Koldo Mitxelena Elissalt.
Gipuzkoar hizkuntzalari eta idazlea (Errenteria, 1915 - Donostia, 1987). Orkatileko gaixotasun bat zela medio berandu hasi zen eskolara, eta etxeko arazo ekonomikoengatik lan eginez egin behar izan zuen batxilergoa. Zeruko Argia irakurriz alfabetatu zen euskaraz, eta Martin Lekuona apaizaren babespean izan zuen euskal idazle zaharren berri. 1930ean EAJko kide egin zen.
Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Eusko Gudarostean sartu, eta Euskal Herriko kanpaina guztia egin zuen. Santoñan atxilotu zuten frankistek. Heriotz zigorra eman zioten, baina ez zuten hil, eta kartzelan eman zituen sei urte. 1943an kartzelatik atera eta Madrila joan zen lan bila. Han euskal erresistentziarako lanean ihardun zuen Joseba Rezolarekin batera, harik eta 1946an berriro atxilo hartu zuten arte. Ordukoan bi urte eman zituen kartzelan. Kartzelako urteetan ikasten aritu zen beti, Filosofia eta Letrak eta hizkuntza klasikoak eta modernoak. 1954an Euskaltzain Oso eta Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiko zuzendari izendatu zuten. Egan aldizkariaren sorkuntzan eta zuzendaritza batzordean parte hartu zuen. 1959an doktoretza tesia aurkeztu zuen, Fonética histórica vasca izenburupean. Torrelavegako institutuan (Kantabrian) irakasle izan zen garai hartan, harik eta Salamancako unibertsitatean Antonio Tovar-ek eta José Vallejok Manuel Larramendi izeneko katedra sortu zuten arte. 1968an, oposizio bidez, hizkuntzalaritza indoeuroparraren katedra lortu zuen. Urte hartan bertan, Euskaltzaindiak euskara batzeko beharrezkoak ziren urratsak eman zitzan eskatu zion. Handik hara, lan horri eskaini zizkion bere ahaleginak. Mitxelenaren iritzien arabera finkatu zen euskara batua. Sorbonneko eta Salamancako unibertsitateetan eskolak eman ondoren, 1977an, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zelarik, Gasteiza etorri zen Filologiako katedrara. Bizitzaren azken urteetan, sari eta ohorezko izendapen ugari izan zituen.