Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Krisiaz asko hitz egiten den une honetan, Ikastoletan zenbait urtez kotizatu gabe lan egindako andereñoak notizi on bat zabaltzera gatoz. Aldarrikapen prozesu luze baten ondoren eskertzeko garaia iritsi zaigu.
Frankoren diktadura gogorrean, zenbait herritarrek, gure eskubideetako bat, euskaraz ikastekoa alegia, aldarrikatu eta martxan jarri zuten. Hasieran bakan batzuk izan baziren ere, hirurogeigarren hamarkadaren erdialdetik aurrera ia herri guztietan irekiz joan ziren ikastolak eta orduko agintariek ezin izan zuten mugimendu hura geldiarazi. Guztiok dakigunez, garai hartan ez zegoen legeztatzerik euskaraz irakatsiko zuen ikastetxerik. Klandestinitatean ez zegoen jarraitzerik ere, eta konkordatuaz baliatuz Elizaren-eskolak bezala legeztatu behar izan ziren gehienak.
Ahalegin horretan jende askok hartu zuten parte, batzuk dirua jarriz, beste batzuk lan eginez. Nahiz eta jendeak dirua jarri, jasotzen zena, herri txikietan batik bat zailtasunekin iristen zen andereñoari ordaintzeko haina, beraz, alde batera uzten zen Segurantza Sozialaren ordainketa.
Erretirora iristean, lehenengo urtetako andereñoak eta urte gehiagorekin lanean hasitakoak ezer gabe edo eta galerarekin gelditzen ziren. Hori ikusirik, Itziar Arzelus, Karmele Esnal, Kontxita Beitia eta Nekane Auzmendi, kolektiboari zor zitzaion erretiroa izan zezan lanean hasi ziren.
Elvira Zipitria bere ikasleekin.
1993. urtean hasi zen prozesua Eusko jaurlaritzako ateak joz, baina Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren eskumenik ez zuenez, ezin izan zuen erretiroarekiko arazoa konpondu, baina, klandestinitate urte gogorrenei buruzko, ordu arte inoiz jaso ez genuen errekonozimendu publikoa eta sari bat eman zigun 2003. urtean. Beraz, aldarrikapenarekin urte luzez jarraitu behar izan zuten. Honen ebazpena Madrilen eman behar zenez, Kongresuan aurkeztu zen.
Lan horretan oso bide lagun onak izan zituztela esan beharrean gaude. 2007ko ekainaren 15ean Madrilen ateratako Errege Dekretua da emaitza. Bertan, aipatu ditugun andereño eta irakasleoi, haserako urtetan kotizatu gabe genituen urteak kotizatutzat hartzea lortu zen. Azkenean, eta lehenengo aldiz historian, Madrileko Haziendak izan da andereño bakoitzak bere erretiroa kobratu ahal izateko dirua eman diona Seguritatea Sozialari.
Mundu honetan, historian zehar, dugun bizi baldintzetara iristea pertsona askoren aldarrikapen eta borrokei esker lortu ahal izan da. Edozein arlotan guztientzako hobekuntzak lortzearen alde saiatu izan diren langile isil horiek, bere baitan, egin behar zutena egiten ari zirenaren kontzientzia izan bazuten ere, eta inoren saririk espero ez bazuten ere, horrek ez du esan nahi gizarteak beraiekiko esker ona adierazi behar ez duenik. Guztiok gustuko bai dugu, ondo egindako lanaren esker ona jasotzea.
Modu honetan, 2007ko edizioan Sabino Arana Fundazioak klandestinitate garaiko andereñoen kolektiboa saritu zuen, Ikastolak martxan jartzeak suposatu zuen ahalegina eskertuz.
Gerrate baten ondoren, diktadura zela eta, bere hizkuntza eta kultura zanpatuak zituen herri batentzat, hain zuzen ere, bi oinarri horietan, bai gure hizkuntzan eta bai gure kulturan txertatutako eskola bat birsortzea, oso garrantzitsua zen guretzat.
Egia da garai hartako irakasleok zailtasun eta arrisku handiak gainditu behar izan genituela, baina, esperientzia hark izan zuen bestelakotik ere eta gaur egoera hari aurre egiten lagundu ziguten alderdi baikorrak aipatuko ditugu.
Argazkia: sergis blog.
http://www.flickr.com/photos/srgblog/2073499571/
Ikastolarena, profesional bezala, ilusioa pizteko moduko proiektua zen: Ikasgelaz eta materialez urria bazen ere, pedagogia-metodologia aldetik aberatsa. Orduan hemen indarrean zegoen eskola nazionalaren aldean aurrerakoia. Ikasleak naturarekin harremanetan jarri, inguruko gertakizun eta ospakizunei tokia egin eskolan; gure mitologia eta historiara hurbildu; elkarrizketa, errespetua eta naturaltasuna landu, buruz ikastea prozesu logikoz ordezkatu,arrazoituz alegia. Hau da, eskola bizi bat egiten saiatu ginen. Gure aitzindari zen Elbira Zipitriari esker, hain baldintza zailetan sortutako Ikastola hark izen ona izan zuen hasiera hasieratik, ematen zuen prestakuntzari esker.
Edozein modutan, ikastola irekitzeko ezinbestekoa ikasleak izatea zen. Horregatik, arriskuz betetako ikastola klandestino harengan eta gugan ikasle haien gurasoek jarri zuten konfiantza eta eskaini ziguten atxikimendua eta laguntza oso gogoan ditugu.
1964-1965 ikasturtean, hainbat irakasleon prestaleku eta topagune izan zen Erresidentzia izeneko egoitza zabaldu zuten Donostian guraso eta euskalzale batzuk, Frantziska Arregi kudeatzaile zela. Ikastolen hedatze eta handitze urteak zirenez, bere eragina azpimarragarria izan zen. Euskaraz antolatu ziren lehenengo udalekuen asmoa ere han sortu zen. Eskola eta irakasle katalandarrekiko harremanetan ere bultzatzaile eta partaide izan zen.
Guk, Elbiraren urratsak jarraituz, eta garaian garaiko egokitzapenak eginaz, bagenekien Euskal Herriak behar zuen eskola eraikitzen ari ginela eta eskola hori, ikastola, pedagogia eremuan iraultzaile zela. Horren ustea bagenuen eta uste hori ez da erdi ustela gertatu, iraultza horrek egungo eskola sisteman jarraipena baitu.