Euskal Herriko irrati-mapan, estatu-kateak eta gaztelania nagusiEscuchar artículo - Artikulua entzun

Miren Arantza GUTIÉRREZ PAZ
Traducción al español

Madrilgo gobernuak Maiztasun Modulatuko Irrati-hedapenerako Plangintza Estatal berria onartu zuen 2006ko irailaren 1ean1. Plangintza honek 1979koa2 ordezkatzen du eta 87tik 108ra MHztan kokaturiko maiztasun-bandan ordena jartzera dator, AERC izeneko espainiar irrati komertzialen elkartearen eskaerei erantzun nahian3.

Plangintza horren arabera, 76 maiztasun berri dagozkio Euskal Herriari, horietako erdia baino gehiago, berrogeita bi, Nafarroako Foru Erkidegoari, eta gainerako hogeita hamalau, Euskal Autonomi Erkidegoari. Herriz herri, maiztasun horiek honela banatzen dira:

Erkideagoa Udalerria Maiztasun kopurua
Nafarroa Alsasua
3
Nafarroa Ameskoa
4
Nafarroa Baztan
3
Nafarroa Burguete
4
Nafarroa Estella
2
Nafarroa Izaba
3
Nafarroa Leiza
3
Nafarroa Otsagabia
4
Nafarroa Pamplona
2
Nafarroa Peralta
3
Nafarroa Sangüesa
3
Nafarroa Tafalla
3
Nafarroa Tudela
1
Nafarroa Bera
4
EAE Bilbao
6
EAE Durango
1
EAE Duranguesado
1
EAE Gernika
1
EAE Getxo
3
EAE Lekeitio
1
EAE Azkoitia
1

Euskal Autonomi Erkidegoan, ez dirudi maiztasun horien banaketak une honetan dialean dagoen kaosa konponduko duenik, askaturiko frekuentzia gutxiegi baitira lizentziarik gabe emititzen duten irrati guztiak legeztatzeko, eta, 1987. eta 1989. urteetako banaketetan gertatu zen moduan, askoz gehiago dira kontzesio bat lortzeko lehiatuko diren irratiak bat eskuratuko dutenak baino. Errazago du lehia Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko eremuan izan ezik, are gehiago kontuan hartuta Iruñean Euskalerria Irratiaren auzia oraindik konpondu barik dagoela. Bi gobernu autonomikoen erabakiak aldaketa batzuk ekar ditzake Hego Euskal Herriko irrati-esparruan, une honetan erdal irratiak nagusi diren saturaturiko dialean. Artikulu honetan aztertuko dugu zein den egoera gaur egun.

Hego Euskal Herriko dialean, erdara nagusi

Irrati Publikoei dagokionez, EAEn, Euskal Irrati TeleBistako erakundearen barruan lau kate existitzen dira. Bik ohiko programazioa edo orokorra eskaintzen dute: Radio Euskadi eta Euskadi Irratia. Lehenengoak gaztelaniaz emititzen du Bilbotik, nahiz eta Radio Vitoria eta Radio Rioja Alavesa irratiekin batera ordu-tarte askotan Araban. Euskadi Irratiak, berriz, Donostiatik egiten den ohiko parrilla eskaintzen du Euskal Herri osora. Bi horiei Euskadi Gaztea, 40 Principales antzeko irrati-formula digitala eskaintzen duen katea, gehitu zitzaien 1990. Hasieran bi programazio paralelo eskaintzen zituen: bata Donostiatik euskaraz eta beste bat, aldiz, Bilbotik eta gaztelaniaz; azken honek emititzeari utzi zion lau urte ondoren, entzulerian arrakastarik lortu ez baitzuen. 2001ean EITB Irratia izeneko katea abian jarri zuen EITBk; musika-hautaketan oinarrituriko formula berezia eskaini nahi duen arren, oraindik nortasun propiorik lortu ez duen irratia da.

Horietaz gainera, RTVE erakunde estatalak kudeatzen dituen Radio Nacional de España, RNE, delakoaren lau kate sintoniza daitezke euskal dialean: Radio 1, tokiko deskonexiorik gabeko ohiko programazioa eskaintzen duena; Radio Clásica, musika klasikoari buruzko irrati-formula; Radio 3, kulturari tartea utzi nahi zion laurogeiko hamarkadan arrakastatsua izan zen irrati-proiektuaren itzala, eta Radio 5 Todonoticias, informazioan oinarrituriko formula eskaintzen duena. Radio 4 kate autonomikoa desagertu ostean, ez dago euskarazko edukirik kate estatalean, ezta bertatik egindako programazio bereziturik ere.

Irrati publikoen egoerari buruzko azterketa hau amaitzeko, udal irratien porrota azpimarratu behar da. Estatuko beste erkidegoetan gertatu denaren aurka, ez EAEn ezta Nafarroan ere ez da udal irratien mugimendurik sortu, eta oso gutxi dira bide horretatik jo duten tokiko irratiek eta are gutxiago irrati bat kudeatu nahi izan duten udalek. Estatuko Gobernuak 1991n udal irratiei buruzko legea ezarri zuenean, ordura arte irratirik izan ez zuten udal askok bat izan nahi izango zutelakoan zeuden asko, baina hori ez zen gertatu Hego Euskal Herrian, Catalunyan, Galizian edo Andaluzian gertatu zen legez. Izan ere, Jaurlaritzak 1994ean argitaraturiko dekretuan ezarritako baldintzei –betegaitzak irratietako arduradunen iritziz– leporatu zieten kontzesioen eskaeren urritasuna. Izan ere, ordutik hiru irratik besterik ez dute baimenik eskatu: Getxoko, Oñatiko eta Arrasatekoek, alegia. Horietaz gain, Durangon, Gorliz, Galdakao, Zornotza, Bermeo, Idiazabal, Oiartzun, Errenteria-Orereta eta beste udal batzuek ere babestu dute udal irrati bat, nahiz eta emititzeko baimenik eskatu gabe.

Nafarroan, gehiago dira lizentziapean emititzen dituzten udal irratiak, eta azpimarratzekoa da horietako erdia baino gehiago proiektu euskaldunak direla: Basaburuko Esan Erran, Lekunberriko Aralar, Jauntsaratseko Beleixe eta Leitzako Karrape, besteak beste. Horietaz gain, Berriozar, Marcilla eta Fontellasko tokiko erakundeek ere udal-irratia izateko lizentzia bana eskuratu dute, baina kasu horietan guztietan gaztelaniazko komunikabideak ziren sortutakoak.

Kate komertzialetan, are okerrago

Estatu espainiar gertatzen den legez, kate publikoez gain, irrati komertzialak ere elkarrekin bizi dira Hego Euskal Herriko dialean. Ramon Zallok Euskal Autonomi Erkidegoko ikus-entzunezkoen egoerari buruzko txostenean jaso zuenez4, FMko irrati komertzialen %3ak besterik ez du emititzen euskaraz, eta erkidegoan emititzen duten kate gehienak estatukoak dira, tokiko deskonexioak baino eskaintzen ez dutenak, eta horietan ere gaztelania nagusi.

Hego Euskal Herrian ezarritako irrati-kateen kopuruak agirian uzten duenez, oso erakargarria da proiektu pribatuentzat, eta, ondorioz, asko dira EAEn eta Nafarroa finkaturiko kate estatalak:

Unión Radio-Prisa delako taldeak lau kate ditu, eta lauek emisorak dituzte –gutxienez bana– euskal lurralde historikoetan:

- SER: Uhin Ertainean eta FMn dagoen kate orokorra da, gaztelaniaz, eta programaziorik tarte handiena katean emititzen dutena. Deskonexioak eskaini arren, horiek publizitate-euskarriak dira gehienetan, benetako parrilla izan ordez. Ez dute euskarazko irratsaiorik eskaintzen, tarteka publizitate-iragarkiren bat euskaraz sartzen duten arren, instituzionalak gehienak.

- 40 Principales irrati-formula musikalaren kasuan, estaturako programazio bakarra eskaintzeaz gain, ez dago tokian tokiko deskonexiorik.

- Bi kate nagusi horiei (entzunenak dira bakoitza bere esparruan) komunikazio-talde bereko Cadena Dial eta M80 gehitzen zaizkie Hego Euskal Herrian ere, hiriburu guztietan irratirik ez duten arren.

Vocento-Correo taldeak bere aldetik Punto Radio katea kudeatzen du. EAEn talde bereko El Correo eta Diario Vasco egunkariek 1987an eskuratu zituzten maiztasunetan emititzen du gaur egun, gora-behera asko izan eta kate ezberdinetako programazioa eskaini eta gero.

Gipuzkoako eta Bizkaiko herri irratiek elizaren kate estataletik alde egin ondoren, COPEk jarraitu du emititzen Hego Euskal Herriko Maiztasun Modulatuan; eta une honetan Planeta taldearen eskuetan dagoen Onda Cero (eta enpresa bereko Europa FM) ere entzungai dago euskal dialean. Horiei Radio Intereconomía, Kiss FM edo Radio Marca bezalako kate txikiagoak ere gehitzen zaizkie, guztiak gaztelaniazko hutsezko programazioa eskaintzen dutenak, eta gehienetan bertako programazioari oso tarte txikia –bat ere batzuetan– eskainita.

Horiez gainera, beste irrati-proiektu batzuek ere ez dute arazorik emititzeko baimen legalik izan ez arren. Estatuko gainerako erkidegoetan legez, Radio, Elite eta Radio Maria bezalako irratiek emititzen dute lizentziarik gabe EAEn eta Nafarroan, Radio Bahía, Gipuzkoa Irratia, Radio Uribe Kosta, Planet Radio eta beste hainbatek bezala. Gaztelania da hizkuntza bakarra aipaturiko guztietan ere bai, euskararen errentagarritasun ekonomikoa kolokan baitago. Horren lekuko dira euskal irrati komertzialak, zeintzuei asko kostatzen zaien bizirik irautea. Bizkaia Irratia, bizkaieraz, Arrate eta Segura dira euskal irratigintza komertzialaren eredurik aipagarrienak: txikiak, tokiko informazioan eta musikan oinarrituriko programazioan oinarritutakoak eta hurbilak, entzuleriaren gertu daudenak...

Bizirik jarraitzeko arazoak ere badituzte bertako beste bi katek: Donostia-Loiola Herri Irratiarena, (Donostia, Loiola eta Gasteziko Herri Irratiek eta Indautxu irratiak osaturikoa) eta NGR, Radio Nervión-Radio Gorbea. Bertan egindako programazioa eskaini arren, gaztelania da nagusi bietan, katerik gabe emititzen duen Bilboko Herri Irratian bezalaxe.

Irrati askeak, elkarteak eta komunitarioak

Hego Euskal Herriko irrati-mapa osatzeko hirugarren sektoreko irratiak deiturikoak azaldu behar ditugu: irrati askeak, komunitarioak edo elkarte-irratiak... Izen ezberdinak oso antzekoak diren irrati-proiektuak deitzeko. Hala ere, ñabardura batzuk bereizten ditu batzuk besteengatik, nahiz eta ezaugarri komun asko izan:

a) Denak autogestionaturiko proiektuak dira.

b) Gehienetan atzean kultur edo giza elkarte bat dute.

c) Tokiko komunikabideak dira, hurbileko programazioa -informazioa bereziki- eskaintzen dutenak.

d) Kolaboratzaile-sare handia dute, nahiz eta azken urteotan profesionalizatzerako joera duten (jarraitutasuna bermatzeko soldatapeko langileren bat edo beste izatea beharrezkotzat jotzen dute askok).

e) Ez dute diru-etekinak lortzeko helbururik.

f) Batzuek publizitatea onartzen duten arren, ez da edozein motakoa, irratiaren ildo ideologikoaren –ezkertiarra guztietan– aurka ez dagoena baizik.

g) Legalizazioari dagokionez, gehienak ez-legalak diren arren, batzuek emititzeko baimena dute, udal irrati gisa edo –gutxiago– lizentzia komertzialarekin, Xorroxin Irratiaren kasu. Dena den hauxe da irrati alternatiboen arteko desadostasun-puntu ba; izan ere, batzuek errefusatzen dute emititzeko lizentziaren beharra eta irrati aske moduan emititzeko eskubidea aldarrikatzen dute, adierazpen askatasunean oinarrituta.

Puntu honetan, azken urteotan irrati komunitarioak edo hirugarren sektoreko irrati hauek emiti dezaten dialeko maiztasun tarte bat eskatzen dute hainbat kolektibok. Irrati alternatibo hauek komunitateari eskaintzen dioten zerbitzuan oinarritzen da eskaera. Euskal Herrian, non udal irratien mugimendua ia ez baitagoen, irrati horiek hurbileko programazioa eskaintzen duten ia bakarrak dira eta, zentzu horretan oso funtzio garrantzitsua osatzen dute. Beraz, esan genezake, elkarte-irrati horiek herri-komunikabideak direla, herri-zerbitzu publikoak, herritarren gertuenak, eta beraien parte-hartzea ahalbideratzen dutenak.

Irratia
Jaiotze urtea
Udalerria
Irrati mota
Web
Arraio
Zarautz Askea www.arraio.org
Arrakala
1985
Leketio Askea http://www.geocities.com/
heartland/pond/5468/2.htm
Bilbo Hiria
1997
Bilbao Elkarte www.bilbohiria.com
Eguzki
1982
Pamplona Askea www.eguzki.net
Euskalerria
1988
Pamplona Elkarte www.euskalerriairratia.com
Eztanda
Iturmendi
Askea www.eztanda.com
Garraxi
Alsasua Askea www.sindominio.net/garraxi
Hala Bedi
1983
Vitoria-Gasteiz Askea www.halabedi.org
Info7
  Elkarte www.info7.com
Irola Irala
1987
Bilbao Askea www.sindominio.net/irola
Irrintzi
1985
Astigarraga Askea  
Kaka Flash
1984
Azpeitia Askea  
Koska
2000
Getxo Askea www.koskairratia.com
Matrailako
Eibar Askea http://eibar.org/blogak/
matrallako
Molotoff
1987
Hernani Askea

www.molotoffirratia.com

Oiartzun Irratia
Oiartzun Elkarte (udalekoal) www.oiartzunirratia.org
Radixu
Ondarroa Askea  
Tas Tas
Bilbao Askea http://tas-tas.org
Ttan-Ttakun
1995
Donostia- San Sebastián Elkarte www.ttanttakun.com
Txapa
1984
Bergara Askea www.txapairratia.org
Txintxibiri
1986
Elorrio Askea  
Txolarre
2000
Tolosaldea Elkarte (mankom.) http://213.195.77.68
Xorroxin
1981
Elizondo Elkarte (komertz.) www.xorroxin.com
Uhinak
Amurrio Askea www.uhinak.net
Zazpiki
1984
Elgoibar Askea www.elgoibar.org/zazpiki.htm
Zintzilik
1984
Orereta Askea http://sindominio.net/zintzilik

Potentzia eta hedadura-eremu txikikoak, irrati hauek banaka ez dute eragiteko ahalmen handirik, ezta urrutira heltzeko gaitasunik ere. Dena den, eta teknologia berriek lagunduta –bereziki Internet– elkarlaneko sareak osatzen dituzte eta mugimendu handiago baten parte bihurtu dira beste hainbat kolektibo eta talderekin batera (globalizazioaren aurkako korrentearen barruan esan genezake, beste mundu bat eraikitze posiblea den uste dutenek osatzen dutena).

Horretaz aparte, eta Euskal Herrian nabaria denez, kultura global homogeneo baten aurrean, kultura eta hizkuntz propioak, aniztasuna, errebindikatzen dituzte komunikabide hauek. Aldarrikapen honen esparruan ulertzen dira Arrosa eta NIES bezalako egitasmoak. Lehenengoan, Euskal Herriko hainbat irratik elkarlanerako sare bat osatu dute. Zerbitzari batetaz baliatuta, irrati horiek irratsaio batzuk elkarri trukatzen dizkiote, baita irratsaio bateratu berezi batzuk egiten dituzte ere. Proiektua haratago joatea zen lehenengo helburua, ekoizpen-etxea moduan irratsaio batzuk ekoiztea hain zuzen ere, baina horretarako egitura finko behar zen, inbertsio handia eskatzen zuena, eta baztertu ez bada ere, oraindik ez da posible izan... Arrosak webgune bat du zeinetan sarearen informazioaz gain, Interneten emititzen duen irrati bakoitzaren programaziora heltzeko aukera du edozein entzulek (uhinetan entzun ezin izango zuena), baita bakoitzaren webgunera ere.

Nafarroaren kasuan, Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea –NIES– izeneko sarea osatu dute sei irratik (Xorroxin, Euskalerria, Aralar, Karrape, Esan Erran eta Beleixe). Honek ere bere webgune propioa ere badu.

Hego Euskal Herriko dialean, ur-tantak dira euskaraz eskaintzen diren irratsaioak, gehienak oso irrati txikietatik eskainiak, eta maiztasun-banaketa berriak ez du lehortea konponduko, are gutxiago dagoneko saturaturik dagoen dial batean, ez behintzat irrati-kate handiek euskarazko programazioa egiteko beharrik edo berezko motibaziorik ez duten bitartean...

Bibliografia:

GUTIERREZ PAZ, Arantza (2002): Euskal Irratigintzaren historia; UEU, Bilbao.
JAUREGI Irantzu (2004). “Arrosa: irratien elkarlanerako sortua”. Euskarazko I. Kongresua, noviembre de 2004.

MARTI, Josep M. eta BONET, Montse (2006): “Radio: Viejas tendencias, nuevos parámetros de análisis”. Medios de Comunicación Tendencias’06. Fundación Telefónica.

REAL DECRETO 964/2006, de 1 de septiembre, por el que se aprueba el Plan técnico nacional de radiodifusión sonora en ondas métricas con modulación de frecuencia. (2006ko irailaren 18ko BOEn).

ZALLO, Ramon (2003): “Ikus-entzunezkoak Euskadin” txostena; 3. Arloa: Kultura Industriak, 2003ko otsaila.

1 REAL DECRETO 964/2006, de 1 de septiembre, por el que se aprueba el Plan técnico nacional de radiodifusión sonora en ondas métricas con modulación de frecuencia. (BOE, 18 de septiembre de 2006).

2 “Real Decreto 1.433/1.979, de 8 de junio por el que se establece el Plan Técnico Transitorio de Servicio Público de Radiodifusión Sonora en Ondas Métricas con Modulación en Frecuencia”. (BOE, 18 de junio de 1979).

3 MARTI, Josep M. eta BONET, Montse (2006): “Radio: Viejas tendencias, nuevos parámetros de análisis”. Medios de Comunicación Tendencias’06. Fundación Telefónica.

4 ZALLO, Ramon (2003): Ponencia “El audiovisual en Euskadi”; Área 3: Industrias culturales, febrero de 2003.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 05-30 / 06-06