Egilea

Itzultzailea

Argazkiak:

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Gorobel mendilerroa, altxor biziduna

Harrigarria da Euskal Herrian aparteko aniztasun biologikoa duten bazter miresgarri berriak aurkitzea. Zorionez, posible da oraindik. Horietako bat Urduñako mendatearen ingurua da: Gorobel mendilerroa.

Arabako ipar-mendebaldean dago, Araba eta Burgosen arteko mugan bertan. Ehun kilometro karratuko ordokia da. Pagoz, erkametzez, inarrez eta larrez estalita dago gehien bat. Hegoaldean oso aldapa leuna du, iparraldean, aldiz, 600 metroko amildegia. Paisaia zoragarria. 27 km luzeko kareharrizko hormatzarra eta landaretzaren kolore berde bizia dira Gorobelgo ezaugarri nagusiak.

Antzina, kondairaren arabera, herensuge erraldoi bat bizi ei izan zen mendilerro eder honetan, ardi-esnez eta bidean topatzen zituen gizakien haragiz elikatzen omen zena. Txarlazoko gailurraren azpian bizi zen, Urduñako (Bizkaia) zaindaria den Antiguako Amabirginaren omenezko monumentua dagoen gailurraren azpian, alegia. Eta handik gertu, Koba haundi izeneko haitzuloan bizileku bat omen zuen Marik, euskal mitologiako jainkosa gorenak, eta suzko bola bihurtuta herritarrak ikaratzen ei zituen zerua hegaz zeharkatuz.

Beste garai batzuk ziren. Mendilerro honetan bizi izan ziren pertsonaia mitologikoak betirako joan ziren, eta bakarrik utzi zituzten duela 4.500 urtetik hona ganaduarekin gora eta behera mendilerroko haran eta tontorretatik dabiltzan artzainak. Bertan aurkitutako trikuharri eta tumulu ugariak lehen okupazio horren lekukoak ditugu.

Mendilerroko mutur bietan zutik dirauten bi otsategietan erabiltzen zuten ehiza-sistema ere historiaurrekoa da. Gizakiaren eta otsoaren arteko mendetako borroka islatzen du horrek. Lehen artaldeak sortu ziren garaietatik lehian ari gara bi espezieak gailur eta bailara horietatik bizi ahal izateko, eta hamarkada batzuk otso barik izan ostean, fauna iberiarreko ehiztaririk gatazkatsuena itzuli egin zaigu.

Otsoa, dudarik ez, hizpidea ematen duen ugaztuna da, baina toki honetan gure arreta merezi duten beste 54 espezie bizi dira. Euren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan galtzorian dauden hiru aipatuko ditugu: igaraba arrunta, bisoi europarra eta ferra-saguzar mediterraneoa.

Hegaztiei dagokienez, sai arreak du protagonismoa azken aldi honetan, baina sai arreen populazio handia baino askoz gehiago du Gorobelek. Mendilerro honek Europako altxor ornitologiko nagusietakoa da. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren babesarekin 2007an “Gorobel mendilerroa/Sierra Sálvada” libururako egin genuen ikerketaren ondorioz jakin izan genuena.

Ikerketa horren arabera, Gorobel dugu Iberiar penintsulako tokirik aberatsena —Valderejo aldearekin batera— hegazti ugaltzaileei dagokienez. Izan ere, Sociedad Española de Ornitología elkartearen datuetan oinarrituta, 120 bat hegazti espezie ugaltzen dira 100 kilometro karratu bakoitzeko Araba eta Burgosen arteko muga honetan.

Guztira, 229 ornodun espezie bizi dira Gorobelen —Maroñoko urtegia barne—. Bilduma bikain honetako herena eta 15 landare espezie ere Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan daude. Ornogabeen artean, bestalde, ezin aipatu gabe utzi Lopinga achine izeneko tximeleta, Penintsulari dagokionez mendilerro honetan eta Picos de Europan baino ez baita bizi.

Biodibertsitate handi honen arrazoi nagusiak bi dira, batetik klima atlantiarra eta mediterraniarra bertan elkartzen direla, eta, bestetik, gizakion esku-hartzea txikia izan dela mendilerroan diren habitat ezberdinetan.

Hori guztiaz gain, geologia arloan ere aparta da Gorobel, bertan baitago Iberiar penintsulako ur-jauzirik luzeena. Nerbioiaren ur-jauzi izugarriaz ari gara, 270 metrokoa, Santiago Menditik (Berberana, Burgos) Delikako (Amurrio, Araba) zirkurainokoa. Toki ikusgarri hau bisitatzea urteko edozein sasoitan merezi du, baina Nerbioi jaio berriaren ura nola jausten den ikusi nahi izanez gero, euri-jasen ostean edo elurra urtzen denean joatea komeni da. Bertara heltzeko, Urduñako mendatearen tontorretik edo Gibijo mendilerrotik zehar, Untzagatik (Urkabustaiz, Araba), joan beharra dago.

Lur azpian Gorobelgo konplexu karstikoak hirurehun haitzulo baino gehiago ezkutatzen du, Gorbeiak dituenak bi halako, adibidez. Eta horien artean, munduko luzeena den bat ere: Ponatako Pagadiko Sistema, guztira, 45 kilometro topografiatuta dituena.

Horietariko koba asko piztien eta gure arbasoen babesleku izan dira. Hori dela eta, orain arte, 26 kobetan hondar arkeologiko edota paleontologikoak aurkitu izan dira.

Espeleologiaz gain, Gorobelek mendian oinez edota menbi-bizikletaz ibiltzeko aukera ematen du, bai bailaretatik bai mila metro baino gehiagoko gailurretatik ere (Eskutxi, Ungino, Iturrigorri...). Eta hegaztien modura hegaz egitearen sentsazioa zelakoa den jakin nahi duenak ere aukera du Gorobelen. Izan ere, Euskal Herriko lehenengo delta hegalak eta parapenteak Urduñako Haitzaren inguruan ikusi ziren. Egun, hegaz egiteko kontinente osoko lekurik honenetakoa izanik, Urduñako Nazioarteko Aire Festa egiten da bertan.

Eskalatzaileak, aldiz, ez dira sarritan ikusten mendilerroaren ormetan, Euskal Herriko eskalada berria bertan jaio zen arren. 1924an gertatu zen hori Angel Sopeña bilbotarraren eskutik, bera izan baitzen —Naranjo de Bulnesera igo zen lehen euskalduna izateaz gain— Tertangako (Amurrio, Araba) zirkoan kokaturik dagoen Fraideburua izeneko harrizko monolitoa lehenengo aldiz eskalatu zuena.

Gorobelek duen aberastasun ekologikoari esker Natura 2000 Sarean dago. Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) bik eta hiru Garrantzi Komunitarioko Lekuk (GKL) osatzen dute. Halere, bertako ekosistemak kalte dezakeen arrisku-faktorerik ere bada zoritxarrez, hala nola linea elektrikoak, motordun ibilgailuen zirkulazioa, tiroak, pozoien erabilera, abelburu gehiegi izatea, hezeguneen narriadura eta zentral eolikoak jartzea.

Geurea da arrisku horiek txikiagotzeko ardura, eta geurea ere, datozen belaunaldiek Gorobelgo altxorraz gozatzeko duten eskubidea bermatzekoa. Ez dugu ahaztu behar ingurumena ondo ezagutzea dela ingurumena maitatzeko eta errespetatzeko erarik onena, eta gure ondare naturala zainduz, bertan bizi diren eta biziko diren izaki guztiak, gizakia barne, babesten ari garela.

Joseba Egiguren eta José Miguel Llano “Gorobel mendilerroa/Sierra Sálvada” izeneko liburuaren egile eta editoreak dira, 2007an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren babesarekin argitaratu zelarik.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media