Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Lola SARRATEA
Bizitzaren itzalean joan nintzen Afrika ezagutzera.
Aspaldiko ametsa zen eta Mali omen zen Afrikako arima sentitzeko lurralderik interesgarriena. Halaxe esan zidaten eta harantz abiatu nintzen.
Mali, Sahara eta tropiko artean dago, Sahel erdian. Lurralde honetan basamortuko sua eta Niger ibaiaren isuri isilak paisaia magiko bat sortzen du eta herri ugari elkarrekin bizi dira: Touareg-ak, Peul-ak Bozo-ak, Dogon-ak, abeltzainak, arrantzaleak eta nekazariak... Kultura aberastasuna handia da, bakoitzak bere historia du. Guztiek, ordea, hitza erabiltzen dute iragana jarauntsi eta helarazteko, ipuin, mito, abesti eta kontakizunen bitartez herriaren jatorria lekuko zaharren berbatik ikasten dute belaunaldi berriek.
Gidariak lerrotu zidan txostena irakurtzen ari nintzela hartu zuen lur hegazkinak.
Afrikara iritsi nintzen. Dena berria zen niretzat, eta ikusminak erraiak harrotzen zizkidan. Pausu arinean sartu nintzen Bamako-ko aireportuko aretoan. Berehala jabetu nintzen, ordea, gauzak bestelakoak zirela Afrikan eta lasai ibili behar zela.
Bamako-ri ez nion itxura onik hartu, bazirudien dena itzulipurdika zebilela: zikinkeria, usain txarra, trafikoa ezinezkoa. Kapitalismoaren alderik txarrena nabarmena zen.
4x4 noranahiko batean gurdi bidez Dejenne-ra iritsi ginen hurrengo egunean eta nire uste txar guztiak desagertu ziren. Dejenne: jakintsuen eta merkatuen hiria. Buztinez eraikita, bertako mezkita paregabearen alboan astelehenero inguruko merkaturik ederrena egiten da Etnia guztietako salkariak, garraio-animaliak, bezeroak, edo bitartekoak enparantza betetzen.
Neskatila ezkongabeak, bestetako jantziak eta apaingarriak soinean. Ama gaztea, haurra sorbaldan. Senda-belar saltzaileak, arabiar merkatariak, denak sedukzio joko batean murgildurik, merkatuaren osagai zatiezinak. Bizitzaren antzokian eszenifikazio bat.
Egun osoa pasa genuen hiria eta merkatuan eta denbora laburra egin zitzaidan benetan. Meskita ederra da, baita ederrenen artean ere. Buztinez, lastoz eta olioz eginda, “baco” deitzen dioten teknika batekin eraikita. Dejenne hiri osoa berdin egina dago. Baina etxebizitzen xumetasunaren ondoan meskitak jauregi xarmagarri bat ematen du. Eraikina gizaldi bat zaharra da. XII. gizaldian egindako baten gainean eraikita. Gaur egun ikusten den bezala, erran daiteke herriko biztanleen artean egina dela. Urtero, ur handiak pasatzen direnean, uholdeek hondatzen dutena denen artean konpontzen dute. Adobez egindako munduko eraikinik handiena da. Ezin izan genuen bisitatu.
Mopti: Venezia beltza deitzen zaio. Baliteke. Niger ibaian nabigatzen duten ontziak eraikitzen dira Mopti hiriko ontzioletan, zehatzago errateko ia hiri osoa ontziola handi bat da. Oso interesgarria eta berezia. Afaldu, kaian itzuli bat egin eta garaiz lo egitera erretiratu ginen, biharamunean goiz pinaza batean Niger behera abiatzeko.
Niger: “ibaien ibaia” esan nahi du bereber hizkuntzan. Denbora luzez sortze-lekua ezezaguna izan zen. Abenturazale anitz ibili ziren iturburuaren bila eta batzuk biziarekin ordaindu zuten ausardia. Ibaia apetaz, Atlantiko-tik gertu, Ginean sortu eta basamortuan sartzen da. Tounboctu aldean supituki itzuli egiten da berriro Atlantikora, Nigerian itsasoratzeko.
Niger bi hitzetan deskribatu behar banu, “ibai bizia” izanen litzateke. Gure pinaza-k, emeki, gozoki, ibaia nabigatzen zuen. Arrantzaleek unea bizitzen zuten: sareak bota eta uzta itxaron, amua prestatu, arrantzatutako arraia eguzkitan lehortu, astiro, presarik gabe, momentuaren gozamena bizitzen.
Bozo-ek, arrantza gizonak izaki, ibaiaren sekretu guztiak ezagutzen dituzte, sinpatiaz hartu gintuzten eta gure elika-beharrak bete zituzten. Eguerdiro arrain freskoa jaten genuen. Azkenengo egunean, haragia jateko gogoa sentitu genuen, eta oilasko batzuen bila ibai ertzeko herri batean gelditu ginen. Haur piloa gure zain aurkitu genituen. Herrian itzuli bat egin genuen eta oilasko batzuk nahi genituela jabetu orduko, mutikoak eta neskatilak lasterka oilaskoen gibeletik hasi ziren. A ze jaia! Herri osoa besta berezi hartan buru-belarri sartu zen. Hiru oilanda erosi eta haurrez inguraturik joan ginen ontziraino. Ilunabarrean, ibai ertzean hondartza txiki batean gelditu eta haragi errearekin xarmanki ospatu genuen: Niger-en gure azken gaua zen.
Atzean gelditu zen Niger ur-padura, mila motako txoriekin, bertze hainbat arrain espezieekin. Peul abeltzainek behiak ur bazterretan edanaraztera eramaten dituzten unea magikoa da. Esnez elikatzen dira, eta handiak dira. Gizonak lastozko txapel batez estaltzen dira. Emakumeen apaingarrien eta jantzien koloreak inpresionatzen du. Haurra bizkarrean zapi eder batean bilduta. Burua harro, sudurra eta belarriak kateorratzez apailaturik.
Lepo luzean lepokoak eta arrakadak harro erakusten. Atorra, gona eta gorputz-larruaren sentsualtasuna airean. Eskuturrean, orkatiletan, eraztunak eta harribitxiak. Peul emakumeek ez dute urritzen politak jartzeko unean. Behien joareen tobera, gizonen erausia, zakurren zaunka, karabanen ahotsa eta usainak bizia goraipatzen du.
Tumbuctu, basamortuko sekretua. 333 santuen ortu-santu. Bero ikaragarria egiten zuen, baina hiriak merezi du. Hiriak galdutako handitasunaren aztarnak ikusgai dauzka. Meskita ederrak, familia Kati-ren liburutegia, mundu islamikoan garrantzitsuena. Basamortutik gatza garraioan gamelu-karabanen topagunea. Non dago Tumbuctu-ko urrea? Mediterraneo aldetik hirira ailegatzen ziren mota guztietako produktuak urrearekin ordaintzen zituzten. Urrearen jatorria gizaldietan sekretu bat izan zen. Sekretua izan zen bezala Kati familiak, 1492 urtean Espinatik atera zituen liburu zaharren gorde lekua. Hiriko kaleetan galdu nahi izan nuen.
Gidariak emandako txostena eskuan neraman eta bertan hiru meskita aipatzen ziren: Sankore, Sidi Yahia, eta Djinguereber. Harrigarria zen, baina egundaino Tumbuctu hiriari buruz ez nuen deus entzun edo irakurri, dena berria zen niretzat. Djinquereber meskitaren aurreko larrainean eseri nintzen eta eraikinaren edertasunak hunkitu ninduen. 1327 urtean gauzatua, buztinez eta zurez eraikita, olerki baten antzera lerrokatuak, osagaiak oreka perfektuan lotuta, goi mailako monumentu bihurtuz. Es-Saheli, Granadan sortua. Arkitekto eta olerkaria. Mekara joan zen eta bidean Kanga Mussa Maliko erregea ezagutu zuen eta mezkita eraikitzeko kontratatu zuen. Kanga-Mussa bera ere erromes Meka-ra joana zen. Errege aberatsa, oso aberatsa zen: 600 jopurekin eta 400 laguntzailerekin bidaiatzen zuen.
Iluntzen ari zuen eta ostatura itzultzeko garaia zen.
Ongi sentitzen nintzen. Hantxe nengoen ni, emakume bakarra, europar jantziekin, baina inork ez ninduen gaizki begiratzen, are gehiago, mutil gazteek “Bon anniversaire madame” irribarretsu batez zorionak opatzen zizkidaten (nire urtemuga zen eta lagunek albistea zabaldu zuten). Tuaregak, durbante azpian ezkutatuta, pauso arinean harro beti, gizon artean zebiltzan. Egundaino emazteki batekin. Hala eta guztiz ere gauzak aldatzen ari dira. XIX. gizaldi bukaera Tumbuctu-tik ez zen atzerritar bat bera ere bizirik atera. 1827urtean (Rene Caillie frantziarra bizirik atera zen europar bakarra izan zen. “Azkenean, zorionez, Tumbuctu-n sartu gara” izan ziren bere lehen hitzak) Frantziara itzuli zen eta gobernuak saritu zuen.
1826. urtean Gordon Laing eskoziarra izan zen Tumbuctu-n sartu zen Europako lehen gizona, baina hiriko agintariek bota egin zuten eta ihes zihoala bi zerbitzarirekin batera hil egin zuten.
Poliki-poliki ari nintzen Afrikaren ariman sartzen. Tumbuctu gainetik begiratu eta basamortuan sartu ginen, izarpean lo egin eta tuareg familia batekin bazkaltzera joan ginen. Bidean, basamortuan, merkatu bat topatu genuen eta bertan inoiz ikusi ditudan neskatilarik politenak ikusi nituen.
Tuareg-ek ohituraz ez dute ura erabiltzen gorputza garbitzeko. Basamortuan ura onura preziatua da, eta edateko gordetzen da. Gorputz higienerako area, errautsa eta koipea erabiltzen dute. Ilea luzea eramaten dute gizonek eta emakumeek. Ehunka txirikorda orrazten dizkiote elkarri, ile apainketa kolektiboa da, errituala da. Tuareg familian amak hezten ditu neskatilak eta aitak mutikoak. Neskatilak, zazpi-zortzi urterekin hasten dira etxeko lanak amarekin ikasten, larrua zurratzen, ahuntz ilea iruten eta sukaldaritzan, tifinagh karakteretan idazten eta irakurtzen, eta “amazad “ jotzen ikastea ere beharrezkoa da tuareg neskatilentzat.
Amazad, soka bakarreko biolin txiki bat da eta basamortuko gau luzeak alaitzeko emakumeek arratsetan jotzen dute, sutondoan. Neskatilei, emakume egiten direnean soineko berriak eta bitxiak oparitzen dizkiete, eta “ahal” bileretara joaten hasten dira. Bilera hauetan ezkongabeek parte hartzen dute. Ongi pasatzera joaten dira eta nahi izanez gero “astri” jolasetan aritzen ahal dira. “Astri” sexu jolasak dira eta neska gazteek normaltasunez bizitzen dute. Birjinitateak ez dauka garrantzirik. Interesgarria iruditzen zait tuareg gizartea.
Dogon herrian sartu nintzenean halako hotzikara bat somatu nuen nire barnean. Bandiagara failan aldapetan, inguruarekin bat eginik etxeek ipuin baten txokolatezko eszenifikazio bat dirudite.
Haurrez inguraturik hasi nuen ibilaldia. Gehienak mutikoak ziren, neskatilak etxean amarekin gelditzen baitira etxekoandre lanak ikasten. Haurrak oso maitagarriak dira, begien ilun distira inguratzen duen zuria eta hortzak izan ezik, dena beltz ederra, gorputza liraina eta malgua. Oinutsik harriz harri, matxinsaltoak bailiran.
Dogon-ak Afrikako herririk interesgarriena dela jotzen da. Animistak. Nekazariek arto txikia ekoizten dute. Jatorrizko baliabide gutxiko lurraldea da, kutsadura gutxi jasandakoa. Bere hizkuntza daukate, baina alfabetorik gabe. Frantsesa da hizkuntza ofiziala. Eskola mendebaldeko eraikinetan ematen da. Nire bigarren eguna zen Dogon herrian eta eskola batean sartu ginen, maisuaren keinu batekin batera haurrak zutitu ziren eta abestuz ongi etorria eman ziguten.
Arratsean, ezin nuen lorik egin, haurrak tinko abesten, gu, turistak, lotsarik gabe omenaldia hartzen, burura etortzen zitzaidan eszenifikazioa ez zitzaidan deus gustatzen. Berrogeita hamar urte gibelerat egin nuen. Mendiolako eskolara apaiza etortzen zen abisatu gabe eta berdin egiten genuen. Haur guztiak batera zutitzen ginen eta oroitzen ez naizen jakulatoria bat errezatzen genuen. Ikaragarrizko beldurra ematen zigun apaizak, maistrak gure gaiztakeriak kontatzen zizkion eta gizonak zigorrak ezartzen zizkigun. Euskal Herriko baserri batean sortu nintzen, dozena bat etxek osatzen duten auzo batean. Mendiola, izenak berak adierazten du auzoaren jatorria. Noizbait burdinola baten inguruan sortutako kokalekua zen. Eskola baserri batean ematen ziguten, gobernuak maistra bat bidaltzen zuen. Neska gaztetxo bat izaten zen, urtero berria. Hogei bat haur ginen, hiru urtetik hamalau bitartekoak, neskak eta mutilak, denak gela batean. Gazteleraz jakin gabe hasten ginen eskolan eta maistrak ez zekien euskaraz. Nahiko berezia zen gure egoera, euskaraz mintzatzea debekatzen ziguten “kristianoz” egin behar zela erranez. Ez genuen deus ulertzen. Goiz erdian atseden bat ematen ziguten eskolan eta denbora ona egiten zuenean mendira joaten ginen jolastera. Gerta zitekeen txorien habi bila denbora ahanztea eta maistra gure bila mendira etortzea. Oso bihurriak ginen eta maistrak ez zuen ongi pasatzen. Han hurbil barnetik hutsa zen gaztainondo bat zegoen eta maistra haserrarazi nahi genuenean zuloan sartzen ginen; neska gaixoa negarrez gure bila ibiltzen zen. Zinez ez zuen ongi pasatzen maistrak gurekin, ez naiz harritzen hurrengo urtean ez etortzea. |
Ireli eta Amani herriak bisitatzera atera ginen, berriz ere haurrak nonahi. Ez nintzen arrotza sentitzen. Nire baitan haurtzarora itzuli nintzen eta lagun berriekin harriz harri saltoka Dogon neskatila nintzela uste nuen.
Abdolay eta Awa neska-mutilak egun osoa nirekin ibili ziren. Eskolan frantsesa ikasi zuten eta nire gaztelera txepelarekin komunikazioa lortu genuen. Dogon-ek eraikuntza kreazioaren mitoa nahi du izan. Herria ipar aldetik hego aldera, gizon bat etzanda bailitzan eraikitzen da.
Buruan Duguna, Dogon herriko zaharrenarekin gizonak batzartzen diren tokia. Dugunak, zortzi zurezko zutabe dauzka, hainbat arbaso nagusien omenez. Eraikina lastozko sabaiarekin estaltzen da.
Besoetan, neskatilak hilerokoa daukatenean erretiratzen diren tokia.
Gorputzean, etxe bizitzak eta uzta biltzeko aretoak.
Hankatan, sexu sinboloak, hego-harria emea, eta harri luzea gorantz harra.
Amma. Jaungoiko kreatzailea, Dogon baitan Amma-k dena sortu du, lurra, ura, animaliak eta ilargia. Sirios izarraren babesean bizi dira. Hirurogei urtero izarra Dogon herritik pasatzen da. Eta ospatzeko jaialdi handi bat egiten da. Sigi jaialdirako Iminana maskara egiten dute. Suge luze bat irudikatzen duen maskara hau hamar metro luze izaten ahal da eta Dogon handiaren lehena irudikatzen du. Herri osoaren aurrean aurkezten da eta jendeak gaizki eginak aitortu ondoren errukia eskatzen du. Gero maskara hau erre egiten da, hurrengo jaialdirako berri bat egiten hasteko.
Abdulay-ek Dogon herriaren historia kontatu nahi zidan. Aspaldi, duela denbora asko, baketsu bizi ziren, urruti, oso urruti. Mutikoak ez daki non eta noiz. Baina Jaungoikoa kendu nahi izan zioten beste bat gurtzeko eta, dogon-ek ihes egin zuten, ez zuten inoren jopu izan nahi, libre jaio ziren eta horrela nahi zuten hil. Denbora luzea egin zuten bidean. Basamortuan gosea eta egarria jasan zuten. Gero ur handia topatu zuten eta krokodilo baten gainean pasa zuten. Krokodiloa betiko gelditu zen beraiekin bizitzen.
Beraz, joan ginen ikustera eta animalia gizagaixoa erdi lo, halako putzu uher batean zegoen, bakar-bakarrik asper-asper eginda. Krokodiloa sakratua da eta egon bertzerik ez du egiten, errege bati bezala ematen diogu jatera. Erran zidan Abdulay-ek, eskumuturrean zeraman krokodiloa eskuturrekoan zizelkatua, keinu batekin erakusten zidan bitartean.
“Zure herrian ez dago krokodilorik?” Aba-k galde egin zidan. “Bada... ez. Baina suge handi bat badugu. Sugar sugea. Kobazulotan bizi da eta lamien nagusia da”. Erantzun nion.
“Bandiagara failara iritsi ginenean”, zion Abdulay-ek kontakizunari jarraituz “gizon txiki gorri batzuk bizi ziren. Tellen herria harkaitz koba zulotan buztinezko etxetxotan, baino ez ginen elkarrekin ongi konpondu eta alde egin zuten. Tellen- kulturari anitz zor diogu, buztinarekin eraikitzen maisuak ziren. Naturarekin oreka perfektu batean integraturik etxebizitzek kreazioaren mitoa adierazten dute.
Arratsaldean maskarada prestatu zuten turistentzat. Txokolatezko etxe artean baobab handi baten azpian maskarada koloretsu bat eskaini ziguten. Bidaia-koadernoa hartu eta hasi nintzen marraztu nahian. Awa hurbildu zitzaidan irribarretsu, bistan zegoen ez nuela asmatzen.
— Nahi al duzu nik marraztea maskarak? —Galdetu zidan emeki.
— Bai horixe! Pozik erantzun nion.
Neskatila joan zen eta ni maskarada begira liluraturik gelditu nintzen. Maskara ugari dauzkate: animaliak, pertsonaiak, bizigabeak. Kanaga oso ezaguna da, txori bat irudikatzen du, eta eramailea babesten du hildako animaliarengandik. Sigire maskarak Hogon-en etxea, tradizioak babesten duen herriko gizon zaharrena irudikatzen du. Eta horrela gorrina uxatzeko, edo bozioa sendatzeko eta abar luze bat. Hildakoarekiko erritoetan janzten dituzte maskarak gehienetan. Hildakoen arimak bakea aurki dezaten. Abdulay nire ondoan zegoen, maskara bakoitzaren intentzioa ematen saiatzen zen.
Ez nuen Awa inon ikusten eta mutikoari galdetu nion ea bazekien neska non zegoen —“Ezin du hemen egon, emakumeek ezin dute maskaradetan egon”— erantzun zidan.
Ostatuaren terrazan zaku batean lo egiten nuen. Herrian argirik ez zegoen, baino erre usaia sumatzen nuen. Familiak sutondoan afaltzen irudikatzen nituen. Urrunean minarete baten matraka entzuten zen. —A ze madarikazioa!— pentsatu nuen. Erlijioa bazterrak nahastera...
Zortzi bat urte izanen nituen etxean aitak irratia erosi zuenean. Iraultza bat izan zen irratiarena gure sukaldean. Aitak apaltxo bat egin zuen eta amak tresna berria estaltzeko kortinatxo bat egin zion, eskuin aldean begi handi bat zeukan irratiak, nonbait ezin zen estali, hortaz agerian gelditu zen eta etxeko euli guztiek bertan kaka egiten zuten. Irratia erosi arte arratsetan, sutondoan arrosarioa errezatzen genuen. Benetan xelebreak ziren gure arrosario haiek. Aitak zare bat arto erauzten zuen bitartean haurrok gaztaina paderari lagatzean zintzilik epeka itzuli bat ematen genion, amak bitartean afaria egiten zuen, eta eskuak okupatuta edukitzen zituenez “Agur Mariak” zenbatzen zituen. Eta horrela izaten zen “Bat agur Mar... Bi agur Ma...” eta horrela hamar arte. Gerta zitekeen errezo erdian amak aitari “oiloak bazkatu dituzu?” galdetzea. Letaniak, ez dakit zergatik, latinez errezatzen genituen, latinez eta ikaragarrizko abiadan, afariaren usain gozoak animaturik, orapronobisorapronobis... Irratia aitak ekarri zuen eta gure etxean ez zen egundaino arrosariorik errezatu. Arrosaioaren ordez irratia entzuten genuen. |
Argi-hastean oilarrek iratzarri ninduten, handik gutxira Awa etorri zitzaidan marrazki piloarekin. Ezkutuan lerrotu zizkidan gustukoak hautatzeko erranez. Benetan politak ziren eta denak hartu nizkion. Neramazkien margoak eta boligrafo guztiak eman nizkion. Neskatila pozik gelditu zen. Behin eta berriro galdetzen zidan ea gustatu zitzaizkidan bere marrazkiak. “Bai, oso onak dira, jarraitu marrazten” erantzun nion. Irribarretsu baietz erran zidan eta matxinsaltoen antzera harriz harri joan zen.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus