Arantza GUTIÉRREZ
Iñaki ZABALETA
Nikolas XAMARDO
Santi URRUTIA
Itxaso FERNANDEZ
Traducción al español
Ukaezina da hizkuntzak komunitate baten garapenean duen garrantzia, ez soilik bere ondare kulturalaren zati garrantzitsua izateagatik, hiztunen nortasun kolektiboa eta elkarren arteko harremanak bideratzeko oinarrizko tresna delako baizik. Hizkuntza baten osasuna, berriz, hainbat faktorek adierazten du, haien artean erabiltzen duten hedabide-kopuruak. Egoera okerrenetan, sakabanaturiko hiztun batzuk soilik mintzatzen dira desagertzear dagoen hizkuntzan, eta onenetan, berriz, administrazioan ez ezik, unibertsitatean eta komunikabideetan ere presentzia handia du. Horrela abiatu zen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Iñaki Zabaleta Urkiola irakasleak zuzendutako ikerketa, beste lau irakasleekin batera Europako hizkuntza gutxituetako komunikabideen egoerari buruz egindakoa. Hauxe izan da, gainera, europar esparru komunikatiboari buruz hizkuntza gutxituen ikuspegitik egin den lehenengo azterketa, aurreko analisi gehienek soilik Estatuak hartzen zituzten-eta.
Azterketa hamar hizkuntza-komunitateetan oinarritu da: euskalduna, katalana, galiziarra, bretoiera, korsiarra, frisiarra, gaeliko eskoziarra, gaeliko irlandera, galesa eta samia. Ez dira zori hutsez hartutako komunitateak, EBLUL-ek hizkuntza gutxituak sailkatzeko ezarritako hiru kategoriei baitagozkie: gutxi erabilitako edo galzorian dauden hizkuntza nazionalak (gaeliko irlandera), Estatu bakar batean kokaturikoak (bretoiera, korsikera, eta abar) edo Estatu bat baino gehiagotan barreiatuta dauden hizkuntza-komunitateak (euskara, samiera, eta abar); baina baztertu egin ziren Estatu batean gutxituak izan arren beste batean gehiengoa osatzen dutenak (alemanak Italian, adibidez), eta azkenez lurralde zehatz batean kokatzen ez direnak ere bai (romani hizkuntza). Azterturiko hamar hizkuntza-komunitate horietan hogeita hamar milioi biztanle daude orotara, eta horietako hamaika milioi inguruk, hau da, heren batek, hizkuntza gutxitua erabiltzen du, nahiz eta portzentajeak asko aldatu komunitate batetik bestera.
Argazkia: Aaron Escobar. http://www.flickr.com/photos/aaronescobar/2170448724/ |
Orotara, 1.120 hedabidek erabiltzen dute hizkuntza gutxitua aztertutako hamar komunitateetan. Datu hau era egokian ulertzeko zera jakin behar da: 10 hizkuntza-komunitateetatik zazpitan komunikabide elebidun guztiak hartu dira kontuan medioen zentsu hori egiterakoan, baina Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian elebakarrak direnak hartu dira bakarrik (edukien %70 baino gehiago dutenak hizkuntza gutxituan). Hedabide tradizionalak izan dira aztertutakoak –prentsa, irrati eta telebista– eta ez soilik on-line-n hedatuta daudenak, edo zibermedioak deiturikoak.
Hedabide elebakarren kopurua 1.024 da, gutxi batzuk gora behera. Gehienak, 810, katalanez argitaratuta daude (%79). Komunitate horretan, gainera, kokatzen dira hedadura orokorreko komunikabide nagusi gehien: 5 egunkari, 8 astekari, 6 irrati-kate eta 7 telebista-kanal. Kataluniaren ostean dator euskal komunitatea (109 hedabide) eta hurrengo galiziarra (45); komunikabide guztien artean %11 eta %4 osatzen dute. Gainera, bi komunitate horietan, zein gaeliko-irlandarrean ere, badago gutxienez hedabide orokorreko egunkari, irrati eta telebista bana.
Europar komunitateen ranking horretan, eta soilik komunikabide elebakarrak kontuan hartuta, hurrengo mailan hedabideen %1 edo %2 dutenak daude: galesa (17 hedabide), gaeliko-irlandarra (11), bretoia (12) eta frisiarra (10). Horren azpian daude gainerako hiru komunitate, non Europa osoan hizkuntza gutxituan argitaratzen diren hedabideen portzentajea ez den %1era heltzen. Izan ere, samieraz bost hedabide daude (% 0’5); hiru korsikeraz (% 0’3), eta eskoziar gaelikoz bi besterik ez (% 0’2).
Dena den, eta bakarrik medio nagusiak kontuan hartuta, gaeliko eskoziarrean, bretoian eta korsiarrean ez dago ez egunkaririk ez telebistarik; bretoieraz astekari bat argitaratzen da, eta irrati batek emititzen du gaeliko eskozieraz, baina ez dago hedabide orokorreko komunikabiderik korsikeraz, ez prentsarik, ez irratirik ezta telebistarik ere (medio elebakarrez ari gara denbora osoan). Aipaturiko komunitateak dira, hain zuzen ere, egoerarik larriena pairatzen dutenak, bertako hizkuntza erabiltzen duen indar handiko hedabiderik ez baitute.
Beste aldetik, tarteko egoeran dauden komunitate galestarrean eta frisiarrean telebista eta irrati orokor banak emititzen du; eta irrati batek erabiltzen du samien hizkuntza propioa: SR Sameradion, Interneten bidez ere edonondik jaso ahal den katea.
Tokiko komunikabide publikoak, nagusi
Hedabideen jabetzari dagokionez, Europar hizkuntza gutxituan argitaratzen diren ia komunikabide erdiak publikoak dira (%45), heren bat pribatuak (%32) eta % 23 sozialak. Dena den, lau komunitatetan ez dago komunikabide pribaturik: bretoian, frisiarrean, korsiarrean eta gaeliko eskoziarrean. Bitan, galiziarrean eta frisiarrean, hedabide publikoak dira nagusi, eta lautan, portzentaje altuena hedabide sozialek osatzen dute: Bretainia, Frisia, Korsika eta Euskal Herrian. Prentsan, argitaratzen diren komunikabide gehienen jabetza pribatua edo soziala da, eta oso gutxi dira idatzizko hedabideak bultzatzen dituzten erakunde publikoak (udaletxeak gehien bat). Jabetza publikoa nagusi da, ordea, ikus-entzunezko alorrean, bereziki irratian.
Argazkia: bolshakov. http://www.flickr.com/photos/bolshakov/2201781944/ |
Hedadurari dagokionez, esan bezala, komunitate batzuetan ez dago komunitate osoan sintonizatzen den telebistarik edo/eta irratirik. Tokiko komunikabideak dira nagusi Europa osoko mapa kontuan hartzen badugu, horiek baitira nagusi hiru komunitate handietan: kataluniarrean (%89,4), euskaldunean (%78,9) eta galiziarrean (89,1%); hala ere, kopurutan gehiago izateak ez du esan nahi pisu handiena dutenik, ez biltzen duten hartzaileei dagokienez, ezta bertan lan egiten duten kazetarien kopuruei dagokienez. Beste zabalkunde handiagoko komunikabideen portzentajea altuagoa bada ere, kopurua oso txikia da Europa mailan.
Amaitzeko, esan 5.300 kazetarik lan egiten dutela hizkuntza propioa erabiltzen duten komunikabideetan. Komunitatez komunitate, kazetari gehienak (3.677) Katalunian kokatzen dira, eta datu hau bat dator azaldutako mapa komunikatiboarekin, Europako hedabide gehienak biltzen baitira bertan. 650 kazetarik lan egiten dute euskaraz (%12); 460 galegoz, eta 100 inguru gaelikoz, samieraz, galesez eta frisieraz. Are gutxiago (25-60 tartean) dira bretoieraz, gaeliko eskozieraz edo korsikeraz ari direnak.
Ikusten denez, datu hauek bat datoz hedabideen banaketarekin. Erroldatze horretan, gizonezkoen kopurua pixka bat altuagoa den arren (%51,9), bi generoen arteko aldea ez da oso nabaria, eta, ustearen aurka, gaztea den arren, eskarmentu handia du kazetaritza-lanetan. Izan ere, kazetarien artean 230 bat inkesta egin eta gero, ikerketa honetatik ondorioztatu da Europar Batasuneko hizkuntza gutxituetan lan egiten duten profesionalen profila: 37 urte inguruko emakume/gizon bat da, gehienetan hedapen orokorreko hedabide publiko batean lan egiten duena, bereziki irrati edo telebista, eta batez beste lan honetan hamahiru urte daramatzana.
Bibliografía
EBLUL. 1999. Unity in Diversity. Brussels: European Bureau for Lesser Used Languages.
European Commission. Languages of Europe: Regional and Minority Languages of the European Union [web site], 19-06-2007 2007 .
Zabaleta, Iñaki and Nicolás Xamardo, Santi Urrutia, Arantza Gutierrez, Antón Mendizábal. “Minority Language Media in the European Union: Reality, Issues and Development Strategies”, in Mass Media in Transition: An International Compendium, edited by Yorgo Passadeos. Atenas: ATINER, 2004 (First publication in hardback), 169-187 págs.
Zabaleta, Iñaki, Nicolas Xamardo, Miren Arantza Gutierrez, Santiago Urrutia, and Itxaso Fernández Astobiza. 2007a. “Journalists In The Media Of Ten European Minority Languages: Reality, Distribution And Comparison”. In IAMCR 2007 Conference: Media, Communication, Information: Celebrating 50 Years of Theories and Practices; Section of Community Communication. Paris.
———. 2007b. “Professional and Working Conditions of Journalists in the Media of Ten European Minority Languages”. In IAMCR 2007 Conference: Media, Communication, Information: Celebrating 50 Years of Theories and Practices; Section of Professional Education. Paris.
———. 2007c. “European Minority Language Media: Reality, Distribution and Comparison”. In Applied Econometrics Association (AEA), 96th International Conference “Press and Media Econometrics”; 22-23 Noviembre 2007, Sorbona. Paris.
———. 2008a. “El espacio audiovisual europeo en lenguas minoritarias. Análisis de la situación de la radio y televisión en diez comunidades lingüísticas”. AEC-IC “I Comgreso I+C Investigar la comunicación”; urtarrilaren 30 eta 31 eta otsailaren 1ean. Santiago de Compostela.
———. 2008b. “Language development, knowledge and use among journalists of European Minority Language Media” Journalism Studies; London, Apirila (195-211 o.).
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |