Santimamiñeko Errealitate Birtualeko proiektuaEscuchar artículo - Artikulua entzun

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Traducción al español

Santimamiñeko hedapen proiektuaren funtsezko elementua barrunbearen 3D erreplika birtuala da: proiekzio mota hori, teknikoki “infitec estereoskopia aktiboa” izenaz ezagutzen dena, formatu berezian egiten da 4 metro inguruko zabalera daukan pantaila baten gainean.

Filmazioak koba osoaren bisita birtuala simulatzen du, eta kobazuloaren ahotik jendeari inoiz ere erakutsi ez zaion azken aretora arte egiten du ibilbidea.

Ikus-entzunezkoa ikusteko, bisitariak erabateko iluntasunean dagoen gune batean betaurreko bereziak jantzi behar ditu. Sortutako bi irudi (begi bakoitzerako bat) iragazten dituzten betaurreko horiek murgiltzearen sentsazio bikaina ematen dute. Efektu horiekin guztiekin batera, audioa “surround” motakoa da, posizionala eta inguratzailea.

Emanaldian bisitari baten ibilbidea simulatzen da, lehenengo pertsonan. Haitzuloko bisitaren gidak uneoro “gune birtual” horretan elkarreragiteko aukera dauka (sagu giroskopikoari esker) hainbat ekintza egiteko, besteak beste: koban barrena aurrera eta atzera egitea, kameraren ikuspuntua lekuz aldatzea, fitxak aktibatzea, zoom egitea, etab.

Sistemari esker, bisita bakoitza beste edozeinen diferentea izan daiteke, hala nahi izanez gero. Elkarreragin horren bitartez, mota horretako errealitate birtualari “denbora errealeko errealitate birtuala” deritzo, aurrez grabatutako kamera-mugimendurik ez dagoelako eta norberak mugitzeko askatasun handia daukalako.

Argazkia: merfam
Argazkia: merfam.
http://www.flickr.com/photos/merfam/2543825912/

Eskaintzen den hiru dimentsiotako eredua azken urtean modelatzaile, argiztatzaile, integratzaile, etab. talde handi batek landu du Bizkaian, arkeologia arloko aditu batzuen (geologoak, arkeologoak eta labar-artearen arloko espezialistak) gainbegiratupean, eredua benetako kobaren ahalik eta irudi fidelena izan dadin.

Emanaldiaren abiapuntua, 5500 milioitik gora puntuk osatzen duten multzo handi-handia da. Puntu horiek guztiak 3D laser-eskaner baten bitartez jasotako 200 neurketa inguru eginez bildu dira. Neurketa horiek kobaren hiru dimentsiotako mapa osatua ematen dute; horrenbestez, kobak dauzkan laurehun metro inguruetan doitasuna zentimetro pare batekoa da guztira.

Erabilitako metrologia modelaketaren abiapuntu gisa erabili da, eta ez hori bakarrik: kobak gaur egun duen egoeraren erreferentzia gisa erabil daiteke. Gainera, horren osagarri, gerora neurketa berberak egiten badira, sistemari esker galeriak denbora-tarte horretan izandako bilakaera aztertu ahal izango litzateke.

Informatikaren aurrerapenen ondorioz, makina azkarragoak egongo dira; hortaz, etorkizunera begira, Santimamiñen erabilitako teknologia hori dela medio kalitate handiagoko formateatzea egin ahal izango da puntuen informazio berberetik abiatuta.

Santimamiñen erabiliko den proiekzioa berdingabea da. Munduan ondarea denbora errealean berreraikitzeko zenbait proiektu egin dira (Erroma hiria, Cadiz Birtuala), baina koba baten modelaketa egitea –horrek dakarren konplexutasunarekin– eskatu duen beste proiekturik ez dago.

Laburbilduz, barrunbe horren 3Dko erreplika birtual hori ez intrusiboa eta oso berritzailea da. Haitzuloaren artapena bideratzen du, eta aldi berean, turistari nahiz komunitate zientifikoari jatorrizkoaren ahalik eta irudikapen fidelena kontsultatzeko aukera ematen die.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2008 / 07-25 / 08-29