Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Zuzeneko harreman laburra izan nuen Carlos Santamariarekin, eta egoera berezian ezagutu genuen elkar, apaizgai nintzela. Gero, 1951. urtean ordenatu ninduten apaiz, Artzain Onaren Katedralean. Jaime Font y Andreu gotzainak ordenatu ninduen presbitero. Hura izan zen elizbarruti honetako lehen gotzaina, Bizkaia eta Gipuzkoa 1950ean Gasteizko elizbarrutitik banandu ostean. Orduan eratu ziren Bilboko eta Donostiako elizbarrutiak. Gerora, Erroman unibertsitate-ikasketak egin nituen lau urteetan Carlosekin nuen harremanari eutsi nion 1951tik 1955era arteko udako oporraldietan. Agian urte haiek ez ziren esanguratsuenak izango Carlosen nortasuna ezagutzeko, seguruenik ez. Hala ere, nire ikuspuntutik begiratuta, interesgarrienak dira haren nortasunari buruzko nire ikuspegia azaltzeko, orduan izan baikenuen harremanik interesgarriena. Baina horretaz gain, oso urte garrantzitsuak izan ziren haren giza eta kristau-nortasun aberatsari buruzko ikuspegi osoa eskaintzeko. Dena den, ikuspegiaren osotasuna haren bizitza osoak eta bizi izan zituen egoera historikoek bakarrik eskaini ahal izango digute, noski.
Aipatu ditudan iragan mendeko urte haiek 1948tik 1955era bitartekoak dira. Urte horien berezitasunari erreparatzen ez badiogu, nire ustez ezingo dugu ezagutu aldi berean kristaua eta politikoa den Carlos Santamariaren nortasun aberatsaren dimentsio zehatza. 1939an garaitu zen frankismoa sendotuz joan zen urte haietan, eta hala iragarri zuen Generalisimoak: «Españoles, la guerra ha terminado. ¡Viva España!» (espainiarrak, gerra amaitu da. Gora Espainia). Frankismoarekin batera, erregimenak Elizarekin zituen harreman «interesatuak» ere sendotuz joan ziren, eta «Nazionalkatolizismoaren» ereduan gauzatu ziren. Hori guztia gertatu zen lehenago Francoren laguntzaile izan ziren Alemaniako eta Italiako erregimen totalitarioak garaituak izan ziren arren. Aldi berean, aliatuen Europan Kristau Demokraziaren ildoko erregimen politikoak nagusitzen ari ziren, Errusian Sozialismoa indartzen zen bitartean. Azken horrek ere eragina zuen Mendebaldean. Urte haietan, 1953an zehazki, Generalisimoak inposatutako erregimen frankistaren inguruan garrantzi politiko nabarmena izan zuen gertakaria jazo zen: Ameriketako Estatu Batuek Francoren erregimena onartu zuten, eta hurrengo urtean Elizak Konkordatua sinatu zuen Espainiako estatuarekin. Modu horretan, nazioarteko harremanen esparruan ere Espainiak onarpena jaso zuen.
Egoera politiko eta erlijiozkoa konplexua zen, bai Espainiako estatuaren barruan eta baita nazioarteko harremanen esparruan ere. Egoera hori bizi izan ez zutenek agian ez dituzte bere neurrian kontuan hartu eta baloratuko hurrengo urteetan Donostiako Foru Aldundiaren jauregian egin ziren «Nazioarteko Elkarrizketa Katolikoak». Carlos Santamaria izan zen ekimen horren sortzaile, sustatzaile eta egilea, eta benetan eginkizun konplexua izan zen.
Egitasmoan eragin zuten faktoreen artean aipagarria da gizarteak bizi zuen etengabeko tirabira, askatasun nahiaren eta ezinaren artekoa. Funtsezkoa izan zen tirabira hori, gizarteak askatasunean bizitzeko nahia eta borondatea zuen, baina aldi berean askatasun politiko eta sozialik ez zuen. Ikuspuntu horretatik begiratuta, Elkarrizketek askatasunezko hurbileko esperientziak izan zituzten oinarri, askatasunik gabe bizi ondoren hura eraikitzen eta bizitza zibil eta politikoa askatasunez bizitzen saiatzen ari ziren Europako herrialdeen esperientziak, alegia. Era berean, hainbat lagunen borondateak bultzatu zuen ekimena, euren herrian biziki maite zuten askatasunik ez zegoela eta izpirituz lortu eta guztion arteko hausnarketan adierazi beharrekoa zela pentsatzen zutenen borondateak, hain zuzen. Elkarrizketak askatasun-esperientzia ziren, atzerriko eta baita ere Espainiako estatuko ahotsen aldarria, egiaren bilaketa partekatu nahi zutenena.
Pertsonaren duintasunean, eta beraz, bakean eta elkartasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko kristau-fedearen gizarte eta politika-dimentsioaren doktrina-herentzia baliagarria izan zitekeela usten zuten Europako ahotsen bidez ere aldarrikatzen zen askatasuna. Gotzainek, apaizek, erlijiosoek, laikoek, kristauek, politikariek eta unibertsitate-irakasleek zapalkuntzaz eta askatasunaz hitz egiten zuten, hausnarketa eta esperientzia abiapuntu zituztela. Guztien fedea berbera bazen ere, bakoitzak bere arrazoi eta motibazioak zituen. Era berean, Espainian nabaria zen «Asociación Católica de Propagandistas» (propagandisten elkarte katolikoa) erakundearen eragina, argi eta garbi konfesionala zena. Urte asko igaro beharko ziren Vatikanoko II. kontzilioak Erlijio-askatasunari buruzko Deklarazioa landu arte. Halaber, Kontzilio horren oinarrian izan zen pentsamendu teologiko berriaren sustatzaileen ahotsak ere entzun ziren Donostian.
Donostian egindako “Nazioarteko Elkarrizketa Katolikoen” oroitzapen horretan kokatu behar dugu Carlos Santamariaren figura. Urte haietan frankismoaren Nazionalkatolizismoak baldintzatzen zuen Espainiako bizitza politikoa eta erlijiozkoa, izan ere, fenomeno hori politikoa eta erlijiozkoa baitzen aldi berean. Carlos Santamariaren ezohiko adimena eta talentu politikoa agerikoak izan ziren hura ezagutu eta harremanetan izan ginen urte haietan.
Atejokako 15. zenbakian argitaratutako artikulua
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus