Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José Antonio RUBIO ARDANAZ
Joxemartin antropologoa eta nabigatzailea, argonauta, da. Esateko, beste lurralde batekoa da, eta azkenean, beste lurralde batera itzuliko da, nahiz eta “beste lurralde” hori, baserrian lan egiten dugunontzat, hiria izan. (J.W.M. Clintock. In: Apalategi Begiristain, J. Antropologoa Hirian Bilbon)1
Orri hauek aukera paregabea eskaintzen dute Joxemartin Apalategi Begiristainek ezagutzaren eta lan intelektualaren itsasoan —hori ere harroa, arriskutsua eta, sarritan, zakarra da— utzitako arrasto handiari erreparatzeko. Bere omenezko monografiko honetan jasotzen diren ekarpenak maitasun handiz eginak dira eta, gure “antropologo eta irakasleari” egindako omenaldia izateaz gain, haren lanaren sustraien sakonera ezagutzeko aukera emango digute. Haren prestakuntza zorrotz eta serioak, haren etengabeko ezinegonak eta haren betiko jakin-min gogoetatsuak ibilbide eta ekarpen nabariak egitera eraman zuten pausoz pauso. Horiek oso baliagarri ditugu orain, lurralde txiki baina dinamiko honetan sortutako ikerketa antropologiko posmodernoaren zati bat ezagutzeko.
Euskal kulturarekiko kezkak taxututako ibilbidea izan da berea, pentsamenduarentzat eta ezagutzarentzat irekitako bidea. Landa- eta hiri-inguruneetan jasotako eta bizitasun intelektualez betetako zeharkako esperientziaren bidez, aldaketak eta iraupenak ulertzen saiatu zen. Joxemartin Apalategi Begiristainek herrialdean bertan jaso zuen lehen prestakuntza, eta ondoren kanpoan. Intelektual geldiezina eta ekintzailea zenez, gogoko zuen ikasleei irakastea eta haiekin lekuan bertan jardutea. Bidaiak egiten zituen, alderatu eta kontrastatu egiten zuen, bila ari zen etengabe, etnologia egiten zuen eta ikuspegi argi eta konprometituaren parametroetan oinarrituta interpretatzen zuen. Eta horretarako, esaten genuen bezala, etxean ikas daitekeena ez zuen aski. Atzerrian ikasi zuen eta, ondoren, irteera, bidaia eta egonaldi ugari egin zituen gertuko eta urrutiko hiri eta herrialdeetan. Behatzea eta bere egitea zuen helburu, gogoetarako osagai berriak ekarri nahian.
Eusko Ikaskuntzako Antropologia-Etnografia Sailean presentzia leial eta iraunkorra izan zuen, begirada beti etorkizunean jarrita zeukala. Haren parte-hartze aktiboaren bidez, ezagutza lortzeko eta bereganatzeko kezka etengabea erakutsi zuen. Gure herriari buruz eta haren begien aurrean aldatzen eta bilakatzen ari den kulturaren eta gizartearen eraikuntzari buruz “gehiago jakiteko” gogoa eta nahia erakutsi zituen beti. Antropologia-Etnografia Sailari eta Eusko Ikaskuntzari berari, jakintzagunea den aldetik, begirada arretatsua, seriotasuna eta zorroztasuna emateko ahalegin baliotsua izan da haren parte-hartzea. Nahikari hori ikaskuntzaren, interesaren eta jakin-min intelektualaren bidez bete du, ikerkuntza, argitalpena eta pausoz pauso lortutako lorpenen hedapena oinarri dituen “herriarekiko maitasuna” ulertzeko era horren bidez.
Ikus dezakegunez, Joxemartin Apalategi Begiristain omentzeak gauza asko esan nahi ditu, gutako bakoitzak gure esperientzian horren gauza ezberdinak gordetzen dituelako, guztiak, neurri handi batean, horrek gure artean izandako presentziaren emaitza direlarik. Baina gauza horiek guztiak —horietako batzuek orriotan izango dute isla— erabat hurbilak, atseginak, beroak eta hunkigarriak dira. Eta, une honetan, ikaskuntzarekiko ez ezik, haren ingurukoekiko ere sentsibilitate handia erakutsi zuen gizonaren alde gizatiar eta hurbilak merezi duen erantzun zintzoa izan nahi dute. Ildo horretan, hementxe geratu da horren aztarna, ideiak trukatuz, haren lanak irakurriz edo haren ikastaro edo hitzaldiak entzunez berarekin une asko partekatzeko aukera izan dugun guztion artean, kolore aberatseko eta ugariko sorta batean islaturik. Horrek guztiorrek bat egin du orain, liburu honetan eskainitako omenaldiaren zentzuarekin, izan ere bokazioa eta lanbidea erabiliz antropologiaren eremuan elkar ulertzeko bideak ireki zituen “antropologo eta irakaslearenganako” aitortza, eskerrona eta mirespena adierazi nahi dugu.
Joxemartin Apalategi Begiristainentzat, eremu horren abiapuntu nagusietako bat Jose Miguel Barandiaranen ekarpenak dira, harengandik jaso baitzituen bere lehen erreferentzia etnologikoak. Harengandik jaso zituen euskal kulturarekiko jarrera eta interes bizia. Euskal kultura identitatearen inguruko etengabeko hausnarketa da beretzat, eta “oinarrizko ekoizleei” eta intelektual, politikari eta beste batzuei esker irauten du. Izan ere, horiek guztiak aldaketa soziokultural handiak gertatu diren uneetan kultur identitateaz hausnartzeko gai izan dira. Joxemartin Apalategi Begiristainen iritziz, Jose Miguel Barandiaran dugu etengabeko hausnarketa hori ongien erakutsi duen ikertzaileetako bat, bi zentzutan erakutsi ere: alde batetik, herri honetako biztanleengana hurbilduz eta haien gaitasun intelektuala aztertuz, eta bestetik, bera ere herrialdeko semea zen aldetik. Jose Miguel Barandiaranenganako hurbiltasun horrek bultzatuta, horrek bezala, buru-belarri jardun zuen ikerketa antropologikoan eta, metodologia gisa, zorroztasuna, gertaerekiko hurbiltasuna eta lekuan bertan etengabe egotea ezaugarri dituen jarduera etnografikoa erabili zuen.
Joxemartin Apalategi Begiristainentzat, abiapuntu nagusietako bat Jose Miguel Barandiaranen ekarpenak dira, harengandik jaso baitzituen bere lehen erreferentzia etnologikoak.
Hala, Barandiaranen lana eta Barandiaranengan inspiraturik euskal kulturari buruz egindako ikerlanak ezagutzeagatik nabarmendu zen Joxemartin Apalategi Begiristain. Ildo teoriko eta metodologiko horretan ekarpenak egin dituztenen artean, besteak beste, Fermin Leizaola, Gerardo López de Guereñu, Juan Garmendia Larrañaga eta Ignacio Barriola ditugu, baita Lauburu, Ikuska eta Etniker taldeak ere. Horrez gain, Julio Caro Barojaren dizipulu eta zorduntzat du bere burua Joxemartin Apalategi Begiristainek, eta harreman estu eta hurbila izan zuen harekin. Hala ere, maisua eta ikaslea ez ziren guztiz bat etorri. Azken hori ohartu zen gabezia handi bat zegoela haren ulermen etnohistorikoan, euskal eremuan izandako kultur eta gizarte-trantsizioak ikertzean norbanakoaren eta gizartearen alorretako kostuak aintzat hartu ez zituelako.2
Hala, kulturaren gaineko ikuspegi antropologikoaren parametroak, neurri batean, Jose Miguel Barandiaran eta Julio Caro Baroja ikertzaileengandik bereganatu zituen, baina Joxemartin Apalategi Begiristainek joera sozialagoa eman zien, eta aldaketak “bai espazioan bai norbanakoaren eta gizartearen identitatean” eragindako kostuaz eta prezioaz galdetzen du. Etnohistoriak horri buruz egin beharreko balioespenaz eta judizioaz galdetzen du. Eta, zentzu horretan, “aldaketa sozialari” dagokion atala ezin dela baztertu baieztatzen du. Kultura gizarteak eraikitzen du eta eraikitze horretan gizakiek parte hartzen dute, gizarte jakin batzuetako kideak diren aldetik. Horrela, Joxemartin Apalategi Begiristainek “norbanakoaren eta gizartearen fenomenoak” deritzona aztertzean ez du aldaketa alde batera uzten, eta hori ulertzeko gai ez den ikuspegi funtzionala gainditzen saiatzen da.
Euskal kultur aldaketa, beraz, Joxemartin Apalategi Begiristainen kezka bat da. Iragana oinarri hartuta egindako orainaren azalpena ez du aski izango. Julio Caro Barojaren ikuspegitik urrunago iritsi nahi du, horrek “bere analisietan inoiz ez baitu era kategorikoan kultur aldaketaren kontzeptua in extenso aintzat hartu, eta hori hutsune nabarmena da haren pentsamendu etnohistoriko handiaren osotasunean”. Akats analitiko horrek bultzatuta, aldaketaren “nola” eta “zergatia” galdetzen ditu, edo bestela esanda, “zer proiekturen indarrez gertatzen den” eta “zer kostu duen gizakiaren eta gizartearen aldetik eta kulturaren eta ingurumenaren aldetik”3. Julio Caro Barojaren ekarpenik garrantzitsuenetako bat gizarte-eragile bakoitzari emandako protagonismoa dela onartzen du. Hala ere, “norbanakoaren eta gizartearen fenomenoetan” dagoen elkarrekiko erlazioaren analisiaren hutsunea sumatzen du, bere ustez analisi hori era idealizatuan baino ez baita agertzen.
Testuinguru horretan kokatu behar ditugu Joxemartin Apalategi Begiristainen ekarpenak, esparru deskribatzaile eta kulturalista hutsetik urrunago. Haren lanek eduki berriak ekarri zituzten, Jose Miguel Barandiaranen eta Julio Caro Barojaren lanen pisuak eta kategoriak eragindako euskal antropologiaren ibilbidea osatzeko. Bere lanbideko aukera kontzeptuala izango zuen pentsamendu horrekin, Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailaren esparrua aurkitu zuen, eta bertan jardun zuen hasiera-hasieratik berarekin sartutako gainerako kideekin.4 Kronologikoki, euskal antropologiako klasikoen ostean, berarekin lanean aritutako belaunaldi berriaren barruan kokatu zen Joxemartin Apalategi Begiristain. Belaunaldi horrek, hain zuzen, ikerketa antropologikoak herrialdeko unibertsitate publiko nagusian txertatzen hasteko meritua izan zuen. Belaunaldi horren ostean hirugarrena iritsi zen, atzerrian prestatu eta Antropologiako doktore-gradua lortu zuenena. Belaunaldi horretako kideak ere unibertsitatean aritu ziren lanean eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzaileak izan ziren. Haien artean honako hauek ditugu: Josetxu Martínez Montoya (École des Hautes Études en Sciences Sociales, Paris, 1991), Juan Antonio Rubio-Ardanaz (Université de Montreal, 1996) eta Kepa Fernández de Larrinoa (London School of Economics, 2000)5.
Julio Caro Barojaren dizipulu eta zorduntzat du bere burua Joxemartin Apalategi Begiristainek, eta harreman estu eta hurbila izan zuen harekin.
Orain arte adierazi dugun jarreraren eta ildoaren azpian, guztiaz gain, kulturaren ideia bat dago, eta hori, gure iritzian, bat dator hasieran aipagai izan dugun Joxemartin Apalategi Begiristainek utzitako aztarnarekin. Ideia hori Julio Caro Barojari egindako omenaldiaren sarreran azaldu zen (1989an argitaratu zen, berak koordinatuta)6. Horren arabera, testuinguru espazio-tenporal jakinetan egiten den sorkuntza eta asmakuntza da kultura. Testuinguru horietan, presentzia etnohistorikoak zerikusia du irauteko borondatearekin eta sustrai tradizionalak berritzeko gaitasunarekin. Baieztapen horrek bi gako garrantzitsu dakarzkigu: alde batetik, sortzeko eta asmatzeko aukera, hau da, errealitatea une eta leku zehatzetan eratzeko aukera; eta bestetik, borondatea eta nahia, edozein giza talderen ageriko eta benetako gaitasunak. Kultura, sorkuntza eta asmakuntza den aldetik, esparru ekohistoriko eta sozialetan “bizitza-autoprodukzioa” den aldetik, gizakiok dugun aukera handia edo gaitasun nagusia da. Sorkuntza unibertsala erabiltzeko aukera bat, halakotzat harturik herri bakoitzak kulturaren eta gizartearen aldetik izateko eta irauteko orduan izaten duen adierazpen zehatza.
Ikuspegi horren arabera eta euskal antropologiaren bilakaera horretan, utzi digu bere aztarna Joxemartin Apalategik. Hain zuzen, kutur sorkuntzarako eta asmakuntzarako aztarna, ikuspuntua irauteko borondatean eta berritzeko gaitasunean jarrita. Eta omenaldi hau pertsona, irakasle eta antropologo horri eskainitako aitortza da, haren ekarpenaren bidez “historia” egin duela eta oraindik ere egiten duela esan baikenezake. Litekeena da ñabardura eta xehetasun asko esan gabe utzi izana. Hala ere, berak antropologiaren historiaz ari zela esan zuenez, “inorenaren berri ematea oso zaila da”. Hala ere, “historia eginaren eta des-eginaren artean etengabe eztabaidatzeko” joko horretan, beharbada, interesgarriena une eta errealitate bakoitzaren dinamismoan eta martxan bertan dago.7 Hortxe sortzen da kulturaren eta gizartearen inguruko eztabaida sortzaile horren mugari buruzko galdera. Eztabaida horretan “pertsonak” hartzen du protagonismoa eta pertsonak egiten du historia.
1 APALATEGI BEGIRISTAIN, J. Antropologoa Hirian Bilbon. Donostia: Kriselu, 1987; 180.or.
2Adibide argigarria izan daiteke J. Caro Barojak “paganismotik kristautasunera igarotzeari” jarritako arreta. Ikus APALATEGI BEGIRISTAIN, J. “Cultura vasca en la vida y obra del antropólogo Julio Caro Baroja”; 49. or. Hemen: APALATEGI BEGIRISTAIN, J. (koord.) Julio Caro Baroja, Premio Nacional de las Letras Españolas 1985. Bartzelona: Anthropos, 1989; 34-67 or.
3APALATEGI BEGIRISTAIN, J. op. cit.; 50 or.
4Ikus HOMOBONO, J.I. “Evolución y estado actual de la antropología social en el País Vasco”. Anales de la Fundación Joaquín Costa, 9. 1992; 147-170 or.
5Haietako bakoitzak ildo berriak irekiko ditu euskal antropologiaren ikerkuntzan ordura arte landu gabeko parametro tematiko-kontzeptualak oinarri hartuta. Gaiak honako hauek dira, hurrenez hurren: kanda-inguruneko harremanak eta auzotasun-era berriak (Aramaio, Araba); aldaketa ekonomiko eta soziokulturala itsas eta arrantza-ingurunean (santurtzi, Bizkaia); eta iñauteriaren eta landa-antzerkiaren performantzia (Euskal Pirinioa, Zuberoa).
6Dónoan, “Julio Caro Baroja: Etnohistoria y cultura vasca”; 11 or. Hemen: APALATEGI BEGIRISTAIN, J. (koord.) Julio Caro Baroja, Premio Nacional de las Letras Españolas 1985. Bartzelona: Anthropos, 1989; 7-11 or.
7APALATEGI BEGIRISTAIN, J. Ohitura, 5. 1987; 170 or.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus