Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Bi Bakio zelan Bakio bakarra egin ziren

Angel ZELAIETA GISASOLA

Bakio dinogunean, aspaldion, Mungia eta Bermeo bitartean daukagun herritxo honetaz, eta herritxo bakar honetaz, dihardugula uste izaten dogu, eta horrelaxe da, izan ere, gaurko egunean. Baina ez dira beti horrela izan gauzak.

Urkizaur

Urkizaur.

Zubiaur eta San Pelaio Bermeokoak ziren

Zubiaur eta San Pelaio izeneko bi auzo honeek Bermeorenak ziren. Hau da, “Estepona” edo “Kontxa” errekatik hasita, guztia zen Bermeo. 1704.ean eginiko foge-razioan (ikus Jaime de KEREXETA: Fogueraciones de Bizkaia del siglo XVIII, Bilbao, 1992) honako etxe honeek —Kerexetak transkribatu legez— agiri dira: Ugalde, Azericho la Baxera, Hechabarría, Zaitúa la baxera, Zaitúa echabarría, Goitía, Ugarte, Gabancho, Corra, Amezaga, Ugaldechu, Echabarri, Garategui, Muxiquena, Jauregui, Zubiaur, Zubiaur la baxera eta Arecheta.

Bakio Kintatorretik

Bakio Kintatorretik.

Esandakoez gain, eta urte berean, “Mas casas de Baquio” izenburupean, beste honeek bere badatoz: Basterrechea, Bengo Uría, Gorteta, Echabarría, Perdiochena, Aurrechu goitía, Hortiga, Luzarraga, Minitúa de enfrente, Besendona, Arteche, Gorrendona, Beitía, Horbe, Uribarri, Uribarri la baxera, Ardanza, Jaureguízar, Arenal, Milítúa, Urbeta, Bengoolea, Urizarreta, Olapechena eta Azerechu.

Basigo

Basigo.
Argazkia: Pilar Rivera.

Berrogei urte geroago egindako fogerazioan, hots, 1745ean, beste etxe honeek agertzen dira, esandakoez gainera: Orbezarreta, “La de la iglesia para habitaciones de los curas: Otra para el mismo fín: otra que están edificando para los curas”, Ostiena, Barturen, Lorra, Orúe, Larrascoa eta Ondarra.

Zenbait urte geroago, 1796an egiten dute beste fogerazio berri bat, eta goian aipaturiko etxeez gain beste honeek bere agertzen dira: Orúe Zearreta (abade etxea), Larragan, Achulo, Olazarra, Alzaga, Arbe (“del Santuario de San Juan de la peña”) , Tellería, Amorene, Olabarri, Arenas, Benta motza, “Benta de San Pelayo, casa-taberna”; Ojinaga, Echebarrialde, Goicoechea, Errotachu, Errementería, Aresti (“taberna”).

Azken fogerazio honetan, 1796an alegia, “Molinos” izenburupean beste deitura honeek daukaguz: Olacoa, Achoaren, Iustu, Zubía, Estrada, Zelaia, Cojoa, Loizaga, Mazalería, Errotabarri, Albirica errota, Mochena, Urguíchi, Ureta eta Eizaga. (Aurreko zerrendetan aitatu bakoak eurok eta Bermeokoak honeek bere).

Zubiaur eta San Pelaio, autonomia barik Bermeoren menpe

Haritzea

Haritzea.

Auzo biok, baina, oso aspalditik, euron autonomia euken, eurok batzen ebezan euron zerga edo kontribuzinoak eta eurok administratu bere. Anteiglesia mailakoak ziren eta, praktikan, autonomoak Bermeorekiko.

Mende honen hasieran, ostera, Diputazinoak zergak kobratzeko ahalmena kendu egin eutsen auzo bioi, eta Bermeoren menpe jarri ebazan, oso-osoan. Honek haserrea sortu eban jende artean eta, 1902an, Zubiaur eta San Pelaioko biztanlerik gehienek segregazioa eskatu eben, hau da, Bermeogandik banatu egin gura ebela eta Basigorekin bat egin. Bermeok ez eban onartu eta, alderantziz, joera hori zapuztu eta bertan behera galazo egin eban, “por la intromisión de elementos políticos ajenos al común interés de las partes”.

Zubiaur eta San Pelaio Basigorekin bat egin gurarik, 1924an

Basigoko Andra Mari

Basigoko Andra Mari.
Argazkia: Garikoitz Estornes.

Hogeita bi urte beluago, 1924an hain zuzen bere, Basigo-Bakioko Udalak lagunduta, saiakera barri egin eben Zubiaur eta San Pelaioko biztanleek Bermeorengandik banatu eta Basigorekin bat egiteko asmoaz, garaiko dokumentuetan irakurten den moduan, “sería beneficioso y hasta cierto punto conveniente” arrazoia erakutsiz. Eskakizun hau, orduko hartan auzo biotako ia biztanle guztiek sinatzen eben, zehatz eta luze arrazoituz: ez egoela Bermeo eta bi auzoon arteko errepiderik, Bermeoraino distantzia luzea eukela, tartean mendi gaitzak iragan behar ebezala, etab.

Eta gehitzen eben: “Dificultades que se acentúan durante el largo invierno, con las acometidas de frecuentes temporales que, proviniendo del noroeste, azotan este rincón de la Vizcaya”.

Eskakizun horren arrazoien alde jarten eben, baita ere, eskola eta maisuen sostengua bertakoen kargura egotea, “por repartimiento fogueral”, posta-zerbitzua, medikua, garraioa... Bakiotik erabiltea, txakoli uzta Bakioko kargaderora eroan eta bertan saldu izana, Basigoko elizkideak izatea eta, ondorioz, bertan bataiatu, ezkondu eta ehortziak izatea.

Bakio bakar gertatzen da 1927ko Errege Dekretuz

Elexpuru

Elexpuru.
Argazkia: Garikoitz Estornes.

Eskari guzti honeek kontutan izanik, 1927ko urriaren 4an sinatzen eta GACETA MADRID delakoan urriaren 6an argitaratzen den Errege Dekretuak Zubiaur eta San Pelaio Bakiogana anexionatzen dauz.

Bermeoren eragozpenak Zubiaur eta San Pelaio izan daitezen

Errege Dekretuak oso argi inoan auzook aurrerantzean Bakio zirela, baina ez eban argitzen zein ziren mugak eta munarriak. Honi heldu eutson Bermeok anexioari, barriz bere, trabak jarteko. Horrez gain, Bermeoko Udalak Tribunal Supremo delakoraino jo eban kontra egiteko. Behin, Gursobilak bere deitu ebazan, Bakiotar agintariei aurre egiteko.

Errege Dekretua gertatu ondoren, baina Auzitegi Gorenak 1932an azken berbea emon aurretik, suertatu zen Gursobilen historia hau: Gorpuzti egunez —ez dakigu zein urtetakoa, Dokumentuak edo “ACTA”k ez baitakar zehetasun hori— San Pelaioko elizan presidentzia egitera joan ziren Fulgenzio Garai, Teniente Alkatea Alkateordetzarekin, eta Ansensio San Pelaio kontzejalari altoa bota eutsen Bermeoko Komandantziatik etorri ziren gursobil bikoteak, edo aktak dinoenez “la pareja se opuso a que por las autoridades de Baquio se presidiera dicho acto religioso”.

Behar bada orduko gizonak gaurkook baino seriagoak ziren, eta protesta-dokumentu gisa itxi eben: “Como se mantuviera la pareja en su pretensión, se retiraron a la casa Consistorial, levantando la presente acta”, etab.

Haritzea eta hatxak Askada azpitik begiratuta

Haritzea eta hatxak Askada azpitik begiratuta.
Argazkia: Garikoitz Estornes.

Bakiotarrak munarriak jarten

Herrialde barriaren mugak zeintzuk ziren eta munarriak non egozan argitzeko, Batzorde bat izendatu eban Bakioko Udal barriak, 1929ko abuztuaren 22an. Alkate Máximo Zabala zen. Kontzejalak, Ruperto Ugarte, Franzisko Jaureguizar eta Franzisko Uriarte. Idazkaria, Domingo Lauzirika, eta peritoa Antonio Araluze. Honeek guztiok “Ingeniero Jefe de la brigada de informes y deslindes” delakoari laguntzen eutsoen, “en el estudio de la línea límite entre los términos municipales de Bermeo y Baquio”.

Gaztelugatxeko Doniane Bermeorentzat

Kintatorre

Kintatorre.
Argazkia: Garikoitz Estornes.

Goian aipaturiko “Ingeniero Jefe” horrek egindako ikerketa eta emandako argibideei esker, Gaztelugatxeko Doniane Bermeorentzat gelditu zen, honako arrazoi haugatik:

“CONSIDERANDO que el santuario de San Juan de Gastelugache enclavado en una saliente roca de la costa Cantábrica en terreno del barrio de San Pelayo, constituye un lugar de gran veneración por parte de los vecinos de Bermeo al que acuden a. cumplir sus promesas y ofrecer sus ex-votos no solo el elemento pescador sino el pueblo entero, y pudiendo dar origen a conflitos de orden público la anexión del mismo al témino municipal de Baquio, sin favorecerse éste en nada con tal anexión, dada la índole de dicho edificio, debe seguir el mismo dentro del término municipal de Bermeo”.

Felix Bilbao Bakiotar Obispoaren laguntza parebakoa

Istiluak nahiko latzak gertatu ziren, administrazio aldetik, ez baiteban amore emoten Bermeok, gorago ikusi dogun legez.

Honetan, Bakioko Udalak zuhurtzia politikorik bixkorrenagaz jokatu eban. Ezer baino lehen, Bakioko seme zen eta Tortosan Obispo lanetan ziharduen Felix Bilbao, herriko seme kutun izendatu eban. Pozik hartu eban honek izendapen hau eta 1928ko apirilaren 17an alkateari, eskerrak emonez, igorten deutson eskutitzean esan bere egiten deutso arrazoia: “(...) por haberse dignado ese ilustre Ayuntamiento de Baquio otorgarme el título predilecto de ese mi queridísimo pueblo”.

(Felix Bilbao hau herrizale, edo agian abertzale, agertzen jaku: jaioterriari “madre cariñosa” deitzen deutso, eta “acendrado afecto a ese bello rincón de la Euskal Erría” aitortzen dau).

San Pelaio 1983an

San Pelaio 1983an.
Argazkia: Garikoitz Estornés.

Bakiotarrak Felix Bilbaoren laguntza eske

Bakio bakar bat egiten dauan Errege dekretua 1927koa da. Bermeok, baina, Tribunal Supremoraino joten dau, aurka eginez. Hau dela eta, 1928an, Bakioko Alkateak karta bat bidaltzen deutso Tortosako Obispo Felix Bilbao bakiotarrari, “último y humilde rincón de España” honetako barriak emonaz. (Ikusten denez, Alkatea, edo Sekretarioa ez da, Felixen moduan “Euskal Erríako”).

Errealitatean, barri bakar bat emoten deutso: “El Ayuntamiento de Bermeo, por las influencias ó juegos de malabarismos y habilidades en el nuevo trazado que presenta, no tiene otro fin que de hacer demorar la ejecución del real decreto Ley”.

Eta amaitzen deutso bere karta: “Nuestro deseo sería verla ejecutada la disposición dictada; para ello nos encontramos en momentos de nuevamente pedirle con toda confianza vea de procurar se ejecute”.

Basigoko eliz-sarrera, 2001ean

Basigoko eliz-sarrera, 2001ean. / San Pelaioren ataria.
Argazkiak: Garikoitz Estornés.

Bakiotarren esker ona Felix Bilbaorentzat

Egin ebazan bere ahaleginak, dirudienez, Tortosako Obispoak eta 1932an, esker onak agertzen deutsoz Bakioko Alkateak, karta bidez, zera dinotsola: Auzitegi Gorenaren arazoa 1932an amaitu ondoren, ospatu zutela anexioa, “atendiendo a las aspiraciones de Baquio” gertatua, dudarik gabe Obispoa bera izan zela “el brazo derecho” lorpen honetan, “Misa, banquete y romería” izan ebela, Obispoaren beraren tokian Felipe de Jaureguizar parroko jauna egon zela eta banketea eskola publikoan izan ebela, non hor-hor 100 bazkaltiar izan ziren.

Gaztelugatxe

Gaztelugatxe.
Argazkia: Mariano Estornés Lasa.

Herria bakarra, baina bi parrokia

Máximo Zabalaren alkatetza pean, Udalekoak bildu eta “se hace constar” idatzi eben Bakioko herritarrek elizaz bitan banaturik segitzen ebela:

“(...) a las feligresías de las iglesias parroquiales de Santa María de Baquio y de San Pelayo de Baquio”.

Bakioz kanpoko baserriak

Zumetxaga

Zumetxaga.
Argazkia: Garikoitz Estornés.

Bada Bakion sinaturiko eta 1932ko irailaren 10eko agiri bat, zeinak anexioaren mugak jarten dauazan munarrietatik kanpo geldituriko baserri etxeen izenak ematen deuskuzan. Honeetxek dira: ERMUA GOICOA, ERMUA BECOA, SAGARAGA (sic), YXABALETA BECO, (lehenengoz —s— batez idatzia eta gero —x— batez, dirudienez), ARANZADI, URQUIDI, GISISTI, ERDICO ECHE, GONCHABAL, SUSSURI, CHARALE, MINTEGUI GOICOA. (Agirian daukaten grafiarekin jaso doguz).

Bukaeran, hauxe dino: “Todos ellos firmantes en contra de la anexión (...) Los barrios Urkizaur y San Pelayo, es decir, desde el río Estepona ó Concha, se anexionaron a Basigo de Baquio, por Real Decreo de 1927 y a petición de los pobladores de dichos barrios, en contra de las aspiraciones de Bermeo, que recurrió hasta el Tribunal Supremo, y con el apoyo oculto pero decisivo de Felix Bilbao, entonces Obispo de Tortosa e hijo predilecto de Baquio (...) Era alcalde Máximo Zabala. Concejales, Ruperto Ugarte, Francisco Jaureguizar, Francisco Uriarte, Fungencio Garai y Asensio San Pelayo. Secretario, Domingo Laucirica”.

Lañoak, Nikola Madariagaren akuarela

“Lañoak”, Nikola Madariagaren akuarela.
Argazkia: Nikola Madariaga.

 

BAKIOKO AEK LAN TALDEA: Idoia Liste, Jonjo Agirre eta Angel Zelaieta

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media