Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Oñati... eta odola tinta bihurtu zen

Juan AGUIRRE SORONDO

Gipuzkoako hiribilduren batek bere hormetan leinu zaharren aztarnak baditu, hori Oñati da. Horren trazatu geometrikoan zehar ibiliz, historiaren presentzia sentitzen dugu, eta bertako eraikin kapareek ezkutatzen dituzten ehunka urteko sekretuek jakin-mina pizten digute. Etxe sendoak, hainbat estilotakoak; ateburuak, ia beti ezkutu gerrazale ahaltsuekin; etxebizitzetara, saltokietara eta tailerretara eramaten gaituzten arku zorrotzak; atalondoak; begiratokiak; kartela barrokoak; plazatxo erromantikoak...

Foruen plazaren egitura irekiak hiribilduaren espirituaren berri ematen digu, izan ere, hiribilduak ez zuen inoiz harresirik izan eta ez zuen inoiz kanpoko etsaien aurka borrokatu. Halere, jaun baten mende egoteak eta Erdi Aroan zehar auzokideek bandokideen borroketan parte hartzeak eragina izan zuen herritarren bizitzan. Herri gisa sortu eta XIX. mende erdialdera Gipuzkoan sartu zenean, beren begirada beste leku eta esperientzia batzuetara irekitzeko nahia azaldu zuten txantxikutarrek kaleetako planimetrian eta erakin berrietan. Oñatiarrei, hain zuzen, antzinatik txantxiku (apo) deitu izan zaie, eta horrek haurren ipuinetako printzeak eta aztikeriak iradokitzen dizkigu.

Ilustrazioa: Josemari Alemán

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Urte horietan eraiki zen Foruen plaza. Plaza horrek hiribilduko mendetako banaketa gainditu zuen, kaleberritarren eta kalezaharren artekoa, Zumalakarregi eta Kaleberri kaleen elkargune bihurtu baitzen. Lehena, Arantzazuko eta Arabako irtenbidea zen, eta, bigarrena, Legazpirakoa. Baina plaza hori, hainbat alderditan paregabea da probintzian, eta, batik bat, Oñatiko herri xehearen, “hirugarren estatuaren”, behin betiko garaipenaren adierazle bizia eta argia da.

Mariano Jose de Lascurain bergararrak multzo homogeneo, eder eta herrikoia sortu zuen, Udaletxearen silueta gailenaren inguruan. Eraikin eder hori XVIII. mendeko bigarren erdialdekoa da, eta euskal eraikin barrokoaren adierazgarri. Burdinerien, molduren eta arrokaien gainean, horma pikoko ezkutuak mendeetan zehar liskarrean ibili izan diren familia nobleen aurrean udal-agintearen garaipena aldarrikatzen du. Horrek honako hau esan nahi digu: Oñati, mendi-zirku baten bihotzean kokatua, bandokideen ezinikusitik eta indarkeriatik sortu zela. Baina odola tinta bihurtu zen, gudu-zelaitik lehenengo euskal unibertsitatea loratu zenean.

Udaletxearen eta parrokiaren artean dago kokaturik. Eraikinak hiru aldetan arkupeak ditu, eta laugarrenean, berriz, frontoia, aurrean lorategia duela. Perspektiba handitzeaz gain —Jorge Oteizak aztertu zuen legez—, frontoiak estetikoki azpimarratzen du biztanleek beren ahaleginak batzeko (udaletxea) eta beren iragan luze eta gorabeheratsua (horren adierazgarri da Lazarraga dorre-jauregia) oinarritzat hartuta etorkizunera begiratzeko nahia partekatzen dutela, baita beren herriko erdigunea gizarte-gorputz solidario bihurtzekoa ere.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media