Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Sormen prozesua jolasa legez. Zoriaren funtsezko papera

Usoa FULLAONDO ZABALA

Artikulu honen bitartez, sormen prozesu artistikoetan parte hartzen duen zoriaren inguruan egindako hausnarketaren ondorioak azaltzen saiatuko naiz. Horrela, bizitzan legez, prozesu artistikoetan ere, hasiera batean ezkorrak suerta daitezkeen zenbait nozioaren alde onuragarria agerian utziz. Eta ezkerra, ezberdina, dibergentea, bazterrekoa, akatsa eta ezustea bezalako ideiek, prozedura hauetan duten erabakigarritasuna defendatuz.

Gaur egun, zientziaren eremuan, zoria gure ezjakintasunaren emaitza den ala aitzitik, naturaren berezko eskubidea den planteatzen duen eztabaidak jarraitzen du. Hala ere, geroz eta gehiago dira, zoria giza-ezagutzaren kontzeptu osagarri gisa eta determinismoaren aliatu ulertzen dutenak. Zientifikoa bezala, artistak ere zoriarekin itundu beharra dauka.

Argazkia: Lauren Manning

Argazkia: Lauren Manning.

Zientzia edo filosofia bezalako esparruekin gordetzen dituen antzekotasun hauetaz gain, sormen prozesua, jarraitasunezko prozesua legez, beste gisa jarduera nagusi batekin ere lotu daiteke. Jolasari buruz ari naiz. David Hockney pintorearen hitzek artea eta jolasaren arteko harreman estua eta beharrezkoa agerian uzten dute: “Ez dut uste, aldaera ludikorik gabe, inongo bizi-jarduera garatu daitekeenik”.1

Jolasaren ezaugarrien artean, Johan Huizingak tentsiozko2 elementuaren funtsezko garrantzia aldarrikatu zuen. Tentsioak, zori gisa, emaitzarantz garamatza. Jolasaren garapenean, jokalariak bere ahalmen guztiak jartzen ditu tentsio hau garaitzeko. Imajina dezagun, aldez aurretik futbol partida baten emaitza ezagutzea. Jolasa —bere esentzian gutxienez—, bai jokalariari, bai ikusleari, plazera sortarazteari utziko lioke. Hortaz, zoriak jarduera osoan zehar ageri behar da eta honek emaitza amaiera arte ezezaguna izatea bultzatuko du. Prozesu artistikoetan, antzeko zerbait gertatzen da. Berez, zalantza hau izango da artea eta jolasaren ezaugarri komunak diren askatasuna, plazera eta hordigarritasuna bideratuko dituenak.

Ziurgabetasun honetaz gain, Huizingak jolasaren beste ezaugarri nagusiak bezala, aipatutako askatasuna, emankortasun eza, lekualdatze espazio-tenporala, arauketa, eta fikzioa definitu zituen. Bere aldetik, hamarkada batzuk beranduago, Roger Caillois soziologoak, jolaskidearen jarrera oinarri zuen jolasen sailkapena proposatu zuen. Honen arabera, jolas ezberdinek hurrengo lau kategoriei erantzuten zieten: agon, alea, ilinx eta mimicry.3 Nire ikerketaren ostean, Huizinga eta Cailloisen jolasen ezaugarriak konbinagarriak direla ondorioztatuko nuke, prozesu ludikoa eta artistikoaren arteko analogiak ezartzeko balio izango zuketen heinean. Jarraian azalduko dut.

Cailloisek, agon-ak lehiakidetasuna, ahalegina eta trebetasunari so egiten diola azaldu zuen. Kirolak orokorrean era honetako jokoen adibide izango lirateke. Alea-k, berriz, borondatearen uztea dakarrela, hots, zoriaren nagusitasuna aldarrikatzen duela azpimarratu zuen. Kategoria honen pean, zorizko jokoak sailkatuko genituzke. Ilinx-a pertzepzioaren egonkortasuna une batez hausteko saiakera izanik, zorabioa sortzen duten jolasekin erlazionatuko genuke. Azkenik, mimicry-ak, mozorroa eta maskara, hau da, ilusioa eta plantak egitearekin lotura gordetzen du. Horrez gain, jolasean bezala, prozedura artistikoetan ere, lau kategoria hauek euren artean konbinatu daitezke, nahiz eta modu ezberdinean egin. Ikusiko dugu.

