Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Elgeta. Kemena eta iraunkortasuna

Juan AGUIRRE SORONDO

Gipuzkoako herrien artean, Elgeta dugu goren puntua: itsas maila baino ia 500 metro gorago dago eta zeru-azpia baino hainbat gehiago beherago.

Talaia hau 1.335. urtean sortu zen Mayako zelaietan, “hona etorri nahi duten guztiei on eta mesede egiteko”, Alfontso XI.a erregearen bertsio ofizialaren arabera, baina Bizkaiko jaurerriaren erasoei aurre egiteko asmo ezkutuarekin. Izan ere, garai hartan Bizkaiko jaurerria eta Gaztela elkarren etsai ziren.

Herria sortzeko begiz jotako tokiak ezin aproposagoa dirudi: inguruko lekurik zelaiena da, eta bertako giroaren zakartasuna edo gozotasunik eza nolabait konpentsatzeko, abantaila estrategiko batzuk zituen, hala nola Bergara eta Elorrio arteko erdibidean egotea eta Eibar eta Arrasaterekin ibiltzeko moduko bideak izatea. Gainera, zenbait herrixka zituen bere agindupeko lurraldeetan: Oxirondo (Bergarak beretua 1348an), Angiozar eta Ubera (Bergarako auzoak 1927. urteaz geroztik), halako eran non, guztira, eremu handi samarra hartzen zuen.

Elgeta itsas maila baino ia 500 metro gorago dagoen herria da

Elgeta itsas maila baino ia 500 metro gorago dagoen herria da.
Ilustrazioa: Josemari Alemán

Handia zen, beraz, harresiez kanpo, baina txikia, berriz, harresi barnean. Hektarea bateko harresi laukizuzen baten barruan berrogeita hamar bat etxe zeuden, 200 metro doi izango zituen kale batean lerro-lerro jarrita. Kalexka batek zeharkatzen zuen kale nagusia, esparrura ematen zuten hiru aterekin: oso egitura xumea zuen, beraz, Elgetako herriak bere lehen aldian. Morfologia hori guztiz bat dator Julio Caro Barojak hain zehazki aztertu zuen Erdi Aroko munduaren ikusmolde geometriko, zentzuzko eta harmoniko horrekin.

Elgetak denetarik zeukan. Naturak eskainitako pribilejioez gainera, errege-erreginek beste batzuk eman zizkioten, hala nola, eskualdeko abere-hazkuntzaren mesederako, bazkalekuak mugatzeko eskubidea (Hondarribiak, probintziako beste muturreko herri zelatariak, bakarrik gozatzen zuen halako abantailaz) edo lur berriak eskuratuz udal barrutia zabaltzekoa.

Garai hartakoa behar du izan elgetarren kementasunak. Hori nabarmen geratzen da agerian oñaztarren eta ganboatarren arteko gerretan, azken horiekin bat eginik Arrasateko sute ospetsua eragin zutenenean, 1448. urtean. Herriko seme batzuek —Martín Sáez de Ibarra, Andrés de Orbe y Larreategui, eta Juan de Albistegui jaunek—, bestalde, goi-karguak lortu zituzten Inkisizio Santuan, historiaren aldi desberdinetan.

Elgetarren kementasun hori orobat nabarmendu zen Frantzia iraultzailearen aurka, Konbentzio-gerraren kariaz, XVIII. mendearen bukaeran. Lehenik eta behin, bertako mutilek boikota egin ziotelako soldadugaien garaiera neurtze derrigorrezkoari. Bigarrenik, motu propio erabaki zutelako Bizkaiarekin anexionatzea, frantsesen mendeko Gipuzkoa hobeto defendatzearren. Gauza bera egingo zuen gero Eibarrek ere.

Hektarea bateko harresi laukizuzen baten barruan berrogeita hamar bat etxe zeuden

Hektarea bateko harresi laukizuzen baten barruan berrogeita hamar bat etxe zeuden, 200 metro doi izango zituen kale batean lerro-lerro jarrita.
Ilustrazioa: Josemari Alemán

Beraz, zalantzan jarri ahal izango da elgetarrek une batean edo bestean eginiko hautua, baina inoiz ez hautu horren alde erakutsitako grina gartsua.

Bigarren karlistaldiak Intxorta mendian jokatu zuen bere azken ekitaldia, bazterrak hilotzez josita utzita. Azken gerra zibilean ere, iparraldeko frontea Elgeta inguruetan egon zen ezarrita 1936ko irailetatik hurrengo urteko udaberrira arte. Ehunka izan ziren hildakoak eta herrigunea bera ere suntsituta geratu zen ia bere osotasunean.

Hantxe, Gipuzkoako herrigunerik gorenean, elgetarrak egurats desberdina arnasten du, etereoa ia, etorkizunari datorren bezala aurre egiteko indarrez betetzen duena. Indar hori izan ezean, nola eutsiko zion, bada, eutsi zion duintasunarekin, ez industria aipagarririk, ez nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi handirik ez zeukan herri batek, harriz harri, etxez etxe, osorik berreraikitzeraino, 1936ko gerratearen ondoren?

Herriko seme-alaba ospetsuen panteoiaren oinean ageri dira elgetarren baliorik aipagarrienak: ongileak (Recalde, Iturbe), goi mailako artistak (Pablo Uranga), Gerrate napoleonikoen garaiko heroiak (María Angela Tellería), enpresa-gizon saiatuak (Cosme eta Juan Beistegui, herrialdeko bizikleta-marka garrantzitsuenaren sortzaileak)... Iraunkortasunak eta jarraikitasunak dakartzaten onuren inguruan zer erakutsi asko daukaten gizon eta emakumeak dira horiek denak, anonimotasunean ezkutatuta geratu diren beste batzuen artean nabarmendu direnak. Adibide bihotz-altxagarriak, inondik ere, bizitzen ari garen garai zail hauetan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media