Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Oklahomako Bihotz Sakratua Abadiako euskal beneditar ahaztuak (I / II)

Gaur egun Estatu Batuetan bizi diren euskaldunek ondo dakite Frantziako Baionako elizbarrutiak euskal misiolariak bidali zituela urtetan euren era askotako premia espiritualez arduratzera. 1961. urteaz geroztik, apaiz horien zeregina erabakigarria izan da euskal kulturak hemen, Amerikan, izan duen iraunkortasunean. Baionako apezpikua 1958an hasi zen misiolariak bidaltzen hona, aita Charles Espelette, Kaliforniako Montebelloko monasterio zaharretik Ipar Amerikako euskaldunez arduratzen zen fraide beneditarra, hil ondoren. Zenbatek ote dakite, ordea, aita Espelette Oklahoman, indiarren lurraldearen erdian, kokatutako Bihotz Sakratua Abadiatik Montebellora bidalitako monje beneditarra zela eta 1881etik 1966ra Bihotz Sakratua Abadiari loturik egondako fraide, anaia, elizgizon eta moja euskaldunek, 50 inguru, osatzen zuten fraide-komunitateko azken kideetako bat izan zela? Oklahomako komunitateak 1905ean sortu zuen monasterioa Kalifornia hegoaldean, bereziki mendebaldeko estatuetan bizi ziren euskaldunen premiez arduratzeko. Honako kontakizun honetan azaltzen da nola iritsi zen euskal beneditarren komunitate hori Oklahomara, nola hedatu zituzten euren jarduerak Kaliforniara, eta beraien ardurapeko erlijio- eta hezkuntza-komunitateei nahiz Ipar Amerikan bizi ziren familia euskaldunei emandako era askotako laguntzak ere bai. Ahaztutako zerbitzari horien historia gogora ekarri eta Amerikako euskal kulturan izan zuten parte-hartzearen oroitzapena suspertu nahi du kontakizun honek.

Fr. Espelette Montebello Monastegiaren aurrean

Fr. Espelette Montebello Monastegiaren aurrean.

Euskal historialariek egin izan dituzte beneditar hauei buruzko aipamenak, baina oso azalekoak eta gaizki ulertuak. 1894an, Los Angelesen argitaratzen zen California’ko Eskual Herria euskal egunkarian hainbat artikulu idatzi ziren “Oklahoma lurraldean misio bat sortu zuen apaiz euskaldunen talde bati buruz” (Douglass 1975). Hurrengo urtean, egunkari berak Frantziako apaiz baten artikulua argitaratu zuen, non “Kaliforniako koloniari errieta egiten zion kaperau euskalduna lortzeko behar ziren urratsak ez emateagatik” (Douglass 1975). Pierre Llande-k L’emigration basque liburuan dioenez, 1910ean Los Angeleseko Conaty apezpikuak misiolariak bidaltzeko eskatu zion Baionako apezpikuari, eta geroxeago monasterioa eraiki ahal izan zuen Montebellon (Llande 1910). Llandek ez du Bihotz Sakratua Abadiaren eginkizunik aipatzen bere liburuan. Adrian Gachiteguyren Les Basques dans L’Ouest Americain liburuko misiolari horiei buruzko aipu bakarraren arabera, berriz, “Aita Gariador-i, Los Angeleseko egoiliarrari” Wyomingeko Buffaloko euskaldunei Jasokunde eguneko ospakizunetan laguntzeko eskatu zioten 1918an (Gachiteguy 1955). 1918an, aita Gariador Oklahomako egoiliarra zen eta ez dago Bihotz Sakratuari buruzko aipamenik. Douglassek eta Bilbaok Amerikanuak liburuan aipatzen dute taldea, baina paragrafo pare bat besterik ez diote eskaintzen, dela haien historiak gehiago merezi ez zuelako, dela taldeak euskaldunen komunitate handian izan zuen parte-hartze garrantzitsuaren berririk ez zutelako. Duela gutxi, 1998an, Nancy Zubirik A Travel Guide to Basque America liburuan biak, aita Espelette eta aita Gariador, Montebelloko Carmel Mendia elizako apaizak zirela esaten du, baina ez du euskal beneditarren komunitate zabalagoa aipatzen.

Ia Amerikanuak argitaratzearekin batera, aita Joseph F Murphyk Tenacious Monks - The Oklahoma Benedictines, 1875-1975: Indian Missionaries, Catholic Founders, Educators and Agriculturists liburua argitaratu zuen 1974an. 100 urteko historia zehatz horrek fraide-komunitate horren gorabeherak azaltzen ditu, euskaldunak barne direla. Amerikanuak Ipar Amerikako euskaldunen historiari buruzko lan nagusia izaten jarraitzen badu ere, badirudi Douglassek eta Bilbaok, beste zenbait egilek bezala, alde batera utzi dituztela Bihotz Sakratuko beneditar-komunitate euskaldunaren historia benetan bikain horren xehetasunak.

Bihotz Sakratua Abadiaren historia 1875ean hasten da, bi frantziarrek, aita Isidore Robot-ek eta anaia Dominic Lambert-ek, Oklahomako monasterioa sortu zutenean Jatorrizko Betetzearen Kongregazioa izeneko Europako beneditarren komunitateko atal modura. Erakunde horrek Europako hainbat monasterio kontrolatzen zituen eta hauen misiolari-jarduerak Ipar Amerikako herri indiarrengana eraman nahi zituen. Zenbait urtetan, Kongregazioaren Abade Nagusiak ordezkariak bidali zituen Ipar Amerikara beneditarren monasterioa sortzeko leku egokia bila zezaten. 1875ean, Benediktoren Arau zaharrei eskainitako monasterioa Konawatik gertu eraikitzea erabaki zuten, Potawatomi indiarren erreserbakoak bizi ziren Oklahomako lurraldean. Kongregazio protestanteak nahiko indartsuak ziren eremu haietan eta Eliza Katolikoari dagokionez, berriz, eskualde hartan egiten zuen lehen saioa zen hura. Indiarren Lurraldeko Prefekturaren eta inguru hartako katoliko arruntak bere ardurapean zituen Arkansasko Little Rock-eko apezpikuaren arteko elkarlanaren bidez sortu zen Abadia. Monasterioa sortzeko oztopo nagusia, hala ere, lurralde mortu hartara erlijiosoak erakartzeko zailtasuna izan zen.

Bien bitartean, Frantzian, Napoleon III.aren 1871ko erorketaren ondoren, gobernu laikoak onartutako politika eta lege antiklerikalak arriskuan ipini zituen erlijio-erakundeak urte askotan. Komunitate anitz itxiarazi zituzten eta haietan bizi ziren fraideak atzerriko beste herrialde batzuetara bidali zituzten debekuari ihes egiteko. Errepresio antiklerikalaren garaian, bi izan ziren, bereziki, fraide galera handiak izan zituzten komentuak: Yonne Departamenduko St. Pierre-qui-Vire monasterioa eta Ipar Euskal Herriko Belokeko abadia. Bi monasterioek fraide izan nahi zuten hainbat gazte euskaldun erakarri zituzten. Atzerriratutako euskaldunek, hasiera batean, Ingalaterrako, Irlandako eta Eskoziako komentuetara ihes egin zuten, baina han haientzat adinako lekurik edo baliabiderik ez zegoen eta, azkenean, Oklahomara jo zuten. Beraz, Frantziako mugimendu antiklerikalak hornitu zuen aita Roboten Amerikako misioa behar zituen elizgizonez.

Oklahomara iritsitako lehen euskalduna aita Gabriel Arreguy izan zen, zeina bost laguneko karabana txiki bateko kide modura heldu baitzen 1881ean, baina hurrengo urtean Frantziara itzuli zen. Litekeena da aita Gabriel Belokera itzultzeak beste euskaldun batzuri Beloketik Oklahomarako bidaia egiteko adorea eman izatea.

Fr. Thomas Duperou

Fr. Thomas Duperou.

Oklahoman denboraldi esanguratsua igaro zuen lehen euskalduna, Frantziako Ziburun jaiotako aita Thomas Duperou izan zen. Aita Thomas St. Pierre-qui-Vireko monastegian hasi zen ikasten eta botoak ere hantxe egin zituen. 1875ean, beste euskaldun batekin elkartu zen, aita Augustine Bastres-ekin, Frantziako Ahurtin Belokeko Ama Birjina izeneko monasterio berri bat sortzeko. Aita Bastres lehenbiziko Abade modura Beloken gelditu zen bitartean, aita Duperou komentuz komentu ibili zen Europan zehar atzerriratutako euskal gazteentzako leku bila. Azkenean, antzinako fraide-leku bat aurkitu zuen Ingalaterrako Buckfast-en eta 1882an monasterio berria sortu zuen bertan, monasterioko nagusi izan zelarik 1884. urtera arte. Hainbesterainoko zirrara eragin zien bere nagusiei, non Kongregazioaren Abade Nagusiak Oklahomara nagusi modura joateko eskatu baitzion Duperouri, oso zaila baitzen lurralde hartan monasterioko ospakizunak gauzatzea. Badirudi Oklahomara joate horrek berekin ekarri zuela beste euskaldun asko ere hara joatea. Bihotz Sakratuko lehen urteetako zuzendari izan zen garaian, gorespen ugari bereganatu zuen. 1896an, hil baino urtebete lehenago, monasterioko lehenbiziko benetako abade aukeratu zuten.

Aita Duperouk fraide bila egindako ahaleginak zirela eta, 1888an lau euskaldun gehiago iritsi ziren Bihotz Sakratura. Honako hauek, hain zuzen ere: aita Leo Gariador, bi elizgizon, Hippolyte Topet eta Guillaume Ospital, eta Francois Touron anaia legoa. Kansasko apezpikuak hurrengo urtean ordenatu zituen bi elizgizonak. 1889an ere, aita Duperou Frantziara itzuli eta hamalau misiolari ekarri zituen handik. Euskaldunen artean zeuden Placide Harismendy eta Gratian Ardans fraidegaiak, Martin Larran, Theodore Ayzaguer, Justin Belza eta Casamir Etchechury anaiak, eta beste lau monja beneditar, Gabrielle Ospital, Eurosie Ospital, Josephine Irigoyen eta Anselme Haran arrebak. 1893an, aita Bastresek Bihotz Sakratua bisitatu zuen bederatzi laguneko talde batekin. Horien artean ziren aita Blaise Haritchabalet, Clement Dupont eta Ildephonse Ellisalde elizgizonak eta bi anaia lego, Florentio Ramirez eta Thomas Zurutusa. 1896. urtea baino lehen apaizgai gehiago ere iritsi ziren, horien artean Aloysius Hitta eta Vincent Montalibet. Urte hartan, Bihotz Sakratuko zerrenda ofizialean 17 apaiz agertzen ziren eta haietako asko euskaldunak ziren (Murphy 1974).

Mendearen hasierarako, Bihotz Sakratua Abadiako beneditarrek hainbat eraikin eginak zituzten, besteak beste monasterioa, bizilekuak, moja-komentua eta ikastetxea. Beneditarrek Bihotz Sakratuko Mutilen Ikastetxean irakasten zieten eskualdeko mutikoei eta neskak Andra Mariaren Akademiara joan ohi ziren. Bihotz Sakratuko apaizek monasterioko elizgizonen baimena ere bazuten eskualdeko hainbat parrokiatan laguntzeko. Lurra landu eta laborantza- nahiz baratze-lanetan jarduten zuten behar zituzten janariak eskuratzeko. Bere kabuz mantenurako adina sortzen zuen fraide-komunitatea zen.

Fr. Leo Gariador

Fr. Leo Gariador.

1890eko hamarkadan, euskal misiolariek hainbat esplorazio-espedizio egin zituzten Oklahomatik Ipar Amerikako mendebaldean hainbat euskal kolonia bisitatzeko. Agiriek erakusten dutenez, aita Leo Gariadorek, aita Gratian Ardansek eta aita Hippolyte Topetek ekin zieten misiolari-bidaia horiei. 1905ean, Frantziako Aldudeko lehengusuak, aita Gariador eta aita Ardans, Kalifornia Hegoaldera heldu ziren, han beneditarren komentu iraunkorra sortzeko asmoarekin. Hasieran, Tehachapi aldean kokatu ziren, baina gero Montebello leku hobea izan zitekeela jakin zuten. 1906ko martxoaren 22an, Thomas Conaty apezpikuak aita Gariadori idatzi zion gutunean, gonbidapena luzatzen zien “Ordena Kaliforniako Montebellon eratzeko, argi eta garbi adieraziz beraien eginkizuna izango zela, lehendabizi, elizbarrutiko euskaldunen premia espiritualak zaintzea… bigarrenik, ia parrokia mailako eskubideak izatea Montebellon, Newmark-en, Rowland-en eta Puente-n…” (Murphy 1974). Aita Gariadorek berehala 40 akre erosi zituen Montebellon komunitatearen izenean eta jatorrizko kapera eta bizilekuak eraikitzen hasi ziren.

Apezpikuak bi eratako erantzukizunak eman zizkienez, hots, euskaldunen arteko misiolari-lanak eta inguruko parrokietako zereginak, aita Ardans Kalifornia Hegoaldean gelditu zen bertako parrokiak zaintzen eta aita Gariadorek bere gain hartu zuen misiolari ibiltariaren eginkizuna. 1905-1909 urteetako aita Gariadoren egunkarien arabera, Kalifornia Hegoaldeko euskaldunen artean ez ezik, Kalifornia Iparraldea, Nevada, Utah, Idaho, Montana, Oregon eta Wyoming zeharkatuz ere bidaia ugari egin zituen. Haren egunkarietako hainbat oharretan, bisitatzen zituen familiez gain mezetara eta/edo aitortzera joaten ziren euskaldunen kopuruak ere aipatzen dira. Eskuzabal izandakoak ere goresten ditu, hala nola Fullerton-eko Bastanchurytarrak eta Lancasterreko Goytinotarrak, beste askoren artean. 1909an, aita Gariador Bihotz Sakratuko Priore Administratzaile izendatu zuten eta Oklahomara itzultzeko eskatu zioten eginkizun berriak bere gain hartzera.

Bibliografia:

Douglass, William A. eta Jon Bilbao (1975) Amerikanuak: Basques in the New World, Reno Nevada: University of Nevada Press.

Gachiteguy, Adrian (1955) Les Basques dans L’Ouest Americain, Bordeaux.

Aita Leo Gariadoren egunkariak, OSB, 1888-1936.

Llande, Pierre (1910) L’emigration basque, Paris.

Murphy, Joseph F. (1974) Tenacious Monks - The Oklahoma Benedictines, 1875-1975: Indian Missionaries, Catholic Founders, Educators and Agriculturists, Shawnee Oklahoma: Benedictine Color Press, St. Gregory’s Abbey.

Otoizlari (1987), Ahurti, Frantzia: Ezkila argitalpena, Bellokeko Ama Birjina, 124. zk. 1987ko apirila/ekaina.

Zubiri, Nancy (1998) A Travel Guide to Basque America: Families, Feasts & Festivals, Reno, Nevada: University of Nevada Press

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media