Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Komunikabideak euren ahalmenaz baliatzen dira hiritarrengana heltzeko. Idatzi dut hiritar. Medioak erabiltzeko boterea duenak sekulako ahalmena du, hiritarren multzoarengan eragiteko. Populazioarengana medioen bitartez ailegatzeko gaitasuna edukitzen denean, pertsonengan distortsioak eragin daitezke, horiek hautatzeko borondatean presioa burutuz. Eta ilerako txanpua saltzen zaien bezala, botoa manipulatzeraino hel daiteke, samur asko.
Hiritarrak dituzte medioek helburu nagusia, ia-ia kasu guztietan. Eta gizarte modernoan pertsonok geure eskubideen defentsan erlaxatu egin gara, nola gainera! Eguneko gizartean mezuak heltzen zaizkigu, bata bestearen atzetik, eta denak prozesatzeko ahalmena agortzen joan zaigu, ia-ia ezabatzeraino. Gehienetan, mezu horien titularrekin geratzen gara, kasurik hoberenean.
Inork ezagutzen al du mediorik, bere burua lidertzat hartzen ez duena? Eta zer da lider izatea medioentzat? Gehien saltzen duena, audientzia gehien duena, irakurle gehien dituena... Den-dena, kantitatea islatzen duen zifretan, kalitateari muzin egiten diotelarik. Hiritarrak interesatzen zaizkie, ahalik eta gehien. Baina zer da hiritar izatea? Gauza sinple bat: gure gizarteetan, gero eta usuago, euren zergak ordaintzeagatik aukeratzeko bidea libre duela pentsatzen duen animalia razionala.
Komunikatzeak, gehien bat euren buruak lidertzat dutenen lanak, helburu duten gizartearen garapena eragin beharko luke. Izan ere, liderra izateko, behar-beharrezkoa da, zerbait aldatu nahi izatea. Baina aldatzea, noski, pertsona eta erakundeen ongizaterako, antolakuntza egokirako,... demokraziarako, labur esanda.
Argazkia: victoriapeckham.
Gaurko komunikabideen helburua, beste edozeinen askoz gainetik, dirua irabaztea da. Diru irabaztea zilegia da, baina ez, inolaz ere, iruzur baten gainean burututako irabazia. Zer esango genuke, urre erostera bagoaz eta ustez erosten ari ginen 18 kilateko pieza bat etxeratu beharrean... 14koa bakarrik dela konturatzen garenean. Iruzurra, ezta?
Informazioarekin, komunikazioarekin, ez litzateke iruzurrik egin beharko. Baina hori, gaur egun, udareondoari sagarrak eskatzea bezain zaila da. Ezina. Medio askok aparkatu egin dituzte, lasai-lasai, medioei eskatu behar zaizkien baloreak: berdintasuna, justizia,... egia! Eta gaur egun erdi egiak nonahi ematen dizkigute. Eta horiek gezur galantak baino askoz arriskutsuagoak dira.
Egungo gizarteek dituzten erronkei aurre egiteko lagungarri gertatu beharko lirateke medioak: informazio orekatua, gizarte politikak, giza eta gizarte kapitalak eta pertsonen garapen integralerako oinarrizkoak diren baloreak presente eduki beharko lituzkete medioek, etengabe... Horrela al da? Bai, zera!
Aldakuntza multidimentsionala eman da –ematen ari da– munduko bazter guztietan eta ekonomia zinbulu-zanbulu dabilela, komunikabideen esparruan ere borroka latza ari da gertatzen, boterea banaka talde batzuen eskuetan geratzen ari dela. Hiritarrok –hots, zergak ordaintzeagatik denetarako eskubideekin sentitzen garen giza norbanakook– gero eta ahulagoak azaltzen ari gara, komunikabideen eraginpean.
Inguratzen gaituen guztiaren gaineko gure pertzepzioa baldintzatuta dago komunikabideengatik. Eta gure usadioak, gure sinesmenak, gure planteamendu etikoak, den-dena, aldatzeko prest agertzen gara, zergatik eta komunikabideen bitartez hala egin behar dugula “agintzen” zaigulako. Ez dugu eragozpenik jartzen,... eta guzti-guztia irensteko gertu gaude... goizean irakurtzen dugun egunkariak portadan dakarrelako, autoan goazela entzuten ari garen irratiak esan duelako, edota afalosteko telediarioak zerbitzatu dizkigun irudiek hala adierazten dutelako...
Medioek hiritar pasibo mantso eta otzanak bihurrarazi gaituzte... horrela zizelkatu gaituzten euren aintza eta botere handiagorako. Eta, egiaztapen ederra!, medio pribatuen boterearen kontzentrazioa demokraziari esker eraiki da. Izan ere, ezina gertatuko litzaieke erregimen politiko totalitarioan. Erregimen totalitarioan gobernu organoak ditugu medioak. Itxi ditzagun begiak eta egin dezagun ondoko galdera hau: demokraziari esker batu badira medioak, monokromikoak bihurtzeraino, eta erregimen totalitarioko joko antzeratsua eman badezakete... zer irabazi dugu demokraziarekin?
Jazotzen dena, ordea, zera da, demokraziatik mediakrazia dei genezakeen sistemara pasatu dela, konturatu orduko. Harrapatuta gaude, galduta bezala.
Yale Unibertsitateko irakasle izandako Robert Dahlek iragan mendeko hirurogeietan idatzi zuen moduan, sistema demokratiko baten zutabe nagusiak honako bi hauexek dira: adierazpen askatasuna eta informazio iturrien ugaritasuna. Horren mugen barruan nekez sar genezake egun demokraziaren definizioa, izan ere informazio iturburuak gero eta murritzagoak dira, gero eta maneiatuagoak. Horren ezean pertsona ezin da, dagokion gizartean eroso sentitu eta denboraz –defentsako mekanismorik erabili gabe– pertsona hiritar hutsa bilakatzen da.
Komunikabideak kontzentratuta daude esku gutxitan, eta botere ekonomiko horiek mendean hartu dute botere politikoa ere. Gizarte errealitatea aldarazi dute talde horiek, emaitzak ekar diezaiekeen (ekartzen dien) irabazi ekonomikoen bila. Enpresa guztien joera unibertsala da, gastuak murriztea. Medioak enpresak dira. Eta garbi asko dugu, medioetako gasturik tinkoena pertsonalarena dela, hots profesionalena. Beraz, ugazabek gastu partida horretan sartzen dituzte guraizeak.
Medioek gero eta informazio gehiago jasotzen dute, profesionalak ez diren arloetatik: The Pew Project for Exellence in Journalism deritzanak AEB-tako kazetaritzaren gaineko 2009ko txostenean dioenez, kableko telebistaren %23 edukia bakarrik da kazetariek sortua.
Argazkia: Aaron Escobar™.
Eta gizartearen medioekiko deslilura edo nekea dela eta, ematen ari da fenomeno kezkagarri bat: kazeta inprimatuak gero eta gutxiago irakurtzen ari dira... baina horrek dakartzan desertzioen kopuru handi batek ez du informazioa beste formatotan jasotzen.
Zer esan nahi du horrek? Hiritarrek galdu dutela iturri desberdinetako albisteak konfrontatzeko gogoa. Medio handiek –multimedia formula itogarriaren bitartez– buru kritiko litezkeenak mantsotzen dituzte, asperraraziz, eta horrela bidea garbiago azaltzen zaie eurei.
Komunikatzeko eskubidea, beraz, oinarrizkoa da pertsonen bizitzan, berak bermatzen baitu askatasun eta demokraziarako bidea, etengabeko garapenean. Informazioaren gaineko eskubideak, ordea, informazioa sortzen dutenen eskubidearekin bat egin dezake, ala ez. Eta kontra ere joan daiteke.
Garbi dago pertsonen eskubideen aldeko lasterketa luzean, pertsona fisikoak galtzen joan direla, pertsona... juridikoen aldean. Eta jurisprudentziak boteretsuen alde jokatu du, berriz ere. Horrela, epaileek uzten diete medioen ugazabei, eurek euren medioekin egin nahi dutena, “ezin baita joan medioen kontra, adierazpen askatasuna printzatu gabe” Eta horrela beste mailukada gogor bat ematen zaie, pertsona fisikoen eskubideei eta, aldi berean, medioen adierazpen askatasunerako atea zabaltzen da, infinituki: medio batek milioika pertsona (hiritar)ren aurrean hitz egiten du! Eta medioek erabilitako “askatasunaren izenean” oihuaren kariaz... berdintasuna hil dute, eta ondorioz pertsonen askatasuna.
Baina gauza ez da hor amaitzen: begi bistan da, medioek – defendatzen duten adierazpen askatasun horren izenean, eurek ez dutela objetiboki jokatzen !!... Gehien ordain dezaketenek espazioak (egunkarietan, irratietan, telebistetan...) erosten dituzte, eta medioek ez diote berdintasunari oreka bermatu behar. Beraz, nork galtzen du?... Demokraziak!
Garbi da zerbait ez dabilela ongi. Eta zirkulua itxi beharko litzateke. Izan ere, kazetariak adierazteko (idatzi, hitz egin, irakurri,...) eskubidea duela aldarrikatzea, horrela, besterik gabe, komunikazioaren zirkulua erabat itxi gabe aritzea da, aurreko baieztapen legitimoari erantsi behar baitzaio pertsonari (informazioaren hartzaileari) dagokiola jakitearen gaineko eskubidea. Eta jakitea, jakina, egia osoa.
Zirkulua ez ixtea, hain zuen, demokraziaren kontrako atentatua da. Izan ere, demokrazia ez da, bakarrik, medio ugari den gizartean, baizik eta egia adierazten denean. Eta hori oso urruti dago, medioen gaur eguneko eskematik, muturrek –beti– bat egiten baitute, eta kolore bateko zein besteko erdi-egiak... gezurrak dira. Eta gertatzen ari dena, oso joko diabolikoa da, ezen, medio publikoak “gubernamentalak” ditugu eta pribatuak, guztiz ahaltsuak, gobernuen sostengu... Hemen bai itxi egiten dela zirkulua, emaitza dardaragarriarekin.
Nafarroako Unibertsitatearen “Euskarazko Kazetaritzaren VII Jardunaldiak” deritzanean “Komunikabideak eta pertsonak. Zalantzarik ala?” tituluarekin 09-04-20ean emandako hitzaldiaren laburpena.