Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Olivia OLAIZOLA
Lan honen helburua Lapurdiko kostaldeko herrixka baten azterketa linguistikoaren parte bat egitea izan da : Biriatuko euskararena, hain zuzen ere.
Biriatu herrixkak interes berezia du, biztanle gutxi baitira bertan eta mugan izanki, bertako euskarak eragin desberdinak ezagutu baititu. Lanaren hasteko, ezinbestekoa da 65 urtetik gorako hiztunen euskara aztertzea, azken urteetan Biriatuko euskarak gibelkada handia ezagutu baitu. Euskal Herriaren erdigunean euskara berdintzen eta homogenizatzen den momentuan, Biriatuko euskarak bere ezaugarri linguistikoak galtzeko arrisku handia du. Gaur egun beraz, adinekoen hizkera biltzea funtsezkoa deritzot.
Aldaketa linguistikoa kezkagarria den unean, Biriatuko euskararen ikerketa fonologikoa eta izen morfologikoa izan dira aztergai lan honetan.
Biriatu
Gaur egun, Biriatu, Lapurdiren kostaldean den herrixka ttikiena da, 1 000 biztanlerekin. Xoldokogaina mendixkaren saihets batean kokatua da eta Gipuzkoa eta Nafarroa zaintzen ditu. 1603. urtean, Urruñako auzo izatetik komunitate indenpendente bilakatzera iritsi zen.
Biriatuko euskara
Biriatuko euskarari dagokionez, lapurtera euskalkian sailkatu da gaur egun arte. Euskal dialektologia XIX. mende hastapenean loratu zen Luis Luziano Bonaparte printzeari esker, eta frantses honek Euskal Herriko euskalkien lehen sailkapen sistematikoa eta zientifikoa egin zuen. Zortzi euskalki ezberdin zerrendatu zituen orduan. Orain arte, Biriatuko hizkera sailkatzeko, Bonaparteren ikuspegia da aintzat hartu den ikuspegia.
Hona hemen Bonapartek proposatu Carte des sept provinces basques mapa dialektala :
Koldo Zuazo dialektologoa ere bat dator Bonaparteren ikuspegiarekin eta are gehiago, Biriatuko euskara Lapurdiko kostaldearekin lotzen du, euskara kostatarra-rekin hain zuzen ere.
Zuazoren aburuz, Biriatuk hartu-eman estua eduki du Gipuzkoako eta Nafarroako auzoekin eta horregatik, Biriatuko euskaran hegoaldeko hizkeren eragin handia sumatzen da.
Datu bilketa
Ikerlan ona eta zehatza egiteko, elkarrizketa grabatua da baliatu den metodoa. 65 urtetik goragoko hiztunak hautatuak izan dira, emakumezkoak eta gizonezkoak. Biriatun sortu eta bizi diren jendeak bilatu eta baliatu dira. Datu ahal bezain fidagarriak ukateko, biriatuar bat baino gehiago elkarrizketatu dira. Batzuetan, bakarkako grabaketak egin dira eta beste batzuetan, taldeko grabaketak egin dira.
Atal honetan, Biriatuko euskararen azterketa fonologiko bat proposatu da, bokalismoari eta kontsonantismoari garratzia emanez.
Hona hemen Biriatuko euskararen ezaugarri fonologiko esanguratsuenak :
1. Biriatuko sistema bokalikoa bost bokalen inguruan oinarritzen da : a, e, i, o eta u. Mailegu batean edo bestean ü bokala ere ager daiteke (Adb : legümak )
Biriatun, hizkera gertatzen denean, bi fenomeno bokaliko gertatzen dira nagusiki : epentesia eta diptongoen sorrera. Biriatuko eta oro har, euskara kostatarreko ezaugarri nagusienetarik direla esango nuke.
2. Epentesia oso ongi markatzen dute biriatuarrek, batez ere hitz bukaeran : onduwan, tontuwa, ttikiyak, urriyan...
3. Diptongoen maiztasuna. Kontsonante haspiratuak, herskariak edo dardarkariak etengabe desagertzen dira orduan, diptongoen sorrera sistematikoa da : aitu, lawnak, njok, bejnka...
4. Kontsonanteak erreparatzen baditugu, ohartzen gara lau j ezberdin badirela : [j], arto jorran bezala, j arina epentesizko hitzetan eta maileguetako hitz hastapenetan yaurtak hitzean bezala, [3], [3]u[r]naliztak maileguan bezala eta azkenik Hego Euskal herrian ohikoa den [X], [X]wakin-en ageri bezala.
5. Biriatun eta euskara kostatarrean hain zuzen ere ez da inolaz ere kontsonante hasperenik agertzen.
6. Bustidura adierazgarriak izugarrizko garrantzia du etengabekoa baita : xukaldjak, bixkar, illete, iñak, Anttoñio... Kontsonanteak biziki errazki palatalizatzen dira eta izen berezietan ere joera nabarmena da. Bustidura adierazgarria Biriatuko eta hizkera kostatarreko ezaugarri nagusienetariko bat dela esan behar da.
7. Kontsonanteekin segituz esan daiteke herskariak eta dardarkariak biziki errazki lerratzen direla desagertzeraino : aditu - aitu, egotwak - eotwak.
8. Kontsonante sudurkarien ondotik frikari bat datorrenean sistematikoki afrikatzeko joera da : erran zjoten - erran’tzjoten, erran zuten - erran’tzuten.
Hona hemen izenaren morfologiarentzat proposatu sailkapena.
1. Datibo singularreko atzizkia -ari da eta pluralekoa berriz, -eri : gardari, familla garbieri...
2. Edute genitiboko kasu marka, -(r)en kasutik datorren -n atzizki soila da : aitatxin, amen, Janon...
3. Destinatiboko kasu marka -tzat da bakarrik eta Ipar Euskal Herrian ohikoa diren -rendako edo -tako ez dira baliatzen : zwetzat...
4. Ablatiboko mugatu singularra -tik atzizkia da eta mugatu pluralean, -eta(r)ik : zerbitzutik, alde guztietaik....
5. Adlatiboko kasu marka -at sistematikoa da. Halere, batzuetan -at baliatu beharrean, -n inesiboko kasua baliatzeko joera da : gan giñen Hendaian.
6. Hurbiltze adlatiboa markatzeko ez da -rantz kasua baliatzen baizik eta aldera posposizioa : gan’tzjen lepo aldeat.
Dialektologiaren alderditik jorratuz, lan honetan Biriatuko euskararen azterketaren parte bat egin da, bokalismoa, kontsonantismoa eta deklinabidea landuz.
Hizkera atalez atal deskribatuz, ohartzen gara Biriatuko euskarak Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat ezaugarri jasotzen baditu ere, bere ezaugarri bereziak ere badituela. Lan honetan bildu eta egin sailkapenek Biriatuko hizkeraz ikuspegi orokor bat ematen digute.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus