Mikel
MANCISIDOR, Director de UNESCO Etxea
http://www.unescoeh.org/blog/
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
D
Daniel Innerarity. Argazkia: Iban Aguinaga (Noticias de Gipuzkoa) |
Gogoan dut oraindik: orain bost urte inguru, Bilboko Alde Zaharreko VERDES liburu-saltoki “ohira” joan, eta aste batzuetatik tentatzen ninduen liburu bat erosi nuen. La trasformación de la política zuen izena. Gustura irakurri nuen. Ideia, irudipen eta kezka asko ordenatzen lagundu zidan, eta batasun sendo, ongi egituratu eta koherente bat eraikitzen, baina aldi berean itxia edo osatua izateko asmorik ez zuena. Aitzitik: aberatsa bezain irekia zen liburua. Liburua XXI. mendeko politikaz ari zen, hots, nola egin behar genuen aurrera greziarrengandik datorkigun tradizio politiko onenean (nahiz eta Danielek gehiago zor dien ilustrazioari eta alemaniar erromantizismoari, beharbada Alemanian anitzetan egon delako eta Humboldt bekak jaso zituelako...), baina XXI. mendeko bitartekoei, formei, balioei eta helburuei erantzuten diegula. Egileak gauza bat argitu nahi zuen bereziki: ea zer leku izango duten etorkizun konplexu horretan gizarte zibilak eta estatuz besteko entitate politikoek.
Baina, gainera, liburua ez zen tratatu irakurgaitz, nahasi, ilun eta nekagarri bat, baizik eta zoragarri zegoen idatzita, estilo berariaz samur eta emankorraz (non esaldi bakoitzak tipula azaletan bezala baititu gorderik irakurketak). Literatura ez da filosofiaren etsai, baizik eta biek elkarri lagundu behar diote, eta Danielen liburuak adibide onak dira.
XXI. mendeko politika –tokikoa nahiz nazioartekoa– zer den hobeto ulertu nahi duenak, adi beza nire aholkua eta irakur beza liburu bikain hori.
Bada, liburu hori irakurri ondoren, egilearen lehenagoko obra batzuetara itzuli nintzen, eta, gero, beste berri batzuk heldu ziren. Horiek garapen progresibo bat ageri dute lehen obretan ezarritako oinarrien inguruan, eta ikusten da Daniel gaur egungo espainiar saiakeragilerik onenetako bat dela: Marina baten edo Emilio Lledó baten mailakoa. Gero, sariak etorri ziren (Saiakerako Nazionala, Espasa...), eta nazioarteko aitorpenak (XXI. mendeko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat, Le Nouvel Observateur-en arabera)...
Eta egun batean, beste gabe, jo gizon handi honengana, eta geure ekitaldietako batera gonbidatu nuen. Danielen erantzuna positiboa, hurbila, adeitsua eta are maitekorra izan zen. Harrezkero, beraren laguntasunaren eta adiskidetasunaren luxua daukagu. Gainera, UNESCO Etxeko ohorezko bazkide aktiboa dugu.
Izan ere, ekarpenak egiteko eta gaietan sakontzeko, ez du kristalezko inongo dorretan sartuta egon beharrik izan, ez du landu behar izan munduarekin haserre den jakintsuaren inongo irudi fatal edo demiurgikorik. Sortzaile izan da, baina hurbila, leiala eta euskaldunak sartuta gauden nahasteetan parte-hartzaile arduratsua. Bere iritzia eta maila arriskatu ditu edonoiz, herri bezala gertatzen zaiguna ulertzen edo argitzen laguntzeko. Eskerrik asko, zeure ausardiagatik eta arrisku hori onartu nahi izateagatik.
Daniel Innerarityren azalpen biografiko laburra
Daniel Innerarity Bilbon jaio zen, 1959an.
Filosofia irakasle da Zaragozako Unibertsitatean, eta Sorbonako Unibertsitateko eta Bordeleko Ikerketa Politikoen Institutuko irakasle gonbidatu. 1984an egin zen doktore, Jürgen Habermasen pentsamenduari buruzko tesi batekin, eta oraindik ere badu harremanik pentsalari handiarekin. Doktoretza eskuratu ondoren, Alexander von Humboldt Fundazioaren beka eman zioten, Municheko Ludwig Maximiliam Universität-ean bi urtez ikerketa bat egiteko. Danielen ikertzaile-prestakuntzak nazioarteko izaera nabarmena du. Beka ugari jaso ditu, eta Europako unibertsitate anitzetan (Alemania, Ingalaterra, Austria, Italia, Suitza eta Frantzia) izan da irakasle gonbidatu.
Bederatzi liburu ditu idatzirik, eta ehun bat artikulu. Haren azken liburuetatik, hauek nabarmen daitezke: Hegel y el romanticismo, La filosofía como una de las bellas artes, Ética de la hospitalidad, La transformación de la política (III. Miguel de Unamuno Saiakera Saria, 2003ko Literatur Sari Nazionala Saiakera modalitatean, Jorge Semprúnek egin dio hitzaurrea frantses edizioari), La sociedad invisible (Saiakerako 2004ko Espasa Saria) eta El nuevo espacio público. Frantzian, Portugalen, Italian eta Kanadan itzuli dituzte liburuetako batzuk.
Obra horietako gehienak ikerketa iraunkor baten fruitu dira. Danielek filosofia politikoa eta soziala ikertu ditu, egungo munduaren izaera ulertzeko. Hauxe da giza zientzien eta gizarte zientzien alorretako ikerketari egin dion ekarpen nagusia: hausnarketa berritu du, bai egungo gizarteaz, bai gure kultura politikoaren aldaketa esanguratsuenez, bai aldaketa sakonen peko mundu batean irekitzen diren ikuspegiez. Egungo munduaren filosofia sozial eta politikoan kokatzen da haren ikerketen ardatz nagusia. Honako hau da, berak aitortuta, Danielen kezka nagusia: arrazoi publikoaren filosofia bat eratzea, Teoria Kritikoak, Sistemen Teoriak eta Hermeneutikak osatzen duten triangeluan.
Danielek beste mesede handi bat ere egin digu: alemaniar filosofiak filosofia sozial eta politikoari egindako ekarpen nagusiak ezagutarazi dizkigu itzulpenen bitartez. Zortzi liburu itzuli ditu: bai idealismo alemaniarreko eta erromantizismoko klasikoak (Hölderlin, Schiller, Fichte), bai gaur egungo filosofoak (Jauss, Koselleck, Blumenberg).
Iritzi artikuluak idatzi ohi ditu maiz El Correo/Diario Vasco eta El Pais egunkarietan, eta Claves de Razón Práctica aldizkarian.
Egun, Senatuak proposatuta, Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluko kide da, eta Latindartasunaren Akademiako kide.
Aktiboki ari da lanean gure herriko Bakearen, kulturaren eta bizikidetzaren aldeko ekimen ugaritan. UNESCO Etxeko Ohorezko Bazkideen Aholkularitza Kontseiluko, Kulturaren Euskal Kontseiluko, Baketik Bake Zentroaren Aholkularitza Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritza Kontseiluko kide da.
Le Nouvel Observateur aldizkari frantsesak munduko 25 pentsalari onenen zerrendan sartu du (Le Nouvel Observateur: Hors-Série spécial 40 ans: “25 grands penseurs du monde entier: ils sont la conscience de notre temps et les précurseurs du monde de demain”).
Beraren web orri pertsonala ere kontsulta daiteke.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |