Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Kubako independentzia gerlan hildako euskal soldaduak

1999an Kubako historialari, aditu eta ikerlariek, Independentzia Gerlan hil ziren espainiar militarren zentsua, burutu zuten. Zentsu horretatik euskal jatorriko militarrak eskuratu ahal izan ditugu. Bestalde, Espainiar Gobernuko Gerla Ministerioak, 1896. urtetik, 1900. urte bitartean Egunkari Ofizialean publikatu zituen datuak eskuratu, eta haien artean euskaldunak ziren militarrak identifikatu ditugu. Bi iturri hauek, euskal soldaduen nortasunari buruzko datu baliagarriak eskaini dizkiguten ber, gaia lantzeko dauden oztopoak ere aditzera eman dizkigute. Iturri hauek, ikerketa sakonago baterako abiapuntu izan nahi dute. Baina, horretan hasi aurretik, beharrezkoa iruditu zaigu iturri hauen oinarriak finkatzea. Horretarako garaiko testuingurua lantzen duen azterlan bat burutu genuen, Kubako Independentzia Gerlan, Ejertzito espainiarraren zerbitzura hildako euskal soldaduak (ikerketara baterako oinarriak) izenburu pean. Lan hori Baionako fakultatean Euskal Ikasketen sailean eta IKER CNRS ikerketa zentrorako Master 2 titulaziopean aurkeztu genuen Xarles Videgain UPPA unibertsitateko Katedradunaren zuzendaritzapean. Lan horrek Eusko Ikaskuntzaren beka jaso zuen.

Aurkeztutako azterlanak hiru atal nagusi ditu. Lehen atalean, soldaduak parte hartu zuen gerlaren testuinguru eta aurrekari historikoak azaltzen ditugu. XIX. mendearen bilakaera nagusiak orrazten ditugu eta Kuban izan zuten eragina ikusi. Bigarren atalean, soldaduaren ingurumen hurbila ukitu dugu. Soldaduak bizi izan zuen Kubako gerlaren nondik norakoak aipatu, eta gerla horretan, espainiar ejertzitoaren parte zenez gero, instituzio horren antolaketaren zenbait alde azaldu ditugu. Azkenik soldaduaz beraz aritzen gara, bere jatorriaz, eta bere heriotzaz eta eskura ditugun bi iturrien aurkezpena burutzen dugu.

Kubako independentzia prozesuaren testuinguru eta aurrekari historikoak

Amerikako nazio berrien sorrera 1780 eta 1820ko hamarkaden bitartean ematen da. Garai hartan, Europan bizi diren aldaketa sakonek, eragin zuzena izango dute amerikar kontinenteko askatasun prozesuengan eta ondorioz espainiar kolonienengan. Estatuak ez dira gehiago botere dibinoen gain eraikitako estatuak izango, nazio kontzeptuan eraikitako botereak baizik. Estatu moderno burgesa eraikitzen da. Amerika kontinenteak, eraldaketa sakon eta sendo bat biziko du, kontinente osoan hedatuko den askatasun prozesua gauzatuz. 1808 et 1814 bitartean, Espainian izango den krisi instituzionalak Amerikako askatasun prozesuaren garapenean eragina izango du eta independentzia aldarrikapenak etengabeak izango dira kontinente osoan.

Kuba testuinguru horretan

Kuba, Ameriketako beste koloniak ez bezala, Espainiaren menpe geratzen da. Kubak independentzia garai berean lortu ez izanaren arrazoiak nagusiki bi dira. Irlan zegoen gizarte egitura alde batetik, eta esklabotasunean eta kaina azukre produkzioan oinarritutako ekonomia bestetik. Izan ere, Kubako historiografian azaltzen denez, Kubako independentzia prozesua, 1868tik 1898 bitartera hedatzen da etapa ezberdinetan banatuz. Azken gerla, Independentzia Gerla deitzen dena, 1895eko otsailean, hasi zen. Gerla honen aktore nagusi eta ezinbestekoak 19-20 urteko soldadu gazteak izan ziren. Milaka eta milaka gazte joango baitziren Kubako Gerlara penintsulatik abiatuak. Haien artean euskaldunak.

Argazkia: David G. Romero

Argazkia: David G. Romero.

Espainiar ejertzitoa Kubako independentzia gerlan

XIX. mendean zehar, espainiar estatua aldaketa politiko eta sozial sakonetan murgildua ibili zen. Garai osoan zehar, ezegonkortasuna izan zen nagusi. Erregimen politikoen aldaketa nagusiak, golpe militarren bidez burutzen ziren. 1868an, Prim jeneralak, Isabel II.a tronutik kendu zuen. 1874ean berriz, Martinez Campos eta Primo de Rivera jeneralek monarkia errestauratu zuten, Alfonso XII.a boterean ezarriz. Horrenbestez, Espainiar Ejertzitoaren egoera, estatuaren krisi egoerari loturik zegoen. 1808ko gerla, hiru gerla Karlista, Afrikako gerla, 1868ko Kubako Gerla, estatu golpe etengabeek eta estatu administrazioaren krisiek, ejertzitoa egoera ezin larriagoan jartzen zuten.

Kuban, Espainiar ejertzitoa, ejertzito erregular bat zen. Arma aldetik oso hornitua bazegoen ere, ez zegoen Kubako klima eta geografiari ohitua eta zutabeak mugikortasun eskasekoak ziren. Independentisten manupean antolatua zegoen Askapen Ejertzitoa aldiz, armamentuari zegokionean, pobrea bazen ere, lurraldea erabat menperatzen zuen eta ekiteko modua gerrillarena zuen. Azterlanean azaltzen dugu nola Ejertzito Askatzaileak iniziatiba belikoa mantendu zuen ia gerla osoan zehar eta 1898an Amerikako Estatu Batuak gerlan sartu zirenean, espainiar indarrak oso posizio txarrean zeuden. Azken interbentzio honek Espainiar indarrekin amaitu zuen.

Espedizioei dagokionez, Espainiar Gobernuak burutzen zituen etengabeko efektiboen bidaltzea, Kuban zeuden Espainiar aginteek zituzten behar militar nabarmenei erantzuteko zela esan daiteke. Efektiboen eta kanpaina militarren arteko erlazioa ikusirik, ondorioztatu dezakegu, espainiar gobernuak, zailtasun belikoei eta galerei erantzuteko zuen moduetako bat, irla soldadu gehiagoz betetzea zela. 1895ean Gerla hasi zenean, Kuban zegoen troparen kopurua ez zen 20 000 efektibora iristen. 1898an, gerlaren puntu gorenean, 200 000 mila efektibotik gorakoa zen. Kubatar indarrek efektibo eta baliabide askoz ere gutxiagorekin, iniziatiba belikoa mantendu izanaren arrazoiak, Espainiar ejertzitoaren egituran eta gerlan edukitako jardueran aurki daitezke, baina baita ere osasun sisteman izan zituzten gabezietan.

Espainiar Osasun Militarraren antolaketa Kubako gerlan

Kubako klima tropikala da. Hiru mendi kate garrantzitsu ditu. Tenperatura 20ºC eta 35ºC bitartekoa da eta hezetasuna %70 eta %90 bitartekoa. Euri sasoiak, ekainetik urria arte irauten du, eta garai horretan, klimaren sargoria areagotzen da. Berotasuna eta hezetasuna dela medio, landaretza astuna eta ugaria da irla osoan. XIX. mende amaieran oihanak oso ugariak ziren. Klimari ohitua ez zeuden espainiar indarrentzat, operazioak burutzea oso zaila zen. Egitura militarra, Europako klima kontinentala, hotzagoa eta lehorragoari egokitua zegoen. Baldintza horietan, Kuban operatzea oso zaila zen. Gainera, Espainiar indarrak, Europan zituzten baliabide berekin ari ziren. Martxa luzeak, gune oihantsu eta hezeetan burutzen zituzten. Askotan, euri zaparrada handiek busti eta lokatzez beterik amaitzen zuten, eraso bat bera ere burutu gabe. Gainera, klima tropikaletan ugariak diren mota guztietako eltxo eta zomorroek tropak asaldatzen zituzten. Egoera honek, tropen ahultzea zekarren eta gaixotasunak areagotzen ziren. Klimak eragindako gaixotasunez gain, gerlarako baldintza eta azpiegiturak eraikitzerakoan ere, gaixotasun andana garatzen ziren.

Kontsultatutako bibliografian, aipamen andana agertzen da gai honen inguruan. Izan ere, gerla honen drama handienetakoa, heriotzen motiboetan datza. Heriotza gehiengoak gaixotasunek eraginda omen ziren. Gaixotasun nagusiak, sukar horia eta paludismoa ziren. Gerla osoan zehar, ospitale, klinika eta erizaindegi ugari eraiki eta antolatu ziren. Baina gaixoen kopurua hain zen handia, non ejertzitoak zituen azpiegiturak, ez baitziren nahikoak.

Soldaduak

Gerlaren ondorio larriena, soldaduek sufritu zutena izan zen. Beraien herritik itsasoaz beste aldera joatea behartuak izan ziren lurralde arrotzetara gerlara joateko. Han, baldintza ezin txarragoetan borrokatu zuten.

Euskal jatorriko soldaduak, espainiar estatuko beste soldadu ororen baldintza eta ezaugarri bertsuak zituela pentsa dezakegu. 1876-ko Konstituzioak, euskal foruak behin betirako desegin eta zerbitzu militarraren beharrezkotasuna euskaldunei ere inposatua izan zitzaien. Orduz geroztik, espainiar estatu osoan “eskubide eta betebehar” berak gobernatuko dituzte mutil gazteak: haien artean Espainia defenditu eta zerbitzatu.

Zerbitzu militarrerako errekrutatzea lurraldeka burutzen zen. Soldadu izendatua zenak, zerbitzua, hiru urtez, zegokion erregimentuan burutzen zuen. Ondoren erreserba erregimentura pasatzen zen eta seigarren urtean bigarren erreserbara. Quintoa edo errekluta, bozka bidez gerlara joateko hautatutako gaztea zen. Kubako gerlan, soldaduen gehiengoa errekluta zen. Kubako gerlara, quintoak eta zerbitzuan ziren soldadu eta erreserbistez gain, urte bakoitzean 19 urte beteak zituzten gazteak bidali ziren. Azken hauek, ia instrukzio militarrik gabekoak ziren. 20 milioi biztanle eskas zituen estatu espainiarrak eta orotara 200.000 izan ziren Kubara joanak.

Kuban hil ziren Espainiar estatu osoko soldadu kopuruari dagokionez, kopuru ezberdinak biltzen ditugu. Ikerlari batzuen arabera, batailetan eta zaurien ondorioz 2000 eta 4000 bitarteko soldadu hil omen ziren eta gaixotasunez 58.939. Orotara 60.000-tik gora beraz. Kuban ehortzitakoak berriz, bildutako zentsuaren arabera 38.000 hildako baino gehiago kontatzen ditu. Gerla Ministerioko Egunkari Ofizialak publikatu zituen heriotza guziak kontatuz gero zifra ezberdinak daude. Datu batzuek 44.389 hildakoren kopurua ematen dute. Guk ere iturri berak eskura ditugunez, zerrenden bat banakako kontaketari ekin diogu eta nahigabe egindako akats edo ahanzteak salbuespen, 47.295 heriotza kontatu ditugu. Horietatik, 2000 inguru Euskal Herriko lurraldeetakoak dira.

Argazkia: John-Morgan

Argazkia: John-Morgan.

Gerla Ministerioko Egunkari Ofizialean argitaratutako heriotzen zerrenda

Kontaketaren zailtasunaz gain (ikus zerrenda ilustrazioan), orrialdeen ulermena askotan zaila egiten da, eta erregistroak nahasirik daude. Hildako asko errepikatuak dira, ortografia ezberdinarekin idatziak baitaude. Herri izena eta soldaduen abizenak akats ortografikoz josiak daude. Zerrenda guztiak ez daude jarraian eta beraz orrialderen bat erraz gal daiteke. Izaera ofizialean dago iturri honen balioa.

Hildakoen zentsua

Beste heriotza zerrenda, Kuban lurralde bakoitzeko erregistro zibil eta parrokialetatik bildutako heriotza akten zentsua da. Zentsu amaigabea da. Zentsuak biltzen dituen datu zenbait, hala nola hiltze arrazoiak, ez dira fidagarriak. Hildako guztiak ez dira erregistroetan agertzen. Izan ere, erregistroetan agertu ahal izateko hilerrietan ehortzia egon behar zuen, logikoa denez. Horretan datza iturriaren balioa, erabateko jatorrizko iturria dela alegia.

Euskal soldaduen zerrendak

Bi iturri horietatik abiatuz, Euskal probintzietako soldaduak aukeratu ditugu. Zerrenda bakoitzak hildakoei buruzko hainbat datu ematen dizkigu. Zentsuak, izenak, abizenak, gradua, jatorria (probintzia), urtea, egoera zibila, ofizioa, heriotza data eta tokia (herria eta probintzia), erregistroaren kokapena, eta ospitalearen izena ematen digu. Egunkari Ofizialak aldiz, izenak, abizenak, gradua, armak, soldadua parte den gorpuaren izena, jatorria (herria eta probintzia), heriotza tokia (herria eta probintzia) publikatzen ditu.

Egunkari Ofizialean hildakoak 1896ko martxoaz geroztik agertzen dira baina euskal hildakoak altxatzeko jatorrizko probintzian erreparatu gara eta datu hori urritik landa agertzen denez ezin izan ditugu aurretik hildakoak altxatu. Gainera, euskaldun kopurua ez da guztiz zehatza, izen zenbait errepikatuak baitaude ortografia ezberdinarekin. Zentsutik eratorritako euskal hildakoen zerrendan, 1760 euskal hildako agertzen dira baina Nafarroako erregimentukoak euskalduntzat hartuak izan dira, Katalanak zirelarik.

Logika guztien arabera ehortziak dauden 1760 euskaldunak egunkari ofizialean aurkitu behar genituzke, baina zailtasun nabariak daudela ohartuko gara akatsak eta bestelako faktoreak direla medio.Hona bi zerrendetako -a- e-eta -l letrekin hasten diren soldadu batzuen datu zenbait:

KUBAN JASOTAKO ZENTSUAREN ARABERA, BERTAN EHORTZIAK DIREN EUSKALDUN ZENBAIT

Abizenak Izena Jatorria Gradua Heriotze data Heriotze kausa
Achaval Ynchausti Jose Bizkaia Soldadua 06/03/1898 Bestelakoak
Aguirre Arregui Jose Gipuzkoa Ezezaguna 18/05/1898 Ezezaguna
Elizardo Inocencio Nafarroa Ezezaguna 30/10/1896 Ezezaguna
Elorza Frascuende Leon Araba Ezezaguna 02/08/1896 Bestelakoak
Lezcano Incognito Pantaleon Gipuzkoa Soldadua 01/04/1898 Gastroenteritis
Lezcano Martinez Emeterio Bizkaia Ezezaguna 19/08/1898 Gastroenteritis
Liger Segura Guillermo Araba Soldadua 24/08/1898 Bestelakoak
Linaza Larrea Julian Bizkaia Soldadua 07/08/1897 Gerra zauriak
Lipurena Y Lipurena Gumersindo Nafarroa Soldadua 27/11/1898 Gastroenteritis

GERLA MINISTERIOKO ZERRENDEN ARABERA BESTE IZEN BATZUK

Abizenak Izena Jatorria Gradua Heriotze data Heriotze kausa
Abecha Benito Orozko/Bizkaia Soldadua 11/02/1897 Gaixotasuna
Aberasturi Betaña Andres Echevarre/Araba Soldadua 14/12/1896 Okada
Abete Lazurriaga Jose Estella/Nafarroa Soldadua 18/06/1897 Okada
Erostarla Sufa Francisco Oñate/Gipuzkoa Soldadua 31/08/1896 Gaixotasuna
Errea Goñi Graceliano Pamplona/Nafarroa Soldadua 02/08/1897 Okada
Lijer Segura Guillermo Echevarreviña/Araba Soldadua 28/08/1898 Gaixotasuna
Linaza Larrea Julian Arrigarriaga/Bizkaia Soldadua 03/08/1897 Gudu-zelaia
Lisiaga Astorba Estefano Orereta/Gipuzkoa Artillaria 04/08/1898 Gaixotasuna
Lizarraga Julian Trievas/Nafarroa Soldadua 22/09/1897 Gaixotasuna

Ondorioak

Galdera asko etortzen zaizkigu burura zerrenda hauek eskuan ditugularik. Egunkari Ofizialak, datu berria eman digu: jatorrizko probintziaz ez ezik, herria ere agertzen zaigu bertan eta informazio iturri aberatsa izan daitekeelakoan gaude; datu horrekin herriko artxibategi eta familietaraino hurbildu baikaitezke. Orain, soldadu bakoitza bat banaka hartu beharra dago eta bi zerrendak konparatu ondorioak atera aurretik. Kubako Gerlan hil ziren euskaldunak nor ziren jakiteko, zerrendak zorrozki orrazteaz gain, bestelako iturrien eta jakintzen ekarpena beharrezkoa dugu. Datu baliagarria izango zaigu, aurrera begira, garai hartan Amerikako euskal komunitatean zeuden agerkarietan Kubako gerraren gertakizunei buruz agertutakoak altxatzea. Horretarako bere biziko garrantzia hartzen du Urazandi bildumak bertan baitaude Amerikako agerkariak digitalizaturik. Horretaz gain, Irargi zentroak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Elizbarrutietako eta Artxibo Historikoen Sakramentu erregistroak batzen ditu eta beraz bataio, ezkontza eta heriotza aktak bilatzeko tresna paregabea dugu.

Euskal soldaduak ezagutzen ez zuten herri batera borrokatzera joan behar izan ziren. Ez zuten ezer irabazteko eta dena galdu zuten, gaur egun, ez baitakigu ere nortzuk ziren. Beraien memoria da gaur berreskuratu nahi genukeena.

Bibliografia

- Obrak -

BERROETA SCHEIDNAGEL, Santiago, Los sucesos de Ciefuegos y la situación de la isla de Cuba, escritos por un español incondicional, Printing Office, New York, 1897.

BOSCH, Juan, De Cristóbal Colon a Fidel Castro. Caribe, Frontera imperial. Ciencias Sociales, 2003.

CALLEJAS, Bernardo, Batallas Mambisas Famosas, Letras Cubanas, La Habana, 1979.

CALVO POYATO, José, El desastre del 98, Barcelona, Plaza y Janés, 1997.

ESCALANTE COLAS, Amels, JIMENEZ GONZALEZ, Ángel, SAUTIÉ MOHEDANO, Pedro, Diccionario enciclopédico de historia militar de Cuba, Tomo I, Tomo II, Tomo III, La Habana, Verde Olivo, 2003.

GUERRA, Ramiro, Guerra de los 10 años, Ciencias Sociales, La Habana, 1972.

ISERN, Damián, del desastre nacional y sus causas, Madrid, Imprenta de la viuda de M. Minuesa de los Ríos, 1899.

IZQUIERDO CANOSA, Raúl, Viaje Sin Regreso, Verde Olivo, La Haban, 2001.

MARTINEZ ARANGO, Felipe, Cronología critica de la Guerra Hispano-Cubanoamericana, Universidad de Oriente, Santiago de Cuba, 1960.

MASSONS, J.M. Historia de la Sanidad Militar Española tomo II, Pomares Corredor, Barcelona, 1994.

MINISTERIO DE LA GUERRA, “Diario oficial”, 1895, 1896, 1897, 1898, 1899, 1900, Madrid.

MIRÓ ARGENTER, José, Crónicas de la guerra [1909] Tomo I, Tomo II, La Habana, Editorial letras cubanas, 1981.

NUÑEZ FLORENCIO, Rafael, El Ejercito Español en el Desastre de 1898, Arco Libros, Madrid, 1997.

PALACIO ATARD, Vicente, La España del siglo XIX 1808-1898, Madrid, ESPASA-CALPE, 1981.

PIRALA CRIADO, Antonio, Anales de la Guerra de Cuba, Tomo III, Madrid, Felipe González Rojas, 1895-1898.

PLACER CERVERA, Gustavo, El Estreno del Imperio, La Habana, Ciencias Sociales, 2005.

PUELL DE LA VILLA, Fernando, El soldado desconocido, del a leva a la mili (1700-1912) Madrid, Biblioteca Nueva, 1996.

- Artikuluak -

ALONSO BAQUER, Miguel, 1989, “La reforma militar del siglo XIX”, Militaria 1, 15-26.1999.

DIAZ MARTINEZ, Yolanda, 1994, “Dos Ejércitos en Lucha: Tácticas y estructuras militares en la Guerra de Cuba, 1895-1898”, Revista Complutense de Historia de América, 20, 257-274.

___, 1998, “La Sanidad Militar del Ejercito Español en la Guerra de 1895 en Cuba”, Asclepio, 50-1, 159-174.

DIEZ PEREZ, Agustín, 1998, “Memorias Inéditas de un soldado de la guerra de Cuba”, Cuaderna: Revista de Estudios Humanisticos de Talavera y Su Antigua Tierra, 6, 79-95.

ESTABAN MARFIL, Bonifacio, 2003, “Los Hospitales Militares en la isla de cuba durante la guerra 1895-1898”, Asclepio, 55-2, 173-199.

FRIEYRO DE LARA, Beatriz, 1998, “El soldado Riojano en la Guerra de Cuba” Berceo, Revista riojana de ciencias sociales y humanidades, 135, 39-56.

PASCUAL MARTINEZ, Pedro, 1996, “Combatientes, muertos y profugos del ejercito español en la guerra de la independencia de Cuba (1895-1898)”, Estudios de Historia social y Económica de America 13, 479-486.

PLACER CERVERA, Gustavo, PEREZ GUZMAN; Francisco, 2001, “Las Campañas Militares del General Valeriano Weyler durante la Guerra de Cuba: apuntes para la Historia” Revista de Historia militar, 90, 207-230.

SÁNCHEZ ABADÍA, Silvia, 2001, “Olvidos de una guerra; el coste humano y económico de la independencia (Cuba-España, 1895-1898)” Revista de Indias, 221, 113-140.

SERRANO, Carlos, 1982, “Prófugos y Desertores en la Guerra de Cuba”, Estudios de Historia Social, 22-23, 253-278.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media