Pedagogia soziala etxe berezi bateanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Maider SILLERO ALFARO
Argazkiak: Maider SILLERO ALFARO
Traducción al español

B
  Bakartxo Etxeberria
Bakartxo Etxeberria.
akartxo Etxeberria psikologoa eta terapeuta familiarra da. Momentu honetan Loiolaetxean egiten du lan baina emakume honen ibilbide profesionala pedagogia eta psikologia sozialaren arloan oso luzea da. 20 urtez Gizakia Helburu proiektuan (Proyecto Hombren) lanean aritu ostean, babes txikikoekin jardun zuen enpresa pribatu batean. Duela oso gutxi Loiolaetxean hasi da lanean, nahiz eta harremana duela 6 urte inguru hasi.

Kartzelatik atera eta Loiolaetxean egondako mutil batekin egin zuen topo Bakartxok Gizakia Helburu-n. Loiolaetxeako profesionalekin harremanetan hasi zen elkarrekin egiten zutelako lan: “bai helburua eta mutilaren prozesua batera eramaten genuen, kontraesanak ez egoteko eta esperientzia hori oso positiboa izan zen”. Handik bi urtetara eskatu zioten Loiolaetxeako taldea gainbegiratzea eta bi hilabetetik behin ekipoekin lan egiten zuen prozesu bat egiteko. Harremana alderdi horretatik hasi zen beraz.

Gizakia Helburu utzi eta babes txikikoekin lan egitera pasa zen. Hepatitisa hartu eta bajan egon behar izan zuen. Bakartxoren ustetan “zortea” izan zen hura, aukera eman baitzion zenbait gauza birplanteatzeko, hots, bere lanean jarraitu nahi zuen edota pedagogiaren beste mundu honetara gerturatzea nahiago zuen. “Beste perfil batean topatzen naiz erosoago, aurrez aurre lan egiteko pertsona naiz, pertsonekin egoteko beharra dut” aitortzen digu. Orduan Loiolaetxean hasi zen lanean. Denbora gutxi darama baina emakume honek duen esperientzia eta Loiolaetxearekin izandako harremana luzea eta sakona da. Momentu honetan “heziketa prozesuko” arduradun moduan dago eta prozesu horiek jarraitzea, objektiboak lantzea... da bere lana.

Berak azalduko digu, beraz, zertan datza pedagogia soziala eta zeintzuk diren aurrera eramaten diren prozedurak eta pausoak. Hain zuzen, Bakartxori egiten diogun lehendabiziko galdera horixe da: “Nik pentsatzen dut pedagogia eta psikologia oso gertu daudela, hortik hasi behar dut, izan ere hori oso garbi izan dut betidanik. Desberdintasuna izan daiteke pedagogian ez dela terapiarik egiten eta psikologian aldiz, bai”. Baina bietan, Bakartxok esaten digunez, azken helburua berdina da: “Pertsonaren duintasuna berreskuratzea, autonomoak izatea, bakoitza gauza izatea bere bizitza aurrera eramateko”. Beraz, “azken mugan dauden pertsona horiekin lan egitea da pedagogia soziala. Kartzelatik datorren jendea, etorkinak, toxikomanoak, alkoholikoak, kale gorrian eskale bezala bizi direnak... nahiz eta hauek kasu larrienak izan”. “Prostituzioa, genero-indarkeria ere hemen sartuko genuke. Azken finean, gizartera bueltatzea pertsona batzuk, bere duintasunarekin. Gainera uste dut denok daukagula errespontsabilitate ikaragarria pertsona hauek non bukatu duten eta nola egon diren, behintzat errespontsabilitate morala”. Modu batean bigarren aukera bat ematea da. Jendeari esatea berriz aurrera atera daitekeela eta bide horretan laguntzaile izan.

Loiolaetxea

Espainia guztian Loiolaetxea bezalakorik ez dago. Badaude bi esperientzia jesuitenak, etorkinekin zuzenean ari direnak, bata Durangon eta bestea Tuteran. Gipuzkoan, adibidez, pedagogian eta psikologia sozialean lan egiten duten taldeak badaude: Emaus, Cruz Roja, Rais, Gizakia Helburu... “Nik uste Gipuzkoa, Bizkaian eta Araban oso aurreratuak gaudela alderdi honetan” esaten du Bakartxok, baina etxe hau guztiz desberdina da: Momentu honetan 4 jesuita bizi dira zentroan, arduradun moduan. Laster beste bikote bat sartuko da haiekin bizitzera eta bestalde, egunero etorri eta joan egiten diren profesionalak daude eta horrez gain “comunidad de vida” izeneko talde bat ere badago. Azken hauek ez dira hemen bizi baina etxeak antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzen dute. Guzti hauek eta bertan bizi diren “gonbidatuak” sendatzeko hain beharrezkoa den familia alternatibo hori sortzen dute. Profesionalen artean bi gizarte langile, pedagogoa bat eta psikologoa daude. Jesuitek zuzendaritza, ekonomia, ikastaroak... eramaten dituzte. Bestalde, eta oso paper garrantzitsu batean Juli sukaldaria daukagu, “aman” papera betetzen duena.

Oso esperientzia polita da hainbat pertsona hemen bizi direla beraiekin, eta familia osatzen dutela jakitea... Zer da garrantzitsua famili giro hori betetzeko? Ba edozein familian egiten den moduan; bazkal orduak eta afal orduak betetzea, solasaldia, etxeko lanak egitea, asteburuko planak egitea... Hemengo jendea ezer ez izatetik dena izatera pasa da, familia bat izatera, eta doakotasun osoz gainera.

Etxean bizi diren pertsonak

Guztira 12 plaza dituzte eta momentu honetan 7 pertsona daude etxean bertan bizitzen. Edozein kultura eta erlijiotako pertsonak, fededunak izan edo ez. Gizonezkoak eta emakumezkoak hartzen dira. Batzuetan ere familia osoak hartu izan dira; beharren arabera da hori. Hemengo profesionalen ustetan haurrak 6-7 urte arte egon daitezke baina nerabeentzako ez litzateke eredu aproposa. Gainera, besteentzat ere haur bat etxean egotea ona da goxotasuna ateratzen zaielako. Bakartxok dioenez oso ezkutuan duten beste parte hori ateratzea ona da.

Etxean dauden gehienak kartzelatik datoz. Kopuru handi bat etorkinak dira eta denok imajinatzen dugu zein egoeratan datozen: paperik gabe, egoera oso txarrean, asko delinkuentzian sartu diren gaztetxoak dira, azkenean kartzelan bukatu dutenak. Barkartxok adierazten digunez askok ere menpekotasun mota bat edo beste garatu dute: alkohola, drogak edo ludopatia. Baina etxean ezin da kontsumitu.

Barkatxo Etxeberria

Alde batetik, badituzte hainbat plaza “arrazoi humanitario” delakoei zuzenduta. Adibidez, momentu honetan Nikaraguatik etxe bat garbitzera etorritako emakumea hartu dute. Bere herrian 5 urteko mutiko bat eta senarra utzi eta hona heldu zenean haurdun zegoela ohartu zen. Orduan lanetik bota eta kale gorrian utzi zuten eta Caritasen bidez Loiolaetxean sartu da. Orain bere umea noiz erditzeko zain dago. Bakartxok esaten duenez, “hemen familia alternatibo bat eskaintzen diote”.

Bestetik, kartzelatik portaera ona izateagatik ematen dieten baimenak betetzeko gela libre bat dute beti. “Asko ezin dira atera ez dutelako nora joan eta hemen hiru egunetako babesa daukate. Hemen dauden bitartean gure ardurakoak dira. Asko horrela hasi, eta gero hemen gelditu izan dira espetxetik behin betirako atera direnean”.

Helburua eta prozesua. Plangintza terapeutikoa eta pedagogikoa

“Gutxi gorabehera urte bete pasata ateratzen direnak lanarekin atera daitezela, kualifikazio minimo batekin eta legalki paper mailan, hori da helburua”. Hemendik beste pisu batzuetara pasako dira, baina jarraipena egiten dugu. Prozesua oso indibiduala da, bakoitzak bere erritmoa darama eta pertsona eta beharren arabera helburu desberdinak ipintzen dira, baina taldean egiten da lan.

Horretarako lana modu berezi batean eramaten da aurrera. Hamabostean behin “autolaguntza” talde bat egiten dute eta beharren arabera aldatzen joaten da. Orain, adibidez, hausnarketa indartu, bihozkadak moztea hartzen dituzten erabaki guztietan... pentsamendua era landuko dute eta baita eskala morala ere. “Hitz egitea, norbera nola dagoen eta nola sentitzen den, askatasunarekin adierazteko modu bat da”. Bakoitzak tutore bat du etxean eta tutoretza horietan jarraipen bat egiten da, bakoitzaren historia eta nortasunari buruz. Saiatzen dira atzera begiratzen bere bizitzan zer gertatu den ikusteko, etorkizunean berdina ez errepikatzearren. Prozesua beti atzetik aurrera joatea da, errepaso historiko bat eginez gaurko egunean kokatu arte. Hau da, “gaur zer egiten duzu zuk ezberdina ez gertatzeko berriro lehen gertatu zena?”. Bakartxok adierazten digunez, talde profesionalak ikusten badu arazoa etxean landu ezin dela, orduan etxetik kanpoko terapeuta betengana bidaltzen dute.

Terapiaren barne sartuko litzatekeen beste zerbait, eta Bakartxoren ustetan ere oso garrantzitsua dena, eguneroko diziplina, arauak betetzea da. “Etxera etortzen direnean gehiengoak utzikeri ikaragarria dute. Batzuek ez dira dutxatzen, berdin zaie izarekin edo izarik gabe lo egitea, arropa ez dute garbitzen... minimo horietatik hasita erritmoa hartzen hasten da, modu batean ere barneko prozesu hori osatzen. Errutina betetzea, alegia, erritmoa hartzea, barneko pertsonalitatea ere zentratzeko”. “Aldez aurretik lasaitasuna da behar dutena, arau hauek barneratzea eta lasaiago daudenean, entzuten dutenean... orduan kanpora begiratzeko momentua da”.

Barkatxo Etxeberria

Ekonomiarekin ere laguntzen zaie eta sustatzen da lanean dagoenari gutxienezko aurrezki batekin ateratzea etxetik. Aurrekontu bat egiten zaie beraien dirua antolatzeko. Eguneko bizitzarako behar dutena ematen zaie eta gainontzekoa kartila batean sartzen dute, ateratzean diru apurtxo bat izan dezaten. Eta lanean ez dauden bitartean ikastaroak egiten dituzte, hau ere prozesuaren beste zati bat delarik.

“Etxean erabiltzen den hitza ez da paziente, ezta akogidoa, residentea edo usuarioa... hemen gonbidatu esaten zaio eta hitz hori ikaragarri polita da eta esanahi handia dauka. Hau da, guk ez dugu ezer egiten baizik eta taldeak, talde osoak sendatzen du norbait gaizki dagoenean eta ez profesionalek bakarrik. Nork bere burua gaizki ikusi eta beste pertsona bat egoera horretatik aurrera atera dela ikusteak, horrek ematen dio abiapuntua eta ez profesionalak esaten diona. Profesionalek bideratu, neurriak jarri, batzuetan bultzatu eta beste batzuetan geldiarazi egin beharko dugu”.

Prozesu hauek luzeak izaten dira eta ez dira bukatzen etxetik irtetean. Loiolaetxean urtebeteko egonaldia izaten dute baina prozesua ondo betetzen dutenek etxetik atera behar dute aurrera jarraitzeko. “Talde txiki baten artean pisu bat alokatu eta elkarrekin bizitzen jartzen dira, baina guk jarraipena egiten diegu. Astean behin elkartzen gara, hona datoz eta hezitzaileekin egiten ditugu bilerak”. Etxea uzten duten unea zaila da aldaketa handia delako. Alde batetik bakartasuna sentitzen dutelako eta bestetik haiek jarri dituzten itxaropenak altuak direlako. Bakartxok esaten digunez, “hona datozenean lana, etxea, kotxea eta neska lortzea nahi dute, eta hori lortzeko trantsizioak denbora asko daramala ikusten dutenean, krisialdi handiak datoz. Askok eta askok denbora ugari daramate eta behera etortzen dira uste dutelako denbora alperrik galdu dutela. Nik esaten diet hori denbora irabaztea dela, ordea”.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 06 / 06-13