Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
San Joan elizako organoa ona zen nahiz eta zaharraren zaharraz apur bat hondatuta egon. Iradierrek errendimendu ona ateratzen asmatu zuen, gurtzaren berezko dirdira areagotuz. Bere jenio eta izaera zela eta kostatu egin zitzaion erlijiozko musika sentitzea; nahiago izaten zituen maisu handien obra sinfonikoak.
Pio Barojak Iradier organo-jotzaile gisa zalantzan jarri bazuen ere, organo-musikako irakasle onenetakoa izan zela esan izan da. Nahiz eta, neurri batean, eleberrigileak agian arrazoia izan zezakeen. Dena den Iradier Gasteizko San Migel elizako organoan saio ugari egin ondoren iritsi zen; gainera denboraren poderioz esperientzia bereganatu zuen. Bereziki Aguraindik Madrilera joan eta irakaskuntzan aritu zenean, musika-ezagutza sakontzeaz gain.
Iradier Agurainen egon zen bitartean jendeak atseginez hartzen zuen bere dohain erakargarriei esker. Gaztea, lerdena eta dotorea izaki, Aguraingo gazteak erakarri zituen, emakumeak batez ere. Gazteekin egoten zen orokorrean. Izaera irekia zuen eta gustura egoten zen bizilagunekin; hori ezinbestekoa zen herri txiki batean.
Dantzaldi, askari eta jaialdi gehienetan agertzen zen, beti umore onez, parrandazalea zela esan daiteke. Batzuk “bihurri” samarra zela esaten zuten eta zenbaitek “kaskarin” bat zela era bai. Gure herriko Artxibategian emakumeren batekin zirri-zarra ibiltzeagatik salaketaren bat ere ikus daiteke; dena den, ez ziren kontu larriak izaten.
Liberala zen hitzaren zentzu bikoitzean. Politikoki, herriko biztanle askok zuen joera karlistaren aurkakoa izateagatik.
Aguraingo gazteekin elkartzen zenean, ohikoa izaten zen gitarra hartuta abestiren bat jotzen ikustea. Eta jakina, dantzaldietatik urrun ere ez zen ibiltzen.
Jendeak bere alaitasuna maite zuen, baina San Joaneko parrokoari ez zitzaion gehiegi gustatzen Iradierren izaera, eta agian ezta elizgizonei ere; izan ere, xahutzailetzat izateaz gain, neurri batean, nahiko libertinoa zela uste zuten. Logikoa zen bere adina ikusita. 18 urte zituen eta 24 urte bete zituen arte egon zen hemen.
Organo-jotzaile eta “sakristau goren” gisa zituen betebeharrek estutzen ez zutenez, nahikoa denbora izaten zuen musikari eskaintzeko. Auzoei solfeo eta pianoa irakasten zien eta baita musika-konposizioa ere. Organo saio ugari egiten zituen hura ondo jotze aldera eta musikaren beste hainbat alderdi ere jorratzen zituen; horrez gain, zenbait abesti harmonizatzen ahalegintzen zen.
Pio Barojak esaten zuenez Iradier “emakume gazte eta lirain baten atzetik ibiltzen zen, Juanita zuen izena eta zahar batekin ezkonduta zegoen”. Beste alde batetik, organo-jotzailearen izaera ezagututa ez zen harritzekoa, eta pentsatzekoa da, halaber, izen ona zuela Aguraingo emakumeen artean eta hura eskuratu nahian ibiltzen zirela.
Zaharra –dio Barojak–, jeloskorra eta karlista zen eta “susmoa hartuta zuen”. Bere adiskideekin hitz egin eta musikaria harrapatu eta Arabako batailoi errealista batean sartzea erabaki zuten, arrastoan sar zezaten edo lau tiro eman ziezaieten”.
Iradierrek elizan gai erlijiosoen artean motibo profanoak sartzeko ohitura zuela eta; izan ere, Julian Salcedok, bere aurreko organo-jotzaileak, aurrekaria ezarri zuen eta hura bere lana egiteko baldintzak ez betetzeagatik bota egin zuten. Hura ere liberala zen “bere ideia politikoei eusten zien eta parrokiako organoarekin haiek inposatzeko ahalegina ere egiten zuen”.
Aurrera begira gauza bera gertatuko zela ustetan, Kalagorriko gotzainak –garai hartan Arabaren baitako elizbarrutia– Agurainera artzain-bisita egin zuen batean, 1819an, xedapen bat eman zuen eta Lantziegoko musikariarekin batera San joan eliza zuzentzen zuen parrokoak aintzat hartu zuen: “Inolako testuingurutan, organoarekin joz edo abestuz sonata edo abesti profanoak interpretatzen ez uzteko, horiek egokiagoak baitira antzerki baterako Jaungoikoaren etxean jotzeko baino; gainera, fededunak bere Jaungoikoarengana hurbildu edo eraman baino, fededunen belarriak gozatzeko helburua dute” (horrela jaso zuen Dionisio Preciado fraide aguraindarrak Musikologiako Aldizkarian, 1984an, Iradierrek Agurainen izandako ibilerei buruz argitaratu zuen lanean).
Agurainen ez zituen sei urte baino gehiago eman. 1833a baimena eskatu zuen hiruzpalau hilabeterako Madrilera joateko; bertan, musika-konposizioaren ezagutzan sakontzeko. Urte horretako uztailaren 7an eman zitzaion baimena. Dena den, ez dakigu Iradier berehala irten zen herritik ala beste pare bat urtez bertan izan ote zen.
Bada 1834 eta 1835 urteetako diru-bilketen kontuei buruzko idatzi bat. Bertan, Iradierrek sakristau goren izateagatik Aguraingo San Joan elizak eman beharreko kopurua eskatzen zuen. Horrekin batera hile eta erdiko soldata eskatu zuela islatzen da, 1835eko maiatzari eta ekainaren erdiari zegokiona. Dena den, ordurako Madrilen zen eta bertatik igorri zuen idatzia.
Barojarekin jarraituz: Idazleak esaten zuenez, “Sebastianitok” (horrela deitzen zioten herrian) Juanita bere lagunaren (maitekiro hartzen zuen jeneral karlista baten emazte hura) kontuagatik bere aurka prestatzen ari zirenaren jakitun, Aguraingo herritik ihes egin zuen zaldi baten gainean. Gasteizera iritsi eta San Joaneko parrokoari gutun bat idatzi zion adeitasun handiz. Gutunean, hiruzpalau hilabetez Madrilera joateko erabakia hartuko zuela aipatzen zion.
Preciadok esaten zuenez, herrialdeak pairatzen zituen karlistaden ondorioz, “Iradier nagi zen bere lurraldera itzultzeko”. Santiago Iradierrek, organo-jotzailearen aitak zioenez, “gerraren egoerak behartuta” utzi zuen kargua semeak eta Sebastian berak adierazi zuenez “gerran pairatu zituen irainak” izan ziren kausa (Agurainen pairatutakoak izango zirela ulertzen da).
Edozein kasutan ere denborak aurrera egin zuen eta hilabeteak urte bihurtu ziren, eta Iradier artean ez zen itzuli organo-jotzaile kargura. 1839ko urritik aurrera, bi ofizio igorri zitzaizkion Agurainera joan eta organo-jotzaile eta sakristau goren betebeharrak bete zitzala eskatzeko.
Lehenengoari ez zion erantzun baina bigarrenari 1840ko urtarrilaren 15ean erantzun zion. Bertan, Euskal Herriak pairatzen zuen gerra karlistari egozten zion erantzuna emateko atzerapena eta egoera hobetuz zihoala ikusita kargua berriro hartuko zuela adierazten zuen.
Baina 1840ko maiatza ere iritsi zen. Orduan, oraindik herrian agertu gabe jarraitzen zuen organo-jotzailearen erantzuna aztertu zuten. Azkenik, ekainaren 4an honakoa idatzi zuen:
“Kleroaren erabakiaren zain nengoen, organo-jotzaile eta biltzaile gisa ni hautatzerakoan aldaketarik zegoen ala ez ikusteko, izan ere, oso mingarria izango litzaidake halako bidaia luze bat egin ostean aldaketak sumatzea eta gaian murriztapenak nabaritu eta itzuli behar izatea”.
Aguraingo zenbait apaiz Apaizgaitegiko Bandarekin, aurreko mendearen hasieran.
1840ko uztailaren 18an, azkenean, gure herrian azaldu gabe bost urte eman ostean, Sebastián Iradierrek San Joaneko organo-jotzaile eta biltzaile karguari muzin egin zion; modu horretan, ustez lan hori bete ahal izateko meritu gehien zuenak bete zezan.
Hil horretako 25ean plaza hutsa iragarri zen ofizialki eta organo-jotzaile berria hautatu zen; horretarako, bide motzena hautatu zuten, oposiziorik gabe. Antonio Landazabal, Iradierren ikaslea izandakoa izendatu zuten.
Antonio Landazabalek Iradier ordezkatu zuen bitarteko modura; egunean hiru erreal jasotzen zituen eta bera adiskide Elias Ruiz de Luzuriagarekin organoa partekatu ahal zuen. Azken hori Andre Maria parrokiako organoaren titularra izan zen, Elias de Durana titularra hil zenetik. Durana, hain zuzen Iradierren lehiakidea izan zen 1827an.
Landazabal Agurainen jaio zen eta hori lehentasunezko baldintza zen; horrez gain, apaizaren iloba zen. Kargua bi urtez bete ostean, Oñatira joan eta ofizioa behar bezala ikasteko baimena ere eskatu zuen.
Baimena eman zitzaion baina honako baldintza bete beharko zuen: parrokian egiten ziren ospakizunetara bertaratu beharko zen, baita baimena gozatzen zuen bitartean ere. Baldintza hori goitik behera bete zuen eta berak ere aintzat hartu zuen hori organo-jotzaile titular gisa izendatzea eskatzeko.
1840ko irailaren 6an Sebastian Iradier Agurainera itzuli zen atzerapenak ordaintzeko eskatzera; hala, bost epealdi bakoitzeko 500 erreal eskatu zituen.
Bera Agurainen zela probestuz, hurrengo egunean, irailaren 7an, Antonio Landazabali azterketa egin zitzaion Antoniok berak hala eskatuta. Kargua gutizia hutsez eman ez zitzaiola justifikatu ahal izateko. Ez zen inolako zalantzarik egon aztertzaile modura Iradier bera hautatzerakoan, bere maila profesionala kontuan hartuta; izan ere, garai hartako organo-musika irakasle onenetakoa zen.
Argazkia: t.spang.
Parrokiako batzordeak igorritako irizpidearen berri izan eta irizpena aipatutako hilaren 20an irakurri zela jakinda, San Joan parrokiako organo-jotzaile izateko Landazabalen aldeko akordioa ebatzi zen, bere organo irakasle izandakoaren aldeko txostena ikusi ostean.
Sebastian Iradierrek igorritako ziurtagiriaren goiburuan, Madrilen zegoenetik eskuratutako tituluak adierazi zituen: Kanturako solfeo maisua Maria Cristina Erret Musika Eskolan, Madrileko Akademia Filarmonikoko Errektoreordea, Maisu musikagile eskolako Meritu Bazkidea, Madrileko Arte Lizeoko kontsolidarioa, Espainiako Institutuko Harmonia eta Konposizio Katedraduna, Madrileko Unibertsitate-eskolako maisua eta Baionako Akademia Filarmonikoko ohorezko bazkide, etab.
Iradierrek 31 urte zituen.
Iradier Madrilera joan zenean eta Agurain utzi eta bi urtera, ezkonduta zegoen dagoeneko. Agian parrokoaren gomendioari jarraitu ziolako edo agian Aguraingo emakume haren abilezia eta graziagatik, Brigida de Iturburu y Diaz de Durana izan zen aukeratua. Iradierrek bezala, 20 urte zituen orduan.
Ezkontza organoa jotzen zuen San Joan elizan bertan ospatu zen, 1829ko uztailaren 29an. Matrimonioaren ondotik, sei hilabete beranduago, Pablo Fernando semea jaio zen.
Matrimonio horrek ez zuen luze iraun; izan ere, Brigida oso gazte hil zen eta Iradier berriro ezkondu zen Madrilen zen bitartean, 1840-1850 urte bitartean.
Bigarren emaztea Josefa Arango madrildarra izan zen. Harekin Matilde izeneko alaba izan zuen.
Madrilen, Habanan eta Parisen izan ostean, Iradierrek ez zituen Aguraingo lagunak ahaztu eta egun batez herrian zituen lagunak agurtzera bertaratu zen. Ezagutu zituen eta kasuren batean maitekiro tratatu zituen emakume gazte haiek zahartu egin ziren, Iradier bezalaxe.
Dagoeneko ez zen hainbat emakume zoratzen zituen mutil gazte, lerden eta dotorearen arrastorik antzematen.
Elizako gauzen zalea ez bazen ere (bere bizimoduak ez zion horretan lagundu) San Joan parrokian sartu zen bere organoa jotzeko eta hainbat akorde jo zituen.
Organoan bere lekua hartu zuen ikasleak, Antonio Landazabalek, egin zion harrera hunkigarriena. Jakina, bere bizitzako pasarteen eta munduan izandako ibileren berri eskatu zioten, eta konposatu zituen abestiak abesteko ere eskatu zioten. Konposatu zituen eta San Joan parrokiako organo-jotzaile zela abestutako abestietako batzuk zehaztasunez gogoratu ez arren, abestiren bat intonatu zuen lagunekin batera, gitarra baten laguntzaz.
Kuban “linda guachinanga” bati eskaini zion habanera abestu gabe ez zuen alde egin. Abesti hartan “LA PALOMA” izenez betikotu zuen emakume hura anonimoki, nahiz eta gaztetan zuen ahots fresko eta tinbre onekoa, ordurako motela eta hautsia gelditu zitzaion.
Hilabete batzuk geroago bere osasun egoerak txarrera egin zuen eta 1865eko abenduaren 6an hil zen Gasteizen, Arkupeko ibilbidean. Gasteizko Santa Isabel hilerrian hilobiratu zuten.
Artikulu honetan agerian geratzen dira Aguraingo Kabildoak bertako organo-jotzaileekiko zuen interesa, kargu on hori eskuratu asmo zuten hautagai kopuru handia, eta, batez ere, Sebastian Iradier musikagilearen hainbat alderdi, orain arte ezagutzen ez genituenak; esate baterako, San Joaneko “Sakristau goren”, organo-jotzaile, musikari eta pedagogo izan zela.
Iradierrek ekoizpen naroa utzi zuen. Bilduma Filarmoniko bat argitaratu zuen Genaro Perez Villamilen marrazkiz hornitua. Bilduma horretan Juan Peralek egindako hitzekin egin zituen sei abesti, Campoamorren hitzak baliatuz egindako bi eta Garcia Gutierrezen hitzak erabiliz egindako beste bat barneratzen ziren, bost balsekin batera.
Uste da Kuban konposatu zuela bere habanera ospetsua, “La Paloma” hain zuzen. Habanera horrek Iradierren izena betikotu zuen eta herrialde guztietako film askotan erabili izan da melodia modura. Jose Maria Elorrietaren Habanera (1958) filmean baliatu zen bereziki, Xey taldeak interpretatuta.
Esaten denez, Mexikoko Maximiliano Enperadorearen emaztea “La Paloma” lanarekin txundituta zegoen erabat. Eta enperadoreak berak exekutatu aurretiko azken desio modura, hura entzutea eskatu zuen. Eugenia Leonek, aitzitik, inperioaren aurkako tonadillan irauli egin zuen habanera hori. “Zure mugara uso bat iristen bada, azti ibili, ez dadila putre bat izan hurbiltzen ari dena...”
Georrges Bizet bere lagun-mina izan arren, Carmen operarako bere notak plagiatu zituen Espainiko kantu herrikoi bat zelako ustetan (berez Iradierren “Arreglito” lana zen) eta hala aitortu zuen gainera. Dena den, apur bat berandu akaso.
Eskuz idatzita zituen hainbat abestiren argitalpena kudeatu zuen eta Heugel etxeak pianoz lagundutako eta hitzak frantsesez zituzten 25 abestiren bilduma bat argitaratu zion. Madrilen bere ehun lan inguru grabatu ziren; bost musika saio idatzi zituen “Las ventas de Cárdenas” izenburuan zuen sainetearentzat, hainbat kafe-antzokitan eta hainbat abeslariren bidez interpretatu eta ezagun egin zen “Los caracoles” dantzaldiaren airearentzat edota “El Contrabandista” lanarentzat.
Iradierren obra fina da eta bere abestien erritmoak biziak dira eta originaltasuna dute. 1848an Prudid eta Cepedarekin batera “La Pradera del Canal” zarzuela-musika konposatu zuen, etab.
Bibliografia
Dionisio Preciado – Sebastián Iradier (1809-1865) Organista y “Sacristán Mayor” en Salvatierra de Alava. Revista de musicología – VII. liburukia. 1984 – 1 zenbakia
Pio Baroja – “La sonrisa de Iradier”. “Ahora” Egunkaria –1936ko maiatzak 2-31.
Venancio del Val – Sebastian Iradier.
Fortunato Grandes – Tres organistas salvaterranos: Salcedo, Iradier y Landazabal .
Kepa Ruiz de Eguino – Bandas de Música y Txistularis de Agurain – Salvatierra 1840- 2004 – Músicos y Organistas