Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Kalifornia Hegoaldean, fraideen jarduerak hiru parrokietara hedatu ziren. Montebellon, Simon anaiek, herriko adreilu-biltegiaren jabeek, ongile eskuzabalak izan ziren eta Carmel Mendiko Ama Birjinaren parrokia-eliza eraikitzen lagundu zuten. Monasterioaren eraikinak egiteko lurra eta fruta-arbola eta lorategientzako sailak ere eman zituzten. Eraikin horiek monasterioaren Kaliforniako egoitza izan ziren 1958ra arte. Alde hartan langile mexikar ugari bizi zen eta haiek izan ziren eliza berri haren eliztar nagusiak. La Puenten, eliza metodista zahar bat katolikoen parrokia bilakatu eta San Jose izena hartu zuen 1905ean. Hasieran, Montebelloko apaiz euskaldun bat joaten zen hara asteburuetan meza ematera, baina gero aita Hippolyte Topet hango elizan kokatu zen. 1920an, parrokia Los Angeles elizbarrutiko kleroaren eskumenean ipini zuten. 1910ean, aita Ardansek Lourdesko Ama Birjinaren parrokia sortu zuen Los Angelesen ekialdeko Belvedere barrutian. Urtetan, parrokia hura eta aita Ardansek sortutako ikastetxea elizbarrutiko handienak izan ziren. Aita Ardansek parrokiako artzain izaten jarraitu zuen 1930era arte.
Kaliforniara joan ziren hasierako hiru apaizez gain, honako beneditar hauek ere bertan ziren 1905etik 1920ra bitartean: Aloysius Hitta, Ildephonse Elissalde, Vincent Montibalet eta Clement Dupont fraideak, eta Edouard Laco, Eusebius Aldanondo, Fidele Chilloque eta Sebastian Eisburu anaiak, beste zenbait elizgizonekin batera. Vincent Monibalet Kaliforniako komunitatearen buru izan zen 1915-1920 bitartean. Beneditarrak hainbat fraide eta anaia erakartzeko gai izan baziren ere, ez zuten inoiz behar adinako handitasunik izan Oklahomako Bihotz Sakratua Abadiaren luzapen bat baino gehiago izateko. Pixkanaka, komunitateak gainbehera egin zuen fraideak eta anaiak zahartu eta hil, eta beste zenbait Frantziara itzuli zirenean. 1920ko hamarkadaren amaierarako, aita Topetek eta aita Ardansek bakarrik jarraitzen zuten Los Angelesko eremuan. Aita Topet han bizi izan zen 1938an hil zen arte eta aita Ardans, aldi batean Oklahoman egon ondoren, Kalifornia Hegoaldera itzuli zen 1938an eta han bizi izan zen 1953an hil zen arte.
Fr. Charles Espelette.
Aita Espelette, Aldudeko semea, 1903an Oklahomara iritsitako azken euskalduna izan zen. 1910ean apaiz ordenatu eta 1914an Euskal Herria bisitatzen ari zela Frantziako armadara soldadutza egitera deitu zuten. Armadan mediku lanak egin zituen eta 1919an Oklahomara itzuli zen “gerra-gurutzea, hiru ohorezko aipamen, agiriak eta bala-zatia oraindik ere besoan zituela” (Gariador 1919). Fraide errespetatu eta langileenetako bat izan zen, hainbat urtetan Oklahoman irakasle aritu eta 1933an betirako Kalifornia Hegoaldera etorri zelarik, non, orduz geroztik, euskal misiolari ibiltariaren eginkizuna hartu baitzuen aita Topetengandik. 1940an monasterio zaharrean kokatu zen, 1958an hil zen arte. 1946an, Montebelloko monasteriotik Kalifornia Hegoaldeko Eskualdun Kluba ere sortu zuen aita Espelettek, eta urte askotan euskal dantza tradizionalak irakasten eta euskaldun gazteak antolatzen aritu zen.
Montebelloko euskal komunitatearen gainbeherak ustekabeko etekina ekarri zuen monasterio hura sortu zuen Bihotz Sakratua Abadiarentzat eta, bereziki, haren ondorengo Saint Gregory Abadariarentzat. Kalifornia Hegoaldean petrolioa garrantzi handiko industria bilakatu zen garaian, Montebelloko fraideen jabetzako lursailak petrolio-erreserba nabarmena zuen. Hainbat petrolio-konpainiek petrolioa ateratzen aritu ziren urtetan eta behar-beharrezko diruz hornitu zituzten Oklahomako Abadiaren jarduerak. Horrezaz gain, lursail zatiak ere saldu ziren ustiapenaren garaian, azken lursaila barne aita Espelette hil ondoren. Kaliforniako lursail horiekin eskuratutako dirutzak biziki bizkortu zituen Saint Gregory Abadiako eta gero aztertuko den Unibertsitateko eraikuntza-lanak.
Fr. Benoit Gariador.
Lehenago aipatu bezala, aita Gariador Oklahomara itzularazi zuten 1909an, Bihotz Sakratua Abadian Priore Administratzailearen eginkizunaz arduratzeko. Pauso zaila izan zen harentzat, nahiago zuelako Kalifornian gelditzea, baina Abadia osoa jario garrantzitsuak jasaten ari zen. Jenderik eza etengabeko arazoa zen, eskualdeko eliztarrek ere apaiz urriak nahi zituztelako. Jatorrizko Betetzearen Kongregazioak behin eta berriro eskatzen zuen ohitura beneditarrei irmoki eusteko, baina jenderik ezak galarazi egin zuen berriro Oklahomaren buruaskitasuna eta, zer esanik ez, Montebellorena ere bai. Horrezaz gain, azpiko zatiketa bat ere izan zen komunitatean, Amerikan jaiotako apaizen eta euskaldunak nagusi ziren Europakoen artean. 1909an tirabirak piztu ziren, Abade aukeraketaren ordez, aita Leo, bere anaia zaharrenaren, aita Benoit Gariadoren, bisitaldi ofizialaren ostean, Priore Administratzaile aukeratu zutenean. Izendapena Erromako Abade Nagusiak egindakoa zen, baina aita Benoit bere gomendiozko gutunarekin Erromara itzuli berria izateak sutu egin zituen fraide amerikarrak, hura nepotismo-ekintzatzat hartu baitzuten. Aurreko gai horiek guztiek aita Gariadoren administrazioa nahasi zuten, 1922an zuzendari berri bat izendatu zuten arte.
Garrantzi handia du aita Leo Gariadoren egunkariak argi eta garbi ezagutaraztea. Saint Gregory Abadiako artxiboek liburuxka beltz asko dituzte, non aita Leok 1887ko bere ordenatze aurretiko egunetatik 1938ko ekainera arteko oharrak idazten baititu. Hasieran frantsesez idazten du, baina 1890erako ingelesa ikasi eta hizkuntza aldatu egin zuen. Noizbehinka, otoitzak latinez egiten ditu eta euskara familiaren eta euskaldunen aipamenak egiten dituenean erabiltzen du. Oharretan jasotzen ditu, besteak beste, negozio-transakzioak, ikustaldiak, eguraldia, uztak eta otoitz bereziak, 1906ko San Franciscoko lurrikararen ondorengoa bezalakoak. 1912ko apirilean, ironiaz idazten du “anaia New Yorken La Provencen ontziratu zela, eta izozmendiak ikusi eta saihestu zituztela… (baina) Titanicek izozmendiak jo, lehertu eta hondoratu egin zela” bi ontziak Atlantikoan gurutzatu ondoren (Gariador 1912). Egunkari horiek iturri garrantzitsuak izan ziren aita Murphyrentzat Tenacious Monks idazterakoan, fraideen bizitzako alderdi asko jasotzen dituztelako. Jarduera nagusiak Saint Gregory Abadiara igaro eta gero ere, aita Leo Bihotz Sakratuan gelditu zen eta hantxe hilko zen 1940an. Haren anaia, aita Benoit, Buckfast abadiako priore izan zen 1885-1899 bitartean, gero monasterioa sortu zuen Jerusalemen, Lurralde Santuan, eta Jatorrizko Betetzearen Kongregazio osoaren Abade Nagusi aukeratu zuten 1920an. Historia teologiko katolikoari buruzko hainbat idazlan ere argitaratu zituen. 1936an hil zen eta Jerusalemen hobiratua dago.
Fr. Blaise Haritchabalet.
Hala ere, aita Leo administratzaile izan zen garaian, Abadiak denbora gehien iraun duten ondareei ekin zien. Bihotz Sakratua Abadia hezkuntzari lotua egon zen beti eta hasiera-hasieratik ikastetxe bat izan zuen; dena den, komunitatearen nahia izan zen beti unibertsitatea sortzea. 1910ean, aita Gariadorek Shawnee hirian Oklahomako Unibertsitate Katolikoa sortzeko negoziazio andana luzeak amaitu zituen. Urte horietako haren egunkariek burutu zituen ekintzei eta Unibertsitate Katolikoa eraikitzen arrakasta izateko egin zituen otoitzei buruzko informazioa ematen dute. 1922rako, izena aldatu zioten, Saint Gregory Ikastetxea izena ipiniz, eta gaur egun oraindik irauten du Saint Gregory Unibertsitatea izenarekin. Unibertsitateaz gain, monasterioa ere sortu zuten bertan Saint Gregory Abadia izenarekin. Bihotz Sakratua Abadiako jarduera gehienak hara aldatu zituzten 1929an eta, aldi berean, komunitatea bere Europako sustraietatik banandu zen, Amerikako Cassinese Kongregazioarekin elkartuz. Aita Blaise Haritchabalet Unibertsitateko erretore izan zen 1924ra arte. Latina, filosofia eta Eskritura Santua irakatsi zituen eta Nobizio Maisu izan zen 1949an hil zen arte. Anaia Theodore Ayzaguer, hau ere Oklahoman gelditu zena, artisau trebe bilakatu omen zen oharren arabera eta zenbait aldare eder eskuz zizelatu omen zituen.
Frantziako apaizen aurkako neurriek ez zieten fraideei eta anaiei bakarrik eragin, moja asko ere erbesteratu baitzituzten. Lehen aipatu bezala, aita Duperouk lau moja eraman zituen 1889an eta hauek beren gain hartu zituzten sukaldaritza- eta joste-lanak, eskolako irakaskuntza-lanekin batera. 1890ean, lau gehiago etorri ziren Euskal Herritik: Philomena Gorostiz, Veronique Etcheverry, Dorothee Ramirez eta Florentine Ramirez arrebak. 1895ean, Frantziako Biarnotik hiru moja heldu ziren eta 1903an azken karabana iritsi zen: Gertrude Berho, Marthe Arhancet, Marie Necibar, Julie Arcondeguy eta Marguerite Ithusarry. Mojetako batzuk senideak zituzten komunitateko kideen artean. 1890ean heldutako arreba Philomena Gorostizek fraideen abituak egiten aritu zen 1952an hil baino lehentxeagora arte. Azkenean, moja batzuk Louisianako komentu batera eraman zituzten, baina asko Bihotz Sakratuan gelditu ziren bizi izan ziren bitartean.
Montebelloko monasterioan bezala, Bihotz Sakratua abadiako euskaldunen kopuruak ere behera egin zuen fraideak eta anaiak zahartu ahala. Oklahomako beneditarrek zuzendutako hiru monasterioetatik, Saint Gregory abadiak bakarrik irauten du gaur egun. Fraide eta anaia bakar batzuk monasterioko bizitza eginez jarraitu zuten Bihotz Sakratua Abadian eta hango lursailetako hilerri txikian hobiraturik daude. Horien artean, Leo Gariador, Clement Dupont, Placide Harismendy, Blaise Haritchabalet, Guillaume Ospital fraideak, eta Henri Aldanondo, Theodore Ayzaguer eta Casimir Etchechury anaiak. Azken fraide euskalduna, Eloi Justou, 1966an hil zen eta Bihotz Sakratuan ehortzirik dago, eta azken moja, Benedicta Lansamin, 1965ean hil zen. Eraikinak 1950eko hamarkadan eraitsi zituzten arren, hala ere orubea Leku Historikoen Zerrenda Nazionalean agertzen da eta bertan jendeak lurrak eta hilerria bisita ditzake.
Eserita: Vincent Huber (St. Bede´s Illinois), Abbot
Earnest Helmstetter (St. Mary´s, New Jersey), Abbot Bernard Murphy.
Zutik: John Laracy, Leo Gariador, William Ospital, Joseph
Muelhaupt, Theodore Acyaguer, Ildephonse Ellisalde, Paul Baldwin, Celestine
Smith, Florentino Ramirez, Patrick McNamee, Casimir Etchechury, Elias Fink,
Andrew Pouy.
Besterik aipatzen den lekuan izan ezik, Bihotz Sakratuko euskal beneditarren historia hau euskaldunen jardueren laburpena da, aita Murphyren Tenacious Monks liburuan oinarritua. Bihotz Sakratua misioaren 465 orrialdetako historia horrek fraide-komunitate osoak, euskaldunak barne, burututako jarduerei buruzko xehetasun ugari ematen ditu. Liburu horretan, aita Murphyk luze eta zabal aipatzen dituen aita Leo Gariadoren egunkarietan adina informazioa dago euskaldunei dagokionean. Aita Murphyk eginiko gutunei eta dokumentuei buruzko beste aipamenek adierazten dutenez, euskal beneditarren nahiz euskal komunitate orokorraren jarduerei buruz zorroztasun gehiago eman dezaketen ikerketa-material gehiago badago beste abadia eta parrokietako artxiboetan.
Komunitatearen jarduerekin batera, euskal kultura eta hemen bizi ziren hainbat euskal familiaren premia espiritualak zaintzen ziren, gaur egun Baionako apezpikuak bidalitako euskal misiolariek egin ohi duten bezala. Frantziako gobernuaren apaizen aurkako legeak medio Amerikara erbesteratu bazituzten ere, Oklahomako lurraldean bizi-baldintza zailetan iraun zuten, kultura amerikarraren joera nagusian txertatu nahian ari ziren indiarren artean. Ipar Amerikako mendebaldeko euskal inmigrante ugariren artera euskal apaizak bidaltzeko deiari erantzun zioten. Giro guztiz arrotz baten barruan talde kultural desberdin modura irauteko ohiko euskal izaera erakutsi zuten. Bihotz Sakratua Abadiako euskal beneditarren historia guztiz ezezaguna zaio euskal familien egungo belaunaldiari; espero dezagun, haien jarduerei buruzko aipamen labur honek haien oroitzapena berriro partekatzeko eta komunitate santu haren ahalegin itzelak aintzat hartzeko aukera ematea.
Eskerrak bihotz-bihotzez Saint Gregory Abadiari beneditar horiei buruzko agiriak gordetzeagatik eta bereziki aita Patrick McCooli eta anaia Benet Extoni, Tenacious Monks liburuaren ale bat, aita Leo Gariadoren egunkarien kopiak eta beneditar miresgarri haiekin loturiko beste dokumentu asko egilearen eskura jartzeagatik.
Eskerrak, halaber, nire aita Jean Baptiste Gariadori, historia honen ernamuinak niregan landatu baitzituen haurtzaroan Euskal Herriari eta bere familiari buruzko historiak kontatuz, historia honetako bere bi osaba handiak tartean zirela. Horrek gidatu nau bizi guztiko bilaketan haiei buruzko informazio gehiago aurkitzera eta orain honako historia hau beste batzuekin partekatzera.
Bibliografia:
Douglass, William A. eta Jon Bilbao (1975) Amerikanuak: Basques in the New World, Reno Nevada: University of Nevada Press.
Gachiteguy, Adrian (1955) Les Basques dans L’Ouest Americain, Bordeaux.
Aita Leo Gariadoren egunkariak, OSB, 1888-1936.
Llande, Pierre (1910) L’emigration basque, Paris.
Murphy, Joseph F. (1974) Tenacious Monks - The Oklahoma Benedictines, 1875-1975: Indian Missionaries, Catholic Founders, Educators and Agriculturists, Shawnee Oklahoma: Benedictine Color Press, St. Gregory’s Abbey.
Otoizlari (1987), Ahurti, Frantzia: Ezkila argitalpena, Bellokeko Ama Birjina, 124. zk. 1987ko apirila/ekaina.
Zubiri, Nancy (1998) A Travel Guide to Basque America: Families, Feasts & Festivals, Reno, Nevada: University of Nevada Press