Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Irakaslearen pentsamendua gorputz hezkuntzako Joko eta Jolasetan: Getxoko lehen hezkuntzako ikastetxe baten analisia

Sarrera

Irakaslearen barne pentsamendua proposatutako joko eta jolasetan adierazten da eta hau programatutako egoera motore horien barne logika (Parlebas, 2001) aztertuz ikusi dezakegu. Ikerketa honetan barne pentsamendu hori agerian jarri nahi dugu, gorputz hezkuntzako eskoletan eginiko joko-jolas bakoitzaren espazio eta denborarekiko harremana, partaideen arteko erlazioak eta materialaren erabilera sakontasunean aztertuz.

Bizkaiko Getxo udalerrian dagoen Geroa ikastetxe publikoa aukeratu dugu ikerketarako, ikastetxeko baimenaz gain gorputz hezkuntzako irakaslearen laguntza izan dugularik. Behaketa bidez eginiko ikerketa honetan, 2007/08 ikasturteko lehen hezkuntzako bigarren mailan lehen hiruhilabetean gorputz hezkuntzako eskoletan egindako jarduerak aztertzen dira.

Zer espero dezakegu hezkuntzaz? Eta gorputz hezkuntzaz?

Eguneroko bizitzan eta murgilduak gauden gizartean probetxuz moldatzearren hezkuntzaren helburua hiritarrak sortzea da: erraztasunez bizitzeko gaitasunak lortuz, pertsonen arteko erlazioak sustatuz, eta egoera desberdinak gainditzeko baliabideak eskainiz. Ikastetxeak moldaketa hauetarako beharrezkoak diren baliabideak eskaini behar dizkio ikasleari. Heziketa fisikoa, komunikazio motorraren baliabide bezala, norberarekiko garapenean eta hiritartasunean hezteko baliagarria izango, beti ere irakasleek ontzat hartzen dituzten baloreekin.

Espazioaren erabilera

Gorputz hezkuntzako ikaslea jarduera fisikoak egitean bi espazio motekin erlazionatzen da: aldatzen ez diren eremu egonkorrekin, eskolako patioa kasu; eta ziurgabetasuna sortzen duten ingurune aldakorrekin: ingurune naturalekin. Bata edo bestearen aukeraketak ikasleari balore eta ikasketa desberdinak eskainiko dizkio. Lehenengoak, egonkorrak, ziurtasuna, segurtasuna eta konfiantzako sentsazioak sorrarazten dituen bitartean, bigarrenak, espazio aldakor batetara moldatzeko beharra eskatuko dio ikasleari. Bi espazio mota hauen artean Geroa ikastetxeko irakasleak eremu ziurra erabili du bere joko eta jolas guztiak proposatzerakoan, hau da, ikasleek eginiko jarduera guztiak, gizakiak moldatutako espazioetan praktikatu dira. Jarduerak burutu diren inguruneari buruzko datu hori esanguratsua bihurtzen zaigu eta eskolak, murgilduak gauden gizarteak bezala funtzionatzen duela adierazten digu; kasu honetan, eskolako frontoiak, patioak eta gimnasioak erabiliz, etxeak sorrarazten dion babesaren sentsazio berbera eskainiko zaio ikasleari.

Argazkia: (A3R) angelrravelor (A3R)

Argazkia: (A3R) angelrravelor (A3R).
http://www.flickr.com/photos/angelrravelor/274806511/

Denboraren neurriak

Joko eta jolas bakoitzak denbora modu desberdinean biziarazteko aukera eskaintzen digu. Batzuetan, jardueraren barne logikak adieraziko du joko edo jolasaren bukaera. Horietan, jokoak berezkoa duen denboraren egituraketak: mugatutako denborak edo tanteoak; irabaztearen plazeraren bila bultzatzen du partaidea. Beste kasu batzuetan berriz, jolasaren bukaera, kanpo logikaren elementuren batengatik ezarria izango da: eskolaren amaiera, irakaslearen agindua… Jolas hauen praktikaren bidez partekatzeko plazera landuko dugu. Geroa ikastetxeko irakasleak azken hauek aukeratu ditu batez ere bere ikasleen praktiketarako: jarduera guztien % 85 emaitza gordetzen ez den irabazle gabekoak izan dira eta % 15 memorian gorde eta garailea dutenak. Joera honek argi adierazten du, irakaslearen aukera, jokabide motor desberdinen bizipena dela kasu honetan garrantzitsuena eta ez hauengandik lortutako garapena edo emaitza. Klaseko partaide guztien arteko partekatzea da helburua irakaslearentzat eta hauen bitartez, eman, hartu, lagundu eta banatzearen baloreak biziaraztea; etxean, familian, egiten dugun bezala, konparaketarik eta irabazlerik gabe.

Partaideen arteko elkarrekintzak

Jarduera fisikoak egiten ari diren ikasleen arteko elkarrekintza bi erlazio modutan banatu dezakegu: modu psikomotorrean edo soziomotorrean. Egoera psikomotorren bidez ikasleak bere bakarkako gaitasunen garapena lortuko du, norberaren balore indibiduala bultzatuz. Egoera soziomotorretan berriz, jardule ikasleak elkarrekintzan arituko dira; kide edo arerioekin komunikatu beharrean gertatuko dira, mezuak adierazteko edo ezkutatzeko, emozioak hartu eta emateko. Egoera hauetan ikasleak baloia edo pilota noiz pasa behar duen ikasten du, noiz harrapatu edo eta noiz bultzatu; nori lagundu eta norekin ezkutatu erabakitzen du eta erlazionatzeko ehunka modu desberdin bizitzen ditu. Kooperazio edo oposiziozko erlazioan, rola aldatuz, laguntzen edo besarkatzen, emozioak adierazi eta bultzatzen dituzten harremanetan. Norbera eta kidea errespetuz tratatzen elkarbizitzen duen bitartean, ikasten du bizitzen. Geroa ikastolako irakasleak proposatutako joko eta jolasetatik % 91 soziomotorrak izan dira; ikasleen arteko harremana da garrantzitsuena. Jarduera psikomotorrak % 9ko presentzi aizan dute bakarrik.

Erabilitako materiala

Teknologiaren garaian bizi gara eta hau egunerokotasuneko edozein arlotan ikusi genezake. Eskola, gizartearen pare joateko beharrez, teknologia berrietan eguneratua egoteko esfortzua egiten ari da. Ordenagailu, arbela digitala edo bideo moderno horietako bat ez duen ikastetxerik ez dago gaur egun. Kiroletan berdintsu gertatzen da, teknologiarekin bat zaude, edo ez daukazu zer eginik eskalada, parapentea edo txirrindularitzan esate baterako. Heziketa fisikoko eskoletan erabiltzen den materiala gizartearen garapenarekin bat doala esan genezake. Erabiltzen diren tresna eta material desberdinak, modernoak eta teknologia aldetik eguneratuak daude. Eskola umeak erakartzeko eta arriskurik gabe jarduera desberdinak praktikatzeko sortu diren material berriekin egindakoak: pvcko baloi eta pilota koloredunak, moldatutako lastairatsuak, tamaina desberdinetako uztai borobilak eta erraz erabili daitezkeen ipar-orratzak. Geroa ikastolan egindako joko eta jolasetatik % 60 materialarekin praktikatuak izan dira eta % 40 objekturik gabe.

Konklusioak

Geroa ikastetxeko irakasleak proposatutako joko-jolasak, etxekotutako eremu ziurretan praktikatzen dira, konparaketa eta sailkapenik gabekoak dira, taldekideen arteko elkarbizitzaren baloreak bultzatzen dituzte eta objektuen menpekotasuna dute. Errealitate honek, barne logikako elementuen konbinaketa izanik, ikaslea eskolan murgildua dagoen giroa erakusten digu: aukera berdinetan erlazionatuz eta espazio egonkorrean teknologiaren aldetik eguneratua egonez.

Eskolak etxeko giroa errepikatzen du, ekintzak garatzen diren eremuetan ziurtasuna eskainiz, norberarekiko akatsak eta ahultasunak ezkutatuz eta bertute eta bizipenak potentziatuz; taldean egin beharreko jardueratan eta taldekideen komunikazioan laguntzen du eta teknologiaren aldetik gizartearekin batera garatzen doa. Balore hauen ezaugarriek, ikastetxea, familia handi eta profesionala egiten dute.

Gizarte eta eskolaren arteko balore berdintasun horiek, heziketa fisikoko irakaslearen barne pentsamendua agerian jartzen du. Lehen hezkuntzako eskoletan gizarteak jarraitzen duen korrontea, irakaslearen barne pentsamenduaren isla besterik ez da: irakasleak ama bezala jokatzen duen hezkuntza, hezkuntza familiarra.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media