Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Kakaoz eta azukre ehoz egindako oreari deitzen zaio txokolatea, baita produktu hori urtu eta uretan edo esnetan egosita egiten den edariari ere.
Cacaceae familiako theobrama cacao izeneko zuhaitzaren hazia edo baien almendra da kakaoa. Zorro edo baia bakoitzak 20-40 ale edo hazi izaten ditu.
Klima bero eta hezea behar izaten du hazteko zuhaitz horrek. Amerika tropikala du ingurunerik egokiena, ipar latitudeko 23º-tik hego latitudeko 20º-ra bitarteko eremu geografikoa. Tarte horretan daude Mexiko —iparraldera—, Erdialdeko Amerika osoa eta Antillak, Brasileraino, bitarteko herrialde guztiak barne direla. Asian, berriz, Txinako Itsasoa deritzonean landatzen da (Filipina Uharteak, Sri Lanka, Java...); Afrikan, Gineako Golkoko herrietan (Kamerun, Kongo, Gabon...); Ozeanian, Indonesian, Ginea Berrian eta Samoan, besteak beste. Barietate horiek guztiek hainbat kakao mota eta aroma ematen dituzte, eta horiek nahasiz lortzen du txokolategileak nahi duen kalitatea eta zaporea.
Mexikoko tradizio zahar batek dio Qualzalcoult zela lorezain Eguzkiaren Semeak bizi ziren paradisuan, eta hark ekarri zituela Lurrera quacahualt kakao-zuhaitzaren lehen haziak eta gizakien esku jarri jainkoen jaki hura.
Uste da K.a.ko 1.500 aldera hasi zirela landatzen egungo Amerikan kakao-arbola. Gero, olmekek eta maiek hedatu zuten beren ingurunean.
Joan Corominasek dio, bere hiztegi ospetsuan, hitz azteka dela ‘txokolatea’. Badirudi antzinako mexikarrek proportzio berean nahasten zituztela zeiba- eta kakao-haziak (kakáwatl) eta, agian, (pócotl) poco-kakawa-atl hitzetik datorrela izena, hots, “kakao eta zeiba edaria”, espainiarrek chocahuatI hitzarekin laburtua.
Auñamendiren arabera, bestalde, txokolate hitza erabiltzen da Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian; xokolet edo xokolot, berriz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Zenbait hitz konposatu ere badira: xokolet-esne, txokolatesne, kokolet-untzi, xokolegintza, txokolategi edo xokolategi, besteak beste.
Konkistatzaileen eskutik iritsi zen kakaoa Espainiara, Mundu Berriaren kolonizazio-garaian.
1502. urtekoa da lehenbiziko aipamena: urte hartan, maia indiar batzuek eskaini zioten Kristobal Koloni, Güanaja uhartetik gertu, Hondurasko kostaldean.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.
Espainiarrek, Hernán Cortés buru zutela, Mexiko konkistatu zutenean (1516), ohartu ziren bertako jendeak janaritzat eta, era berean, monetatzat erabiltzen zituztela zuhaitz baten haziak, eta bazutela sistema jakin bat truke mota horretarako: countlea 400 kakao-hazi zen; xiquipila, 20 countle, hots, 8.000 hazi, eta carga (hiru xiquipil), hau da, 24.000 hazi.
Moctezuma enperadoreari 2.000 xiquipileko zerga ordaintzen zion, urtean, Tabasco hiriak.
Lehenago genioenez, antzinako mexikarrek edari bat prestatzen zuten kakaoarekin, beste inongo produkturik nahasi gabe (oso gutxitan, eztia eta espezieak). Herri xeheak, aldiz, arto-irin askorekin nahasten zuen kakakoa, jaki gehiago —eta merkeago— izateko.
Hernán Cortések, Karlos V.a enperadoreari bidalitako gutun batean, gorputzaren nekeari aurre egiteko edari hark zeukan ahalmena azaldu zuen.
1520an eraman zuten espainiarrek kakaoa, lehenbiziko aldiz, iberiar penintsulara.
Hasieran ez zen zabaldu haren erabilera, harik eta azukrearekin nahasten hasi ziren arte. Horri esker, nabarmen hobetu ziren txokolatearen zaporea eta kalitatea.
Produktua aurkitu ondorenean, urte luzez eduki zituzten isilpean espainiarrek haren jatorria eta txokolatea egiteko metodoa, eta gogor zigortzen zen baimenik gabe saltzea.
Antonio Carletti florentziarrak eraman zuen Italiara, 1600ean, txokolatea egiteko sistema, eta handik Frantziara iritsi zen, non Luis XIV.aren erregealdian (1641-1715) hedatu zen.
1634an, Curaçao uhartea beren mende hartu zuten holandarrek. Merkantzia-biltegi handia eraiki eta ezkutuko kakao-salerosketan gogotik jardun ziren Venezuelarekin.
Ingalaterran, berriz, 1657an egin zen lehenbiziko txokolate-fabrika.
Kakao-kontrabandoaren hazkunde nabarmena ikusirik, Errege Zedula argitaratu zuten 1663ko urriaren 29an, zeinaren arabera legez kontrakotzat jo eta atzeman egin behar ziren Indietatik Espainiako portuetara sartzen zen kakaoa eta gainerako jeneroak, baldin eta ez baziren ofizialki garraiatuak.
1679an, herbeheretar batek (Bontekoe) txokolateari buruzko liburu bat argitaratu zuen Alemanian, eta, horri esker, are gehiago zabaldu zen produktu hori.
1717ko azaroaren 4an, Marañóngo (Perú) azukre gozoak eta kakaoa espainiaratzea debekatu egin zuen Errege Agindu batek, baita Portugaletik eramatea ere, Indietatik atzerritarrek ekartzen zituzten produktuen sarrera mugatzearren. Antzeko beste Errege Agindu bat plazaratu zen 1718ko ekainaren 9an.
Bide beretik joz, Felipe V.a erregeak Errege Zedula plazaratu zuen 1720ko irailaren 17an, produktu horien sarrera-eskubideak librako 75 marabeditik 33ra jaisteko aginduarekin, barne-merkatua sustatzearren betiere. Urte bereko urriaren 1ean, berriz, ‘tona-eskubidetik’ salbuetsi egin zituen Indiekin merkataritza-mota horretan ziharduten itsasontziak.
Errege Katolikoek judu guztiak kanporatu zituztenean Espainiatik, Frantziara jo zuten haietako askok. Baionan jarri ziren bizitzen batzuk, eta han, Sancti Spirituseko errebalean, txokolatea egiten jarraitu zuten. Sefardiek, beren ondare gastronomikoan, Mexikoko Oaxaca hiriko mojatxoen formula ospetsua ekarri zuten, ‘kakaoa + azukrea= txokolatea’ ekuazioa, alegia. Hori baino lehen, edabe mikatza zen kakaoa, eta erabat erdeinatzen zuten espainiar konkistatzaileek, ekarpen energetikoagatik salbu, edabe hari esker nekatu gabe ibiltzen baitziren —eta lanean aritzen— indigenak.
Baionara iritsi ziren lehenbiziko txokolategileak bezeroen etxeetara joaten ziren, bertan prestatzera edabe ilun eta lurrintsu hura, izugarri gustukoa Errobiren ertzetan bizi zirenentzat. Baionako udala laster hasi zen txokolatea bere protokoloan erabiltzen, eta berehala hedatu zen haren fama erresuma osoan, hain txunditurik geratzen ziren bisitariak. Eskaria asetzeko, arautu egin zuten kakakoaren salerosketa XVII. mendearen erdialdera, eta itsasoz haraindiko kolonietako jeneroari zabaldu egin zizkioten Frantziako portuak. Dena den, txokolategile finen ospeari eutsi egin zioten euskaldunek: XVIII. mendearen amaierako kalkulu batzuen arabera, Iparraldean egina zen Frantzian orduan kontsumitzen zen txokolatearen erdia.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.
1761ean onartu ziren Baionako txokolategileen estatutuak, zeinetako 9. artikuluak zioen Baionako komunitateko maisu izan gabeko inork ez zuela eskubiderik txokolatea egiteko dendarik edo negoziorik zabaltzeko, ez Baionan ez haren barrutian. Auzi ugari eragin zituen arau hark, eta Frantziako Iraultza arte iraun zuten. Baionan, lehenbiziko maisutza-tituluak 1761ean banatu ziren.
Harrigarria da, nolanahi dela ere, Baionako txokolategileek juduekiko erakutsi zuten esker txarra, galarazi egin baitzieten txokolatea saltzea Sancti Spiritusetik kanpora txokolategileen gremioa sortu zutenean, 1761ean. Beraz, ghetto moduko batean jardutera behartu zituzten hiri horretako txokolategintzaren maisu eta aitzindari izanak. Iraultza ondorenean (1789) ezarri zen berriro lehia librea.
Bien bitartean, apenas iristen zen sasoi hartan (XVIII. mendean) Indietako jenerorik gaztelar metropolira (Venezuelako produktuak, adibidez), edo oso prezio garestian saltzen zuten, atzerritarrek betiere.
Ontzi-konpainia batek bere barkuak eskaini zizkion, orduan, Koroari, Indietatik iberiar penintsulara jeneroa zuzenean eramateko.Ontzi haietako bakoitzak 40-50 kanoi zituen. Oniritzia eman zion erregeak proiektuari, eta hala sortu zen Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra.
1727an, Madrilen batzartu ziren Koroaren ministroa, José Patiño, eta Felipe de Aguirre, Gipuzkoako Foru Batzordeko idazkaria, Indien eta Espainiaren arteko merkataritza sustatzeko Itsas Konpainia bat nola eratu eztabaidatzera. Aguirre Gipuzkoara itzultzean, batzorde bat eratu zuten, Konpainiako estatutuen artikuluak idazteko. Batzorde hartako zuzendaritzan jardun ziren Francisco de Munibe e Idiáquez, Peñafloridako kondea; José Ramón de Arteaga, Valmedianoko markesa; José de Areyzaga eta Jerónimo de Lapaza. Estatutuen artikuluak idatzi, eta konpainiako partaide egin zen Felipe V.a (200 akzio erosi zituen, 500na pesokoak). 1728an eratu zen konpainia, Peñafloridako kondea buru zuela. Jenero-sarreraren arazoa konpondu nahirik —Sevillako portuak zeukan ordura arte horren monopolioa—, Erret Agindu bat plazaratu zuen erregeak, 1728ko otsailaren 5ean, portu guztietatik kakaoa eta azukrea (Marañónekoa izan ezik) espainiaratzeko baimena emateko, Sanlúcar de Barramedakotik salbu.
Bazkideek eta Koroak inbertsio handiak egin zituzten arren, jende gutxik jarri zuen dirurik Konpainia eratzeko, eta ez ziren iritsi 500.000 peso biltzera. Hori zela eta, zuzendariek kreditu pertsonalen bila hasi behar izan zuten.
Pasaiako portutik abiatu ziren, 1730eko uztailaren 15ean, Konpainiako lehen hiru ontziak Karibe itsasorantz eta La Guaira porturantz. Ontzien izenak, berriz, hauek ziren: ’San Ignacio’ (Konpainia berriaren zaintzailea, estatutuen lehen artikuluak zioenez), ‘San Joaquín’ eta ‘La Guipuzcoana’. Urriaren 15ean, berriz, ‘Santa Rosa’ itsasontzia abiatu zen.
1730ean hasi zen, bada, menderik mende iraun zuen joan-etorria. Harrezkeroztik, Gipuzkoak ontzi-jabeak, administrariak, istinkatzaileak, errementariak, marinelak... esportatzen zituen, eta jeneroak inportatzen.
1728an, anegako 80 pesoan saltzen zen kakaoa Espainiako portuetan, eta berehala 1000 pesora iristea espero zen; ‘La Guipuzcoana’ ontziak, ordea, 45 pesoan saldu zuen 1732an.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala.
Aurrez, baina, une mingotsak jasan zituzten Konpainiakoek: biziki zorpetu ziren haren sortzaileak, eta bi urte luze itxaron behar izan zituzten lehenbiziko ontzia Amerikara iritsi (1730ean) eta handik itzuli arte. Tarte horretan, behar zuten azpiegitura sortu zuten: zenbait langile bidali zituzten Caracasera, eta harremanetan jarri ziren nekazari eta lurjabeekin. Gogor erreakzionatu zuten kontrabandista herbeheretarrek Konpainiaren aurka, bai hitzez, bai egitez: kakaoa ezkutatu egiten zuten, sobornoak ordaintzen zituzten, matxinadak antolatzen...
‘La Guipuzcoana’ babes-sistema bat eratu zuen —bai lehorrean, bai itsasoan—, eta, horri esker, Konpainiak urtean pleitatu behar zituen bi ontzien ordez, lau ere itsasoratzen zituen.
Lehenbiziko bi bidaiak amaitzean, 2.861.430 peso zituzten inbertituak akziodunek. Jeneroaren salmentak (80.000 anega), berriz, 3.600.000 peso eman zituen, hots, 738.570 pesokoa izan zen etekina.
Geroago, urtean sei ontzi abiatzen ziren, Pasaia eta Donostiatik, eta zuzenean jotzen zuten La Guaira eta Puerto Cabello. Bigarren portu horretan finkatu zen ‘La Guipuzcoana’, baita Barquisimetro, Coro, Maracaibo eta Cumanán ere.
Konpainiak salmentarako biltegiak eraikiarazi zituen Madril, Donostia, Cádiz, Alacant eta Bartzelonan, eta beste hiri batzuetara ere hedatu zen.
Arrakastaren norainokoa ikusirik, Koroak ere bat egin zuen ekimenarekin, eta Erret Agindu bat plazaratu zuen, 1734ko apirilaren 14an, Portugaldik Marañóngo azukreak, gozokiak eta kakaoa eta “Txinako eta Asiako zetak, eta kotoi eta mihise margotuak” inportatzea galarazten zuten dekretuak aintzat hartzeko aginduarekin.
Bi pribilegio izan zituen Konpainiak: bata, kakaoa merkaturatzeko monopolioa; bestea, legez kanpoko merkataritza jazartzekoa, baita estatu espainiarretik kanpora ere, eta beretzat hartzekoa atzemandako kontrabandoko jeneroa.
Ordaintzat, berriz, hau agindu zioten: Sevillako portura itzuli behar zirela ontziak, abiatu Pasaiakotik edo Donostiakotik egin bazezaketen ere. Gerora, Sevillakora ordez, Cádizekora itzuli behar zuten.
Kontrabandoari aurre egiteko, zenbait bailandra eta xebeka jarri zituen Konpainiak, Venezuelako kostaldea zaintzeko.
1735erako, bestalde, erabat onbideratua zen Konpainiaren egoera.
1739tik 1748ra bitartean, arazo larri bat izan zuen enpresak: Espainia eta Ingalaterra arteko gerra. Tropak eta hornidurak garraiatzera behartzen zituzten ontzi komertzialak, eta, sarritan, ontzi ingelesen erasoetatik babestera. Hala hondoratu ziren ‘San Ignacio’, ‘Nuestra Señora del Coro’ eta ‘Santiago’ ontziak, Caracasera zihoazela, jeneroz beteak, eta ‘Hércules’, ‘Júpiter’, ‘Chata’, ‘Sirena’, ‘Santa Teresa’ eta ‘San Vicente Ferrer’, itzultzen ari zirela. Orotara, hamaika ontzi hondoratu ziren.
1749an, beste arazo bat agertu zen: matxinada-ahalegina ‘Panaquiré’n (Venezuela).
Espainian, bien bitartean, kontrabandoa jazartzen segitzen zuten. 1749ko maiatzaren 6an, baimena eman zuen nuntzioak “komentuak, ospitaleak, etxeak eta erret jurisdikzio arruntetik kanpo dauden gainerako lekuak behatu, miatu eta begiratzeko, Erret Errentetako ministroek hala eskatuta, kontrabandoen berri izateko”.
Fernando VI.ak zorrotzago kontrolatu nahi zuen Konpainia, eta beldur zenez ez ote zen 1749koaren antzeko matxinadaren bat izango, erabaki zuen, 1751n, Gortera aldatzea Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarraren akziodunen batzarra. Aro berria hasi zuen, bada, Konpainiak, baina gure probintziari ez zion batere onurarik ekarri, alderantziz baizik.
Venezuelan, berriz, izugarri hazi zen kakao-laborantza 1735etik 1763ra: bikoiztu egin zen uzten emaitza (urtean 60.000 anegatik 130.000ra); landu gabe edo utzita zeuden lurrak aprobetxatu egin ziren... Venezuelari onura ikaragarria ekarri zion hazkundeak; izan ere, Konpainiak ez zeukan kakakoa erosteko eskubide esklusiborik, eta nahi zuenari saltzeko eskubidea zuen uztaren jabeak.
Holandarrak kanporatzeak Konpainiak uzta-jabeei ematen zien dirua bikoiztea ekarri zuen. Caracaseko gotzaina ere onuradun suertatu zen: Konpainia sortu aurretik, urtean 8-10.000 pesoko hamarrenak jasotzen zituen; gerora, 20.000 ere bai. Hori guztia gorabehera (edo horrexegatik, hain justu ere), zenbaiten inbidiak eta botere-nahiak azaleratu ziren, eta beste matxinada-saiakera bat izan zen (‘Goagiroena’ deitu zioten), 1766an, Maracaibon, aparteko ondoriorik izan ez bazuen ere.
1767an, bere kabuz hasi zen ‘La Guipuzcoana’ konpainia kotoia landatzen Venezuelan. Ez zuten ezagutzen, ordura arte, landare hori inguru haietan. Antonio Arbide, bizkaitarra, bidali zuen Konpainiak zeregin hura gidatzera. Horrekin batera, Caracaseko Batzarra sortu zuen Konpainiak, eta eskumenak eman zizkion, erabakiak lotesleak izan zitezen. Madril eta Caracaseko kapitalak sartzeak Konpainiaren egiturak demokratizatzea eragin zuen, ordura arte Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrean nagusi izandako irizpide-batasunari kalte larria egin bazion ere.
1774ko urtarrilaren 17an, itsasoz haraindiko merkataritza liberalizatzeko Erret Agindu bat plazaratu zen, zeinak elkarrekin salerosketan jarduteko debekua kendu egiten zien zenbait koloniari (Por la qual se digna alzar y quitar en los quatro Reynos del Perú, Nueva España, Nuevo Reyno de Granada y Guathemala, la... prohibición que había entre ellos del Comercio recíproco, por el Mar del Sur... y permitir libremente a todos sus naturales y habitantes que lo puedan practicar desde el día de la publicación de esta Real Cédula). 1776ko urriaren 3an, berriz, beste ebazpen bat plazaratu zuten San Ildefonsotik, aipatutako baimena beste zenbait lekutara hedatzeko (extendiendo a la Provincia de Santa Marta, en Tierra Firme, el comercia libre, establecido para Cuba, Stº Domingo, Puerto Rico, Margarita y Trinidad).
1776an, Luis XIV.a errege zela, egin zen, ofizialki, Frantziako lehenbiziko txokolate-fabrika, eta ‘Chocolaterie Royale’ izena jarri zioten. Nabarmen hedatu zen harrezkeroztik produktu hura. Handik bi urtera, 1778an, hasi zen frantses bat (Doret) makineria erabiltzen txokolate-produkzioa handitzeko.
Dagokigun kontakizunera itzulita, gogoratzekoa da 1776ko espainiar lege berriek amaiarazi egin zutela Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarrari emandako monopolioa, baita haren oinarriak ere, konpainia partikularrak sortzeko aukera ematen zuen eta.
1779an, Espainia eta Britainia Handiaren arteko gerra lehertu zen, eta berriro joan zitzaion Koroa Konpainiari laguntza eske. Espainiar monarkiarekiko leialtasuna gorabehera, zurrumurruek zioten ‘La Guipuzcoana’ herbeheretarrekin harremanetan zebilela, alboko uharte batekin (Curaçao) kakao-kontrabandoa egiten. Faktore horrek eta beste zenbaitek eragin zuten, geroago, hondamena: enpresa desegitea.
1781eko urtarrilaren 11n, Erret Agindu batek alkabalak, ehunenak eta milioiak zeritzen zergak heren bat igotzeko manatzen zuen, gerra-gastuei eusteko, eta handitzeko, halaber, zeta, artile, kalamu, ardo, azukre, kakako eta txokolatearen gaineko zergak ere (que se contribuya con una tercera parte más de lo que importan las contribuciones de Alcabalas, Cientos y Millones para ocurrir a los gastos de la guerra. Impuesto sobre la seda, lana, cáñamo, vino, azúcar, cacao y chocolate). 1781eko otsailaren 15ean beste agindu bat plazaratu zen, zeinaren arabera ekimen pribatuz sortutako konpainien eskubideekin parekatzen ziren Erret Konpainiarenak. Azkenik, 1785eko martxoaren 10ean, desegin egin zen Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra eta beste konpainia berriago batean sartu: Filipinetako Erret Konpainian. Hala bukatu zen, bada, 57 urteko borroka latza, non gaur egun hain erraz eskuratzen dugun jaki hori (txokolatea) hedatzen saiatu ziren, eta lortu. 1789ko otsailaren 28an, merkataritza librean jarduteko baimena eman zien beste Erret Dekretu batek Caracasi eta Espainia Berriari (concediendo comercio libre de frutos para Caracas y Nueva España).
Baina kontrabandoak Koroarentzat kezka-iturri izaten segitzen zuen, 1790eko maiatzaren 19an Aranjuezetik argitara eman zuten Erret Zedulak erakusten digunez: se declara que las personas que hayan ocupado en el contrabando no pueden obtener los oficios de república, hots, kargu publikorik ezin zutela izan kontrabandoan jardundakoek. 1793ko abuztuaren 21ean, berriz, beste Zedula bat argitaratu zuten, zeinak agintzen zuen kontrabandoagatik kondenatuak armadako errejimentuetara bidaltzeko, Afrikara nahiz Amerikara (en la que se manda a los Reos de Contrabando o fraude se les destine al servicio de las Armas en los Regimientos del Exercito, o en los fixos de los Presidios de Africa o América y no siendo aptos para ellos a la Marina).
Datuek adierazten digutenez, garrantzi handia izan zuen txokolatearen zabalkundean eta merkataritza-tekniketan (egun ‘marketina’ deitzen diogun horretan) Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarraren sorrerak (sortu eta lehenbiziko 53 urteetan, 1.146.818 kakao-anega inportatu zituen Konpainiak). Hain justu ere, Euskal Herriaren ondare ekonomiko eta kulturalean puntako izandako beste elkarte bat (Euskalerriaren Adiskideak) sortu zutenen gurasoek eratu zuten Konpainia. “Halako gurasoetatik, halako umeak”, esango luke bakarren batek. Aita Lasaren Tejiendo historia liburuan, Andrés Bello idazlearen esaldi hau ageri da: La Compañía Guipuzcoana fue el acto más memorable del reinado de Felipe V en las Américas (La Guipuzcoana Konpainiaren sorrera izan zen Felipe V.aren erregealdian Ameriketan egin zen zerik garrantzizkoena).
Bibliografia
AGUIRRE SORONDO, Antxon. Los chocolateros de Mendaro. Cuadernos de Sección Antropología y Etnografía. 3. zk. 7-47. or. Eusko Ikaskuntza / Sociedad de Estudios Vascos. Donostia. 1985.
AUÑAMENDI. Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Auñamendi argitaletxea. Donostia. 1977.
AZKUE, Resurrección M.. Diccionario Vasco-Español-Francés. 1906. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo. 1969.
BASTERRA, Ramón de. Una empresa del siglo XVIII. Los navíos de la Ilustración. Bolivar moldiztegia. Caracas. 1925.
COROMINAS, Joan. Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Gredos argitaletxea. Madril. 1980.
GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Artesanos de la Regata del Bidasoa. Txertoa argitaletxea. Donostia. 1983.
GORROTXATEGUI PICASARRI, José María. Historia de la confitería y repostería vasca. Sendoa. Zarautz. 1987
GRANJEL, Luis S. Una descripción de San Sebastián de 1826. Salamancako unibertsitatea. Salamanca. 1982.
JURIO, Jimeno. Estudio del grupo domestico de Artajona. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. II. urtea, VI. zenbakia. Nafarroako Foru Diputazioa. 1970.
LASA, Fr. Jose Ignacio. Tejiendo Historia. Sdad. Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. Donostia. 1977.
MARTÍNEZ DE ISASTI, Lope. Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. 1625. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo. 1972.
MORENO GARBAYO, Natividad. Colección de Reales Cédulas del Archivo Histórico Nacional. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa. Madril. 1977.
MURUGARREN ZAMORA, Luis. Elgoibar y su Monasterio de Sta. Clara. Moja klaratarrak. Elgoibar. 1984.
REAL ACADEMIA DE LA HISTORIA. Diccionario Geográfico-Histórico de España. 1802. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo. 1968.