Zoria gogoeta honen oinarrizko elementua izanik, alea kategoria gainontzekoekin bat eginez, hiru motatako sormen prozesuak bereizi daitezke.

Argazkia: libbyrosof

Argazkia: libbyrosof.

Alea-ilinx konbinaketatik eratorritako bat-batekotasuna, berehalakotasuna eta nolabaiteko automatismo sistematizatua XX. mendeko prozesu piktoriko askotan ohikoa izan da, hala nola, espresionismo ezberdinen kasuetan eta Jackson Pollock-en edo surrealismoak garatutako prozedura automatiko ezberdinetan. Era honetako prozesuak, artistaren borondatearen uztea bideratzen dutenak, trantze edo hipnosi antzeko egoeran ematen direla dirudi. Inprobisazioa eta berehalakotasuna bezalako baliabideak ohikoak dira. Berez, inkontzientetik eratorritako automatismo hauek artistaren jenialtasunaren ideiaren gorespenean lagundu ohi dute.

Alea-agon konjuntzioari dagokionez, sormen prozesuen formula nagusia dela ondorioztatzera ausartuko nintzateke. Analogia bat proposatzeko orduan, karten jokoa adierazgarria da. Karta-jokalariak zoriz eskaintzen zaionaren gainean ahalik eta hoberen jokatu beharra dauka. Ezustea eta trebetasunaren arteko bat egite honek testu honen konklusio garrantzitsuenetako bat da. Honen arabera, artista-jokalariak zoriz aurkezten zaiona modu onenean aprobetxatu beharra dauka bere abileziaren laguntzaz. Ideia hau irudikatzeko Francis Bacon-en sormen prozesua adierazgarria da. Baconek “erabilitako ezustea” eta “eskuztatutako zoriaren” ideiak aldarrikatu zituen. David Syllvester-ek pintoreari egindako elkarrizketetan4, honek prozesuaren jarraitasunarekin apurtzeko trapuekin gainazalaren igurtzea bezalako metodoak erabiltzen zituela adierazi zuen, modu honetan espero ez zuen emaitza lortzeko asmoz. Eta zori honen gainean, Baconek parte hartzen zuen azkeneko irudiak antza kontrolatua izan zezan. Horrela, zoria pintorearen eskubide bihurtu eta bere trebeziaren menpe gelditzen zen.

Bere aldetik, Roger Cailloisek alea-mimicry konjuntzioa ezinezkoa jo zuen arren, sormen prozesuan zoriaren esku hartzearen inguruko jarrera kritikoa eta simulaziozkoarekin identifika daitekeela esatera ausartuko nintzateke. Gainera, XX. mendean zehar artista askok aukeratutako bidea izan da hau.

Ezustearen inguruko ironia honi dagokionez, Marcel Duchamp-en jarrera bere zenbait obratan aipagarria da. Trois stroppages-étalon-en esaterako, metro bateko hiru hari jausten utzi zituen, itxuraz zoriz, urdinez pintatutako mihiseen gainean eta jausi ziren moduan itsatsi egin zituen. Ondoren, mihiseak ebaki zituen eta kristalezko plaken gainean itsatsi zituen, egurrez egindako kutxa baten barruan sartuz (kriketera jolasteko kutxa batean hain zuzen ere). Harien forma kurboko egurrezko erregelak ere gehitu zituen eta hurrengoa jasotzen zuen nota bat ere idatzi zuen: “Patroiak murriztutako metroa dira”. Badirudi, jausten utzitako hariak Duchampek berak bere nahierara eskuztatu zituela. Zentzu honetan, zoriaren gaineko tranpaz ere hitz egin genezake, jolasaren berezko ezaugarria den amarruaz hain zuzen ere.

Argazkia: Martin Beek

Argazkia: Martin Beek.

Pinturaren eremuan zehazki, 60eko hamarkadan sortutako Arte Pop-etik aurrera garatutako pintoreen lanak aipagarriak dira. Horrela, Roy Lichtenstein-ek aurreko hamarkadako artista espresionisten prozeduren errepikaezintasuna, berezkotasuna eta intuizioei buruz zalantzak planteatu zituen, pintzelada baten errepresentazioa lehenengo planora eramanez. Halaber, bere koadroen berezko tramaren erabilerak, komikietatik ateratakoak, prozedura hauen sistematizazioa eta mekanizazioari buruzko gogoeta zekarren.

Ikerketa teoriko eta praktikoaren ostean, zoria, modu batean edo bestean, izaera ludikoa duten sormen prozesu askoren funtsezko partea denaren ondoriora heldu naiz. Azaldu dudanez, jolasean bezala, sormen prozesuaren emaitza ezagutzen denean, honek interesa galdu egiten du. Izan ere, tentsioak azkenera arte iraun behar du. Eta ondorio bezala, hau bizitzan ere gertatzen dela esango nuke; zoriontasuna ziurra ez den hura dela, batzuetan erabat betetzera ere heltzen ez dena. Bizitzan zoriontasuna dena, artean zoriak irudikatzen du. Eta zori hura da hain zuzen ere, gizaki bihurtzen gaituena.

Oinarrizko bibliografia:

CAILLOIS, Roger. Los juegos y los hombres. La máscara y el vértigo. Fondo de Cultura Económica. Colección Popular. México, 1986

DELEUZE, Gilles. Pintura. El concepto de diagrama. Cactus. Serie Clases. Volumen 4. Buenos Aires, 2004.

HAINBAT EGILE. Una tirada de dados: Sobre el azar en el arte contemporáneo. XIV Jornadas de Estudio de la Imagen de la Comunidad de Madrid. Dirección General de Archivos, Museos y Bibliotecas. Consejería de Cultura y Turismo de la Comunidad de Madrid. Madrid, 2008.

HOCKNEY, David. Así lo veo yo. Ediciones Siruela. Madrid, 1994.

HUIZINGA, Johanes. Homo ludens. Editorial Alianza Emecé. El libro de bolsillo. Madrid, 1972.

MARCHÁN FIZ, Simón. Del arte objetual al arte del concepto. Epílogo sobre la sensibilidad “postmoderna”. AKAL, Arte y Estética. Madrid, 1997.

MARINA, Jose Antonio. Teoría de la inteligencia creadora. Anagrama. Colección Argumentos. Barcelona, 1993.

SYLVESTER, David. Entrevistas con Francis Bacon. Ediciones Polígrafa. Barcelona, 1977.

TRÍAS, Eugenio. Lo bello y lo siniestro. Editorial Ariel, S.A. Barcelona, 2001.

WAGENSBERG, Jorge. Rebelión de las formas. O cómo perseverar cuando la incertidumbre aprieta. Tusquets Editores S.A. Metatemas 84. Barcelona, 2004.

1 HOCKNEY, David. Así lo veo yo. Ediciones Siruela. Madrid, 1994. 133. or.

2 HUIZINGA, Johanes. Homo ludens. Editorial Alianza Emecé. El libro de bolsillo. Madrid, 1972. 23. or.

3 CAILLOIS, Roger. Los juegos y los hombres. La máscara y el vértigo. Fondo de Cultura Económica. Colección Popular. México, 1986.

4 SYLVESTER, David. Entrevistas con Francis Bacon. Ediciones Polígrafa. Barcelona, 1977.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media