Amaia AGIRRE
Traducción al español
Komunikabideetan eta bestelako iturrietan maiz agertzen den gaia da oraingo honetan planteatu nahi dudana: jaiotze tasa baxuengatik batzuk agertzen dituzten kezkak. Ez dakit zein punturaino datu demografiko soilek gizarteko kideei kezkarik eragiten diete baina, badirudi, botere politikoa kezkatzen duen gai bat dela hau, printzipioz, behintzat. Era honetan, kezka honen jatorria kokatzean, emakumeen enplegu tasekin elkartzen da etengabe, sorburu erraza bilatu nahian. Albiste eta planteamendu hauen bitartez aurkezten diguten errealitatea hauxe da: emakumeen enplegu tasa igotzeak jaiotze tasaren jaitsiera dakar, halabeharrez. Neurri batean horrela izan badaiteke ere, analisi arin honetatik, bestelako aldagaiak kontuan edukitzen ez dira. Berriz ere, emakumeek daukatena baino erantzukizun handiagoa egozten zaie, gizartearen birsorkuntzaren garrantzia beraien eskuetan utziz.
Hala ere, agerikoa da modu arinean egiten den baieztapen hau kolokan jartzen duten bestelako errealitateak daudela, aipatu ere egiten ez direnak. Alde batetik, Euskal Herriak baino emakumeen enplegu tasa askoz ere altuagoak dituzten herrialdeen jaiotze tasak ez dira aipatzen, non, Euskal Herriak duen jaiotze tasa bikoiztera heltzen diren kasu batzutan (Norvegia, AEB, Islandia...). Neurri berean, jaiotze tasa handiak dituzten herrialde horietan enplegu bat duten emakumeen portzentajea munduko altuenetakoa da.
Argazkia: Gustty. http://www.flickr.com/photos/gustty/2410634785/ |
Oraintxe aipatutako beste herrialde horien errealitateak beste norabide batera begiratzera eraman behar gintuzke. Egia bada ere ama bilakatu nahi diren emakumeen artean enplegua izatea oso garrantzitsua dela eta, beraz, enplegu bat edukitzeak edo ez eragin zuzena eduki ahal duela bere birsorkuntza erabakietan, ez dugu ahaztu behar politika publiko eta zerbitzu sozialen gabezia dela benetan eragiten duena jaiotze tasa baxuak azaltzerako orduan. Ume txikiez arduratzen den sare sozial eta instituzional sendo baten gabeziak, emakumeen enpleguak ezinbesteko gakoa bilakatzen du umeak izaterako momentuan. Honi gehitzen badiogu, gainera, enplegu gehienen lan baldintza kaxkarrak, oso zaila egiten da amatasunarekin bateragarria den enplegu bat lortzea. Ama izan nahi duten emakumeek enplegu desiragarria lortzea beharrezkotzat jotzen dute, malgutasuna eta segurtasuna, neurri batean, eman ahal izango diena. Neurri berean, ume txikiez arduratzeko zerbitzu sozialen falta betetzeko beharrezkoak dituzte euren lanak (bestelako zerbitzuak kontratatzeko, aldi baterako lana uzteko).
Hau guztia dela eta, jaiotze tasa baxuek ez diote zuzenki emakumeek lan mundura egiten duten sarrera ugariari erantzuten, baizik eta enplegu horien prekarietateari, familiaren baitan dagoen parekidetasun ezari eta ume txikiez arduratzen den politika eta zerbitzu sozialen gabeziari.
Beste kontu bat dira enplegua eta familiaren bateragarritasuna posible egiteko abian jarri behar diren neurriak. Ekimen hauek, neurri batean, emakumeen interesen kontra itzul daitezke, emakumeen bizitzengan eragina duten aldagai anitzak kontuan hartzen ez badira, behintzat. Esaterako, modu isolatu batean hartutako neurriek (egun hartzen diren moduan) enplegatu amen lan egoera zaildu dezakete eta emakume amen karrera profesionalak mugatu. Beraz, amatasuna babesteko aurrera eramaten diren neurriekin batera, enpleguan parekidetasuna ahalbidetzen duten neurriak beharrezkoak dira. Ume txikiak zaintzeko bi gurasoetako baten lana aldi baterako alde batera utzi behar bada edo lanaldiren murrizketa bat hartu behar bada, emakumeak izaten ohi dira hau aurrera eramaten dutenak eta, honen ondorioz, beraien familiaren zaintzan lan gehiago inbertitzen dutenak. Egoera hau, neurri handi batean, beraien enpleguaren kalterako izaten da. Maiz, gizonek baino soldata baxuagoak jasotzen dituztelako eta soldataren kopurua izaten delako lana nork utzi behar duen erabaki behar denean funtsezko planteamendua. Era berean, emakumeak izatea, oro har, beraien lanak alboratzen dituztenak, nahitaez edo erabaki baten ondorioz, enpresarien praktika diskriminatzaileak indartzen ditu, modu honetan, justifikatzen baitute emakumeek gutxiago sakrifikatzen dutela euren burua beraien enpleguagatik.
Argazkia: El Conde! http://www.flickr.com/photos/pablogonzalezr/2255307043/ |
Esan bezala, enpleguaren esparruan beharrezkoa den parekidetasunaz aparte, ume txikiez ongi arduratuko diren zerbitzuak beharrezkoak dira. Gaur egun ume oso txikiak haurtzaindegietara eramatea kritikak jasotzen ditu; halaber, umeek behar baino ordu gehiago eskolan ematen badituzte gaitzespen esaldiak entzungo dira, beti ere, ume horien amei egoera desbideratu horiek leporatuz. Hala ere, oso gutxitan planteatzen dira egoera honetatik ateratzeko irtenbide errealak eta fundamentu gutxiz kritikatzen da haurtzaindegira umeak eramateak dituen alde txarrak. Aurre suposatzen da haurtzaindegietan lan egiten duten pertsonak espresuki horretarako prestatuak egongo direla, eta umeak beraientzako bereziki antolatutako eraikinetan egongo direla ongi zainduak. Zergatik pentsatzen ote da beraien amonagatik edota gaizki ordaindutako eta lan baldintza oso txarrak dituzten beste pertsonengatik hobeto zainduak egongo direla? Ez ditut kolokan jarri nahi pertsona hauen funtzioak baina, beti ere, umeak profesionalen eskuetan uztea irtenbide egokiagoa dirudi. Era berean, irtenbide hau modu publiko eta kolektibo batean antolatuta egongo litzateke eta, ez orain bezala, modu pribatu eta indibidual batean.
Beste alde batetik, eta politika publiko eta zerbitzu sozialekin jarraitzeko asmoarekin, esan beharra dago umeen zainketaz arduratu behar diren instituzioak ez direla emakumeen mesederako sortutako zerbitzu gisa ikusi behar. Hori izan beharrean, umeek, hiritarrak diren neurrian, gizarteratze prozesuan beharrezkoak dituzten instituzio gisa planteatu behar dira. Hau da, gizarte sendo eta osasuntsu baten eraketaren funtsezko zati gisa.
Beste alde batetik, aipatu beharra dago, lan esparrurako emakumeen eta jaiotze tasa baxuak elkarrekintzan aurkeztean emakumeen enpleguaren bilakaera historikoa ikusezina bihurtzen dutela. Egia bada ere egituraz desberdin antolatuta zegoela emakumeen enplegua aurreko mendeetan, ez da ahaztu behar emakumeek historian zehar beti lan egin dutela, bai etxean eta baita etxetik kanpo ere. Beraz, modu honetan, emakumeen enplegua fenomeno berritzat aurkezten dute. Era honetan, aurreko mendeetan enplegu bat izan duten emakumeen kopuru altua alde batera uzten dute. Etxeko lanetara soilik dedikatuta zegoen emakumearen irudia denbora luzez estereotipoa izan dela pentsatzera eramaten bagaitu aurkezpen honek, errealitatea bestelakoa da. Etxeko andrearen edo “etxeko aingeruaren” mitifikazioa XX. mendearen erdialdeko fenomeno bat dela esan daiteke eta hau sostengatzeko asmoarekin, emakume enplegatuen portzentajeak manipulatzera ailegatu zen frankismoaren garaian egiten ziren inkestetan.
Azkenik, eta gaia beste ikuspuntu batetik planteatuz, jaiotze tasa baxuak arazo larritzat planteatzen dira, baina ez da hitz egiten gure gizartera bizitzera etorri nahi duten (edo behar duten) hainbat eta hainbat etorkinen kasuez. Kontuan eduki behar da etorkin hauen gehiengoa jende gaztea dela eta, beraz, birsorkuntza epearen barruan dagoela. Era honetan, jaiotze tasa baxuei buruzko kezkak bere garrantzia galtzen du eta arrazismo kutsua hartzen du. Umeak nahi ditugu, bai, baina nongoak?
Argazkia: Gato Azul. http://www.flickr.com/photos/gatoazul/2084534038/ |
Gaur egun, oraindik ere, iragan mendeetako demografiarekiko eta biztanleria gailentasunarekiko interesak mantentzen dira. Hau dela eta, gure herrialdeko jaiotza tasa baxuei buruzko kezkak kutsu hipokrita duela esan daiteke, munduko populazioa aurrekaririk ez duen hazkunde prozesu batean murgildua dagoen bitartean.
Beraz, oso erraza da komunikabideen bitartez kezka bat sorraraztea eta gaia garrantzitsu gisa planteatzea, politikariek egiten duten bezala. Baina hitz horiek hutsik geratzen dira, planteamendu horien guztien atzean egoera hauek konpontzeko ekimenak, inbertsioak eta proiektuak aurrera eramaten ez badira.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |