Fuente: Wikipedia
Martin Larralde Ithurbide “Bordaxuri” Hazparnen jaio zen.
Martin Larralde Ithurbide “Bordaxuri” baserritar eta bertsolari lapurtarra izan zen, “Galerianoa” edo “Le poète galérien” ezizenekin ere ezaguna.
“Plumaienea” baserrian jaio zen, Guillaume Larralde eta Marie Ithurbide gurasoak zituen, sortzez aita Bordaxurikoa eta ama Plumaienekoa zirelarik. Ama hil zenean, Martin aitari eskatu zion baserriaren bere zatia, baina auzi honek eztabaida eta haserrera eraman eta bien arteko harremana gaiztotu zuen. Horrelako batean aitak tiro bat jaso zuen lanean larrean zegoenean, eta jendarmeek Martin atxilotu eta Baionara eraman zuten. Aitaren hilketa dela-eta Pauen auziperatu, errudun hartu eta Rocheforteko kartzelan sartu zuten, sei urte geroago bertan hil zelarik.
Martinek galeretan zegoelarik 11 edo 12 bertso idatzi zituen, gehienak garratz tonuan eginak eta bere egoerari buruzkoak ziren, “Mila zortziehun eta hamaborzgarrena” lekuko.
Bordaxuriren inguruan nolabaiteko mitoa sortu zen, aipatutako bertsoa Pantxoa eta Peio lapurtarrek abesti bihurtu zuten, “Galerianoaren kantua”n. Halaber, XX. mendean Piarres Larzabal idazle lapurtarrak “Bordaxuri” izeneko antzezlana egin zuen, eta Joseba Sarrionandia poeta bizkaitarrak berari eskaini zion “Martin Larralde” olerki ezaguna, urte batzuk geroago Ruper Ordorika abeslari gipuzkoarrak musikatu zuena (“Dabilen harria”).