Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Joxe Mari Arzuaga Lasagabaster (1932-1967)

Jerardo ELORTZA

Musikarako sortua zen Joxe Mari. Berezkoa zuen. Egia da etxean ere giro egokia aurkitu zuela hartarako, aita Senenek pianoa ez ezik, beste hainbat instrumentu ere jotzen baitzekien: harmoniuma, lautea, bandurria, zitara, zeharkako txirula, klarinetea eta txistua, besteren artean. Arzuagatarrek, aita maisu zutela, irakurketarekin batera etxean ikasi omen zuten solfeoa, kantua eta pianoaren hasi-masiak. Joxe Marik, ume-umetatik, notak irakurri ahal izan baino lehenago, gogoan hartzen zituen partitura osoak.

Lehen urteak

Joxe Mari Arzuaga

Joxe Mari Arzuaga Lasagabaster 1932ko apirilaren 27an jaio zen Oñatin, plaza nagusiko 7. zenbakian. Senen eta Jovitaren bosgarren semea zen: Migel Anjel, Arantxa, Jabier eta Axun zituen neba-arreba zaharragoak eta Jesus Mari sortu zen bera baino urte pare bat geroago. Lau urte zituela lehertu zen 1936ko gerra zibilak ez zion, beharbada, erasan oso zuzena eragin, baina gorabehera latz haiek gogoratzeko lain bai behintzat, gudatea amaitu orduko, ia zazpi urte baitzeuzkan. Dena den, gerra-denboran, Axun eta Joxe Marik urtebete inguru igaro zuten Aretxabaletako Artabe baserrian, Aozaratza auzoan, amaren jaiotetxean alegia, eta hango eskolara ere joan ziren. Gero Oñatiko ospitaleko aurre-eskolan eta 1939az gero maristetan ere ibili zen lehen ikasketak egiten.

Hamar urterekin Arantzazuko seminariora jo zuen 1942an, fraide izateko asmotan. Jabier hiru urte lehenago joana zen hara helburu berberarekin. Frantziskotarrek orduan zuten ohiko ibilbide akademiko gehiena burutu zuen Joxe Marik: hiru urte Arantzazun, bi Bizkaiko Foruan, nobiziadoa Gipuzkoako Zarautzen, Filosofiako hirurak Nafarroako Olite-Erriberrin eta Teologiako laurak berriro Arantzazun. Baina karrera amaitzeko gutxi falta zitzaiola utzi zion fraidetzari eta etxera bueltatu zen.

Frantziskotarren artean egon zenean, seminarioko ohiko ikasgaien programaren barruan musikari ere aparteko garrantzia ematen zitzaion. Mutikotan Arantzazuko koruan tiple gisa kantatzen zuten ikasle askok. Ospetsua eta jendetsua izan zen hamarkada askotan basilikako funtzio haietan abesten zuen korua; bere saioak urte osoan zehar entzun zitezkeen, baina batez ere, Ama Birjinaren iraileko bederatziurrenean meza nagusiko eta Benedicta izeneko elizkizunetan. Kantuari ez ezik, piano —eta organo— ikasketei ere leku berezia eskaintzen zitzaien, hartarako gaitasuna erakusten zuten fraidegaien artean batik bat. Joxe Marik, frantziskotarren ia ikasketa-ziklo osoa burutu zuenez gero, bete-betean jarraitu zion aipatu berri dugun programa honi.

Musika-ikasketak frantziskotarrekin

Jabier eta Joxe Mari anaiak Arantzazuko seminariora ikastera joan zirenean, beste batzuk baino prestatuago zeuden musikarako, gorago adierazi ditugun arrazoiengatik. Jabierek, erdi brometan, esaten du pilotan jokatu ondoren joan zela behin piano-azterketara eta, eskuak handituta zituenez, ez zuela etsamina gainditzerik izan eta horregatik utzi ziola pianoa jotzeari. Joxe Marik, berriz, gogor eutsi zien musika-ikasketei.

Mutikotan koruko tiple izan genuen Arantzazun. Solfeo-ikasketak Bernardo Aperribai, Kandido Zubizarreta eta Luis Esnal irakasleekin hobetu zituen, besteak beste. Koru-kide bezala, eta basilikatik at, kanpoko hainbat tokitan, Madrilen (1944an eta 1947an) eta Bilbon (1945ean), kantatu zuen Arantzazuko abestaldearekin. Geroztik, ordu asko sartu zituen bera kasa harmoniaren sekretuak bereganatzen. Ondorioz, nota oso onak atera zituen beti musika-arloetan. Olitetik Oñatira korista —edo teologia— urteak egiteko itzultzean, Arantzazuko musika-munduan zeharo murgildu zen: organista eta koruko zuzendari moduan sarritan aritu zen garai horretan. Hainbat organo-jole eta zuzendari ospetsuren eragina izan zuen Arantzazun, besteak beste, Jose Maria Arregi areatzarrarena eta Alejandro Ezkurdia oriotarrarena.

Konposizio-arloari ere urte haietan ekin zion. Ordukoa da, adibidez, Jabier anaiaren meza berrirako 1952ko martxon moldatu zuen “Apaiz Himnoa”, gerora Melodías izeneko musika-aldizkarian argitaratuko zuena (1955eko urrian). Bere arreba Arantxa komentura joan zenean, aita Senenek eskaini zion obratxoa harmonizatu zuen Joxe Marik 1952ko azaroan. Hurrengo urteko abuztuan ikasleentzako pieza bat idatziko du, Aita Errektorearen urtebetetzea ospatzeko. Sasoi hartakoak izan daitezke Errenteriako Eresbil Euskal Musikarien Artxiboan Arzuagaren izenean aurkitzen diren honako hauek ere: ahots eta pianorako diren “Gau bijilian”, “Agur, Euskalerri!” eta “Agur, “Amatxo” deituriko hiru euskal pieza.

Arantzazutik Oñatiko kalera

Joxe Mari Arzuaga

Fraide izateko behin betiko botoak, profesa nagusia alegia, egin baino egun batzuk lehenago etxeratu zen Joxe Mari 1953ko azaroaren 17an, Teologiako hirugarren ikasturtea hasi eta bi hilabetera. Ia berehalaxe sartu zen Oñatiko San Migel parrokiako koruan kantuan eta Julian Zelaia organistari musika-lanetan laguntzera. Han ezagutu genuen orduan tiple ginenok koruko zuzendari gisa, baita Zelaiaren ordezko organista moduan ere. Hogeita bat urteko gazte dotorea zen Joxe Mari, bederatzi-hamar urte genuen mutikooi pertsona heldua iruditzen zitzaiguna. Tenore-ahots atsegina zeukan eta oso dinamikoa zen korua zuzentzen nahiz bestelako zereginetan. San Prudentzion ere harmoniuma jotzeari ekin zion, hango parrokian Jose Maria Agirrebaltzategi abade oñatiarrak igandeetan ematen zuen mezatan.

Dena den, bizimodua aurrera atera beharrak lanbide bati heltzeko premia ekarri zion. Sasoi hartan Oñatiko enpresarik handiena genuen Hijos de Juan Garay fabrikako bulegoetan hasi zen lanean 1954an, aldez aurretik Tolosako eskola batean kontabilitate-ikasketak burutu ondoren. Lantegi eta ofizio horretan jarraitu zuen heriotzara arte. Laster beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, 1958ko maiatzaren 24an Paulina Kernstock-ekin ezkondu zenean: emazteak aita alemana zuen, Juan Pablo Kernstock, Oñatira gaztetan etorritakoa, eta ama oñatiarra, Anizeta Biain. Paulinak eta Joxemarik lau seme-alaba izan zituzten: Frantzisko, Pablo, Konrado eta Monika.

Antzerkirako zaletasuna ere bazeukan Joxe Marik, eta hori ederki erakutsi zuen 1950ko hamarkada hartako bigarren erdialdean abadetxeko areto zaharrean nahiz unibertsitateko klaustroan antzeztu zituzten teatro-emanaldietan: gogoan dugu, besteren artean, Josep Maria de Sagarraren La herida luminosa, Joaquín Calvo Soteloren La muralla edota Pedro Calderón de la Barcaren El gran teatro del mundo eta La cena del rey Baltasar auto sakramentalak. Obra hauetan aktore gisa eta batzuetan zuzendari moduan ere parte hartu zuen.

Edonola ere, musika izango da orduan ere bere arlorik kuttunena. Saiatu zen harmonia-ikasketak Donostian sakontzen Frantzisko Escudero maisu zarauztarrarekin. Baina lanak eta familiak hartarako nahiko asti uzten ez ziolako, ez zuen asmo horretan luzaroan aurrera egiterik izan. Hori dela-eta, zera esan omen zion Escuderok Karmelo Iturriari: “beste Usandizaga bat galdu dugu”. Konposizioari dagokionez, hainbat lan atondu zuen urte haietan: lagunen ezkontza-egunerako kantak, esate baterako. Aita Senen, 1960an hilzorian zegoela, Joxe Mari Requiem meza bat prestatzen ari zen haren oroitzapenean. Zoritxarrez ez zuen bukatzerik izan, seguru asko, aitaren hiletaren biharamunean, Migel Anjel anaia zaharraren uste gabeko heriotzak zeharo hunkitu baitzuen Joxe Mari.

Irrintzi zortzikotea

Alabaina, Joxe Mari Arzuaga Oñatitik kanpora ezagun bihurtu baldin bazen, beste ekimen batzuen bidez izan zen: 1960ko hamarkadan, Hego Euskal Herrian batez ere, hedatu ziren ochote edo zortzikoteen lehiaketei esker, hain zuzen ere. Garai hartan Bilboko El Correo Español – El Pueblo Vasco egunkariak sustatutako txapelketa haiek berrikuntza nabaria ekarri zioten euskal koruen musikari. Han-hemenka, zortzi kidez osatutako abestalde txikiak modan jarri ziren. Hau da, bi lehen tenore, beste bi bigarren tenore, bi baritono eta bi baxu ziren minikoro haietako kantariak. Denak gizakumeak, hori bai.

Oñatin bazen, gorago aipatu dugunez, kanturako zaletasuna, batez ere San Migel parrokia koruaren eta Schola Cantorum abestaldearen inguruan. Joxe Marik, hango eta hemengo adiskideak bilduz, zortzikote bat gauzatzea lortu zuen. Irrintzi izena ezarri zioten. Kale Barrian, Naparreneko taberna baino beheratxoago lokal batean egoitza zuen gazte-talde baten elkartea zen Irrintzi. Hasierako abeslari asko soziedade horretako bazkideak ziren. Kontua da Joxe Marik, denbora gutxiren buruan, oso zortzikote itxurosoa moldatzea lortu zuela.

Aita Senen hil ondoren, Joxe Mari izan zen Lekeitioko Solanotarrek (Marqués de Socorro tituludunek) Oñatin zeukaten ondasunen administratzailea. Hauek Kale Zaharreko erdi inguruan zuten etxean egiten zituzten entseguak Irrintzitarrek. Agian, orduko beste ochote batzuetan zeuden ahots bikainik izan gabe, Joxe Marik, denbora gutxiren buruan, talde orekatu eta trinkoa gauzatzea lortu zuen. Zortzikoteak iraun zuen bitartean honako abeslari hauek osatu zuten, aldi desberdinetan: Federiko Mendizabal, Joxe Antonio Billar, Nikolas Erostarbe, Felix Arregi, Joxe Otalora, Jabier Letamendi, Julio Ibarrondo, Manolo Urtzelai, Juanito Arkauz, Eujenio Kortabarria, Joxe Errasti, Juan Migel Ordoki eta Jerman Aramendik.

Garai honetakoak dira “Txoriñua”, “Oi bart”, “Zeruetako” eta “Oi Betlehem”, Irrintzi zortzikotearentzat Joxe Mari berak berariaz harmonizatuak, hainbat bider kantatu zituztenak. “Txoriñua” kanta grabatu ere egin zuten, Joxe Antonio Billarrek solista lanak egiten zituela. Oñati Koralarentzat ere M. Ponceren “Estrellita” harmonizatu zuen.

Oso urte gutxitan ibilaldi aberatsa izan zuen Irrintzik. Sari asko irabazi zuen batean eta bestean antolatutako lehiaketetan. Garrantzitsuena, seguru asko, Bilbon Hego Euskal Herriko Txapelketan (Concurso Vasco-Navarro de Ochotes zeritzan orduan) 1964an, epaileen erabateko adostasunez lortutakoa izango da. Baina beste sari batzuk ere izan ziren: 1962an Gipuzkoako txapeldun, eta geroago Arrasaten, Erandion eta Durangon. Harrezkero Ipar zein Hego Euskal Herriko makina bat lekutara joan zen kantatzera Irrintzi. Baita hemendik kanporako zenbait tokitara ere: Madril, Soria, eta abarretara.

Joxe Mari Arzuaga

Lankidetzak eta asmoak

Ezin ahaztu urte hauetan zehar Joxe Mari Arzuagak eta Irrintzik Frantzisko Madina Oñatiko musikari laterandar handiarekin izan zuten harreman estu eta emankorra. Garai haietan Argentinan eta geroago Estatu Batuetan ari zen Zubillagako semearen kanta asko ezagutarazi zituen Irrintzik: Ezagunenen artean, “Beti ezkamak kentzen”, “Oles ezkonberriak” eta “Azokan”, adibidez. Baina Madinak, horietaz gain, beste abesti asko konposatu zituen espresuki Oñatiko zortzikotearentzat. Horietako batzuk dira taldeak sasoi hartan Bartzelonan grabatu zituen 3 disko singleetan entzun ditzakegunak.

Joxe Mariren musika-iturria, ordea, ez zen zuzendaritza eta harmonizazioan agortzen. Aurreko hamarkadan bezala, 1960koan ere asmatu zituen lan batzuk. Oñatin horien artetik gehien entzun genuena, beharbada, “Bihotz baten ordean” bertso klasikoari jarri zion doinua izan zen. Loli eta Juan Migel Ordoki neba-arrebek ezagutarazi zuten elkarrekin. Gazte-jendeari ere heldu zitzaion, “Los Migs” musika-talde modernoaren bitartez. Esan behar da Juan Migel ochoteko kide ez ezik, Migs-eko bokalista ere izan zela, Oñatin eta inguruetan, 1960 eta 1970ko hamarkaden bueltan, hamaika plaza eta dantzalekutan kantatu zuena.

Lanak eta familiak, halabeharrez, ezartzen zizkioten baldintzen barruan, Joxe Mariren asmoek eta ekimenek ez zuten mugarik: solfeoa irakatsi zien seme-alaba eta ilobei koloreetan oinarritutako metodo berri batekin; herriko zenbait ekimenetan parte hartu zuen; Patxi Madinaren bitartekaritzarekin, Irrintzirekin New York-era joatekotan zebilen; idazten ere saiatu zen, Donostiako La Voz de España periodikoaren Oñatiko korrespontsal gisa jardunez.

Baina patuaren ezpata zorrotz eta ankerrak arte-ibilbide askoz aberatsagoa izan zitekeena eten zuen, zazpi urte lehenago Migel Anjel anaia margolariarena moztu zuen bezalaxe. Ezbeharra 1967ko uztailaren 9an gertatu zen Nafarroako Bianatik hurrean dagoen Ebro ibaiaren zurrunbilo batean.

Joxe Mari ordurako Oñatin oso ezaguna eta estimatua zenez, herria zeharo hunkituta geratu zen. Urte bereko San Migeletan Donostiako Orfeioak lehenbiziko aldiz kantatu zuen Madinaren “Aita gurea” sarkorra Joxe Mariren oroitzapenetan. Hurrengo urtean Patxi Madinak berak hileta-meza bat konposatu zuen Arzuagaren omenetan: “Ildakoen meza, Jose Mari Arzuagaren oroiz” zuen izenburutzat. Irrintzi taldekoek ere ez zuten, jakina, euren zuzendaria ahaztu, eta sarritan omendu zuten, hartarako zortzikote batzuk Oñatira ekarrita.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media