Jon Mirande Aiphasorho.
Jon Mirande Aiphasorho euskal idazlea izan zen, XX. mendeko olerkari esanguratsuenetakoa. Parisera lanera joandako zuberotarren semea zen; ama Marie Aipharsoro Sohüta Xarokoa eta aita Jean Mirande Garindainekoa.
Poesia landu zuen batez ere. Berak sortutako ipuinez gain, zenbait ipuin ere baditu itzuliak. Tartean, Edgar Allan Poe eta Franz Kafka-renak. Poesian, Charles Baudelaireren Les Fleurs du mal (Zithal Liliak) poesia bilduma eta Poe-ren The Raven (Bela) poema luzea euskaratu zituen.
Igela, euskaldun heterodoxoen errebista aldizkaria argitaratu zuen aldi batean Txomin Peillenekin batean, bertan poesia, kritikak, herri literatura eta beste gaien inguruko artikuluak jaso zituelarik. Bere lan poetikoan, hiru gai nagusi bereiz daitezke: paganismoa, sexua eta bortizkeria.
Nobela bakarra idatzi zuen, eta bera bizi zelarik liburu moduan argitara emandako lan bakarra ere hori izan zen, gainerakoak aldizkarietan edo bera hil ondoren argitaratu baitziren: Haur besoetakoa. Hau da Miranderen obra ezagun eta aldi beran polemikoena. Pedofilia, inzestua eta suizidioa bezalako gaiak lantzen ditu. 1954an idatzi zuen, eta 71ra arte itxaron behar izan zuen argitaratzeko.