Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskal Herriko Natura aldizkaria 31zb.
Orioko itsasadarreko padurak bere ezkerraldeko urbazterrean, zehazki Orio aurreko zatian, zenbait errekasto elkartzen diren leku berean kokatzen dira: Bero Donparnasa eta Olabarrrieta. Zabalena Motondo lur zatia da. Hauek guztiak itsasoaren eragin handia jasaten duten kotetan kokatzen dira.
Ibaian gora (Usurbileraino), ibaiaren bi ertzetan entitate gutxi edo gehiagoko zingira-guneak nahiz hauen eta haran-ondoko lurzoruen arteko trantsizioko ureztatu gabeko lurzoruak daude. Guztiak dira garrantzitsuak, lur hezeen multzoak, ibaiertzeko landarediak, zoru landatuek eta, elkartzen zaizkion errekastoekin batera, ibaiak berak osatzen dute ekosisteman.
Paisaia gizakiaren eragin handia jasan badu ere eta berau oso eraldatua badago ere, eta paduraren jatorrizko azaleraren erdia baino gehiago desagertu dela edo berreskuratu ezineko egoerara eraman dela kontuan hartuta, leku honek ingurune estuarioaren ezaugarriak ondo gordetzen dituela esan daiteke.
Padura-ekosistema konplexu eta produktibo honen egiturak geruza bertikalak ditu gazitasun gradientean, ibaia eta itsas jatorrizko jalkin lohitsu eta hareatsu edo buztinezkoen artean, zostera eta espartina partxeekin estalitako itsaso arteko lokatzetatik landare halofiloen komunitate supralitoraletara iraganez.
Aipatutako areak itsasoaren mailatik gutxi gailentzen diren eta mareen eragina jasaten duten lurzoru zapalak dira. Beraz substratuak Koaternarioko metaketa ibaitarren ondorio dira.
Padurako paisaiaren hondakinak dira –antzinan askoz zabalagoa– Euskal Autonomi Elkarteko estuario garrantzitsua den honetakoak. Hura oso osorik, Usurbildik itsasoratzen den arte, potentzial ekologiko eta paisajistiko handiko lekua da, nekazaritzarako ibar gisa duen balioaz gain.
Aipatu diren area batzuek aldaketa-maila altua jasan dute: beteketak eta lur-berdinketak Motondon, itsasgorak ekarritako zaborrak, Oria ibaiaren kutsadura, etab., baina orokorrean beren balio natural gehienak izaten jarraitzen dute.
Duela denbora gutxi padurako beste lur zati batzuen desagertzea edo degradazio sakona ikusi ahal izan ditugu. kuspuntu biologikotik hain garrantzitsuak diren habitat hauen iraungipena ez da iraganeko gertakari bat bakarrik, gaur egun oraindik gertatzen ari den zerbait baizik.
Paseoak, arrantza, etab. ohikoak dira itsasadarraren zati honetan, gutxi zaindutako area bat bada ere. Angularen arrantza ere tradizio handiko jarduera da hemen.
Inguruko lurzoruaren erabilera nekazaritza eta abeltzaintza nahiz baso-erabilera dira eta lur zatietako bat lurzoru urbanizatuaren mugakide da.
Leku hauetan ur gazietako nahiz gazitasun-maila jakin batean bizi daitezkeen zingiretako landare komunitateen arrastoak aurkitzen dira, paduretako berezko espezieak ur geza geldoetan aurkitzen diren beste batzuekin integratzen direlarik.
Haietako asko inguru hauetan bakarrik aurkitu ohi dira eta haien habitata desagertzen bada, hain ingurugiro berezi eta selektibora egokituta dauden espezieak ere desagertu egingo dira. Lurzati handienean komunitateen jatorrizko konplexua sinplifikatuta agertzen da antzinan izan zituen nekazaritza-erabilerei eta ondoren jasan zituen asaldurei esker.
Padurako landare-zerrenda desberdinen adibideak ikus ditzakegu: Spartina alternifloraren belardia; Halimione portulacoides espeziea nagusi den komunitatea; Juncus maritimus eta Scirpus maritimus espezieen ihitokiak eta lezkadiak (mota desberdinetako lezkak, malba zuriak, etab.) kostaldean bezala, hemen ere Baccharis halimifolia aloktonoak gainditzen ditu. Ondoren, urak hartzen ez dituen lurzoru gezatakoak azaltzen dira hauek ordezkatuz, batez ere haltzadia, baina baita belar handien multzoak ere (Oenanthe crocata, etab.).
Aipatu diren espezieez gain komunitateetan nagusitzen diren ondorengoak aipatu ditzakegu lurzoru gazietan: Triglochin maritima, Spergularia maritima, Aster tripolium, Carex extensa eta Atriplex hastata.
Aipatutako arreetan ibaian gora joz, urbazterretan eta Oriaren ibarrean, inguru hauekin lotutako landaredia eta faunari dagokionez interes berezia duten lur zatiak daude, bereziki ihitokiak, lezkadiak, haltzadi gazteak eta gazitasun gehiago edo gutxiago duten limo hezeetan bizi diren belar-multzoak. Hau guztia Oriako estuarioko ingurugiroa berreskuratu eta artatzeko kontuan izan beharrekoa da.
Estuarioan, marearekin ibaiaren zati batean mugitzen diren kosta-espezie batzuen nahasketak (lupina, muxarra, korrokoi...), marea-ibaia ekotonoko arrainek (aingira, itsas amuarraina, kokala eta platuxa latza) eta ohiko ibai-taxonek (barboak, loinak eta ezkailuak) osatzen dute iktiofauna. Gune honetan garrantzia handia du angula-arrantzak, eta lehen aipatu dugunez, izokin atlantikoa ere aurki daiteke, espeziea arian-arian berreskuratzen ari baita, espeziearen iraupenaren alde administrazioak garatutako ekimen birpopulatzaileen ondorioz.
Bestalde, kontuan izan behar da gatz-ingurumenak muga fisiologiko nabarmenak ezartzen dizkiela lurreko ornodunei,eta ez dago narrastien edo ugaztunen berariazko edo ordezkaritza komunitaterik, hobeto egokitutako espezie gutxi batzuk izan ezik, hala nola, suge biperakara eta ur-arratoia. Anfibioak ere oso urriak dira eta aurkitzen ditugun gutxi horien artean, ur-igel arrunta, baso-igel gorriak (itsasoaren mailan herri honetan bakarrik hazten dira Euskal Herrian) eta txantxikuak.
Edonola ere, padurako ornodunen artea hegaztiak dira talderik aberatsena, uretako eta zingiretako hegaztien ordezkaritza zabala dago eta. Horrela, bada, hegaztien taldeak oso nabariak izaten dira migrazio-garaietan, eta hainbestekoa izaten ez bada ere, negupasan edo ugalketa-garaian ere bai. Ardeidak (koartza auskarak eta koartza gorriak, koartzatxoak, amiltxoriak), amiamokoak, mokozabal zuriak, ahateak, limoetako zangaluzean (istingorrak, kuliskak, txirritxoak...), antxetak,ubarroiak, erralidoak, martin arrantzaleak, eta zingiretako txori batzuk ere bai, hau da, besteak beste, ihi-txoriak, lezkariak, benarrizak eta zingira-bedantzak.
Migrazio-hegaztien aberastasun honek agerian jartzen du padurek nazioarteko faunarentzako arre-gune gisa duten garrantzia.