zitzaion Oriori

Arraunketa olinpikoko zortzikoa deritzon hamasei ontzik parte hartu zuten Orioko ibaian jokatutako nazioarteko estropadetan. Caminhense portulaldar txapelduna nagusitu zen 40. urteurrena ospatu zuen Orioko proban, nahiz eta lagungarri izan zuten epaileak ontzat eman zieten irteera faltsua eman zien abantaila nabarmena. Azkenik, oriotarrei segundo bat eta erdiko aldeaz nagusitu zitzaizkien, eta Hondarribiko zortzikoak hirugarren postua eskuratu zuen, oriotarrengandik segundo batera.

Aurtengo nazioarteko estropaden kartela
Aurtengo nazioarteko estropaden kartela.

Orio eta Hondarribiako estropalariek lan txukuna egin behar izan zuten Britain Handia, Frantzia, Portugal, Katalunia, Andaluzia eta Galizako ontziei aurre egiteko. Finalean Vigoko Nautico taldeak laugarren postuan sailkatu zen. Espero baino maila kaxkarragoa erakutsi zuten Londreseko Molesey, eta Frantziako Nantes eta Bourdeauk taldeek, akaso Oriaren baldintzetara (haizea, korrontea...) egokitzen zailtasunak izanik. Beste ontzi euskalduna ere aritu zen Orioko uretan, Santurtziko Itsasoko Ama taldekoa, hain zuzen ere. Kontuan izanda estropadetan izandako lehiketa-maila altua zela, ez da makala santurtziarrek lortutako bederatzigarren postua, sailkapenaren ardi aldera, izen handiko taldeei gailenduz.

Parte hartutako hamasei taldeek parte hartutako estropadak 1000 metroko ibilbidean gauzatu ziren, final laurdenak, finalerdiak eta finalak jokatuz. Guztira, emakumezkoen estropadak barne, hamalau proba jokatu ziren Orioko itsasadarrean.

Azken sailkapena honako hau izan zen:

1. Caminhense (Portugal)
2. Orio (Euskal Herria)
3. Hondarribia (Euskal Herria)
4. Vigoko Náutico (Galicia)
5. Amposta (Katalunia)
6. Barcelona (Katalunia)
7. Banyoles (Katalunia)
8. Caminha (Portugal)
9. Santurtzi (Euskal Herria)
10. Molesey (Ingalaterra)
11. Tortosa (Katalunia)
12. Mediterraneo (Malaga-Andaluzia)
13. Nantes (Frantzia)
14. Arco de Viana (Portugal)
15. Burdeos (Frantzia)
16. Labradores (Sevilla-Andaluzia) kanporatua

Argazkia: Josemari Olasagasti
Argazkia: Josemari Olasagasti

Emakumezkoetan, Sevillano Labradores garaile

Gizonezkoak zortzikoan jardun zuten moduan, emakumezkoak lauko eskulean (bi arraunez) parte hartu zuten Orioko estropadetan. Garaipena Sevillako Labradores taldeko neskek lortu zuten, Hondarribiako laukotea bigarren geratuz. Meritu handiko lorpena izan zen hondarribitarrena, maila handiko taldeei nagusitzea erdietsi baitzuen.

Azken sailkapena honela geratu zen:

1- Labradores (Sevilla, Andaluzia).
2- Arco de Viana (Portugal)
3- Mediterraneo (Malaga, Andaluzia)
4- Molesey (Londres, Ingalaterra)
5- Nantes (Frantzia)
6- Arco de Viana (Portugal)
7- Barcelona (Katalunia)
8- Tortosa (Katalunia)

40. urteurrena, 1968 urtea gogoan

Azken urteetan indartzen ari diren Orioko Nazioarteko Estropadak, ordea, historia luze eta distiratsua dute, duela 40 urte, 1968an antolatu baitziren lehenengoz. Nahiz eta lehiaketan oriotarrek ez zuten eskuratu garaipena, estropaden arrakasta ziurtatuta zegoen, antolatzaileek Oxford-eko talde mitikoaren zortzikoa ekartzea lortu baitzuten. Espainiako TVEaren kamerak lekuko, Britainiarren partaidetzak festa handia ekarri zuen Oriora eta, goi mailako beste estropadekin osatuta, jardunaldia erabat arrakastatsua suertatu zen, Espainiako TVE ere bertan izanik.

Orion jendetza izugarria biltzen zen nazioarteko estropadetan
Orion jendetza izugarria biltzen zen nazioarteko estropadetan. Argazkia: Sanchez

Emaitza ezin hobe hura gogoan, 1969ko ekitaldirako bidea egina zegoen eta Oxfordekin batera Cambridge bertaratzea lortu zuten oriotarrek, hurrengo hamarkadara arte iraungo zuen Orio-Oxford-Cambridge klasikoari hasiera emanez. Oriotarren iraultza (1965-1975)1 liburuko pasarte hauetan modu egokian azalduta daude urte haietan gertatukoak:

“Bi talde britainiar ezagunak ekartzeaz gain, antolatzaileen lorpen handia izan zen urte hartan txapeldun olinpikoa Oriora ekarri izana: 1968an Mexikon urrea irabazitako Jan Wiennese. Orion zain zeukan Joxe Luis Korta, ordurako Espainian denen aurretik nagusi zebilen oriotar gaztea. Honela gogoratzen du Joxe Luis Kortak estropada hura: “Uste dut Wiennese orduan Europako txapelketa prestatzen ari zela eta ondo zebilen (...)”.

Eurovision-erako, sei kamararekin. Bigarren urtean aurrerapauso handia eman zen, antolatzaileek heldutasun handia erakutsi zuten eta jendearen aldetik sekulako harrera izan zuen estropadak. Aurreko urtean bezala, TVEk zuzenean eman zuen. Gainera, urte hartan helikoptero bat erabili zuten emanaldirako eta orduan hori ez zen batere ohikoa. Iñaki Agotek honela kontatzen du ordukoa: “Lehenbiziko urtean oso gustura gelditu ziren telebistakoak ikuskizunarekin, bildu zen jendetzarekin eta baita estropada eremua berarekin ere: errioa oso leku egokia iruditu zitzaien, primerakoa. Bigarren urtean, 1969an, asko jarri zuten beren aldetik eta estropada Europa osoan eman zuten, Eurovision-en bidez”.

Atzerriko goi mailako taldeak bertaratu ziren Priora
Atzerriko goi mailako taldeak bertaratu ziren Priora. KUTXA fototeka

“1971ko abuztuaren 8an ospatu ziren IV: Nazioarteko Estropadetan Orion bildutako partaidetza bikainak zaletu guztien grina areagotzea lortu zuen. Unibertsitari ingelesekin batera, antolatzaileek Europan izen handikoak ziren Alemania, Frantzia eta Belgikako taldeak bertaratzea lortu zuten. Albert Mainellak, oriotarren entrenatzaile frantziarrak, egunkariei egindako adierazpenetan zera zioen: “CRO Orio herri txiki baten ordezkaria besterik ez da. Aitzitik, kanpoko taldeak selekzioak dira, ehundaka edo milaka arraunlariak erabiliz (...) Oriokoa nazioarteko klasikoa da, eta bertan parte hartzen duten talde asko Luzerna eta Duisburg-eko final txikietan egoteko gai dira”. Garai hartan Estatuko Federazioaren presidentea zen Felix Erdozia donostiarrak, antolatzaileen lorpenak gogoz txalotu zituen eta estropadak oso arrakastatsuak gertatu zirela adierazi zuen” (...) “CRO Oriorekin batera Alemaniako selekzioa bat, Munich-Frankfurt; Oxford-Cambridge konbinatu bat; eta Pariseko LIFA taldekoak (...) Estropadaren maila honek piztutako ikusminak erantzun ezin hobea izan zuen. Proba ikusgarria suertatu zen, eta, 2.000 metroak osatu ondoren, lau ontziak lau segundoren barruan iritsi zirela erreparatu besterik ez da egin behar. Oriotarrek bigarren postua lortu zuten alemaniarren atzetik, baina britainiarrak eta frantziarrak gaindituz”.

Urte haietan ohikoa izan zen britainiarren partaidetza Orion, estropaden mailak goraka egin zuen, eta oriotarrek Europa eta Amerikako goi mailako talde eta selekzioak izan zuten aurkari.

Argazkia: Josemari Olasagasti
Argazkia: Josemari Olasagasti

Azken urteetan estropada hauek berpiztea ari dira izaten, eta goi mailako arraunketa Oriora itzuli da. Hamarkadaren hasieran Portugaleko txapelduna Caminhense, Frantziakoa Bourdeaux (1985ean) eta Espainiakoa Oriok (hamarkadaren lehen erdian) izan dira, maila ederreko beste taldeekin batera, Orioko Nazioarteko Estropaden ospea berritzen lagundu dute.

Orioko taldeko presidenteak, Igon Lertxundik, halere, kontu guzti honen helburu garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan du jardunaldiaren amaneran: “arraunketa olinpikoak ere Orioko klubean garrantzi handia du, hau praktikatzea oso gogoko dugulako”.

1 Artikulu honen egileak eratzen ari den Euskal Arraunketaren Aro Modernoa bildumaren lehen liburua da.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 05 / 23-30