Aurtengo edizioan euskal zinemak presentzia handiagoa izango du Zinemira sail berriari esker. 9 film izango dira ikusgai, horietatik 6 estreinaldiak direlarik. Gainera Kimuak 2009 katalogoaren lehenengo proiekzioa izango da aurtengo euskal film labur onenen aukeraketarekin.
Saria eta guzti
Imanol Uribe zuzendariak Zinemira Saria jasoko du gaur, irailak 23, 20:30ean, Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galan. Zinemira sariak euskal zinemaren arloan garrantzia duen artista baten ibilbidea goraipatzen du. Saria eman ondoren, Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzenduriko La máquina de pintar nubes filma estreinatuko dute.
Imanol Uribe (San Salvador, 1950) euskal zinemak 70ko hamarkadaren amaieran izan zuen gorakada garaian ezagutu genuen zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Zuzendari lanez gain, gidoilari eta ekoizle gisa ere aritua da. El proceso de Burgos (1979) lanarekin, jada, Gaztelaniazko Film Onenaren Kantauriko Bitxia saria jaso zuen Donostia Zinemaldian. Garaiko egoera politikoarekin loturiko La fuga de Segovia (1981) eta La muerte de Mikel lanen ondoren beste genero batzuk landu ditu eta Espainiako zinema garaikidearen izenburu nabarmenenetako batzuk eskaini dizkigu: Adios pequeña (1986), El rey pasmado (1991), biekin Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra irabazi zuen, Días contados (1994) eta Bwana (1996), edo Plenilunio (1999) eta La carta esférica (2007) idazlanen egokitzapenak.
18.09.2009 - 21.09.2009 - 23.09.2009 - 24.09.2009 - 25.09.2009 - 26.09.2009