Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Juan AGUIRRE SORONDO
“Donostian, dena hasten edo bukatzen da Konstituzio Plazan”, idatzi zuen behinola Donostiako bizitzaren kronikari batek. Historiaren bidegabekeriak gorabehera, kezkarik gabe eta harro bizi den herri baten bizitasun lasaia ulertzen saiatzen ari zen, geometria emozional pixka bat erabiliz. Eta ez zuen arrazoirik falta: alfa eta omega, leon eta kastillo, zerua eta infernua bat etortzen dira beti, muturrik aurkakoenak ere donostiartasunaren estalpean harmonizatzen dituen sintesi angeluzuzen horretan.
Konstituzio Plazaren aurreneko izena Plaza Berria izan zen, 1722an, harresiz inguratutako eta, gotorleku-izaerak hala inposatuta, kuarteleko diziplinak hertsatutako merkataritza-hiriaren erdigunean sortu zenean. Plaza Berriari esker, festa, merkatu eta herritarren gainerako ekimenek jada ez zuten troparen baimenik behar, Plaza Zaharrean, Lehorreko Atearen ondoan, gertatzen zen bezala. Hemen, Plaza Berrian, harresi eta kuboetatik urrun, bere sanctasantoruma eraiki zuen herriak. Eta hori agerikoagoa izan zedin, udaletxea ere kokatu zuen han, mordoilorik gabeko estilo barrokoz egindako eraikin batean.
Ilustrazioa: Josemari Alemán.
Mende batean baino gutxiagoan, milaka ospakizunen eta jipoi baten baino gehiagoren agertokia izan zen plaza hura. Haren dobela-begiekin ikusi ahal izan zituen bere seme-alabak salerosten, dibertitzen eta borrokatzen, baita miresten ere, 1738ko urtarrileko gau batean, plaza kiskaltzen ari zen sute bat itzaltzeko Koruko Andre Mariak miraria eginez esku hartu zuenean. Frantziako konbentzionalen gillotina ere hantxe kokatu zen, 1794an. Eta, azkenik, suak, hiriaren etsai porrokatuak, “askatzaile” omen ziren zuzi zitalek emanak, suntsitu egin zuen, 1813ko udan.
Dena hasten edo bukatzen da Konstituzio Plazan. Independentzia itzuli zenean, erregeak lurra bota nahi izan zuen iraganaren gainean, Udaletxea izango zenaren lehen harriaren gainera hiru palakada botata, hainbeste zoritxarren ondoren suspertzen hasia zen plaza hartan. Udalaren jauregi zaharraren zoruaren azpian datza oraindik oroigarrizko zilindro hura. Haren barruan zeuden, “Kanpotarren Gidarekin” batera, eraikinari buruzko poema bat eta Udalaren akta, Fernando VII.ari eraikuntzaren hasiera-ekitaldi hartan izateagatik eskerrak emanez, “eraikina behar-beharrezkoa delako eta 1816ko Errege Dekretua gordeko duen etxea edukitzeko” (Desiratua zeritzon erregeak bere burua Donostiaren berreraikuntzaren “babesle” deklaratu zuen agiri hari egindako aipamena “apaingarri versallestarra” izan zen, Ignacio Pérez-Arreguiren hitzetan). Nolanahi ere, behingoagatik behintzat, Borboikoak bere hitza bete zuen eta hiria berreraikitzeko funtsak iritsi ziren.
Eta berreraiki egin zen, baina, egia esan, irudimen eskasa eta aurreiritzi gehiegi erabiliz. Udal arkitekto bikain batek, Pedro Manuel Ugartemendiak, tiraderan gorde behar izan zituen Donostia berria egiteko ondoz ondoko proiektu ausartak, etxe-jabeak hirigunearen egitura zaharrari eusteko tematu baitziren. Hala, izar formako irekidurak izango zituen Plaza Berri oktogonalaren ordez —tradizio guztietatik urrun eta mende berriaren beharretarako guztiz aurreratua—, aurreko plazaren jatorrizko oinplanoa errepikatu zuen, baina zabalagoa eta homogeneoagoa.
Ugartemendiaren lanari Silvestre Perez aragoiarrarena erantsi zitzaion. Hura ere Espainiako arkitektura neoklasikoaren ordezkaria zen, eta Udaletxe berriaren trazatua egitea egokitu zitzaion. Jauregia arkuterien gainean eraiki zuen, dozena erdi zutabe dorikoz zeharkaturiko bi solairutan, eta hiriaren armarriaz apainduta. Dunixiri “zahar eta triste samarra” iruditu zitzaion eraikina. Baina kronikariaren irudipen horrekin bat etorrita ere, ezerk ez ditu eragozten eraikuntza horren hemeretzigarren mendeko klasizismoaren edertasun sendo eta zorrotza mirestea: hiriak bere denboran hartu beha duen lekua pentsatzeko eta ulertzeko era bat. Eta hor jarraitzen du, lasai eta izukaitz, sinbolismoz betetako antigoaleko tenplu bat balitz bezala, Mutrikuko, Tolosako, Uliako eta Igeldoko harrobietako harlanduak Donostiako bizitzaren ia bi menderen gainean irmo finkaturik dituela.
Izan ere, hemen, Konstituzio Plazan, dena hasten edo bukatzen da. Hamarkada askotan zehar, ez zen haren 147 balkoi zenbakidunetatik ikus ez zitekeen festarik izan hiriburuan. Eta, guztietan nagusia, jakina, lotutako idiekin egin ohi zen lasterketa: sokamuturra herrikoia. Behar bezalako edozein festaren funtsezko ospakizuna zen hura, halako moldez, non ospakizun hura Konstituzio Plazatik kanpora eraman zutenean, 1872an, sekulako iskanbilak sortu ziren, eta debekatu zutenean, 1802an, ia hondamendia iritsi zen. XIX. mendearen lehen erdialdean plaza hartan zezenketak izaten zirenean herritarrek zein ondo pasatzen zuten ulertzeko, esan dezagun pobreenek ere dirua eskaintzen zutela balkoi batean lekutxo bat edo zurezko tribunetan eserleku bat lortzeagatik. Zezenketa haietan agintari zibil eta militarrentzako pribilegiorik ez izatea (nahiz eta haientzat deskontu oparoak izan) nolabaiteko kontsolamendu demokratikoa zen.
Ilustrazioa: Josemari Alemán.
Lehen, orain eta beti, Santo Tomas egunean ogia eta txistorra, neguko lehen hotza uxatzeko. Hiriko lege sakratua da. Nahiz eta txosnak porturaino eraman eta festa Bretxako merkaturaino edo urrunago heldu, festa nagusietan, Plazako lau ahoetatik kanpo, dena da aldiri Donostian. Areago: nekez pentsa litezke urtarrilaren 20ko danbor —eta upel— arradak, harresi horiek entzungo ez balituzte. Urtean egun batean, donostiarrak han elkartzen dira adorez eta kemenez, dena hasten eta bukatzen den plaza horretan; eta orduan, hogeita lau orduz, lehengo ama sentitzen da berriro Plaza, aita Udalaren berotan. Eta orduan ageri-agerikoa da, donostiarrak dauden bitartean, Konstituzio Plaza hiriaren arima izango dela beti eta, eraikin noblea, haren burua.
Ez du axola hainbat zabalgune eta hedapenek merkataritza —eta administrazio— gunea hegoalderantz aldendu badute, zenbait ospakizunek eta festak orain beste agertoki batzuk badituzte edo arkupeetan “dotoreen” paseoa eragiten zuten saltoki bitxi haiek dagoeneko itxita badaude, jaiaren arima eta jatorrizko sentimendu koskeroa Konstituzio Plazan eta horren inguruan ageri diren bitartean. Dena hasten eta bukatzen den lekuan...
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus