Martha GONZÁLEZ ZALDUA
Leticia MALDONADO ARRUTI
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Etorkinen herrialdea gara, eta herriminak, gureak nahiz utzi digutenak, Europara begira jartzen gaitu. Iragan bati lotuta gaude, eta gu horren partaide sentitzen gara, baina herentzian hartu ditugun keinu eta zeinuen bidez besterik ez dugu horretan parte hartzen.
Jarrera engainagarria da diasporari buruz hitz egitera bultzatzen gaituena. Izan ere, 1950. urtean iritsi ziren azken etorkinak. Hortaz, euskal argentinarrak omen gara baina, egiaz, argentinar-euskaldunak gara.
Gurea ez den herrialdea idealizatzen dugu, baina gurea bailitzan gogoratzen eta sentitzen dugu. Hari magiko batek herrialde horri lotzen gaitu belaunaldien bidez, eta euskaldunen hizkuntza, dantzak eta abestiak ikasten ditugu. Iparraldeko zambak, tangoak edo perikoi nazionalak bezainbeste hunkitzen gaituzte.
Gure arbasoek utzitako altxor horri eusteko ahaleginean, babestu nahi ditugun balioekin kontraesanean dauden egoerak lehenesten eta jarrerak onartzen ditugu. Horrela, jaiotzez –eta ez harreraz– benetan gurea dena ahaztu egiten dugu.
Horrela ulertu zuten gure aitona-amonek. Gerrak, goseak eta minak uxatuta etorri ziren haietako gehienak, eta ez oparotasunak. Hori dela-eta, hemengo orduko bizimodua errealismoz preziatu eta haien etorkizuna tentu handiz prestatu zuten. Etorkizun hartan ez zen utzitako herrialdea sartzen, harrera egin ziena baino.
Beren herrimina Argentinara ekarri zituen itsasontzian uzten jakin zuten, eta aurrera begiratu zuten. Euskal Herriko arauak hartu eta herrialde bat egiten lagundu zuten, ez hangoa, hemengoa baizik.
Asko gara euskal jatorriko argentinarrak, harro gaude horretaz eta garrantzia ematen diogu, baina sentipen horiek kanpoko interesak gureak direla ikusarazten digute. Eztabaidarik gabe onartzen dugu eta zalantzarik gabe atxikitzen gara.
Eta garrantzitsua da eztabaida eta zalantza egitea. Gure proiektuak berdintasunez proposatzea, mesfidantzarik gabe. Proiektu horiek kontuan hartuko direla ziur jakin behar dugu, eztabaidatu egingo direla behintzat, baina ez dituztela inoiz besterik gabe hartu edo botako.
Zentzugabea litzateke ematen dizkiguten laguntza ekonomikoen berri ez izatea edo horiei uko egitea. Hala ere, sortzen duten dependentziak harreman-mota hori egokia ote den pentsarazten digu. Ez gara konturatzen batzuetan besteen beharra erabiltzen dugula irudi paternalista sortzeko, eta horrek kalte egin dio berdintasunean oinarritu behar den eta behar zen harremanari.
Lehen, balioak eta hitzak erabiltzen ziren ametsa gurea ez den herrialde baten irudiarekin pizten jarraitzeko. Orain, berriz, pertsonak. Ez dezagun geure burua engainatu, herrialde horrek ezer gutxi daki guri buruz.
Argentina herrialde hartzaile izatetik bidaltzaile izatera pasa da, baina arrazoiak ez ditugu hemen azalduko. Gure gazteek kanpoan zerbait hobea topatuko dutela amesten dute, eta joan egiten dira. Beren aitona-amonek orain dela ez hainbeste belaunaldi utzi zuten herrialdera itzultzen dira. Antzeko itxaropen eta grinak dituzte, eta organismo ofizialek sortutako aukeren atzetik doaz, baina horiek ez dira beti betetzen. Joaten direnean, gure herrialdea eskuzabala izan zela eta besoak inolako baldintzarik gabe ireki zituela pentsatzea baino ez dugu. Ez gaude ziur herrialde hark berdin jokatuko ote duen.
Mundu zaharrari beti ireki genizkion gure ateak, baina mundu horrek askotan ahazten du Ameriketako indiarren eskuzabaltasuna. Lurraldeak, aurkitu zutenetik, aberastasun pentsaezinak eman zituen, ez bakarrik urrea edo zilarra bezalako metal preziatuak –Perutik eta Potositik eramandakoak–, baita lurraldeko fruitu arruntak ere, adibidez, patata, kakaoa eta artoa.
Ezin dugu ahaztu gure herrialdeak inolako baldintzarik gabe hartu zituela euskaldunak, Espainiako gerrate zibilak erasanda, den-dena, baita dokumentuak ere, galdu zutenak (53.448/41 Dekretua). Horrez gain, Argentinako garia jaki garrantzitsua izan zen gerra osteko Espainiarentzat. Eta, beharbada, gutxik gogoratuko dute La Platako Euskal Etxeak, beste askoren artean, lagundu ziola Eusko Jaurlaritzari erbestean.
Hau ez da berandu egindako erreklamazioa. Besterik gabe, eman eta jasotzeari buruz ari garenean, ez dugu azken hori oparia dela pentsatu behar, borondatez eman eta justifikaziorik gabe hartu zen guztia itzultzea baizik.
Bada jada egia esateko garaia. Harreman heldu baten alde apustu egin beharko genuke, behin-behineko onurak eta “politikoki egokiak diren jarrerak” alde batera utzi eta erabilgarriak eta erabiliak izatearen arteko ezberdintasuna behingoz bereiziko duena.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |