Enekoitz ETXEZARRETA ETXARRI
Jon LARRAÑAGA
Traducción al español
Gaindegiak, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak, 2007ko hastapenetan sustatu eta abian jarri zuen egitasmoaren emaitza da jarraian azaldu nahi duguna. Urtebeteko iraupena izan duen ikerketa egitasmo honek eman ditu hortaz bere fruituak, Euskal Herriaren egitura sozio-ekonomikoaren argazki bat osatzen duten 23 egitura-adierazleen zerrenda, hain zuzen ere.
Aipatu behar litzateke lehenik plazaratu diren datuak, datu gordinak direla bere horretan, besterik gabe ezer gutxi diotenak, baina jakina, euren gainean mota askotariko irakurketa eta ikerketak egiteko bide ematen dutenak. Horixe baita, labur esanda, lan honen misio eta egiteko nagusia, Euskal Herria ardatz izango duten analisi ezberdinetarako lehengaiak eta lanabesak eskaintzea, hain zuzen ere. Guri dagokiguna, beraz, txostengile garen heinean, lanaren garapen teknikoa zertan izan den aipatzea litzateke.
Helburu nagusiak eta lan-irizpidea
Lanaren helburu behinena, Euskal Herria bere osotasunean irudikatuko luketen egiturazko adierazleen galeria bat proposatzea izan da. Egiturazko adierazleen hautua egin da, adierazle esanguratsuak diren neurrian, garapen-unitate ezberdinen egoeraren funtsezko aldagaiak irudikatzeko bide ematen baitute. Euskal Herria, modu horretan, Europar Batasuneko zein munduko gainerako herrialdeekin alderatzeko lanabesak sortu dira, bai eta Euskal Herriaren baitako herrialde ezberdinen arteko antzekotasun, lotura eta kohesio aldagaiak aztertzeko tresnak ere.
Barne zein kanpo alderaketetarako baliagarriak izango diren adierazlek sortzeak, noski, irizpide gidari nagusi bat izan du lan guztian zehar: datuen bateragarritasuna eta homologagarritasuna bermatzea, hain justu.
Datuen bateragarritasuna helburu izanik, datu estatistikoak sortzen dituzten erakunde autonomiko, estatal zein europarren arteko homologazio metodologikoari erreparatu zaio. Erakunde Autonomiko (Eustat, Nafarroako Estatistika Erakundea), Estatu mailako Estatistika Erakunde (INE, INSEE), zein Europar Batasunaren Estatistika Erakundeetako (Eurostat) datuak alderatzeaz gain, hainbat eta hainbat erakundek (Erakunde Finantzari, Merkatal Ganbera, Garapen Kontseilu, Administrazio Publiko etab.) argitaratutako txosten eta memoria ezberdinen kontsulta burutu da, datuen kontrastea zabaltze aldera.
Lanerako erabili den irizpideak, Eurostat-ek bere REGIO datu-base erregionalean Euskadiko Autonomi Erkidegorako, Nafarroako Foru Erkidegorako eta Akitaniarako errazten dituen indizeak lehenetsi ditu, bateragarritasun maila sendoena eskaintzen dutelako. Zifra horiek, bigarren fase batean, gainerako Estatistika Erakundeek elaboratutakoekin kontrastatu eta aberastu dira. Azkenik, datu eskuragarririk izan ez den kasuetan, bereziki Iparraldearen kasurako, berariaz egindako zenbait ikerketen ondorioetan oinarrituz estimazioak gauzatu dira.
Aipatzekoa da halaber, maila kualitatiboko estimazio horiek gauzatzeko, lan honek aditu-talde ezberdinen parte hartzea izan duela, hipotesien kontraste ezberdinak burutzeko bide eman duena lehen fase batean, adostasun mailarik handieneko estimazioak emaitzatzat izan dituena, azken buruan. Metodologia parte hartzaile honek, lanari sendotasuna emateaz gain, sare sozial bat ehuntzen joatea ere ekarri du, Hego zein Iparraldeko adituei euren usteak partekatzeko guneak eskaini zaizkielarik.
Erronka metodologikoa
Datu estatistikoen oinarri metodologikoa bateragarria dela baieztatu ostean, Euskal Herrirako datuak sortzeko bi motatako eragiketa estatistikoak aplikatu behar izan dira:
Agregazio eragiketak:
Herrialdekako indize eta tasa sendoak eskuratu ostean, datu horiek agregatzeko ariketa burutu da. Indize zein tasa ezberdinetatik, ahal izan den guztietan, balio absolutuetara igarotzeko saioa burutu da, hartara, balio absolutuen baturak tasa orokor fidagarriagoa ematen baitu.
Iparraldeko zenbait datu absolutuen eskuraezintasuna dela medio, beste zenbait adierazleetan tasen batura haztatua gauzatu da, herrialdearen datua adierazle bakoitzean duen pisu erlatiboarekin haztatuz.
Desagregazio eragiketak:
Desagregazioak, nagusiki bi modutakoak burutu dira: generoaren araberakoak eta geografikoak.
a. Generoari dagozkion desagregazio gehienak eskuragarri izan dira. Hutsunerik handienak Iparraldeko datuetan kausitu dira, eta datu horiek Datu-Talaiako biztanleriaren egiturari erreparatuz estimatu dira.
b. Desagregazio geografikoen barnean ere, bi motatako hurbilketak egin dira: kuantitaboak eta kualitatiboak:
b.1. Kuantitaboak: Eurostat-ek EAE-rako emandako datuetatik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren datu zehatzak erdiesteko gauzatu da. Zenbait kasutan Eustat-ek erraztu du datu hori, eta beste zenbait kasutan, probintzi bakoitzaren garrantzia erlatiboarekin haztatuz estimatu da.
b.2. Kualitatiboak: Eurostat-ek Akitaniarako emandako datuetatik, Iparraldeko datu zehatzak erdiesteko gauzatu da. Izaera kualitatiboagoko hurbilketa planteatu behar izan dira, aditu eta eragile sozio-ekonomiko ezberdinen hipotesien kontrastea eginez lehenik, eta adostasun zabalena lortu duten estimazioak hobetsiz azkenik.
Datuen eskuragarritasunari dagokionez, nagusiki Ingurune Ekonomiko Orokorrari loturiko adierazleak izan dira zailtasunik gutxien sortarazi dutenak. Kantitateari dagokionean, datu eskuragarriak hamaika izan dira, eta hortaz, hautaketa lan bat egin da adierazlerik garrantzitsuenak edota esanguratsuenak lehenesteko.
Ingurumenari zein Kohesio Sozialari erreparatzen dieten adierazleen elaborazioan aldiz, datuen eskuragarritasunean hutsune nabarmenagoak gainditu behar izan dira, eta kasu askotan arakaketa lan baten emaitza dira proposaturiko azken adierazleok.
Emaitza nagusiak
Lanaren emaitza nagusiei dagokienean, 23 egitura-adierazleren zerrenda osatu da. Adierazleon sailkapena, Eurostat-ek proposatzen duen blokekako sailkapenean oinarritu da, zeinaren arabera 6 bloke bereizten baitira: Ingurune Ekonomiko Orokorra, Enplegua, Berrikuntza eta Ikerkuntza, Ekonomiaren Erreforma, Gizarte Kohesioa eta Ingurumena.
Bloke guzti horietan erreferentziazko zerrenda bat (Eurostat-en Short list-a) gutxieneko gisa ezarri da, eta adierazle gehigarriak erantsi zaizkio, guztira 23 osatu arte. Honatx lorturiko adierazleen zerrenda osatua:
Klikatu haunditzeko |
Orohar, esan genezake aurretiaz helburutzat jarritako adierazle gehienak lortu direla Euskal Herrirako, eta gure ustetan esanguratsuak diren beste zenbait adierazle batu direla argazkia gehiago definitzeko.
Hutsune nagusiena, lan honetan arazo gaindiezinak ekarri dituena, Ingurumenari dagozkion adierazleen elaborazioan izan dugu. Arazoa, funtsean, datu ezberdinen bateraezintasunetik etorri da, adierazle europarrik ez baitago maila erregionalerako, eta aldiz, Estatistika Erakunde Estatalek (INSEE eta INE) argitaratzen dituzten zifrak ezberdinak eta hortaz aldera ezinak baitira herrialde ezberdinetarako. Aurrerantzean egin asmo diren lanetarako, datuen eskuragarritasuna hobetzen doan heinean, adierazle horiek egingarriak izango direla ziur gara.
Azken gogoetak
Lan honek, bere alorrean aitzindari den neurrian, zenbait urrats sendo ezarri ditu dagoeneko, eta beste zenbait erronka gainditzeko bidea ere urratu du.
Lanaren indargune nagusia Euskal Herriaren ikuspegitik, behingoz barne zein kanpo alderaketetarako Euskal Herria bere osotasunean aztertzeko oinarrizko datu sendoak eskaintzean datza. Oinarri metodologiko sendo bat garatu eta adostu da, datuen bateragarritasuna bermatze aldera. Datuak urtez urte eguneratzeko ere prozedura zehatz bat finkatu da, adierazle bakoitza sortzeko bateragarritasun irizpide batzuk zehaztu direlarik.
Aurrekoari lotuz, datuak urtero eguneratzeko aukera sortzeak, egiturazko adierazleen irudi estatiko bat izatetik, horien garapen dinamiko bati buruzko azterketak burutzeko modua eskainiko du. Eta lehen esan bezala, beste plano batean badago ere, lanaren elaborazioan bilatu diren parte-hartze mekanismoek, lankidetza-sare berriak eta interesgune partekatuak garatzeko abagune berriak sortu dituzte.
Lanak zabaldu dituen erronka berriei dagokienean, arestian aipatu diren hutsune nagusi horiek apurka-apurka betetzen joatea legoke lehen lekuan. Hainbat adierazle geratu zaizkigu azken orduan, beharrezko sendotasuna lortu ez zutela iritzita, argitaratzeke. Teknikoki, adierazle horiek lortzea lan egingarria dela argi dugu. Horiez gain, beste hainbat esparrutan, bereziki gizarte kohesioari eragiten dieten alderdietan, adierazle berriak proposatzen eta sortzen joateko aukerak ere hortxe daude.
Eta jakina, izaera honetako lanek duten erronka nagusiena, beren izateko arrazoia finean, eragile ezberdinentzako erabilgarriak suertatzean datza. Datuak bere gordinean plazaratu dira, zifrak bere grisean, gero zifra horien gainean kolore eta mota guztietako irakurketa eta ikerketak egiteko baliabideak sortze aldera. XXI. mendeko Euskal Herria zertan den eta ez den hitz egiterako orduan, baita maila sozio-ekonomikoan ere, nondik joa eta zeri heldua izan dezagun.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |