Fuente: SIN DETERMINAR
Federiko Belaustegigoitia.
Laudion sortu zen, euskaltzaletasunik sentitzen ez zuen familia batean. Jesuiten Urduñako Ikastetxean egin zuen batxilergoa eta gero Madrilera jo zuen Zuzenbide-ikasketak egitera. Bertan, Manuel Azaña eta Bonifazio Etxegarai izan zituen ikaskide. Euskaltzaletasunaren harra piztu zitzaiolarik eta bere sorterrira hurbiltzearren, Deustuko Unibertsitatean bukatu zituen ikasketak. Sabino Aranaren lagun egin zen bertan.
Euskaltzaletasunak eraginda, Federiko Belaustegigoitiak politikari ere heldu zion. Haren ustean, politikariek, beren egitekoez gain, euskara eta euskal kultura hedatzea izan behar zuten egiteko nagusitzat.
Federiko Belaustegigoitiak eginahal handiak egin zituen herrietan euskara berreskura zedin eta haurrek euskaraz egin zezaten. Mende honen lehenengo urteetan euskarari suertatu zitzaizkion erronka berrien aurrean, ekintza didaktiko-pedagogikoz erantzuten saiatu zen Belaustegigoitia. Eguneroko ogibidea, burdin lanean ziharduen industria bateko kontseilari izatea bazen ere, euskara irakasteko metodo berriak sortzen saiatu zen lanorduetatik kanpo. “Euskal Loteria” bezalako metodo berritzaile bezain bitxiak asmatu zituen.
Erbestealdi gogorra ezagutu zuen Belaustegigoitiak. Alaba Durangoko bonbaketan galdu ondoren, 1937ko ekainean Cap Breton-era ihes egin behar izan zuen. Handik Kanbora etorri zen eta azkenik Angelura aldatu.