Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Eguna itzaltzen doa eta gaua sartzen ari da. Gau berezia, gau magikoa. Suaren, dantzaren eta festaren gaua. San Joan gaua. Eguzkia zeruertzean izkutatzen den bitartean, enbor eta adarrak plaza, baserri eta hondartzetan pilatzen doaz. Bat-batean iluntasuna argi bihurtzen da. Suak piztu dira eta sugarrak zerurantz igotzen dira, dantza alai eta txinpartatsu batean. Itzalak dantzari, suen ondoan altxatzen diren makalak, sugarrak zeharkatzen dituzten saltoak,... San Joan bezperako ospakizunetako hainbat tradizio eta erritu ezberdin, gau bakar batean elkartuta.
Asko dira ekainaren 23ko gauaz gozatuko duten herriak. Sua izango da noski protagonista, beti ere musikaz eta dantzaz lagunduta. Andoainen, esate baterako, alkateak eta udalbatzak Soka-dantzan arituko dira Goikoplazan sua piztu baino lehen. Tolosan berriz, udalbatza Arrameleko San Joan elizaraino hurbilduko da Bezperak eta Konpletak entzuteko. Ilunabarrean sua piztuko dute elizaren parean, Aurreskua dantzatuko dute eta San Joan Zortzikoa abestuko dute. Hernanin festei txupinazoak hasiera emango die. Arratsaldean San Joan Erronda ospatuko da herriko kaleetan zehar eta, ondoren, sua piztuko dute Gudarien plazan. Beste urte batez, gazteek suaren inguruan dantzan ariko dira akelarre bat izango balitz bezala. Arrasatek ere ospatuko du suaren jaia. Bertan, Errementeri Dantza dantzatuko dute eta, ondoren, Zortzikoa suaren inguruan.
San Juan jaia, Andoain. Soka-dantza.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala.
Gaua amaitzen doa eta egunsentiaren lehenengo argiek beste jai eguna dakarte. Ia atsedenik gabe, San Joan eguneko ekintzetarako prestatu beharra dago. Andoainen ospatuko da ikuskizun ezagunenetakoa: Axeri-dantza. Brusa gorriak soinean, dantzariek dantza ezberdinak eskainiko dituzte Goikoplazan. Alkateak eta zinegotziek ere Soka-dantza dantzatuko dute. Tolosan berriz, oso goiz hasiko dira ospakizunak, alborada, diana eta Meza Nagusiarekin. Bordon-dantzariek eta eskopetariek salbak botako dituzte agintarien omenez. Zuriz jantzita, zapi eta gerriko gorriarekin eta kaskabiloak oinetan, Bordon-dantza dantzatuko dute. Hernanin ere ospakizunekin jarraituko dute hainbat egunez.
San Joan gaua. Urteko gau motzena, askorentzat luzeena izango dena. Benetan gau magikoa, sua, errituak eta dantzak elkartzen dituenak. Udako solstizioaren ospakizuna da eta munduko leku askotan bezala Euskal Herrian ere gogo handiz espero da. Zeremonia eta erritu oso desberdinak, baina funtsean beti elementu bera oinarri bezala: sua. 3digitalako argazkiek zeremonia eta erritu bitxi horiek harrapatu egin dituzte. Kolore eta sentsazio ikuzkizuna 3digitalan.
San Juan jaia, Andoain. Axeri-dantza.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala.