JAKIUNDE
Itzultzailea: BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Versión original en español
Etorkizuneko hezkuntza eraikitzeko gonbidapena da www.heziberri.net web gunea. Lau euskal erakunde elkarrekin arituta gauzatutako proiektua da, Euskadiko hezkuntza berraztertzea helburu duena. Erakundeok honako hauek dira: Hezkuntza Administrarien Europar Foroa; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Saila; Innobasque eta, azkenik, Zientzia, Arte eta Letren Akademia (Jakiunde).
Parte-hartzeko web gunea da, gure herriak berrikuntzaren aldetik Europako erreferentzia izateko erronkari aurre egiteko behar duen hezkuntzari buruzko gogoeta, pentsamendu eta iritziak emateko irekita baitago. Izan ere, gizarte berritzaile, sortzaile eta ezagutzaren gestioan aitzindaria eraikitzeko eginkizunarekin batera, gizarte bidezko, baketsu eta solidarioa ere sortu beharra dago, bertan herritar guztiak elkarrekin eta osasunez bizi daitezen.
Ezagutzaren balioa
Egungo gizartean, baliorik preziatuena ez da merkantzia, baizik eta informazioa eta ezagutza. Globalizazioak inposaturiko erronka nagusietako batzuk honako hauek dira: informazioa erosi eta bereganatzea, banatu eta kontrolatzea, hautatu eta ezagutza bihurtzea. Horrez gain, gaur egun pertsona baten bizitzaren zikloa baino laburragoa da ezagutza berritzeko zikloa. Horregatik, adimen-prozesu konplexuagoa eta dimentsio anitzekoa eskatzen du horrek.
Testuinguru horretan, eskolaren zeregina ez da izan behar ezagutzak metatzea edo ikaskuntza-prozesu hutsak sortzea, baldin eta prozesu horiek ikasleei ezagutza nabarmenak eskaintzen ez badizkiete eta gero eta ezagutza zorrotz eta anitzagoaren eremuan jokatzeko gaitasuna ematen ez badiete. Ikaskuntza-prozesuak norberaren garapenaren alderdi guztietan izaten du eragina eta ezagutzaren kontzeptu inklusiboagoa barne hartzen du, hezkuntza integralarekin eta adimen anizkoitzekin konpromiso bat. Horrez gain, gure kultur tradizioan adimenaren eta afektibotasunaren artean, pentsamenduaren eta sentimenduaren artean eta buruaren eta bihotzaren artean hain sustraituta dagoen bereizketa gainditzen lagundu behar du.
Zuzendaritza eta hezkuntza-lidergoa
Hezkuntza-sistema etengabe aldatzen ari da eta, aldaketa azkarren garaian, autokonplazentzia ez da jokaerarik egokiena.
2015. urterako, jakintza berriek, eragile berriek eta gizarte-eskakizun berriek goitik behera aldatuko dute hezkuntza-sistema. Eskakizun horiei (eraginkortasun handiagoa, gizartearen ekitate eta kohesio handiagoak, beste eskola-sistema batzuekin konparazio positiboa...) erantzun sortzailea emango dion lidergo eraldatzailea behar dugu gure eskoletan, gure hezkuntza-sisteman eta, oro har, gizartean.
Industrian eta zerbitzuak ematen dituzten enpresetan metatutako esperientziagatik, badakigu aldaketa asko eta azkarrak dituzten erakundeetan arrakastaren eta porrotaren arteko ezberdintasuna zuzendaritzaren eta lidergoaren kalitatean dagoela.
Arrakasta akademikoa eta pertsonala
Eskola-arrakastari buruz ari garela, zenbait alderdi aintzat hartu behar dugu: arrakasta akademikoa eta baita, zalantzarik gabe, pertsonen eta giza taldeen arrakasta ere.
Orobat, arrakasta da bakoitzak ahal duen guztia ematea eta, horretarako, ikasleen jatorri ezberdinei erantzuna eman behar die eskolak, sartzean baino ezberdintasun gutxiago izan dezaten bertatik irtetean.
Gure eskola, institutu edo ikastetxeetako haur eta nerabe bakoitzak ikasteko aukera izatea eta, horretarako, haiek guztiak aurrera eramaten dakiten irakasleak egotea ere arrakasta da.
Eta badakite, jakin, gaitasun profesionala dutelako eta hezkuntza-politikaren eta Administrazioaren babesa dutelako. Administrazioak, hezkuntzak herrialdeari dakarkion balioaren jakitun izanik –balio ekonomikoa eta giza balioak–, baliabideak jarri, ikastetxeen beharren arabera haien kudeaketa lagundu eta baliabideak kudeatzeko autonomia ematen die haien gaitasuna frogatzen dutenei.
Argazkia: Seo2 | Salvador | Dolores. http://www.flickr.com/photos/seo2/2487508804/ |
Proiektuan parte hartzen duen erakunde bakoitzak garatu beharreko ildoak
Jakiunde: Etorkizuneko teknologiak eta ikaskuntza
Teknologiak eta aurrerapen teknikoak bereizi eta identifikatzea komeni da nonbait, ikaskuntzaren emaitzak areagotzeko balio baitezakete (IKTak, neurozientziak, genetika..). Orobat, teknologia horiek errentagarriak eta eraginkorrak izateko joerak eta heldutasun-maila aztertzea ere komeni da. Horrek bultzatuta, aurrerapen horiek ikastetxeentzat eta, oro har, hezkuntza-sistemarentzat dakartzaten erronkak planteatu beharrean gaude.
Euskadiko FEAE: Etorkizuneko ikuspegia eta prospektiba
Etorkizuna ez da halabeharrez eraikitzen. Etorkizuneko jarduera eta harreman pozgarriak planteatzea onuragarria izan daiteke, etorkizuneko ikuspegiak eraldatze-tresna bihurtzea behar dugulako. Prospektibak egungo joerak aztertzen ditu etorkizuna aurreikusteko, zain dugunaren aurrean abantailaz jokatzeko. Hortaz, oso baliagarri izan dakiguke.
Innobasque : Sormena eta ekintzailetza
Errealitatea bestela begiratzea edozein berrikuntzaren lehenengo urratsa da: ideagintza. Hori dela eta, sormenaren balioa eta sormena elikatzen eta garatzen duten teknikak azpimarratu behar dira, sormenaren osagarri guztiak ilustratuz: “irudimenez pentsatu eta jokatzea”, “irudimenezko jarduerari helburu bat eranstea” eta “prozesuak zerbait original eta baliotsua sorrarazi dezan lortzea”.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Saila: Ikasteko espazioak eta inguruak
Ikastea ikastetxeen jarduera nagusia izan dadin lortzea. Batzuetan, ikasgeletan ikasten da (ikaskuntza formala), bestetan, ikastea ustekabeko elkarreraginaren ondorioa da (ikaskuntza informala). Badakigu espazioak, fisikoa edo birtuala izanik ere, eragin handia duela. Lankidetza, miaketa edo eztabaida eragin dezake edo isiltasunaren eta menekotasunaren mezu inplizitua eraman dezake. Horregatik, ikasteko espazio aldakorrak asmatu behar ditugu, pizgarriz beteak, motibagarriak, ikasteko estrategia ezberdinetarako pentsatuak. Izan ere, espazioak pedagogia baldintzatzen du.
Heziberri proiektuak “etengabeko hobekuntza” bilatzen du Euskadin XXI. mendean erabilitako hezkuntza-politikarentzat. Hezkuntza Administrarien Europar Foroak datorren azaroan, Bilbon, antolatuko duen jardunaldietan aurkeztuko da web orria (www.heziberri.net). Orriak blog bat ere badauka eta, bertan gizarteak parte hartzeko bidea irekiko da, euskal hezkuntza “berriz hausnartzeko” xedez.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |