Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Aretxabaleta. Eta Sansonen azeriak

Juan AGUIRRE SORONDO

Lehen begiratu batean, Aretxabaletak harrizko orratz baten antza du, bide luze bat haritzat duena. Baina aipaturiko bidea ez da nolanahikoa, Gipuzkoako zaharrenetakoa baizik. Orratz kamuts horrek aldamenean duen Eskoriatzarako bidea adierazten digu hegoaldeko muturretik. Aita Lasak, sen handiz, Sansonen azeriekin alderatzen zituen, buztanetik lotuta zeuden aldetik, eta alderaketa armarri zaharretako inskripzioekin ilustratzen zuen: batak “Plus Ultra” dio, eta aldamenekoak “Ultra Plus”.

Aretxabaleta eta Eskoriatza Leintz Gatzagako bailararen parte ziren eta kortse horren inguruan egon ziren estututa, batzuetan baita beren borondatearen aurka ere. Era berean, elkarrekin aritu ziren Gebarako Kondearen kontra, zenbait mendetan. Zaila da elkarrengandik bereiztea, baina, jakina, ez da ezinezkoa.

Deba ibaiaren ertzean eta Arabako lautadaren magalean kokatuta, mende zehaztugabe batean bizilekutzat hartu zituzten zenbaitek, hango bertuteak aintzat hartuta: komunikabide onak, paisaia atseginak, lur emankorra eta ur sendagarriak. Izan ere, ur termalei esker, izugarrizko ospea hartu zuen Aretxabaletak. Pentsatzekoa da harizti zabal bat egongo zela, Aretxabaleta etimologiak adierazten duenez: aritz-zabal.

Aretxabaleta

Aretxabaleta.
Ilustrazioa: Josemari Alemán

Historiako liburuek sumatzen dute Leintz bailara zeharkatuz kostaldea mesetarekin batzen zuen erromatar galtzada bat izan zela. Horrek bere iraganbidean zehar hiri-zibilizazioaren haziak erein zituen eta horiek poliki-poliki garatuz joan ziren. Egia esan, Bedarretako San Migel eliza zaharra probintziako zaharrenetarikoa dela uste da, eta haren ate erromanikoak egun hilerrirako sarrera gordetzen du.

Aretxabaletak izaera berezia du, baita Eskoriatzak ere. Hala ere, inguruko gailurretara igotzen bagara, biek ala biek batasun trinkoa osatzen dutela irudituko zaigu, batetik bestera mugarik ez dagoela. Bailarara jaitsi beharra dago bakoitzaren ñabardurak sumatzeko: Otalora eta Durana kaleak (sorrerako bide-kaleak, bata Eskoriatzarantz eta bestea Gatzagarantz); parpain-arkudun Herriko Plaza, hemeretzigarren mendeko industrializazioari lotutako eraikuntza arketipikoa; Basabe bizitegi-auzoko emokadurak...

Jakintsu batek esaten zuenez, nork bere lurra maitatzea baino gauza naturalagorik ez dago, baina maitasun hori ez da hobea edo handiagoa izango lurraren mugak nabariagoak izateagatik. Aretxabaleta eta Eskoriatza: Sansonen azeriak buztanetik lotuak. Ez dakigu non amaitzen den bata eta non hasten den bestea. ‘Plus-Ultra-Plus’.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media