Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Jesus Mari MAKAZAGA EIZAGIRRE
Hizkuntzaren maila guztietan ikertu dut Elgoibarko euskara, euskara horren ahozko jardun lagunartekoa. Horretarako, egoki ikusitako berri-emaile batzuei grabatutako testu libreak eta galdekizunak erabili ditut. Adineko berri-emaileak izan ditut, 70 urtetik gorakoak, emakume nahiz gizonezko, eta herriko auzo guztietakoak: guztira 30 berri-emailetik gora. Inguruko herrietan ere egin ditut grabaketak: neurri apalagoan bada ere, han ere izan ditut behar adina berri-emaile.
Ikerlanean, xeheki aztertzen dira kapitulu banatan Elgoibarko euskararen fonologia, izenaren morfologia, aditzaren morfologia, sintaxia eta hiztegia.
Era honetako lanetan ohikoak diren jakingarriak bildu dira doktoretza-tesian, Elgoibarko euskarari aplikatuak: arau fonologikoak, bilakabide fonetiko nagusiak, azentua, kasu-marken eta postposizioen taulak eta haien erabilera-datuak, aditz perifrastikoaren eta trinkoaren taulak eta aditzaren inguruko erabilera bereziak, egitura sintaktiko konplexuen bilduma xehea eta ia 2.500 sarrera dituen hiztegia; hiztegian agertzen zaizkigu Elgoibar dialektologikoki kokatzeko pertinenteak izan daitezkeen lexemak eta aldaerak, zaharkituak geratzen ari diren hitzak, gazteek ezagutzen ez dituzten hainbat hitz; ahalegin berezia egin da txorien, belarren, loreen eta baserriaren inguruko izenekin.
San Bartolome kalea, Elgoibar.
Era honetako lanetan hain ohikoa ez den kapitulu bat ere idatzi dut: ahozko hizkerak berezko dituen ezaugarri batzuk jasotzen dituena: Elgoibarko testuetatik eta galdekizunetatik jasotako esaera eta esapide egin mordoxka bat bildu dut; elkarrizketetan gertatzen diren interjekzioak, harridura-perpausak eta egitura adierazgarriak ere bai; bai eta ahozkoak hain ohikoak dituen ezaugarrien adibideak ere: onomatopeiak, errepikapenak, ezezko perpausen bitxitasunak, hitz-ordena bereziak eta abar.
Azken kapituluan, behin Elgoibarko hizkera ondo ezaugarritu eta gero, inguruko herrietako hizkerekiko konparazioa ere egin dut: Elgoibarko euskara dialektologikoki kokatzeko ahalegina. Jakina da Elgoibarko euskararen kokapena berezia dela dialektologiaren aldetik: bi euskalkiren arteko muga-mugan, antzinatik piztu izan du dialektologoen interesa Elgoibarko euskarak eta haren kokapenak. Horregatik egin da konparazio hori eta horregatik markatu ditut Elgoibartik hurbil pasatzen diren hainbat isoglosa. Eginak dira inguru honetan azterketa batzuk, eta datu gehiago eskaini ditut lan honetan.
Gatozen kapitulu bakoitzaren edukia xehekiago jasotzera, kapitulu bakoitzean zehazki zer ekarpen egin dudan aztertzera:
1. FONOLOGIA: Elgoibarko euskararen sistema fonologikoa ezaugarritu da atal honetan: zein den fonemen errepertorioa eta zer arau fonologiko eta bilakabide fonetiko nagusi gertatzen diren deskribatzen da. Kapitulu guztietan bezala, adibide ugarirekin ilustratu dira emandako arauak eta bilakabideak.
2. IZENAREN MORFOLOGIA: Izen-sintagmaren ingurukoak jaso eta aztertu ditut kapitulu honetan: kasu-markek eta postposizioek zer forma hartzen duten (taulak eskaintzen dira) eta sintaxiaren eta semantikaren aldetik zer erabilera duten; izen-sintagmaren arloan Elgoibarren aipagarriak diren kontu batzuk (genero-bereizketa, sinkretismoa, plural hurbila, -an espletiboa...), zenbait zenbatzaile berezi, eta, amaitzeko, hitz-sorkuntzako jakingarriak: eratorpen-atzizki nagusiak zein diren eta hitz elkartu ugarienen bilduma bat.
3. ADITZAREN MORFOLOGIA: Aditzaren jokoa bildu da kapitulu honetan: aditz jokatugabeek eta jokatuek (aditz laguntzaile nahiz trinkoek) zer forma izaten duten (taulak eskaintzen dira hemen ere), adizkietan zer morfema mota erabiltzen diren, eta aditzaren arloan aipagarriak diren erabilera batzuk: zenbait aditzen erabilera bereziak eta zenbait aditz-lokuzio berezi.
4. SINTAXIA: Elgoibarko hizkerako egitura konplexuen gramatika bat osatu nahi izan dut hemen; ez da beharbada dialektologiarako arlo emankorregia, baina enfatizatu dira dialektologiaren aldetik pertinenteak izan daitezkeen ezaugarriak. Perpaus juntatuak hasieran, mendeko perpausak (Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, VI eta bidean den VII-ko sailkapena erabili dira) eta, amaitzeko, testu-mailako lotura edo lokailuak (Gramatika batzordeak EGLU III-n aztertu zituenak). Azalpenez eta erabilera bereziez gain (gramatikagintzan bitxiak diren egituren testigantza jaso da), adibide dezente eman dira hemen ere, argi gera dadin egitura bakoitzaren erabilera.
5. AHOZKO HIZKERAREN EZAUGARRIAK: Gai honi arreta berezia eskaini zaio, iruditurik baliagarriak izan daitezkeela gazteen belaunaldientzat kapitulu honetan egindako azterketak eta sailkapenak: ahozko hizkeraren ezaugarri nagusiak aztertu dira, indargalduz doazkigunak; atal nagusian, testu libreetatik eta galdekizunetatik jasotako esaerak eta esapide eginak bildu dira; horiez gain, elkarrizketetan gertatzen diren interjekzioak, harridura-perpausak eta egitura adierazgarriak bildu dira, eta semantikaren eta sintaxiaren arabera nolabait sailkatu; halaber, ahozkoan hain erabiliak diren zenbait ezaugarri aztertu dira: elipsiak, onomatopeiak, errepikapenak, ezezko perpausen ugaritasuna, hitz-ordena bereziak... Ezinbestekoa iruditu zait atal honetako edukiak biltzea, belaunaldi berrien euskarak dituen beharrizanetarako.
6. HIZTEGIA: Deba ibarrean, bateko eta besteko euskara ezaugarritzeko, hiztegi garrantzitsuak egin dira: Bergara aldeko hiztegia (Elexpuru), El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate y zonas colindantes (Izagirre), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (Basauri-Sarasua), Lexicón del euskera dialectal de Eibar (Etxebarria), Aramaioko, Antzuolako eta Mallabiko lan monografikoetako hiztegiak (Ormaetxea, Larrañaga eta Mugarza). Tradizio horri jarraitu nahian, Elgoibarko eta inguru hurbileko hitz bereizgarriak bildu ditut, Elgoibar dialektologikoki kokatzeko pertinenteak izan daitezkeen lexemak eta aldaerak (mendebaleko hizkeretara egiten dutenak eta erdialdekoetara egiten dutenak); horiez gain, hala ere, zaharkituak geratzen ari diren hitzak ere jaso dira, azkenean elgoibartar hiztunaren hiztegi txiki bat osatzeraino (ia 2.500 sarrera dituena); ahalegin berezia egin da txorien, belarren, loreen eta nekazaritza munduko izenekin.
Elgoibar.
7. TESTUAK: Elgoibarko euskararen erakusgarri batzuk ematen dira hemen; atal orekatua izatea zen helburua: Elgoibarko auzo desberdinetakoak, emakumezkoenak eta gizonezkoenak, zuka eta hika ari diren hiztunen jarduna... Elgoibarko euskara erakustea du lehenbiziko helburu (euskarari eta inguruko hizkerei buruzko testuak ere badira, oharmenezko dialektologiak eskatutakoaren haritik), baina, bide batez, galtzen ari zaigun garai bateko mundu-ikuskeraren berri ere eman nahi dute testuok: nola bizi ziren gure guraso eta aitona-amonak, nola pentsatzen zuten, nola sentitzen... Horregatik, haien bizitzak markatu zituzten sasoien, gertaeren eta erritoen gaineko testuak jaso dira: umetako bizimodua, gaztaroa, neskametza, soldadutza, gerra, ezkontza, lana, feriak, azokak, jolasak, erromeriak...
8. ONDORIOAK: Amaitzeko, Elgoibarko euskara dialektologikoki kokatzeko ahalegin bat ere egin dut; jakina den bezala, mendebaleko hizkeren ezaugarri asko ditu Elgoibarkoak, baina erdialdeko ezaugarrien nahasketa ere badu: hainbat ezaugarri, hitz eta aldaeraren isoglosak igarotzen dira Elgoibartik gertu, mendebaldera eta ekialdera, eta isoglosa horietako asko markatu ditut (ere/bere, erosi dot/det, eman de(u)tsat/diot, bisitan etorri jata/zata, amantzat/amandako, amagaz/amakin, estazio/estaziño, legez/bezela/moduan, lako/bezelako...). Kokapen geografiko bertsuan daude Mendaro eta Mutriku, eta hizkera hauekin dituen antzekotasunak eta desberdintasunak ere jaso dira. Koldo Zuazok (1999, 2000) eta Zuazo-Badihardugu elkarteak (2002) eginak dituzte inguru honetan azterketa batzuk, eta horiek abiapuntutzat hartuz, datu gehiago eskaini nahi izan dira doktoretza-tesi honetan.
Ondorio nagusi gisa, Mendarok, Mutrikuk eta Elgoibarrek osatzen duten hiruki hau tarteko hizkeratzat jotzen dut, Koldo Zuazok dioena egiaztatuz; nire ustez, hiru herri horietatik Elgoibar da Mendebaldekoena, eta inguruko herriekiko egindako konparaziorako kontuan izan diren ezaugarrietatik (175 inguru), ia erdi eta erdi dituela esan daiteke: erdiak Mendebaldera daramate Elgoibarko euskara, beste erdiak Erdialdeko euskalkira. Bestalde, Deba ibarrean zehar herriz herri goazelarik, pixkanaka-pixkanaka egiten da hizkeren arteko jauzia; Elgoibar eta Markina artean, eta Elgoibar eta Azkoitia artean, berriz, nabarmenagoa egiten da jauzia. Herriko auzoen artean, ez da desberdintasun nabarmenik atzeman hizkeraren aldetik.
2009ko azaroaren 20an aurkeztu nuen doktoretza-tesia, Euskal Herriko Unibertsitatean, Elgoibarko hizkera izenburua zuela: Aho batez bikain cum laude kalifikazioa eman zion honako epaimahaia honek: Miren Azkarate Villar, Patxi Goenaga Mendizabal, Orreaga Ibarra Murillo, Beñat Oihartzabal Bidegorri eta Xarles Videgain Castet. Epaimahaikideei eta tesi-zuzendari Pello Salaburu Etxeberriari eskerrik beroenak eman nahi dizkiet.
Argitaratze-bidean dago gaur egun ikerlan hau. Hona liburuaren erreferentzia: Makazaga Eizagirre, Jesus Mari (2010), Elgoibarko Ahozko Euskara, IKER-25., Euskaltzaindia, Bilbo.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus