Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Lehen Hezkuntzako gelak digitalizatzeko Eskola 2.0 programak berebiziko garrantzia du Eusko Jaurlaritzarentzat. Isabel Celaak zuzentzen duen Sailak hezkuntzaren modernizazio teknologikoa eta berrikuntza metodologikoa helburu dituzten neurrien barruan diseinatu du programa hori.
Eskola 2.0 programak, “azken urteotako hezkuntza programarik handienetakoa” denak, gelen digitalizazioa planteatzen du, hezkuntza alorrean kultur eta metodologia aldaketa bultzatzeko. Haren bitartez, ikasturte honetan miniordenagailu bat emango zaio Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasle bakoitzari, eta 940 gela ingurutan, ordenagailuak kargatzeko eta biltegiratzeko armairua jarriko da, haririk gabeko lotune batekin eta bideo proiektagailua eta bozgorailuak izango dituen arbel digital batekin batera. Euskadiko eskolako parke informatikoaren barruan emango den jauzi garrantzitsua da, kontuan izanik ikasturte hasieran 100 ikasleko 12 ordenagailu baino gutxiago zirela eta orain, berriz, ia 18 izango direla.
Hezkuntza Sailak komunikazio arloko teknologia digitalez hornitzea baino zerbait gehiago nahi du. Eskola 2.0 programarekin, ordenagailu kopurua eta Interneteko lotuneak gehitu egingo dira, baina batez ere, teknologia horiek ikasteko eta irakasteko prozesuaren muinean txertatuko dira. Hezkuntza Sailaren Kudeaketa zuzendaria eta programaren koordinatzailea den Carlos Crespo jaunaren hitzetan, “gela arrunta informatizatuko da eta irakaskuntza mundu digitalizatura zabalduko da”. Crespok gogoratu duenez, “ordenagailuek eta Internetek ez dute jakintzarik sortzen, informazioa prozesatu besterik ez dute egiten”, eta gehitu duenez, “jakintza, neurri handi batean, pertsonaren eta makinaren arteko interakzioaren bitartez sortzen da”. Hori dela eta, Eskola 2.0 planifikatzen duen lantaldeak uste du programak arrakasta izan dezakeela, protagonista nagusiak kontuan hartzen badira, hain zuzen ere irakasleak eta ikasleak.
Ikasleek nabarituko dute aldaketa, batez ere. Aurreko sisteman, ikasleak ikasgela batetik bestera ibiltzen ziren teknologia berriak lantzeko, “informatika gela” izenekora joan behar baitzuten teknologia berriak erabili ahal izateko; orain, berriz, ohiko lanlekua digitalizatuko da. Gainera, dagoenekoz digitalizatua dagoen gela arrunt horretan, kontsola handi eta mugiezineko talde informatikoetan, gehienetan kopuru aldetik eskasak zirenetan oinarritutako sistema alde batera uzten da, ikasle bakoitzak izango duen eskuko miniordenagailuan egituratutako sistema hartzeko.
Argazkia: Jim Sneddon.
Irakasleei dagokienez, eta lehenengo aldia da, guztiak sartzen dira programan, informazioaren teknologietan duten gaitasunak edo haietara duten gertutasuna kontuan izan gabe; guztiak dira Hezkuntza Sailaren prestakuntzaren helburu.
Eskola 2.0 programak geletara material informatikoa iritsi aurreko prestakuntza plana egitea ekarri du berekin, batzuek besteei irakatsiz martxan jarri dena ikasturte hasiera-hasieratik. Lehenik eta behin, lau pertsonako lantaldea osatu zen, irailean, lehenengo planak antolatzeko; ondoren, teknologian adituak diren berritzeguneetako (irakasleak aholkatzeko eskualdeko zentroak) dinamizatzaileak deituak izan ziren eta, azkenik, urrian, Lehen Hezkuntzako 5. mailako irakasle-tutore guztien prestakuntza saioak hasi ziren eta baita gela horietan ohikotasunez irakasten duten Ingeleseko eta Pedagogia Terapeutikokoena ere.
Prestakuntzaren edukiei dagokienez, hiru dira osatu diren prestakuntza blokeak; guztiak era praktikoan garatu dira, maila ezberdinak kontuan izanik, eta “arituz ikasi” printzipioa oinarri hartuta. Lehenak ofimatikako sistema eragileetako eta Interneteko oinarrizko gaitasunak lantzen ditu; bigarrenak arbel digital interaktiboaren erabilera didaktikoari heltzen dio, eta hirugarren moduluak, Interneterako eta 2.0 webaren mundurako sarbidea eta ikasgelan duten aplikazioa jorratzen ditu.
Eskola 2.0 programaren arduradunek oso garbi daukate irakaslearen eta ikaslearen artean pantaila bat tartekatzeak aldaketa nabariak ekarriko dituela, baina baita ere, aldaketa horiek ez dutela esan nahi teknologia berriak aurreikusten dituen edozein planteamendu egokia izango denik. Esperientzia honetako ikasleekin lantzeko planifikatu diren proiektu telematiko kooperatiboak dira lortu nahi den aldaketa metodologikoaren adibide.
Martxan jarritako prestakuntzak ez du etenik izango material informatikoa iristen denean, eta horrek etengabe lan egiteko gaitasuna emango die irakasleei, elkarlanarekin era egokiagoan eta ikaslearen ikaskuntzaren banakotasunarekin bat etorriz.
Eskuko ordenagailu berri guztiek Interneterako konexioa daukate eta 5. mailako ikasgela guztietan wifi antenatxo bat jarriko da, ikastetxeko “zerbitzariarekin” konektatuta egongo dena eta, ondorioz, bere komunikazio taldearekin. Lan egiteko era horrek, beti gelako arduradunaren kontrolpean egongo denak, intrusioak eragozten ditu eta bertako edozein puntutatik Internetera sartzeko aukera ematen du.
Teknologia horren erabilera, gaurko gizartean oso zabaldua badago ere, dituen ustezko arriskuei buruzko iritzi alarmistekin batera iritsi da. Hezkuntza Sailak adierazi duenez, segurtasun protokolo eta araudi guztiak zuhurtasunez betetzen ditu. Gainera, Sailaren arduradunek gogoratu dutenez, aurretik ere egon dira esperientziak antzeko taldeekin eta ez dute inolako arazorik eman.
Hezkuntza Sailak haririk gabeko konexioaren ekarpena azpimarratzen du. Izan ere, eskolako espazioa eta denbora aldatu eta malgutzea ahalbidetzen du, edozein momentutan, banaka edo talde txikitan, baita, arbel digitalaren aurrean, talde handitan ere lan egiteko aukera emanez.
Argazkia: striatic.
Hezkuntza Sailaren egungo arduradunak jakitun dira oso material didaktiko gutxi dagoela programa aurrera eramateko, bereziki euskaraz. Hori dela eta, norabide askotako jarduera plana ezarri dute, euskal ikasleen hezkuntza-eduki digitalak gehitzeko.
Gaur egun Internetek, ikasgelan erabiltzeko material asko eskaintzen badigu ere ingelesez, (gutxiago gazteleraz), euskaraz oso material didaktiko gutxi dago. Hori dela eta, dagoen materialaren zerrenda egin da, erakunde ezberdinekin hitzarmenak sinatu dira, hezkuntzan erabilgarriak izan daitezkeen materialak partekatzeko, eta gainera “ad hoc” egingo dira, Eskola 2.0 programarako material digitalaren sorkuntza sustatzen duen araua onartuz.
Gainera, eta lehenengo aldiz, Euskadiko ikastetxe guztiek software librea erabili ahal izango dute, eztabaidagai bihurtu dena eta erabiltzaile askok eskatzen dutena. Aukera hori emango dute ordenagailuek, abio duala eta bi sistema eragile desberdin, Linux eta Windows, edukitzeko aukera baitute, baita programek eta irakasleen prestakuntzak ere, funtsean, oraindik orain askorik ezagutzen ez dugun software librea oinarri hartuta garatzen ari baita.
Interneteko nabigatzaileek edota antibirusak bezalako programa garrantzitsuek software librean ere funtzionatuko dute. Baina edozein software erabilita ere, ikastetxeek ez dute erabilera baimenik ordaindu beharrik izango. Gainera, programa honetarako material didaktikoak Creative Commons-en baimenpean diseinatzen ari dira, eta horrek beren erabilera librea eta partekatua ahalbidetzen du.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus