Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Gorka MORENO MÁRQUEZ, EHUko Gizarte Langintzako U.E irakaslea
Aurreko artikulu batean flexisecurity edo malgusegurtasun ereduaren ezaugarri teoriko nagusienen aurkezpen labur bat egin zen. Era berean, Danimarka edota Holandan bezalako lurraldeetan honen aplikazio praktikoa nola gauzatu den ere komentatzen zen. Europear Batasunak eredu hauek, bereziki daniarra, eredutzat hartzen dituela kontutan harturik, erantzun beharreko lehenengo galdera eredu hau Europar Batasuneko gainontzeko lurraldeetara esportagarria den ala ez ikustea da.
Lehenik eta behin, interesgarria izango litzatke daniar ereduaren zeinu diren gizarte politiken edota enplegurako politika aktiboetan emandako gastu handia lurralde ertain edo handiago batean eman daitekeen ala ez argitzea. Zentzu honetan, ezin da ahaztu Danimarkako populazioa 5,5 millioi ingurukoa dela, Alemania (82 millioi baino gehiago), Frantzia (63 inguru) edota Espainia (46 inguru) baino kopuru askoz ere txikiagoa duena beraz. Kontutan hartu behar den beste elementu bat lurralde honetako presio fiskala da, gure ingurunekoarena baino askoz ere handiagoa baita. Ezberdintasun hauek era grafikoan ikustearren, Danimarkak bere Barne Produktu Gordinaren %30,1 gizarte gastuan erabiltzen duen bitartean, Espainian zifra hau %20,9ra jeisten da (Petrasova, 2008: 1). Era berean, eta jada aurreko artikuluan aipatu zen bezala, lurralde eskandinabiar honetako gizarte prestazioak gure ingurukoak baino askoz ere zabalagoak dira. Azkenik, aipatzekoa da ere malgusegurtasun eredu hau lurralde hauetan instituzio publiko eta gizarte-eragileen akordioen bidez gauzatu egin direla (Miguélez, 2007), hauen kultura politikoaren baitan gizarte-konzertazioak garrantzi handia duelarik, hemen ez bezala.
Hau guztia aipatu ondoren eta Ongizate Estatu nordikoak azaltzen dituen ezaugarriak kontutan hartuta, beste leku batzuetara eramatea zailtasunak sortaraziko dituela pentsa daiteke (Esping-Andersen, 1993). Adibidez, zaila izan daiteke mediterranear inguruko ongizate-sistemen baitan bere ezaugarrietatik at gelditzen den malgusegurtasuna errotzea (Algan eta Cahuc, 2005). Gure gertuko ingurunean, esaterako, ematen diren gizarte-parametroak ez dute batere zerikusirik Europa erdialde edota iparraldekoekin, gehien bat gizarte-babesari dagokionez. Hori dela eta, malgusegurtasun ereduaren apostua egiten bada hemen, hasieratik egiturazko arazo bat egongo da, ereduaren oinarrietako baten ahuleziak oso nabarmenak izango baitira. Honen bidez, eredu anker baten aurrean egongo ginateke.
Argazkia: KaiChanVong.
Honen harira, erantzun beharreko hurrengo galdera Europear Batasunean malgusegurtasun eredu bakarra eman daitekeen edo eman behar den da. Akaso, lurralde bakoitzaren testuingurua zein ezaugarri kultural dituen kontutan harturik, eredu ezberdinak egikaritu beharko dira, malgusegurtasun ereduari buruz hitz egin beharrean malgusegurtasun ereduei buruz hitz eginda. Izan ere, lurralde batean onuragarria izan daitekeena agian ez da besteetan. Are gehiago, batean aurrera pausua izan daitekeena beste batean, aldiz, traba edo oztopo bat baino ez izan daiteke.
Esportagarritasunaren kontua alde batera utzita, aztertu beharreko hurrengo elementua zeri buruz hitz egiten ari garen argitzea da. Izan ere, kontzeptuaren bi elementuetako bati garrantzi gehiago edo gutxiago ematen bazaio, lortuko den emaitza ere oso ezberdina izango da. Horregatik, argi utzi behar da lan malgutasuna eta gizarte babesaren alde egiten den era orekatu batean, edota hauetako baten bati lehentasuna ematen zaion. Beste hitzekin esanda, ondo zehaztu behar malgu-tik zenbat eta segurtasun-etik zenbat hartuko den kasu eta garapen ezberdin bakoitzean. Hauxe da hain zuzen ere idei honen inguruko eztabaidarik nagusiena eta hasierako momentutik honen mugak ez badira ondo zehazten eman daitekeen eztabaida antzua eta ahulduta jaio daiteke.
Zentzu honetan, nolabaiteko banantzea antzematen da proposamenaren alde diskurtsibo eta normatiboaren artean, alde batetik; eta praktika eta benetazko aplikapenaren artean, bestetik. Bi hauen arteko batuketa egokia ematea ezinbestekoa da malgusegurtasunaren inguruko eztabaidan, honen bidez argi uzteko edukin-ontzi polit baten barruan edukin interesgarria dagoen ala bakarrik malgutasuna eta lan-ezegonkortasuna areagotzeko marketing estrategia bat. Azken finean, eztabaida malgu eta segurtasun kopuruak zehaztean datza. Beste hitz batzuetan esanda, eta koktelaren irudia erabiliz, koktela egiten duena eta erabiltzen dituen osagaien arabera —azken hauek Europar Batzordeak ematen dituela ematen du— zaporea ezberdina izango da, eta noski, alkohol eta zuku kopuruak ere ezberdinak izango dira. Zentzu honetan, ezin dugu ahaztu, batzuei koktela kargatua gustatzen zaien bitartean, besteei suabea gustatzen zaiela...
Eredu daniarra arrakastatsua baldin bada, malgutasunaz gain inbertsio altua eta gizarte babeserako gastu handia egiten delako da. Honen harira, ezinezkoa da malgusegurtasunean oinarritutako neurriak martxan jartzea inongo kosturik gabe eta gizarte politikak alde batera utzita. Gai honetan, beraz, zero kostua ezinezkoa da. Baieztapen hau ez bada kontutan hartzen, eredua prekarizazioan oinarritutako flexiexplotazioa (Zubero, 2007) baino ez da izango. Idei honetan zentratzen dira Europako Sindikatuetako Konfederazioan bilduta dauden sindikatu europar gehienak. 2007. urteko urrian Europar Batzordeak egindako proposamenekin oso kritikoa zen txostena argitaratu zuten. Estatu mailan ere, sindikatu handienek —UGT eta CCOO— azterketa honekin bat egiten dute, eta malgusegurtasunaren diskurtsoaren azpian lan-merkatua desregulatu nahi dituzten interes ideologikoak egon daitezkela azpimarratzen dute hainbat gogoeta eta lanetan. Horrela bada, oso nabaria da lan arloko munduan zein sindikatuen artean malgusegurtasuna lan merkatua are eta prekarioagoa lortzeko Troyako Zalditzat jotzen dela.
Argazkia: mostaque.
Aurreko lerroetan aipatu denez, erakunde zein aditu asko dira malgusegurtasunari buruz hizketan ari garenean zeri buruz ari garen ondo zehaztea eta eztabaidaren esparrua ondo mugatzea defendatzen dutenak. Beste hitz batzuk erabiliz, eta Keunek aipatutakoa jarraituz, eztabaidaren muga hauek ez badira argitzen malgusegurtasunaren eremua berrikuntza eta anbiguotasunaren baitan kokatuko da (Keune, 2008). Lehenengo begirada batean malgusegurtasunaren kontzeptua erakargarria bezain interesgarria izan daiteke, baina gaur egungo lan-harremanen sendoketa ematea nahi bada, halabeharrez definitu beharko dira honen ezaugarriak kontzpetuaren bi aldeak orekatuak izan daitezen. Bestela, zenbait sektoreen interesak defendatzeko tresna ideologikoa baino ez da izango. Horregatik, garrantzitsua izango litzateke malgusegurtasuna agenda publiko zein sozialean barneratzea eta honen esanahi eta edukinen inguruko eztabaida lasaia eta benetazkoa eraikitzea. Era berean, sindikatu zein gizarte-eragile ezberdinek malgusegurtasun kontzeptuaren inguruko diskurtso alternatiboa eraiki beharko lukete, ikuspegi neoliberalari aurre egiteko eta eztabaida suspertzeko.
Azken finean, hainbestetan irmotasuna eta irudimen falta erakusten duen lanaren munduaren inguruko eztabaidan malgusegurtasunak aire freskoa ekar dezake. Honen harira, askotan hainbat erantzun sindikal zein politikok iraganera begiratzen dute eta gaur egungo errealitateari askotan nahiko minoritarioak eta orokortzeko zailtasunak erakusten dituzten proposamenekin erantzuten diote. Esaterako, enplegu bat bizitza osorako izan daitekela eta lan-prekarizazioari aurre egiteko hauxe izan behar dela erantzuna pentsatzea nahiko irtenbide mugatua eta antzua izan daiteke, lehen ematen zen enplegu eredua —fodismoa— jada gaur egun desagertzear dagoen eredua baita. Guzti honengatik, eta inoiz baino gehiago, lan-harremanen kudeaketa neoliberalari aurre egin ahal diezaioketen alternatibak beharrezkoak dira.
Jada aipatu denez, akaso lan-postua ez da izango bizitza osorako, baina honek ez du halabeharrez lan edota gizarte ezegonkortasun gehiagorik sortu behar langileentzako. Guiddens-ek elkarrizketa batean esaten zuen bezala “lanpostua baino, langilea da babestu behar dena” (Guiddens, 2006: 17). Zentzu honetan, garai berrietara eta gaur egun globalizazio ekonomikoak plazaratzen dituen erronketara egokitzea ezinbestean gauzatu behar da. Baina era berean, gizarte segurantza —zentzu zabal batean ulerturik— ezin da ahaztu eta berebiziko garrantzia du edozein gizarte garatu batean gizarte-kohesioa bermatu nahi bada behintzat. Maila honetan malgusegurtasunaren inguruko eztabaidak elementu interesgarriak eskeini dezakeela ematen du, baina beti ere argi edukita polita izan daitekeen diskurtso baten atzean ezin direla izkutatu alderdikeriak edota talde batzuen interes propioak eta beti ere hiritartasun bermatzailea eta inklusiboa dela gizarte garatuen zeinu nagusienetako bat.
Bibliografia
ALGAN, Y. y CAHUC, P. (2005): “Civic attitudes and the design of Labour Market Institutions: Which Countries can Implement the Danish flexicurity model?” Centre pour la Recherche Economique et ses Applications-CEPREMAP, en www.columbia.edu/cu/alliance/documents/Homepage/Paper-Cahuc.pdf
ESPING-ANDERSEN (1993): Los tres mundos del Estado de bienestar, Alfons el Magnànim, Valencia.
GUIDDENS, A. (2006): “Coronar todas las cumbres” en El País, 2006. urteko abenduak 3, 17. orr.
KEUNE, M. (2008): Between innovation and ambiguity. The role of flexicurity in labour market analysis and policy making, European Trade Union Institute for Research, Education and Health and Safety, Brussels.
MIGUÉLEZ, F. (2007): “Flexiseguridad, bienestar y cohesión social” en Revista del Ministerio de Trabajo y Asuntos Sociales, 1. zenbakia, 145-160. orr.
PETRASOVA, A. (2008): “Social protection in the European Union” en Statistics in focus, nº 46/2008, Eurostat.
ZUBERO, I. (2007): “¿A qué huele en Dinamarca” en Lan Harremanak, 16. zenbakia, 35-58. orr.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus